6
Doc McCoyren akats eta bertuterik haundiena segurantza zen. Hain maiz eta hain denbora luzez gauzak ongi atera zitzaizkion, ez baitzuen kontrakorik gertatzerik pentsatzen ahal. Errorea haserretu gabe hartzen ahal zuen bere gain, haren izakera onak uzten zion besteek egindako akatsen errua bereganatzera. Halakoa zen Doc... hau da, mozorroaren alderdi bat. Bere barrenean ez zen sekula okertzen, behin ere ez, benetan inportantzia zuten kasuetan behinik behin. Eta orain Rudy hil ote zuen ala ez zalantzan jartzeak erreza eta hil ala bizikoa zen gauza inoiz baino suminduago utzi zuen.
Gauza bat erranen dinat, Carol erran zuen estutasun kutsua zuen ahotsez. Ez zekinat bi polizia horiek nork tirokatu dituen. Bost axola zaidan. Dakidan gauza bakarra, ez duela Rudy Torrentok egin.
Hik erraten baduk hala izanen duk, Doc. Baina...
Begira nola gertatu zen. Ni ez nengonan Rudyrengandik hiregandik nagoen baino urrutiago. Pentsa ezan hi hiltzea erabaki dudala. Akabatuko hinduket ala ez?
Carolek irri egin zuen, gogorik gabe. Irrifarre egiten zion Docek; trufatzen ari zen berekin. Bromatan ari zen, noski. Inork ere ez zekien berak baino hobeki Docek zenbat maite zuen, Carolengatik zertaraino ailegatuko litzatekeen. Baina egia ez balitz, bankuaren lapurreta baino lehen Docek erakusten zizkion maitasun eta behar berberak orain sentitzen zituela seguru ez balego...
Hori pentsatzeak haserretu egin zuen. Bestearen doinua eta modu berdinak erabiliz mintzatu zen:
Pentsa ezak, oraintxe berean hi xehetzea erabaki dudala erran zuen irriz, alaiki, begietara zuzen begiratuz. Zer uste duk, hilen hindukedala, ala ez?
Barkatu erran zuen Docek gozoki. Hire galdera erantzuteko... Ezin kulparik bota eginen bahu.
Ni si eraztea ez zaidak gustatzen, Doc. Ez diat nahi.
Arrazoi osoa daukan, maitea.
Beraz, ez hadi sekula ere modu horretara mintza. Sekula ez, sekula ez, ulertzen duk? Bazekiat ez huela errandako moduan erran nahi, baina...
Docek errepidetik atera zuen kotxea. Kasko ttiki baten gainean gelditu ziren. Neskari bueltatu zitzaion eta besartean hartu zuen. Musukatu eta geroz eta estuago tinkatu zuen. Berriz musukatu eta bere esku seguruekin gorputz ttiki, leun, gogor hura laztandu zuen.
Eta errepidera itzuli zirenean elkartuak zeuden berriz ere: elkarren luzapen bat ziren.
Gertatutako liskarra atzendua zuten. Rudyren izena ez zuten berriz aipatu. Carol kontent zegoen besteak Rudy hila zegoela komentzitu zuelakoz, hartaz seguru egoteagatik.
Ia denbora guzian isilik jarraiki ziren, kontent eta alai sentitzen ziren elkarrekin egote hutsarekin. Baina iguzkia sartzen hasi zuenean, Beynonen gainean mintzatzen hasi ziren. Gizonak hobeki erran, beronen arrazoiek Doc kezkatzen zuen oraindik ere. Zaila zitzaion Baldintzapeko Askatasun Batzordeko Buruak, agindua zuen partea, oro har ttikia, onartu beharrean, harrapakin osoa eskuratu nahi izatea sinestea. Hura bezalako gizon bat diru truke Docek eginen lukeen bezalaxe asesinatzeko gauza izanen zela pentsatzea, txorakeria zen. Baina, beste aldetik, ez ote zen txorakeria haundiagoa huskeria baten truke karrera eta ospea kolokan paratuz bere burua hain merke saltzea?
Carolek laguntza gutti ematen zion buruhauste hari soluzioa ematen. Arazoaz kanpo zegoela ematen zuen; aspertu samar, hotz. Gero, Beynonen etxaldetik kilometro batzuetara zeudela, piztu egin zen eta, ia alai, senarrari bueltatu zitzaion.
Ideia bat diat, Doc. Utz itzak Beynonen hamabost milak neronen kontura.
Hire kontura? Docek hori aditzearekin batean begiratu zion. Ni gabe, erran nahi dun?
Bai, hik diru maleta hartu eta...
Eta nora eramanen niken? Non geldituko ninduken? Errepide ertzean edo barreneko herriska hauetako batean? Arrotz batez berehala ohartuko diren toki zabal batean, herriko inozoa bisita egitera etor dakidan?
Moldatzen ahal gaituk. Mesedez, Doc. Zer diok?
Ez dudala uste serio ari haizenik erran zuen Docek argi eta garbi. Estimatzekoa dun nitaz arduratzea, noski, baina buruari eragin zion ezin dun, maltea. Lehenago erran bezala, Beynonek buruan zerbait ere baldin badu, berehala asmatu behar dinagu. Eta afera hau orain kendu behar dinagu gainetik.
Neronek egin nezakek.
Baina hirekin bakarrik egon ezkero ez litiken kartak mahai gainera aterako. Dena dela, afera konpontzeko modua, konpondu behar badugu, neronek erabakitzea gustatuko litzaidaken.
Carol zerbait erantzutekotan izan zen, baina besagainak goititu eta isildu egin zen. Docek zigarro bat piztu eta beste bat eskaini zion, neskak buruaren mugimenduaz onartu ez ziona.
