2

 

        Eztabaidatzekoa zen Rudy Torrentok biz, osoan inoiz eman ote zuen gau bat ere lo lasaian. Iluntasunak ikaratzen zuen. Ttikitatik, gaua eta gauez egiten den loa arront elkartuak zituen ikararekin, behaztopatu eta gainera erortzen zitzaion mozkor baten haragi mokuru itogarri baten zanpaketarekin, ileetatik kontu eta esku batek mugitu ezinik uzten zuen bitartean beste batek konortea galdu arte jotzen zuelako ideiarekin ere.

        Lo egiteari beldur zion, baita iratzartzeari ere; bere oroimenaren hastapenetatik, egunak ere ikararekin identifikatzen zituen. Egunezko beldurra, haatik, bestelakoa zen. Inguratutako arratoi batek sentituko zuen Rudy Torrentok iratzartzean sentitzen zuena bera. Edo urka baten hortzetan burua harrapatua zuen sugeak sentituko zuena. Beldur erotzailea zen, erasotzailea, iraintzailea, zakarra; beldurrari bizia ematen zion gizona bera barrenetik erretzen zuen sentipen bildurgarri, pozointsua zen.

        Paranoikoa zen, sen zorrotz haundikoa, eta piztia baten maltzurtasuna zuen. Bestalde, harroputz galanta ere bazen. Hola, bada, alde batetik ziur zegoen Doc McCoy, bere asmoak bete bezain pronto, bera hiltzen saiatuko zela eta, beste aldetik, ezin zuen onartu. Doc sobera azkarra zen Rudy Torrentorekin berriketan ibiltzeko: bazekien inork ere ez ziola Rudy Torrentor ziririk sartu.

        Egunastearen lehenbiziko errainuak baserri zaharreko leihoetako pertsianetan barna sartu zirenean, Rudy murruska jarri zen, begiak oraindik hertsirik, eta saihets hezurrak zafladaz jotzen eta masajeatzen hasi zen eginahalean. Etxetik ihes egiteko gauza izan aintzin, saihets-hezurrak hautsi eta berrautsi egin zizkioten. Hezurrak eta giharreak elkarrekin hazi ziren eta orain kartilago, hezur eta haragi nahaste bat baizik ez ziren, hozten zenean edo posizio berean luzaroan egotearekin oinaze izigarria ematen ziotenak.

        Zafladak emanez eta igurtziz haiek modu eroso samarrean paratu zituenean, estalkien artean hasi zen miatzen whisky, zigarro eta misto bila. Trago luze bat alkohol edan, zigarro bat piztu kea hestetaraino sartuz, eta, bapatean —ongi ikasitako bizkortasunaz—, begiak ideki egin zituen.

        Jackson arlotea begietara begira zegoen. Gatiloarekin Rudy baino motelagoa zen, eta hari begira gelditu zen.

        Torrentok, alaitasun maltzurrez, begiak hertsi zituen.

        — Mutur ederra izanen diat, ezta, ume? Buruz beheiti paratutako taket baten gisakoa...

        — Mmm... Zer? —mutila derrepentean iratzarri zen—. E! Ez da harrigarria? Hemen jarria, begiak idekiak lo egon naizela uste dut.

        Rudyren ezpainek keinu bortitz bat egin zuten, haserre moduan. Bai, jauna, erran zuen; egoera hura irrigarria zen, baina ez, noski, hark berak pairatzen zuen bezainbestekoa.

        — Ni sortu nintzenean amar, lagundu zion medikuak zera egin zidaken, Jackie. Ontzi eder bat ur bota egin zidaken gainera, badakik?, hori dena aman gauzak errezago gerta zekizkion. Horregatik paratu zidateken izengoiti hau... Torrento «Tarta-mutur». Urte aunitzetan benetako men bat banuela ere ez niken jakin. Akaso hik herorrek ere Tarta-mutur deitu nahiko didak, ezta Jackie?

