ELIOT-EN HILARRIAN

POEMA-ARGIZAIOLA

(Westmister Abbey, 1979)

 

Jon Juaristi

 

Memori-larrosa igartzean

ausina eta iraka baratzaz jabetu ziren,

hamildu zen harmore sendoa

eta putzuan usteldu ere

egun haretan dastatu genuen

ur gozo fresko hura.

 

                                        Garden, irmo,

gabeziaren garaietan poeta,

Infernura jaitsi zinen Virgilio gabe. Hauster,

Heriotzari emandako ondar iheskorra:

Susmatu zenuen jakinduria

ez zela armairu luzeetan gordetzen

eta haundikien ahoetan egia

aurkitzea ia ezina zela. Hilarri honetan

larrosa sutsuak dirau bizirik,

poeta uhp guztien kontra,

kultur-fronte guztien aurrean,

dirau bizirik, bai, dirau bizirik,

haltzairuzko hatzaparrek argiaren

larru guztiz zuria

urratzen diguten bitartean

Itsaso isiletako hondotik

korrika egiten.

 

Igarle, anaia,

poeta epigonal, orakulo ero,

profeta nekrofilo, haruspize xamur,

zure hatzazalak barneratzen dira

arratsaren haragi hutsean.

Mendeak iraganen baitira, egunak

agortuko baitira ere, baina beti izanen da astirik

hizketa bat Heriotzatik haruntzago

luzatzeko, zentzuz beterikako hitzaren bat

leihoko beira enpainatuan eskribitzeko astirik.

 

 

 

© Jon Juaristi

 

 

"T.S. Eliot euskaraz" orrialde nagusia