Herriska bat inguratu zuten. Elizdorreko punta oihan ttikiaren gainetik nagusitzen zen. Docek abiadura mantsotu zuen errepideen mapa ikusten ahal izateko eta, gero, bizkortu egin zuen martxa. Zenbait kilometro aurrerago, mendiska batzuetan barna igaten zen pista estu bat hartu zuen, mendisketan barna xingola baten gisara hedatzen zena.
Iluntzeko ordubete baino guttiago falta zen eta hegomendebaldeko haizea hasi zen jotzen. Noizbehinka, Docek etxalde edo bordak ikusten zituen. Hura ez zuen gustokoa. Eremu bakarti haietan autoa urruti-urrutitik ikusten ahal zen, eta hura bezalako auto bitxia oroiterreza zen.
Bide gurutze bat zegoen. Ildoz betetako mehakan bi buzoi ziren, elkarren diagonalean. Haietako batek, ardura haundirik gabe beltzez pintatua zegoen batek, Beynonen izena zuen idatzia. Docek autoa gelditu zuen eta, kontu haundiz, lurralde bakarti eta oker hartan luzez aztertu zituen inguruak.
Gurutzea, nonbait, ez zen handik hurbil zenden bi etxeetatik ikusten. Docek kontuan hartu zuen, Beynonen etxaldea eskuineko lehenbiziko kaskoaren atzean izanen zela pentsakor erranez.
Carolek adostasun xuxur batekin erantzun zion. Docek matraila hazkatu zuen, gogoetan; gero atzeko jarlekura bueltatu, diru maleta hartu eta aurreko jarlekuan paratu zuen.
Ideki egin zuen, hamabost mila dolar atera eta berokiaren barne-sakelean sartu zituen. Gero kasu guzietan egin behar zena egin zuen: Caroli bilete ttikietan mila dolarretara insten ez zen mordo bat eman zion, gero bere karteran beste hainbeste sartu zituen eta hirugarren sail bat, guzira mila dolar inguru, bereizi zuen. Larrialdietarako dirua zen... zernahi gerta ere, eskura behar zena. Docek bilete bandekin bildu zuen eta arropa maletan utzi zuen, gain-gainean eskuinaldean. Gero estalkia hertsi zuen berriz.
Autotik jautsi, maletategiko ateka altxatu zuen eta maleta barrenean sartu. Estalkia ez zuen segituan hertsi: atzerako ispiluan Carolen aurpegia ikusirik, begiekin keinu egin zion irriz.
Hire ideia bera dun irri egin zuen. Aldaketa ttiki honek inporta ez badin, eta hertsidura piska bat goiti beheiti...
Carolen aurpegia argitu egin zen. Autotik salto egin eta Doci hurbildu zitzaion, bitartean errebolberra kutxatik atera, bi kolpe metalikorekin prestatu eta bere lekura itzuliz. Momentu hartan Docen begietan itzal bat iragan zen. Neska maletategian sartzeko prest zegoenean besotik kontu zion.
Lasaitasunez hartu beharra zuten, oharterazi zion. Ez zuen hark agindutakoa besterik egin behar. Beynon ez zen hiltzailea, gizon hagitz inportantea baizik. Eta haiek Carol eta biek oraindik ere bidaia luzea egin behar zuten.
Carolek mugimendu batez, konprenitu zuela adierazi zuen. Maletategian sartu eta Docek tapakia hertsi zuen, giltzatu gabe.
Docek uste bezala, Beynonen etxaldea ehun bat metrotara zegoen. Hurbileko muino gainean. Etxea, zuriz pintatua, bi pisutako eraikuntza, antzinako estiloko haietako bat zen,, fatxadan karrera luze bat zuena.
Etxearen atzeko ezpondan, ikuilu gorri haundi bat zegoen, bi zatitan banatua, haietako bat Beynonen autoarendako garajea. Ikuiluaren ondoan barruti bat zegoen eta mutur batetik belar soro dizdiratsu baten aldera idekitzen zen. Laisterketa zaldiak eta zenbait behi bertan ari ziren bazkatzen. Beynonek ez zuen langilerik; etxaldea, holako izenaz deitzen ahal baldin bazitzaion, harendako denborapasa modukoa baizik ez zen. Eginbeharrek etortzea galerazten ziotenean haren azienda-buru urriak auzo batek gobernatzen zituen.
Urki begitsu baten azpian zelai batean aparkatu zuen Docek autoa. Jauntzia txukunduz atera zen, eta inguruak aztertu zituen. Dena lasai-lasai zegoen. Etxe zaharrak, leihoak bat ere argirik gabe, inoiz erabili gabea ematen zuen. Beynonen autoa hiru urte inguruko modelo bat garajean zegoen, baina jabeaz ez zegoen arrastorik ere.
Docek zenbait pausu eman zituen etxe aldera, txistuka, poliki. Arkupean sartu zen. Sarrerako atea idekia zegoen. Kanpotik, hots egin zuen:
Beynon! eta esperoan gelditu zen, adi.
Erantzunik ez zen izan, ezta asotsik ere. Baina, hura, asotsik eza, isiltasun osoa, erantzuna zen.
Ateko eltxo-sarea ireki eta, sartu gabe, berriz ere hots egin zuen. Gero, arkupetik jautsi zen eta etxeari buelta eman zion atzekaldeko ateraino. Hau ere idekia zegoen eta eltxo-sarea itxi gabe. Kanpotik begiratu zuen zerbait ikusi nahian. Hatsa hartu ondoan, sartu egin zen.
Beynon sukaldeko mahai luzean zegoen, burua eskuartean zuela. Mahai-oihal koadrodunaren gainean baso irauli bat eta litroko whisky botila bat erdiraino hustua.
Mozkorturik, pentsatu zuen Docek, ohi baino tolerantzia guttiagorekin. Gizon prestu honek arazoak ditu, beraz, zurrutari ematen dio.