        Mutilak, nerbiosturik, burua astindu zuen. Bere eskola izan zen denda-lapur eta mozkor-lapurren mundu ziztrinean arront ezaguna zen Rudyk bere itxurari buruz zuen sentsibilitatea.

        Ezin Tarta-mutur deitu, Benny Siegeli «Eroa» deitu ezin zitzaion modu berean. Haren aurrean tarta aipatze hutsak sumindurarik hiltzaileena sorrerazten zion.

        — Kafe piska bat behar duzu, Rudy —erran zuen mutilak apalki—. Kafe bero-bero bat eta bart gauean erosi nituen ogitarteko gozo horietako bat.

        — Galdera bat egin diat!

        — Konforme, konforme, konforme —mintzatu zen mutila barbar, termo botila batetik katilua kafe beroz bete bitartean. Gero, zalantzaz, gansterrari luzatu zion, ogitarteko batekin.

        Instant batez, Rudy mugitu gabe gelditu zen, begiratuz baina ikusi gabe, begiak dirdiratsu. Bapatean, irri zafia batean lehertu zen, gauza irrigarri batez oroitu balitz bezala, deusek libertitzen ez duenean libertitzen duen zerbait bezala.

        — Hik bai pottoak, Jackson —erran zuen Rudyk ufaka eta hitzek itoz—. Hi haiz tipo gogorra, hori haiz hi.

        — Ongi —erantzun zion mutikoak umilki—. Ez da deus, baina ezagutzen nauen nornahik erranen dizu kartak atera behar direnean, ni... zera...

        — Ederki, ederki... ikusiko diagu, Jackson. Barrenean zer daramaan ikusiko diagu.

        Berriz ere, Rudyk gorputza dardaraka zuen. Eta orduan, ustegabeko eta derrepenteko umore aldaketa batean, mutikoaz urriki zen.

        — Tira, jan ezak, Jackie —erran zuen—, har ezak kafe piska bat eta mokau bat jan.

        Jan egin zuten. Bigarren kafearekin Rudyk zigarro bat eman zion mutilan, baita piztu ere. Jackson galderak egitera animatu zen, eta, oraingoan, gansterrak ez zion irainez erantzun, ezta ahoa hersteko agindurik eman ere.

        — Beno, Docek ez dik Beacon Cityko afera hau kasualitatez erabaki —erran zuen—. Docek ez dik deus kasualitatez egiten. Hark plana baziken eta hura burutzeko tokirik egokiena bilatzen hasi zuken. Ziuraski bizpahiru hilabetez aritu duk ikerketetan, milaka tokitan ibilia duk Beacon Cityn baino lehen. Lehenbiziko, Erreserba Federaleko kide ez den banku bat bilatu behar duk, gero, zer? —Rudyk solasa etetearekin beltzuri egin zuen—. Rama zer arraiotan ari haiz penttatzen?

        — O! O! Ulertzen dut —erantzun zuen agudo mutikoak—, horrela federalak ez dira mola ere agertuko, ezta Rudy?

        — Horixe. Badituk zurrumurruak edozein banku-lapurretan parte hartzeko prestatzen ari direla diotenak, baina ez ditek hori oraindik erdietsi. Lehenbizi sarbide hori galerazi eta, gero, interes-tipoak aztertzen ditik. Banku batek aurrezki eragiketa gutti edo bat ere egiten ez badu, mailegutan ematen ahal duten diru kopurua baino hagitzez ere gehiago duela erran nahi dik, eta horrek Doc eramaten dik proiektu zoragarriak egitera: eta orduan aski dik kontuen egoera aztertzea... egunkarian irakurri duk, ezta? Zenbat sos duten eskura, ez da hala?

        — Ikusi bai, baina ez ditut sekula ulertu. Beno, erran nahi dut beren fakturak pagatzeko adinakoa baizik ez dutela erdiesten iduritu zaidala beti. Urtearen hondarrean hasieran baino diru gehiago ez dure izaten.

