3

 

        Lau hilabete lehenago, Doc bigarren eta azken erorketaren barkamena erdiestekotan zegoenean, Carolek, bere emazteak, errieta bortitza izan zuen harekin presondegira egindako bisita batean. Dibortzioa lortzeko dilijentzietan zebilela eta momentu hartan haren kontrako prozedurak hasteko zirela jakin erazi zion; zai gelditu ziren neskak tramiteekin aurrera jarraikitzeko dirua eskuratu bitartean. Geroxeago, izena aldatu eta bizimodu berri bat hasi behar zuela iragarriz, New Yorkera eramanen zuen trenera igan zen... hirugarren klaseko bagoia, jarleku erreserbarik gabekoa. Sinestekoa zen hala gertatuko zela.

        Baina ez zen New Yorkera joan, ezta dibortzioa eskatu ere: ez zuen behin ere hura egitea pentsatu, eta ez zuen sekula bizimodua aldatzeko asmo izpirik ere izan.

        Apika, hasieran Doc aldarazteko kontzientzia arazoak izan zituen. Baina orain, horretaz pentsatzen zuenean, aspaldiko eritzi hark sorrerazten zion nahasmenarengatik, eta ez ahalkearengatik, bere aho ttikia okertu behar izaten zuen, keinu bat egin behar izaten zuen.

        Erreforma? Aldaketa? Zergatik eta zer? Termino hauek zentzugabekoak ziren. Docek ate bat zabaldu zion eta hura sartu egin zen, mundu berri bat bereganatuz eta munduak hura bereganatuz. Eta orain zaila zitzaion beste mundurik inoiz izan zela pentsatzea. Docen jarrera amorala beretako hartu zuen. Nolabait ere, emakumeak Docen antza haundiagoa hartu zuen Docek berak baino. Eragile konprometituagoa zen hala nahi zuenean. Bortitzagoa bortizkeria beharrezko jotzen zuenean.

        Docek behin edo bitan adarra jo zion izaera hartaz, horrek molestatzen zuela ohartu zen arte. «Horretaz gehixeago, eta liburu zaintzera bidaliko haugu» erran nahi zion, antza. Eta Carol haren bromekin haserretzen ez bazen ere —Docekin haserre egotea ia ezinezkoa baitzen— ez zituen bat ere maite. Lotsa sentimentua sorrerazten zioten, bidegabekeriaz denen bistan ezarria balitz bezala. Sentsazio berbera sentitzen zuen bere aitatamek umetako erretratu bat erakusten setaz saiatzen zirenean ere; artilezko alfombra zuri batean biluzirik zegoen haur baten argazki arrunta.

        Bere erretratua zen, bai, eta hala ere, ez zen hura bera. Beraz, zergatik ez ahantzi? Ahantzi baita ere argazki hura egin eta hogei urte pasatxoren buruan bera neska zozopiloa zela, gazte bat izan daitekeen bezain zozoa, erakargarritasunik gabea. Garai hartan liburutegi batean lan egiten zuen. Oraindik sobera zaharrak ez ziren guraso potoloekin bizi zen, eta egunak iragan ahala neskazaharren bizimoduan geroz eta murgilduago zegoen. Etxe eta lanaren ez-bizitza zen haren bizitza bakarra. Aurpegiak itxura atsegina zuen eta gorputz ttikia ederki kurbatua. Baina jendeak ez zuen harengan jaunzkera zakarra eta pobrea eta graziarik gabeko ibilera besterik ikusten, eta izaki etxekoi hutsa bezala zeukaten.

        Orduan Doc agertu zen —oraindik promesapeko askatasunean zegoela, 'Ian' berri baten bila zebilen— eta inxtant batean antzeman zuen benetan zer emakume klase zen; eta irri gozoaz, eragingarritasun atseginaz, kalte gabeko ekiteaz, emakume hura oskoletik atera erazi zuen. O, ez zen minututan gertatu, noski. Ezta egunetan ere. Neska izaki, izuti baten gisara portatu zen, bere heziketak agintzen zuen bezala. Begi keinuak egiten zituen, gorritu egiten zen, neskaren ustetan besteak behar zuen «lekuan» paratzen zuen. Baina Docekin ez dago holakorik egiterik, gauza horiek, nolabait ere, zuri min haundiagoa ematen baitizute hari baino. Hola, bada, etsi egin zuen —pittin bat bakarrik— eta hurrengo minutuan ate miresgarri haren beste aldean zegoen. Eta atea haren atzean sendoki hertsi zen.