Arraskatik baso bat hartu eta mahaiaz beste aldean jarri zen, Askatasun Batzordeko Buruaren aintzinean. Basoa bete, tragoa edan eta zigarro bat pieu zuen. Propio, kea gizonari bota zion: izitu gabe iratzartzeko modurik onena zen. Beynonen burua, adats beltz orrazkaitzekin batean, amorruz mugitu zen; gero, bapatean, zuzen jarri zen.
Ahots piska bat moteldua izan ezik, bere onean zegoela ematen zuen. Edo whiskya edan beharrean bota, edo hordialdia urruti zuen. Haren begi beltz, sutsuak erne ziren, Docenganako mespretxua eta haren ezagupena ageri zen haren begietan, presondegian zegoenean bezalaxe.
Docek irri egin eta basoa erakutsi zion:
Ez dizu inporta, ezta? Egun latza izan dut. Non duzu andrea? galdegin zuen Beynonek.
Bi autotan gabiltza. Ordubete inguruan etorriko da.
Estimatzekoa da erran zuen Beynonek ahots bete eta musikal batekin. Estimatzekoa da ni ikustera etortzea basoa whiskyz bete eta zurrutean edan zuen. Edo akaso ez, akaso haren bisitak, haren joan-etorriak betikoz akitu dira.
Docek, arreta gabe, besagainak goititu zituen.
Hil egin dudala erran nahi baduzu...
McCoy, non da Rudy? Non da Torrento, zure laguna? Hori ere beste auto batean?
Bai. Baina, jakin nahi baduzu, ez bera, ez bere autoa ez dira gehiago mugituko. Bankuko diru guzia nere autoan dudala jakitearekin kontent jarriko zinela pentsatu dut.
Beita botaia zegoen. Beynonek ez zuen interesik agertu. Docek berriz bota zion amua:
Nik, hobeki erran, nere andreak, bost mila dolar eman dizu. Beste hamabost mila pagatzeko tratua egin genuen. Benetan Docek bere begirada garbiaz so egin zion, Benetan hau nahikoa ez dela uste dut, Beynon jauna. Espero baino guttiago erdietsi dugu, baina ez da zure errua izan. Eta...
Hiru pertsona gertatu dira hilak, McCoy. Noten erruz?
A, bai...! Docek eskuak zabaldu zituen. Baina ez duzu damuturik egon behar...
Car... Zure andreak hilketarik ez zela izanen ziurtatu zidan. Zin egin zidan.
Sentitzen dut. Ez zuen zure baitan kezkarik sortzea nahi, uste dut. Baina aferera bueltatuz...
Afera hilketa da, ez besterik, McCoy. Zenbat gehiago izanen dira hau dena akitzerako? Inoiz erabat akitzekotan bada. Zenbat hilketa gehiago izanen ditut gainean?
Docek zalantza aldi bat izan zuen. Gizona lasai zedin mintzatzen has zen. Gorputza aurrera mugitu zuen eta, modu zarpailean, argi eta garbi mintzatu zitzaion. Beynon besteez horrenbeste arduratu beharrean bere buruaz arduratzen hastea hobe zuela erran zion. Zer pentsatu aunitz bazuela, edo izan zezakeela.
Beacon Cityko afera niri leporatzea denbora kontua baizik ez da. Hau gertatzean, nere barkamenaren ihardesleak, bestela erranaz, zerorrek zenbait galdera, benetan zailak, erantzun beharko d tutu.
Galdera horiei erantzun bakarra ematen ahal zaie. Ni ere hiltzaile eta lapurra naizela Beynonek modu arraroan begiratu zion; begirada hotz eta pentsakor bat. Zu aurreratu zara. Ederki zenekien zein izanen zen prezioa: nire karrera, nire zorigaitza, epaitegitik botatzea. Beharbada, presondegian egonaldi luze bat ere bai. Zuk bazenekien hau dena, hala ere..., hala ere...
O! Egoera ez da hain larria moztu zion Docek emekiro. Erosotasun guttiko egonaldi bat iragan beharko duzu, baina ez dut uste zu erraten ari zaren bezain gogorra izanen denik. Lagun aunitz duzu zuk, ospe sendo bat. Jende guziaren ahoan dago zure bizitzak akatsik ere ez duela, ez duzula sekula ere legez kanpoko xentimorik onartu... Hori bai...
Sekula ez naizela busti, McCoy? Beynonek irri gogorra bota zuen. Hogeitamar bat aldiz busti naizela erran nahi izan duzu, ezta?
Erraten ari nintzen moztu zuen Docek, gauzak dauden bezala garbi ateratzeko aise moldaduko zarela. Leporatzen ahal zaizun gauzarik larriena erabakia hartzean huts larria egin izana da.
Bekainak piska bat zimurtuz, pausatxo bat egin zuen. Bitartean Beynon irrika hasi zen. Ahul, gaueko haizearekin nahasia, Docek asots metaliko ttiki bat aditu zuen. Autoaren maletategia idekitze edo herstearena.
Epai okerra errepikatu zuen Askatasun Batzordeko Buruari tinko begira. Ez da hainbesterako, ezta? Eta are guttiago, hamabost mila gehiago izan beharrean..., zera..., hogeitazazpi eta erdi jasoko bazenu...
Hogeitazazpi eta erdi? Beynonek burua mugitu zuen serio-serio. Hogeitazazpi mila eta erdi etorriko zaidanari aurre egiteko. Eta zein izanen litzateke, zure ustetan, nere buruari aurre egiteko beharko nukeen diru kopurua, McCoy?
Bat ere ez erran zuen McCoyk. Ezta xentimo madarikatu bat ere.