        — Hirekin bat nagok —erran zuen Rudyk algaraka—. Baina Docek garrantzi haundia ematen ziek. Haietan gauzak irakurtzen ditik, ipuiak balira bezala.

        — Azkarra, ezta? Hori bai burua —mutilak, mirespenez, burua astindu zuen Rudyren sosteko goibelduraz ohartu gabe—. Baina, zergatik urrundu behar dugu hainbeste gure bidetik, Rudy? Zergatik ibili behar dugu nazioaren alde batetik estera muga hementxe bertan, ehunen bat miliatara edo, izanda.

        — Ez zaik gustatzen, ezta? —erran zuen Rudyk—. Hau gixon ergela, bide zuzenena hartuko dugula uste ditek eta.

        — Badakit, badakit —erantzun zuen Jacksonek zizaka agudo—. Eta izkutatuko garen tokiaz zer dago? Egia da han ez dutela gure estradiziorik emanen? Inola ere ez?

        — Horretaz ez duk zertan kezkatu —erran zuen Rudyk eta, berriz ere, mutikoarekin urriki zen—. Han aitona zahar bat baduk, El Rey, hala erraten zaiok Mejicon, zera, hark eta familiak, haren seme-alabek, ilobek, bilobek eta gainerakoek tokia, estadua, edo probintzia, edo dena delakoa gobernatzen ditek. Benetan beraiena duk, ulertzen duk horrek zer erran nahi duen? Jabeak dituk, epaileak, fiskalak eta dena. Non eta pagatu eta bertakoekin istilurik ez den, ederki bizitzen ahal haiz hantxe.

        — Baina, begira, zerk eragozten die gu xahutzea eta bertan behera uztea? Erran nahi dut, zera... erran nahi dut ez lukeela buru-argitasun haundirik erakutsiko, ezta? Hotsa zabalduko litzateke eta ez lukete bezero berririk erdietsiko...

        — Hi bezalako bat izatearekin aski eta sobera liketek —erran zuen Rudyk haserre—. Ergelkeri-haziak barreiatuko hituzke eta herri osoa ergelduko huke.

        — Barkatu... ez nuen deus erran nahi.

        — Eta ez duk deus erran. Hi haiz huts borobila, hori haiz, ez besterik —erran zuen Rudyk. Eta hura izan zen urrikaldiaren bukaera.

        Aurreko gauean bizarra egin zuten, baita garbiketa ere, pitxer bat ur elkarri eskuetara botaiaz. Orraztu egin ziren eta arropak agotzez egindako eskubila batez ongi eskubilatu. Gero, jauntzitakoan, elkarren azterketa egin zuten.

        Jauntzi ilunak zeramatzaten, ator zuriak eta boneta bigunak. Besapeko harmak eta esku maletinez aparte, ez zuten beste deus hartu atzekaldeko atetik atera eta auto aldera abiatu zirenean. Maletinak haundiak ziren —ematen zuten baino hagitzez ere haundiagoak— eta biek letra grabatu batzuk zituzten: ESTATU BULEGOA, eta azpian, hau ere grabatua: Banku Ikuskatzaileak. Autoak, zilindro gehiago sartuz prestatua zen arren, prezio merkeko beste edozein «sedan» beltzaren itxura zuen.

        Jackson maletinekin igan zen, gidariaren aldeko atea ideki eta motorra piztu zuen. Rudyk etxe abandonatuaren atzeko bidea aztertu zuen. Kamioi bat pasatu berna zen, Beacon City aldera. Ez zen besterik agerian. Rudy autora igan zen, motorra berotu eta dinbili danbaia gidatu zuen ertzak belarrez beteak zituen bide makurrean barna errepidera.