        Aitatamek ez zuten deus ere jakin nahi izan. «Horiek gurasoak!» pentsatu zuen nazkatua. Lagunak ere galdu zituen, baita gizartean zuen maila ere. «Horiek lagunak, hura maila!». Polizi-fitxa bat ere erdietsi zuen:

        Carol (Ainslee) McCoy. Izengoiti gabea. Tribunalaren aginduz argazkia eta hatzmarkak eskatuak. Hiru aldiz detenitua; epaiketa eta kondenarik gabea. Bere senarra den Doc (Carter) McCoyrekin hilketa, harma eskuan egindako lapurreta eta banku baten lapurreta egin duelako susmoa. Takimekanografo lan egiten ahal du; bulegoko lanak. Ederra edo nardagarria iduritzen ahal du. Metro eta hiruetan hogei. Berrogeita hamar kilo. Begi berde-grisak. Ileak beltz ilun, beltz, gorri edo errubio argiak. Adina, 30-35 urte. Kontuz harenganatzean.

        Carolek irri egin zuen bere baitan eta atze-ispiluan bere buruari begiratu zion. «Hura fitxa!». Fitxak zulo gehiago zituen haien burutzarrek baino.

        New York aldera iragarritako abialdiaz geroztik, jatetxe batean gau-kutxazain lan egin zuen, bostehun miliatara zegoen hiri batean. Noski, izen faltsua eta itxura arront ezberdina. Atzo goizean utzi zuen lana (Georgian Armadako sarjentua zen bere senarrarekin elkartzeko), egun osoa lo eman, gero enkargatutako auto berri bat hartu eta Beacon City aldera abiatu zen.

        Goizeko zortzietan hiritik hiruretan hogei miliatara zegoen. Aurretik erosi eta berekin zeramatzan kafea eta opilak gosaldu ondoan, bat ere nekerik gabe eta animaturik sentitzen zen, bolantean zeramatzan orduak kontaturik ere.

        Cachemirazko jertseiak, lepo altukoak, gerriaren liraintasuna, haren azpiko betetasun eta gaineko borobiltasun gozoa nabarmentzen zituen. Hegal haundiko pilotu-bonetak burua tapatzen zion, eta ileak —oraingoan Iehoi kolorekoak— bonetatik beheiti motots polit batean biltzen ziren. Zapata irekiek txorkatila finak agerian uzten zizkioten, zangoak galtza estuez jauntziak zituen, eta bigarren azala ez baziren ere, alderdi batean guttienez ongi beteak ageri ziren.

        Zoragarri zegoen, gazte eta alaitsu. Bazegoen —zera, hitz honek ba ote du kutsu txarrik?— sexy. Zirrara atsegin batez, Carolek horretan gauza makurrik ez zegoela erabaki zuen.

        Presondegian itxura hutseko errietan aritu zirenez geroztik ez zuen Doc ikusi. Harekin izandako kontakto bakarra urrutitik egindako telefono deiak izan ziren, motzak, zuhurrak eta gogoa bete ez zutenak. Hala izan behar, eta Carol —Docen parte haundia zena— hau bezalaxe, ez zen hasi eztabaidan ezinbestekoak ziren gauzekin. Hala ere, horrek ez zuen erran nahi bereiziak iragandako hilabete luze hauek akitzen zirelakoz zorionaren zorionez ia eroturik ez zegoenik.

        Doc pozik egonen zen harekin, bazekien. Oso pozik haren itxurarekin; egin zuen guziarekin.

        Autoa deportibo hori distiratsua zen. Ekipajea atzeko jarlekuetan metatua zegoen, eta zorua golf makilez eta kainaberez, tenis palez eta oporretarako beste zenbait tresnaz betea. Maletek zenbait hotel eta bidai ajentziaren eranskinez dirdiratzen zuten. Horietako batean, jauntzia zuen bezalako boneta igualtsu bat, eguzkitako antiojuak eta kirol-txamarra dotore bat zeramatzan. Dena prest zegoen bankuko harrapakina egokitu beharko zen momenturako.