Nekatua zegoen, Beynon aguantatzeaz nazkatua. Horrela jarraikitzeko arrazoirik ez zuen hatzematen. Gizon hark ez zuen ustegabekorik eginen, ez zuen deus ere eginen. Kexatu besterik ez; argi zegoen kontzientzia bazuela frogatu nahian zebilela, salerosketa egin zenean, behar bezala, lo zegoen kontzientzia bat.
Iruzurti hutsa zara jarraiki zen Doc. Iruzurti ustel galanta. Utz iezaiozu orain konpontzerik ez dagoenarekin burrukan ibiltzeari. Onartu eta ahalik probetxurik haundiena atera. Sinets iezadazu, ez zaizu hain txarra denik idurituko.
Ikusten dut kalabera-irri batek Beynonen aurpegi zurbila okertu zuen. Zuk uste duzu gu biok paretsukoak garela, ezta?
Ez erran zuen Docek grinarik gabe. Zu hagitzez ere makurragoa zara. Zuk bazenekien ni nolako gizakia nintzen... nik ez dut behin ere kontrakoa erakutsi nahi izan. Zuk badakizu, ergela ez baitzara, zikin jokatu behar dela uste baldin badut holaxe egiten dudala. Zuk ez zenidan barkamenik eman beharko: inork ez zintuen horretara behartzen. Diru truke egin zenuen, diru zikin piska baten truke. Diru hori... Bai? Beynonen aurpegia erlajatu egin zen. Emeki erran zuen:
Ez duzu uste oker zaudela, McCoy? Ez ote zegoen beste faktore bat? Bestelakorik hartzeko aukera ba ote nuen?
Ez dakit zertaz ari zaren.
Ez erantzun zion Beynonek lasai-lasai. Ez, benetan ez dakizu, ezta? Ziur nintzen jakinaren gainean zinela, dena aurretik prestatutako lana zela, baietz? Nahiz kontrakoa pentsatzeko gogoa izan. Baina tira... tragoska bat, McCoy jauna? Ez, egoera honetan trago luze bat behar da.
Kortesia osoz, Docen basoa bete zuen. Gero, bere basoa bete eta, Docek onartu ez zionean, sinu bat egin zuen.
Kulpa ez da zurea. Sinets iezadazu, zure sentimentuak ulertzen ditut. Nereak bezalaxekoak direla ziur egoten ahal zara.
Presa dut moztu zion Docek. Zertaz ari zara?
Oraindik ez duzu asmatu? Beno, akaso txantaia hitza aipatzeak lagunduko dizu...
Txantaia? Zer... ?
Mota bitxi batekoa, McCoy jauna. Mota ia erakargarri batekoa. Burutzeko, batek bere burua behartzen du txantaigilearen nahia betetzera. Baina mehatxu gogorrak ere... ala zikinak erran behar nuke...? badu bere prezioa; atsegina, benetan. Gainera, esku zabalez partitzen ahal duzu, nahitaezko lankidetza horrek zenbateraino merezi duen ohartu arte...
Ahotsa hiltzen utzi zuen eta, nahita, isildu egin zen, tortura fin hura luzatuz eta duda bihotz-asaldagarri hura haundiagotuz. Ez zen besterik erran beharrik baina, geroxeago, solasean jarraiki zen. Gorrotorik haundiena baino mingarriagoa zen atsegingarritasun faltsuaz azaldu zuen kontua. Begiak, bustirik, dirdir zituen eta aho zabaldutik lizunkeriazko lerdea zerion.
Horditua dago, pentsatu zuen Docek. Gezurretan ari da. Mindua dago eta hartutakoen ordainak bihurtzen ari da, min haundiena ematen duen zuloan ari da zirikatzen.
Iluntzeko xurrumurruan eltxo-sarea pittin bat mugitu zen. Docek bere arreta guzia Beynonekin zuen; eta ez zen ohartu ere egin.
Goazen piskana-piskana ari zen Beynon. Gaia alde guzietatik aztertu. Lehenbizi behatz bat luzatu zuen eta auzitegiko estiloan eragin zion airean, hasteko emakume arront polit bat dugu, desiragarria dela frogatu duena. Bigarren beste behatz bat, emakumearen senarra dugu, nazio osoko banku-lapurrik azkarrena, presondegian zigor luzea konplitzen ari dena. Hirugarren beste behatz bat, botere haundiko politikar bat dugu, lapurrari askatasuna ematen ahal diona. Zertarako askatu lapurra? Noski, banku batean lapurreta egiteko eta, horrela, funtzionaritzaren haize nahasien bitxikeriak goiti beheiti, emakumea eta politikoa bizitza osorako ongi hornituta uzteko. Bigarrenik, axola al zaizu bigarren arrazoia baina ez ttikiena. McCoy jauna? Hagitz ongi. Zera...
Haren ahotsaren tar-tarra ez zen geratzen. Ankerkeriaz ari zen zaurian nabala hondoratu eta zirikatzen, konfidantza osokoa zuen gauza bakarra, euskarri fidagarri bakarra desegin eta hari oreka galdu eraziz.
Kontuan hartu, McCoy jauna: gure lapurra arras azkarra eta gaiztoa da. Bere andrearekin maitemindurik dago, ero moduan. Beste gizon batek bereganatzen badu, biak ahalik agudoena hilen ditu... bere gartzelaldia akitzean, alegia. Biei, noski, hau ez zaie bat ere gustatzen. Hala ere, amore eman eta eta luxu gutxi edo batere gabeko bizitzara ohitu ezean, aukera bakarra dute: lapurrari askatasuna erran, haiek biak aberastu arazi, gero, hau bezalako toki isolatu batera behin etorri erazi ezkeroz...