        Zirrikek irringa eginaz errepide nagusira atera zen. Erlajatu egin zen, abiadura mantsotu eta hats hartu zuen luze eta sakonki. Norbaitek landabidetik heldu zirela ikusi balu ere, ez zukeen inportantziarik izanen. Errepidetik momentu baterako atereak zitezkeen, edo zirrika bat ongi paratzeagatik akaso. Hala ere, horiek denak usteak ziren, eta usteak erdiak ustel. Errore ttiki bat, bakar bat, ustegabeko huskeria bat aski izanen zen, Rudy Tarta-mutur Alkatrazeko presondegian hamar urtetarako giltzapera bidaltzeko.

        Gidatzen ari zela, eskumuturreko erlojuari begirada bota zion. Herrian behar zen momentuan sartuko ziren, minutuko hutsik ere gabe, eta Rudy ahopeka eta lasai mintzatzen zitzaion mutikoari:

        — Orain dena ongi aterako zaiguk —erran zuen—. Docek bere ofizioa ezagutzen dik eta nik neronena. Hi oraindik hasiberria haiz, baina ez dik axolarik. Errandakoa besterik ez duk egin behar: neronen aginduak bete, eta kea tximinean bezain ongi funtzionatuko diagu.

        — Ez nago beldurrak, Rudy.

        — Beldurrak egon? Zer arraio diok? Ez hadi kokildu!

        Izkinan, bankutik bi etxesail goitiago, Rudyk abiadura mantsoagotu zuen, autoaren muturra aurreratuz karrika nagusia ikusten ahal izateko. Behar zuten momentuan berean ailegatu ziren, baina Mack Wingate, bankuzaina, ez zegoen han. Pentsatu gabe, Rudyk motorra geldierazi zuen eta haizegailua zirikatzen hasi zen. Mutikoak, aurpegia zurbil zurbil, begiratu zion.

        — R-Rudy... Z-zer da...?

        — Lasai, lasai, Jackie, mutila —erran zuen Rudyk hitz lasaiez, baina nerbioak lehertu hurren—. Bankuzaina atzeratu duk, ikusten? Baina horrek ez dik axolarik. Berehala ez agertzekotan buelta bat emanen diagu eta...

        Momentu hartantxe bankuzaina hoteletik atera eta karrika gurutzatzen ari zen presaka. Rudy segundu batzutan egon eta gero, geldiro, motorra piztu eta izkina hartu zuen. Bankuzaina Bankuan sartu eta minutu eskas batean Rudyk autoa aparkatu zuen banketxearen parean.

        Hura eta Jackson autotik atera ziren, bakoitza bere aldetik; mutila Rudyrengandik pauso bat edo bi atzerago zihoan. Karrika gurutzatu zuten, maletinek titulu ofizialak agerian zituztelarik. Dendazainaren aintzinean iragaitean Rudyk buruaz agur egin zion eta arreta gabeko begirada bat jaso zuen. Bere ezpelean makurturik, gizona perretxikotan jarraiki zen, Rudyk Bankuko atea jotzen zuen bitartean.

        Mutilak nekez hartzen zuen hatsa, Rudyren atzetik orpoz-orpo presaka zihoala. Gansterrak deitu egin zuen:

        — E, Wingate! Ea, bada, ideki ezazu! —eta dendazainari begirada asa bat bota zion—. Bai? Zer gertatzen da, jauna?

        — Horixe bera galdegin behar nizun zuri —erantzun zion gizonak, gogo haundirik gabe—. Bankua larrialditan ote dago?

        Poliki-poliki, begiak ilun, Rudyk goitik beheiti begiratu zion.

        — Bankuak ez du inongo larrialdirik —erran zuen—. Zuk ez diozu batere sortu nahiko, enta?

        — Nik? —gizonaren burua altxatu egin zen protesta moduan—. Nik zerbait solasteagatik erraten nuen, badakizu. Bromatan ari nintzen.

        — Holako bromak zigortzen dituen legea ere badugu —azaldu zion Rudyk—. Hobe zenuke bestelako txisteak eginen bazenitu, ez zaizu iduritzen?