        Bidaia egin bitartean modu nabarmenean ibili behar zuten, eta nabaritasun horrek segurantza emanen zien. Docek erakutsi zion gauza bat zenbat eta nabariagoa izan, orduan eta arrisku ttikiagoa zegoela besteen begiradak erakartzeko.

        Poliki-poliki hasi zen gidatzen, taulako erlojua eta kilometro-kontagailua geroz eta maizago begiratzen. Bederatzietan ke beltz bat ikusi zuen urrutian; geroago petrolioak sortzen dituenen gisako hodei ponpoilotsu bat. Carolek burua mugitu zuen baietsiz.

        Doc, beti bezala, garaiz heldu zen. Keak lapurretaren bigarren partearen bukaera zoriontsua adierazten zuen. Horrek erran nahi zuen, bi parteak elkarri lotuak baitziren, lehenbiziko partea ere ongi atera zela.

        Erlojuari beste begirada bat bota eta abiada oraindik gehiago mantsoagotu zuen. Autoa kasko baten gainean gelditu eta kapota goititzen hasi zen. Kamioi bat eta bi kotxe iragan ziren eta haietatik bateko txoferrak abiadura mantsotu zuen laguntza eskaini asmoz. Carolek eskuaz laguntzarik ez zuela behar adierazi zion, benetan ari zela erakusten zuen moduan, eta txoferrak kasu egin zion; orduan bolantearen atzean jarri zen berriz.

        Zigarro bat piztu eta kealdi batzuk hartu ondotik bota egin zuen, kristalean zehar arretaz begiratuz. Bederatziak eta laurden; ez, bederatziak eta hogei iatsu. Eta oraindik seinalea jaso gabe: ezkerreko argiaren distira. Izan ere, urrutitik heldu ziren auto haietako bat bapatean errepidetik desagertu zen —orain beste bat segidan—, baina horrek ez zuen deus ere adierazten; adar aunitz zituen errepideak. Hiru etxetara zihoazen hiru landabide bederen baziren bazterretan zuhaitz ilarak zituztenak, eta etxeak elkar lotzen zituzten beste batzuk ere bai.

        Nolanahi zeta ere, Docek ez zituen planak azken minutuan sekula aldatzen. Aldaketak komenigarriak baldin baziren, afera abandonatu egiten zuen edo beranduagorako utzi. Hola, bada, seinale bat eginen zuela erran bazuen...

        Carolek motorra piztu zuen. Eskularruak gordetzeko kajoitik pistola atera zuen, gerrikoaren barnekaldean altxatu eta jertseiarekin estali. Gero ziztu bizian hasi zen gidatzen.

 

* * *

 

        Gaueko etxezaina bizkarretik kendu orduko Doc McCoyren gosaria hoztua zegoen. Baina idurizkoa zein benetakoa izan zitekeen alaitasunez hartu egin zuen. Docekin baldin bazen, zaila zen erraten; zaila izaten zen jakiten zerbait edo norbait atsegin ote zitzaion. Hark berak ere ez zekien. Lanean ari zenean atsegingarritasuna zuen bere arma. Hain zuen atsegingarritasuna bereganatua, ukitzen zuen guzia arrosa koloreko bilakatzen baitzen.

        Docen izakera on eta distiratsua eta, ondorioz, nortasun bizkorra aitari zor zizkion, hegoaldeko herriska bateko alargundutako sheriffa izan zena. Emaztearen galeraz kontsolatzeko, McCoy zaharrak beti izan zuen etxea bisitaz betea. Egiten zuen lana gustatzen zitzaion —ederki zekien ez zuela sekula lion bezalako lan onik harrapatuko, ezta hurrik ere— eta karguan jarraikitzeko eginahalak egiten zituen. Ezetza ez zen ezaguna haren ahoan, ezta jendailak preso bat eman ziezaion eskatzen zuenean ere. Une guzietan prest zegoen ezkontza batean laguntzailearena egiteko edo hildako bati gau bela egiteko. Pokerraldiak, oilar burrukak edo gizon bestak ez ziren borobilak izaten hura gabe; elizkoia ere bazen eta gizarte ospakizun dotoreenetan beti gonbidatua. Nola ez, eskualdeko gizaseme maitatuena bihurtu zen, guziek lagun hartzen zuten pertsona bat. Aldi berean, politika lokalaren apaingarri baliogabe eta garestiena zen. Baina bizitza osoan hari irain egitera ausartu zen pertsona bakarrak —oposizioaren hautagai bat— ozta-ozta egin zuen hanka lintxamendu talde sutsu baten eskuetatik.