Beynon aurrera makurtu zen eta ahotsa ahuldu zuen, konspiratzaile baten xuxurla bihurturik:
Eta orduan, McCoy jauna, lapurra defentsarik gabe dagoenean, non dabilen, harrapatzailea edo harrapatua ote den ez dakienean... mugitzera ere atrebitzen ez denean... orduantxe, McCoy jauna... garbitu egiten da.
* * *
Docek eltxo-sarearen asotsa azken momentuan aditu zuen. Nola hersten zen, tinko, asotsa isildu nahi izan gabe, aditu zuen.
Begi ertzetik Carol ilunpetatik ateratzen ikusi zuen. Eta eskuan errebolberra zeraman, ongi kontua, beldurrik gabe.
Hari an ote zitzaion apuntatzen? Mugitu ezkero, hari apuntzen baldin bazion, tiro egin... eta mugimendu osoa egin baino lehen seko utziko ote zuen?
Bazitekeen. Ez, ziur zegoen. Carol praktikoa baitzen. Doc bezain kupidagabea izan zitekeen. Dudarik gabe, Beynonek errandakoaren zati haundia, dena ez baldin bazen, adituko zuen. Docek gizonari sinesten ziola uste bazuen eta sinesgarria zen, kontatutakoaren parte haundi bat egia izan baitzitekeen, Beynoni sinesten ziola uste bazuen eta, harekin bat eginaz, ideia horren arabera jokatzen bazuen...
Ez zekien zer egin. Maltzurkeria makurrez edo alkoholaren eraginpean kontzientzia lausoturik, egia esan beharrez Beynonek gauzak moldatuak zituenaren arabera, Doc, edozein mugimendu egin ala ez egin, galdurik zegoen.
Hau ... hau zentzugabekeria da erran zuen Docek, ahotsa alai antza, baina zinez benetan, eta hitzak markatu zituen, aldi berean erregu eta baieztapena ematen zutelarik. Benetan uste zenuen honelako tranpan, ume bat bezala, eroriko nintzela?
Arazo irristagarria da ziurtatu zuen Beynonek derrepentean. Zuk ez dakizu hau tranpa den ala ez. Egia erran behar badizut, neronek ere ez. Jakina, nik garai batean sinetsi egin nion Carol ttikiari gure Caroli, honela erraten ahal badut.
Baina, hildakorik ez zela gertatuko agindu zidan arren, hiru pertsona hil ondotik... beno, agindu hura zen gezur bakarra, ala agindutako guzia zen gezurra? Beste gauza bat...
Aski da... moztu zuen Docek. Saiatzea ongi zegoen, Beynon, bailla...
Beste gauza bat Beynon ozenago mintzatu zen. Baliteke hark niri egia osoa erratea. Apika ez zekien hiru hildako suertatuko zirela... zutaz gainera, noski. Baina hilketek asaldatzen nautela jakinez eta ni lotzeko endore ahula izanen nintzelako beldurrez...
Zitala zen, maltzurra. Eta oraindik ez omen zuen nahikoa. Faltsuki irri eginaz, sastakada bat bezala, azken zalantza sartu zuen Docen gogoan.
Carol, maitea... Beynonek aulkia baztertu eta zutitu egin zen; beso bat luzatu zuen besarkatzeko keinua eginaz. Espero dut zuk neskaz gaizki ez pentsatzea, McCoy jauna. Azken finean, zuk luzaroko zenuen presondegian... Esposatu ezkeroztik lehenbiziko bereizketa zen, ezta? Eta Carol osasunez betetako emakumea da, bizkorra, agian zu asetzeko baino bizkortasun haundiagokoa...
Caroli hasperen bat atera zitzaion. Beynoni agudo hurbildu eta errebolberra gizonaren sabelaren kontra paratu zuen. Tiroen asotsek burrunba egin zuten gelan.
Beynonek basapizti baten antzera egin zuen garrasi; oihu haiek irriak ziruditen. Gerritik makurtu zen, belaunak jotzen dituen baten postura hartuz; zenbait astinaldiren ondoan, balek hila baitzen, balaz josia, gorputza lurrera zilipurdi eginez erori zen.
Caroli errebolberra eskuetatik irristatu zitzaion. Gogorturik gelditu zen, begiak hertsi-hertsiak eta izuaren eraginez negar batean.
Gezurretan ari zuken, Doc. Zerri nardagarria...! Berriz ere hilen nikek.
Lasai, lasai hadi orain. Horrekikoak eginak ditun Docek besartean hartu zuen eta oraindik izerdiak bustitako eskuez ferekatu zuen. Trago bat prestatuko dinat hemen dugun edaritik eta...
Gezurretan ari zuken, Doc! Sinesten didak, ezta? Ez zuken hola gertatu, hark... hark agertutako moduan ez zuken gertatu.
Noski ezetz erran zuen Docek gozoki. Ez dinat ezta une batez ere pentsatu hala gerta zitekeenik.
Ni... ni adiskide moduan bakarrik agertu nintzaioken... itxurak eginaz, besterik gabe. Ezinbestekoa zuken. Harekin atsegin izan behar, hari ni ezagutzeko gogoa sartzeko, bestela ez ziken nahi izanen...
Instant baten ondoan, Doc ohartu zen Carol ari zela Beynonen istorioaren alde bakar batez mintzatzen: ustezko edo benetako infidelitatea, hain zuzen. Horixe omen zen kezkatzen zuen bakarra, uko egiten zion bakarra. Uko egiteko gehiagorik ez zegoela adierazten zuen.
Pentsamolde lasaigarri hark, lotsaturik baina grinaz, neska estu besarkatzera bulkatu zuen. Bapatean ohartu zen istorioaren zati hori gezurrezkoa zela sinetsi erazi nahi bazion, gainerakoak egia izan behar zuela. Eginahalak egin behar izan zituen neska besoetatik zakarkeriaz ez kentzeko.