        Dendazainak burua piska bat mugitu zuen. Bueltatu eta dendan sartu zen, Rudy eta mutila, bitartean, banku barrenera pasatuz.

        Atea hertsitakoan, Rudyk giltza kendu zuen. Mutikoak harridura ufada bat bota zuen, bankuzainaren gorputz iraulia behatz dardariaz seinalatuz:

        — Begiraiozu! I-iduri du luma batek zulatu diola burua...

        — Nor haiz hi? Forentsea ote? —oihuztatu zen Rudy—. Ken iezaiok boneta! Eta hi, erauntzi iezaiok txaketa eta jauntzi ezak!

        — Kanpoko tipo hori, Rudy, uste duzu zerbait...?

        Torrentok zaplada gogor bat eman zion eskugainaz. Gero, mutila zanbuluka zegoela, solapatik heldu eta bere aurpegitik zentimetro batera ekarri zuen.

        — Bi pertsonen ardura hartu behar duk, entenitzen duk? Hi eta ni soilik. Eta geldi hadi ergelarena egitetik, bestela hemendik biotako bat bakarrik aterako duk —Rudyk astindu bortitz bat eman zion—. Entenitu duk? Orain saia hadi ez atzentzen.

        Jacksonen begien distira desagertu zen. Buruaz baietz eta, nahiko lasaiturik, erran zuen:

        — Lasai nago orain, Rudy. Ikusiko duzu.

        Bankuzainaren txaketa eta boneta jauntzi zituen, bonetaren hegala begietaraino sarturik. Gero, Rudy hildakoak beste langileak izituko zituelako beldurrak baitzegoen, hilotza barandaz inguratutako mahaien aldera eraman eta alfonbra batez altxatu zuten.

        Eskaratzean, berriz ere, Rudyk azken entsaioa eskatu zion mutilar'. Noski, ez zuen atean zelatan egon behar. Naturaltasunez bete behar zuen papera, argiari ihes eginaz, baina 'nor ohartu gabe. Eta atea idekitzean, txaketaren manka eta, gehienez ere, bonetaren hegala baizik ez zuen erakutsi behar.

        — Agurtzea ez duk beharrezko, ulertzen duk? Haiek ez zekitek hemen zerbait oker dagoela, eta, jakinez gero, hori konpontzeko ez diagu deus ere egiten ahal. Orain —Rudyk leihatila bateko goiko kristala jo zuen—, orain, hauxe daukak, berriz ere, ezagupidea: honela jakinen duk deitzen duena banku honetako saripeko morroia den ala ordua baino lehenago txanpon eske heldu den zozopilo bat. Hiru kolpe emanen ditiztek, tok-tok-tok, honela, entenitzen duk? Gero, beste bat, eta beste bat, tok-tok. Hiru eta bi.

        — Entenitzen dut —baieztatu zuen Jacksonek—. Ongi oroitzen naiz, Rudy.

        — Hau ezagupidea, e? Ziur Docek, prismatikoekin bizpahiru minututan asmatu zuela. Baina hiru enplegatuek soilik erabiltzen ditek ezagupide hau, eta momentu honetatik zortzi t'erdiak artean dituk etortzekoak. Buruzagia laurden guttiago inguruan insten duk, eta ez dik jotzen. Atean karraskatu eta oihu egiten dik: «Wingate, Wingate!».

        Rudyk erlojuari begiratu eta lanean hasi zen. Atoaren alde banatan jarri ziren. Rudyk arma atera egin zuen eta, orduan, tok-tok-tok bat aditu zen, eta gero tok-tok.

        Mutila ikaratu egin zen, segunduki batez zalantzan. Azkenean, Rudyk buruaz seinalea egin zionean, serioski animatuz, bere onera bueltatu eta atea ideki zuen.

 

 

 

© Jim Thompson

© itzulpenarena: Juantxo Ziganda

 


www.igela.com
www.susa-literatura.eus