        Beraz, Doc herriaren begikoa izanez jaio zen, maitatua eta ongietorria sentierazten zuen inguru batean. Mundu guziak irri egiten zuen, mundu guzia adiskidea zen, mundu guzia buru belarri ibiltzen zen hari gustatzeko. Okertzera iritsi gabe —aitak eta beronek etxea gobernatzeko zituen moduek galerazi baitzioten— bere merezimendu propioetan ukaezinezko segurtasuna hartu zuen; sinetsia zegoen ez bakarrik nonahi maitatua izarien zela, baizik eta maitatu beharko zutela. Eta halako sinesbetea izanik, hori justifikatzeko itxura atseginaz eta behar zuen nortasunaz hornitu zen.

        Rudy Torrentok Doc hiltzeko asmoa zuen, baina, gogoz kontra, hark erakarria sentitzen zen.

        Docek Rudy hil nahi zuen, baina Torrento ez zitzaion inola ere ezatsegina. Beste zenbait pertsona baino guttiago gustatzen zitzaion, besterik ez.

        Gosaria akitu, platerak berriz bandejan txukun paratu eta kanpoan utzi zuen, ate ondoan. Neskamea eskaratza garbitzen ari zen eta Docek bere berehalako bidaiaren berri eman zion («zenbait egunetarako»). Gela betikoz utzi arte ez zuela ardurarik hartu behar ere erran zion. Haren senar erreumatikoaren osasunaz galdegin zion, zapata berriez lore pare bat bota, eskupeko gisa bost dolar eman eta, irrifartsu, atea hertsi egin zuen.

        Bainatu, bizarra egin eta jaunzten hasi zen.

        Metro eta lauetan hogei zentimetro zuen altuera eta pisua hiruretan hogeita hamazazpi bat kilo. Aurpegia luze samarra zuen, ahoa zabala, ezpainak meharrak, begiak gris eta haundiak. Ile grisa, harearen kolorekoa eta soiltzen hasia zen kaskogainean. Besagain indartsuetako batean bi bala zulo erakusten zituen. Horretaz aparte, berrogei urteko beste edozein gizon bezalakoa zen.

        Errifle baten ipurdia eta kainoia gabardinaren azpian ongi lotuak zeuden. Docek atera zituen, berokia berriz komunean ziztzilikatu eta zatiak elkartzen hasi zen. Ipurdia hogeitabi kalibreko errifle arrunt batena zen. Kainoia, eta gainerakoa, Docek berak egina edo moldatua zen. Puska nabarmenena hodi zoldatu bat zen, mutur baten krisketa antzeko zerbaiti lotua. Aire bonba ttiki bat ematen zuen, eta horixe bera zen.

        Docek posta bat sartu zuen kargadorean, hau hertsi eta bere tokira bueltatu zuen. Krisketatik tiratzen hasi zen, aire-kamararen erresistentzia gogortu ahala geroz eta indartsuago. Krisketa ezin beheitiago zegoenean, buelta bizkor batzuk eman zizkion, zilindroaren muturra estaliz.

        Zigarro bat erre bitartean, Charliek gosariarekin batean ekarritako goizeko egunkaria gainetik irakurri zuen, noizean behin sortzen ari zitzaion hatz-bizar bat oharkabean ausikitzen zuelarik. Rudy garbitzeko erabakia berriz aztertu zuen eta plana aldatzeko arrazoirik ezin izan zuen aurkitu. Garrantzizko arrazoirik ez bederen.

        Mendebaldeko Kostaldera iristean, Mejicon sartu baino lehen, denbora batez gelditu beharko zuten, alderdiaren azterketa egin, autoz aldatu eta, orokorrean, arrasto guziak deuseztatu. Beti egitea komenigarria zen, bat ere beharrezkoa ez izanda ere. Eta Rudyk zenbait egunez ezkutatzeko tokia begiz joa zuen. Turistendako ostatu ttiki bat zen, Rudyren ahaide ttiki batzuek gobernatzen zutena. Atzerritar nazionalizatuak ziren, nekez erran behar baina bikote zintzoa zen, adinekoa. Baina poliziari arrazoi gabeko beldurra zioten, sorterritik ekarritako beldurra, eta Rudyk are ikara haundiagoa ematen zien. Hori zela eta, Rudyren eskaerari gogoz kontra erran zioten baietza, bai oraingoan, baita aurrekoetan ere.