Horregatik ez niken hona etorri nahi, Doc. Beynonek zerbait ere errateaz beldurrak nengoken, kito gelditzeko nitaz gezur piloa botatzeaz beldurrak nengoken eta...
Doc aulki batean jarri zen eta bere gainean hartu zuen neska. Maitasunezko irria eginaz, trago bat edan erazi zion; malkoak bere zapiarekin xukatu zizkion.
Ikus dezagun istorioa modu honetara erran zuen. Hik presondegitik atera nahi nindunan. Hori erdiesteko modu bakarra, hura konprometitzea zunan, beraz... Egon! Bion artean zerbait ere izan behar zenuten. Azken finean, buruan makilkadarik eman beharrik izan ez bahuen, nola demontres...
Derrepentean isildu egin zen. Carolen begiradak geldiarazi zuen. Nola edo hala zinezko iduri zuen irrio bat egin zuen eta, ondoren, goititu egin zen, neska besoetan eramanaz.
Gizon maltzurra, benetan irri egin zuen. Mirestekoa. Baina badun garaia afera horretaz atzentzeko. Atzenduko dinagu?
Carol alaitu egin zen:
Orduan, sinetsi egiten didak, Doc?
Sinetsi? erran zuen maitekiro. Zergatik ez sinetsi, maitea?
Besoetan hartua eskaileretan goiti eraman zuen eta ohatze batean utzi zuen. Doc zutitzerakoan,
Carolek eskutik heldu eta haren ondoan jarri erazi zuen, Beynon nola konprometitu zuen kontatzen zion bitartean. Egiazkoa ematen zuen. Doci arrazoizkoa iduritu zitzaion. Lasai egoteko agindu zion eta jautsi egin zen, Beynonen hilotza sotora eramatera.
Hilotza minutu guttitan izkutatu zuen ikatz artean. Txokoko arraskan eskuak eta besoak mekanikariendako xaboi-hautsekin garbitu eta han zeuden zatar batzuekin lehortu. Gero, gogoetan murgildurik, bertan gelditu zen: sotoaren ia erabateko iluntasunean itzal pentsakor bat bezala.
Carol. Zergatik ez onartu haren esplikazioa? Beynon noizbehinka arras mozkortzen zen gizona zen. Carolek, harekin mintzatzeko, bestearen apartamentura joan behar izan zuen. Beraz, akats hartaz baliatuz, edan erazi zion mozkortu arte, burua galdu arte. Eta mozkorraren ondorioz lozorroan zegoen, biharamun goizean Carolek handik alde egin zuenean. Hauxe zen Carolek egin behar izan zuen guzia, igogailuzainak eta atezainak sartu eta ateratzean ikusi zutela ziurtatzeaz gain ere. Huraxe zen guzia: nahikoa eta soberan. Beynonen kategoriako pertsona batek Baldintzapeko Askatasun Batzordeko Burua baitzen, gaizkile ospetsu baten andrearekin apartamentuan gau osoa iragaitea...
Ez zen besterik behar; beraz, ez zen besterik gertatu. Eta sobornoari buruz..., ordurako harrapatua baitzegoen, logikoa zen diru laguntza piska bat onartzea.
Dena bere lekuan sartzen da, pentsatu zuen Docek. Puskaz puska, puntuz puntu, gauza bakoitza behar zuen tokian para zitekeen. Hala ere, ez zuen gogotik kentzen ahal. Gogoa bueltaka zebilkion, sinetsi hurren zegoen aldiro sinetsi ezinik.
Bere sinesmen urria arazo pertsonala zela onartzeko prest zegoen. Lanbidez gaizkilea zelakoz, inorekin ere ez zuela konfidantza osorik izan behar erakutsi zion bere buruari. Eta gaizkilea zelakoz, fideltasun falta eta saldukeria bat egiten zituen. Horrek nortasun falta arriskutsua adierazten zuen, edo hori bezain arriskugarria zena, leialtasun zalantzak. Dena dela, emakumea arrisku larria zen eta arriskuak tokirik ez zuen joku hartan.
Beraz...
Sostean, Docek pentsamoldeen zirkulu hilgarria hautsi zuen. Bere burua ikusi zuen, bere baitatik kanpo; momentu horretan zen izaki koloka eta gozakaitza ikusi eta Doc McCoy seguru, gozo eta tinkoarekin erkatu zuen, eta alderaketak izitu egin zuen.
Aski da, erran zuen oldarturik; irri egin zuen emeki. Gehiago ez, ez orain eta ez inoiz.
Bitartean Carolek sukaldea garbitu zuen. Petroliozko sutan jarritako esmaltedun ontzi batean ari zen kafea neurriz botatzen. Doc hurbildu zitzaion eta besartean hartu zuen. Neska, zalantzan, piska bat bildurturik, bueltatu eta aurpegira begiratu zion.
Docek gogo beroz musukatu zuen, eta txantxetan serioarena eginaz, erran zuen:
Andrea, bazenekien erabateko ero bat zenuela senartako?
O, Doc! Doc, ene kuttuna! besarkatu zuen burua haren bularraren kontra paratuz. Errua nerea duk. Hasieratik erran nahi niken egia, baina..
Baina erantzun dudan bezalaxe erantzuteaz beldurrak hengoen erran zuen Docek. Kafe honek usain ona din. Ogitartekoak ere jatea nahi dun?
Bai, baina, ez ote genikek hemendik hanka egin behar?
Ongi Docek keinu egin zuen, noski, ez dinat hemen betikoz gelditzeko asmorik, baina presa haundirik ere ez dinagu hozkailua ideki, barrenekoa miatu eta urdaiazpiko egosi puska bat atera zuen. Beynonek, nonbait, ez zekinan zehatz-mehatz zer ordutan agertuko ginen, beraz, ez zinan gaur gauerako bisitarik izanen.