        Docek Rudy gabe ere haiekin ongi konponduko zela espero zuen. Haiengandik laguntza haundiagoa espero zuen ahaide beldurgarriaz beste egina zuela jakin ezkero.

        Erlojuari begirada bat bota eta beste zigarro bat piztu zuen. Gero, erriflea hartu zuen. Gelaren itzal babesleetan punteria egin zuen leihoan barna, begi bat hertsia ezpainetan zuen zigarroaren keak molestatzen zuelakoz. Bankuzaina edozein momentutan agertzen ahal zen.

        Atean jo zuten. Doc segundu erdi batean zalantzan egon zen, gero gela gurutzatu zuen pausokada haundiz eta atea piska bat ideki zuen. Neskameak eskuoihal sail bat eman mon:

        — Barkatu molestatzeagatik, Kramer jauna. Beharbada beharko dituzula pentsatu dut.

        — Ez da deus, estimatzekoa da —erran zuen Docek—. Egon piska batean hor, Rosie, eta...

        — Ez, aski da, Kramer jauna. Nahikoa eman didazu.

        — Berriz diot —erran zuen Docek atsegingarritasunez—. Egon zaitez piska batean hemen, Rosie.

        Atea ondoratu zuen, gela berriz zeharkatu eta erriflea jaso zuen punteria bidean prestatzen. Une hartantxe Wingate bankuko ateko atalasea ari zen gurutzatzen, barreneko iluntasunean la desagerturik. Docek tiro egin zuen eta txistu moduko asots bat gertatu zen, bapateko hasperen bat bezalakoa.

        Ez zen esperoan gelditu ea bankuzaina eroria zen ikusteko; Docek tiro egiten zuen aldiro, asmatu egiten zuen. Errifle hobeago batekin ere punteria berbera izanen zuen, bai berrogeita hamar metrotatik, bai bostehunetatik tiro egitean.

        Neskameari dolar bat eman zion, haren korte;ia estimatuz. Atea itxi eta giltzatu ondoren hoteleko atezainari telefonoz hots egin zion:

        — Charlie, trena bederatziak eta hogeian ala bederatzi t'erdietan ateratzen da? Mila esker, hala pentsatzen nuen. Ez, ez dut taxirik nahi. Ibilalditxoa gustora eginen dut.

        Telefonoa zintzilikatu zuen, erriflea berriz kargatu eta presio-punpari eragin zion. Ipurdia askatu eta maletan sartu zuen, gainerakoa berokiaren begiztetan paratuz.

        Jauntzia kakotik hartu eta kontu haundirik gabe beso batean paratu zuen. Berokia besotik zintzilika zuela gelan barna ibili zen, gero buruaz konforme zegoelako keinua egin eta berriz ere armarioan utzi zuen. Rudyk ez zuen espero izanen hark errifle bat izaterik. Sorpresa ederra izanen zitzaion. Eta ez izatekotan...

        «Zerbait ere bururatuko zait» erran zion Docek bere buruari. Eta presa haundiagoko lan batean hasi zen.

        Haren maletak ohi baino kosmetiko gehiago zuen: bainurako gatzak, ilerako suspergarriak eta gisa horretakoak. Baina ontziek ez zuten etiketetan idatzia zegoena, naftalina, harrolio gordina, gasaz bildutako dinamita puska bat, bi erlojuren mekanismoak eta antzeko gazza arraroak baizik.

        Hura dena ke eta suzko bi lehergailutarako osagaiak ziren. Doc, ohe-estalkiak ez zikintzeko egunkaria ohatzearen gainean hedatuz, osagai horiek elkartzen hasi zen. Kopetan bi izerdi tanta isurtzen zitzaizkion. Behatzen mugimenduak seguruak ziren, baina erabat delikatuak.