Ez niken Beynon hil behar, ezta Doc? Horrek geronen kaltean joko dik.
Docek mahaian plater eta gainerakoak paratu zituen. Ogia eta gurina ere bai. Beynonen heriotza penagarria baina ezinbestekoa zela erran zuen; krimen bateko baliabide batek hain nabarmen huts egitean, harekin egiten ahal den gauzarik hoberena garbitzea dela.
Ez zekinat zenbateraino okertuko zaizkigun gauzak. Beharbada ez dun deus ere gertatuko, baina, hori bai, planak aldarazten zizkigun.
Carolek baietz erran eta kafea sutatik kendu zuen.
Krema piska bat botako didak, maitea erran zuen. Eta gero: Zertan aldatzen ditik?
Kalkulu hauek egin ditinat Doc mahaian jarri zen eta urdaiazpiko zerra batzuk ebaki zituen. Ziur hona heldu ginelarik norbaitek autoa ikusi duela. Bederen, aukera hon kontuan hartu behar dinagu, neurri guziak hartu baditugu ere. Pistaren ondoan konejutan zebilen mutikoren batek, edo lanik gabe eta astia zuen etxeko andre kuxkuxeroren batek, prismatikoekin...
Bazitekek onartu zuen Carolek. Beraz, tresnaz aldatu beharra diagu. Gure autoa hemen utzi eta Beynonena har dezagun.
Konforme. Hirurak elkarrekin kanpora joanak garela eta itzuliko garelako iduri ematen ahal dinagu Docek trago bat kafe edan zuen. Hementxe hasten ditun estualdiak. Beynonen planak zein ziren, nolako zereginak zituen ez zekinagu. Bihar norbaitekin solastatu behar edo goizean norbaiti deitu beharko ziola pentsatu behar dinagu. Gainera, azienda zegon. Eta hor zegok benetako koxka. Beynon bere egun-erdiko morroiari abisurik eman gabe loan egin dela ohartzen direnean Docek burua astindu zuen, errepidetik aldendu behar dinagu. Ez dinagu behar baino minutu bat gehiago galtzen ahal.
Ez, ezin diagu, ezta? Carolek beltzuri egin zuen. Orduan, ihes egin eta norbaiten etxean altxatu?
Zergatik uste dun hori? Noren etxean altxatuko gintuken?
Beno, pentsatzen ari ninduken... Hik bidean lagun bat bahuen, ezta? Mexiko ondoko toki batean, erran nahi diat. Badakik... atso hura, Ma Santis.
Docek erran zuen lastima zela, baina ezetz, ez zuela lagunik: Ma Santis Mexiko barrenean zegoen, Hegoaldeko Kalifornia parean. Behinik behin, holako zurrumurrua zegoen zabaldurik azken bolada hartan, nahiz eta inork ere ez jakin zehatzmehatz non.
Ez zekinat bizirik dagoen ere, baina hil delako susmoa dinat. Ma Santis eta bere mutilak bezain ezaguna baldin bahaiz, hildakoan ere, urte aunitzez han-hemenka agerrerazten haute.
Beraz, altxatzeko tokirik ez badugu...
Hobe izanen dinagu mugitzea Docek platera baztertu eta goititu egin zen. Horretaz, prestatu bitartean mintzatzen ahal gaitun.
Mahaia garbitu eta tresna guziak beren tokietan paratu zituzten. Arropa arruntagoak jauntzi zituzten. Mintzatu, asmoen gainean hitzegin, gutti egin zuten. Erabakia aurretik hartua zegoen eta biek ederki aski zekiten: uste baino urrutiago agudo joan beharra zeukaten eta errepide nagusiak erabiltzea ez zen komeni. Hortaz, bada, alternatiba bakarra zuten.
Sukaldea garbitu eta goiko ohatzea konpontzeaz gain, ez zuten besterik egin bertan egon zirela disimulatzeko. Doci behatz markak kentzea bururatu zitzaion, baina broma baizik ez zen, Carolek irri egin, hori baitzen egitekoa. Gaizkileak beren behatz markekin ez dira jendeak uste bezain zuhurrak izaten. Ez, behintzat, gaiztakeria trebetasun izigarrizko lanbidetako hartzen dutenak ere. Ederki dakite behatz marketan aditua den pertsona batek egun osoa ematen abat duela bere etxean bere behatz marka-sail identifikagarririk ere hatzeman gabe. Baita ere, ongi aski dakite behatz markek argi dagoena egiaztatzeko baizik ez dutela balio izaten; seguru aski, gaizkile-lan baten egiletzat identifikatu eta haiei buruzko alarma zabaldua izanen dela, behatz marken bitartez 'Ian' horrekin lotu baino lehen... eta hori, inoiz lotzekotan.
Docek Beynonen autoa hartu eta garajeko bidoi batetik depositoa bete zuen, baita bost litrotako bi bidoitxo ere, autoaren atzekaldean paratu zituenak. Patiora atera, Carolek deportiboa garajean sartu, eta handik alde egin zuten.
Pare bat orduren buruan, kamio estuak utzi eta errepide nagusian ziren. Errepideen mapa ikusteko momentu batez gelditu ziren eta Kansas City aldeko bide praktikoena aukeratu zuten. Hiria iparraldean urruti zegoen, haien helmugatik baino urrutiago. Baina hura, noski, abantaila zen. Inork ez zuen uste izanen alde hartara joanak zirenik. Toki urruna zenez, izan zezaketen asmoei buruz ez zuen asmabiderik ematen.
Autoa Kansas Cityn abandonatzea pentsatu zuten eta bertan mendebaldeko trena hartzea. Bazekiten ez zeta garraio motarik onena: trenez joatea, konfinatua joatea bezalakoa da. Talde ttiki samar bateko partaidea zara eta, beraz, identifikatzen errezagoa. Bestela alternatiba bakarra zegoen hegazkinez joatea, eta trena, aise, motarik onena zen.