        Dinamita —bi zatitan banatu zuena— segurutzat zeukan, eta han zuen puska ez zen ia batere arriskutsua (erabiltzeko ohitura duen pertsona batendako), ezta lehertu ezkero ere. Ez, dinamita segurua zen, erabilterreza, kolpeak eta gainerakoekin oso jasankorra. Arriskua perkutore beltz ttiki eta polit hartan zetzan, ekintza ordua iristean erabili beharko zuena. Perkutore-buru haiek pastila baten tamainakoak ziren eta beti emaitza onak izaten zituzten. Eta hain ttikia izanik ere, haietako batek nahiko indarra zuen gizaseme baten eskua errotik ateratzeko.

        Lana akitutakoan Doc betea sentitu zen, kontent horrelako lanik ez zuelakoz berriz ere egin beharko. Lehergailuak prestatuak ere erosten ahal ziren, noski, baina Doc ez zen fidatzen lehergailu haien banatzaileekin. Hitz egiten ahal zuten; gainera, produkturik hoberenak hornitzeko ardurarik ez zuten: ezin aproposagorik erostunari kaltegarri suertatzeko.

        Docek paperontzian utzi zituen lehergailuak eta erabilitako egunkaria, zimurtu ondotik, gainean paratu zuen. Komunean eskuak garbitu eta atorraren mankak eskumuturretaraino beheititu zituen. Ageriko arrazoirik gabe suspiriatu egin zuen.

        Han baino lan zailagoak egina zen, baina geroko arrakastarako !an hau bezain garrantzitsurik ez. Hark egindako guzia gisa berekoa zen. Hark eta Carolek egindako guzia. Docek bete hurren zituen berrogeitabat urte. Bestea, aldiz, ia hamalau urte gazteagoa. Beraz, beste erorketa bat, beste gartzela saio bat... eta dena pikutara.

        Pentsamoldeak zurrunbilo baten antzera zebilzkion buruan. Onartu gabeak, onetsi gabeak: inkonstzientearen suspirio baten bidez adieraziak.

        Ez zuen banku aldera berriz begiratu Rudy eta mutikoa arazorik gabe sartuak zirela ikusi zuenetik. Beste zereginik bazuen eta denbora begira galtzeko arrazoirik ez zegoen. Zerbait ere okertzekotan bertatik ere adituko zuen.

        Gero, ordea, begiratu egin zuen; Bankuko zuzendaria sartzen ari zen momentu berean. Atea bortizki hertsi zen, haren zapataren takoia ia harrapatu zuelarik. Docek atzera egin zuen burua astinduz, konturatu gabe suspiriatu zuenean bezala.

        Bederatziak hogei guttiago ziren. Docek korbata apaindu zuen eta trajearen txaketa jauntzi. Bederatziak bost guttiago ziren orain. Paperontzia hartu eta pasilora atera zen.

        Alfonbra gorri higatuaren gainetik ibili zen pasiloaren bukaeraraino eta, gero, eskuinera jo zuen, aldameneko pasabide ttiki batean barna. Zaborretarako metalezko ontzia atzeko eskaileraren eta etxartera ematen zuen atearen artean zegoen. Paperak zabor-ontzira bota zituen, karrikaren bi aldeetara axola gabe begiratuz.

        Uste baino zorte haundiagoa zuen.

        Kartolarik gabeko kamioneta bat karrikaren mutur batean zegoen espaloi ondoan. Haren arzean leihatilak hertsiak zituen auto bat. Eta haietatik hurbil, haizeak jotzen zuen bide berean, beste kamioi bat, hoteleko bigarren pisuko leihoetaraino kargatua.

        Eta karga belar-pakak ziren!

        Docek karrikaren alde batera eta bestera begiratu zuen agudo. Gero, lehergailuak atera zituen, bat kabina eta kajaren artean utziz eta bestea belar kargaren gainean.

        Paperontzia hartu zuen berriz eta gelara itzuli zen. Bederatziak bi minutu guttiago ziren —bi minutu bonbak leher zitezen—, eta bankuaren aintzinean hiruzpalau pertsona zeuden noiz idekiko zai.

        Docek alde egiteko hondar prestaketak egin zituen, segunduak astiro kontatuz.

 

 

 

© Jim Thompson

© itzulpenarena: Juantxo Ziganda

 


www.igela.com
www.susa-literatura.eus