Gaua fresko zegoen eta zenbat eta iparralderago, hainbat eta hotzago. Autoak kalefakziorik ez baitzuen, Carol hotzez dardaraka zegoen, senarrari bildua. Honek babes-laztan batzuk egin zizkion eta deportiboa utzi behar izana pena zeta komentatu zuen.
Auto polita zunan. Aukeratu baino lehen aunitz ibiliko hintzen, ezta?
Bai zera!... Carolen besagain ttikiak goititu ziren bestearen ondoan. Hagitz atsegina haiz hori erratean, Doc gehitu zuen. Eta baita ere momentu honetan sufritzen ari naizen desilusio edo ezerosotasunaz arduratzean.
Docek inportantziarik ez zuela erran zuen, bera bezalako pertsona atsegin batengan holako erreakzioa aski normala zeta. Carolek zimiko bigun batez erantzun zion.
Aurrera zihoazen, arront elkartuak, sorbaldak elkarren kontra eta, nolabait ere, tenperaturak beheiti egiten bazuen ere, autoa poliki-poliki berotzen ari zeta iduri zuen. Carol lasai zegoen, gustora. Doc Doc baitzen: samurra, alaitsua, lasaigarria; umore on kutsagarria eta segurantza osoa zerizkion.
Holaxe gertatzen zen lehenagoko gauetan. Doc presondegian sartu aurreko gau gozoetan (gauza gozoak iraganekoak izaten omen dira beti ere). Carolek ez zuen erranen lilura zerk hautsi zuen, baina ohartu zen piskana-piskana Docengandik bereizten ari zeta, bere jarlekuan jarri arte. Docen hitzak aztertzen hasi zen, ahotsaren doinua, haren aurpegi zintzo eta atseginaren itxura ezberdinak.
Doc agian ohartu izanen zen, agian ez... Istorioa zein zen jakin gabe bi aukerak zeuden. Berezitasun bat bazuen, neurri bateraino ez zion pentsatu edo sentitzen zuenaz beti bere buruari jabetzen uzten. Erabaki bat hartua zuen, jokaera bat aukeratua zuen: oztopo bat gaindiezina baldin bazen, ahal zen neurrian, ahantzi behar zen, bide hoberik sortzen ez zen bitartean.
Eguna argitu baino bi ordu lehenago, bi bidoiekin gasolina depositoa bete zuen. Bidean, berriz ere, azkenean zerbaitek ere kezkatzen ote zuen galdegin zion Caroli.
Zerbait egin edo erran badut...
Ez duk deus egin, ez deus erran erran zuen neskak. Uste diat... Beno, berdin duk, ez kasurik egin, Doc.
Kasu eginen dinat, noski baietz erran zuen Docek alai. Orain eta beti. Beraz... bada, bota ezan kezkatzen hauen hori.
Beno, egia erran, ez duk deus Carol zalantzan gelditu zen; irri nerbioso bat egin zuen, barkamena eskatuko balu bezala. Ohartu nauk hik zerbait pentsatu edo sentitzen duanean nik ezin dudala behin ere asmatu.
Zer erran nahi dun? ahotsaren tonua piska bat goititu zuen. Ez zekinat ulertzen dinadan.
Bevnonez ari nauk.
Beynon? kuriositatez begiratu zuen. Beynonez gehiagorik badun? Dena azaldu didan. Nik sinetsi egin dinat. Dena konpondua zegon.
Isiltasuna autoaz jabetu zen. Gauaren tunelean barna ziztu bizian zihoazen eta haien atzetik ilunpearen murruak hersten ziren. Denbora eta espazioa hurrengo momentua baizik ez ziren: atzerago eta haratago, iluntasun osoa zegoen.
Doc mugitu egin zen eta sakeletik zigarroak atera zituen. Bi piztu eta Caroli bat eman zion. Gero, zigarroa akitu zutenean, Carol Doci hurbildu zitzaion berriz.
Hark hurbilago erakarri zuen eta berokiaren mutur batekin belaunak tapatu zizkion neskari. Hobeki? galdegin zion samurkiro. Hobeki erantzun zion neskak.
Eta egia zen. Ez zuen lehen bezainbeste hotz sentitzen. Eta, laguna edo etsaia izan, bederen pertsona bat zuen haren ondoan: zernahi hobeki bakar bakarrik egotea baino.
Erran dunana ulertu dinat jarraiki zen Doc lasai. Baina ez nekinan zer erantzun, argi eta garbi. Edo zer egin.
Konprenitzen diat, Doc.
Nora jo jakin gabe uzten nauen zerbait dun. Atsegina banaiz, gezurrezkoa dun. Ez banaiz, asaldatzeko motiboa zegon. Ulertzen dun, maitea? Ezin dun horrela pentsatu. Txorakeria dun, eta arriskutsua... Entenitzen dun, ezta?
Bai, ulertzen diat baieztatu zuen neskak; eta ondoren, etsipenez, negarraren antzeko ahots batekin, erran zuen: Beraz, dena ongi, Doc? Benetan, ez duk susmo txarrik, dudarik? Dena lehen bezalaxe?
Hala erran dinat. Eta hori frogatzeko eginahal guziak egin ditinat.
Baina hori bestela ere egiten ahal linen! Eztia bera baino gozoagoa ematen ahal duk eta, aldi berean, planak... planak prestatzen egoten ahal haiz.
Carol erran zuen Docek emeki. Nere neskato gaixoa.
Neskari malkoak isuri zitzaizkion, suspiriatu, eta bestearen besagainaren kontra lo gelditu zen.
© Jim Thompson © itzulpenarena: Juantxo Ziganda