V. TRUMOIAK ESAN ZUENA

 

Aurpegi izerdituetako zuzien gorritasunaren ondoren

Lorategietako isiltasun izoztuaren ondoren

Harri lekuetako hilzoriaren ondoren

Oihua eta auhena

Gartzela eta palazioa eta udaberriko

Trumoiaren burrunba hurrineko mendien atzean

Bizirik zegoen hura hilik dago orain

Gu bizi ginenok hiltzen ari gara orain

Pazientzia pixka batekin

 

Hemen ez dago urik arroka hutsa baizik

Arroka eta urik ez eta bide haretsua

Bidea han goian mendietan bihurka

Urik gabeko arrokazko mendietan

Urik balego edaten geldituko ginateke

Arroka artean ezin daiteke gelditu ez pentsatu

Izerdia lehor dago eta haretan daude oinak

Arroka artean urik balego

Mendi hila xisturik jaurti ezin duen hagin xanxartuen ahoa

Hemen ezin daiteke gelditu ez etzan ez eseri

Isiltasunik ere ez dago mendietan

Euririk gabeko trumoi lehor antzua baizik

Bakardaderik ere ez dago mendietan

Lokatzezko etxe arrailduen ateetatik arbuioz

Begiratu eta marmaratzen diren aurpegi gorri arruntak baizik

                    Urik balego

 

Eta arrokarik ez

Arrokarik balego

Eta ura ere bai

Eta ura

Iturri bat

Potxingo bat arroka artean

Uraren hotsik balego soilik

Ez txirrita

Eta belar lehorra kantatzen

Arroka gainean ur hotsa baizik

Xoxoak pinuetan kantatzen duen lekuan

Drip drop drip drop drop drop drop

Baina ez dago urik

 

Nor da beti zure aldemenean ibiltzen den hirugarrena?

Kondatzen dudanean, zu eta ni bakarrik egoten gara elkarrekin

Baina bide zurian aurrera begiratzen dudanean

Beti dago beste bat oinez zure aldemenean

Mantu arre batez estalirik lerratzen, kapelatua

Ez dakit gizona ala emakumea

— Baina nor da zure aldemenean doana?

Zer da hots gora hori aidean

Ama negarraren zurrumurrua

Nortzu dira lautada amaigabetan, ortzemuga lehunek

Soilik zelaturiko lur arrailduan behaztopatzen,

Ugaltzen diren oste kapelatu hoik

Zer da mendien gaineko ziutate hori

Arraildu eta berrosotzen eta aide morean lehertzen den hori

Erortzen diren dorreak

Jerusalem Athenas Alexandria

Vienna Londres

Irrealak

 

Emakume batek hestu bildu zuen bere adats beltz luzea

Eta zurrumurru musika biolineatu zuen hari hoietan

Eta saguzaharrek, haurtxo aurpegiak argi morean,

Xistu egin zuten, eta hegalak astindu

Eta buruz behera narraztu ziren horma beltzituan behera

Eta zangoz gora aidean dorreak zeuden

Errepika oroituriko kanpaiak, orduak ematen dituztenak

Eta patin hutsetan eta osin lehorretan abotsak abesten.

Mendien arteko zulo galdu honetan

Ilargiaren argi mehean, kantatu egiten du belarrak

Hilarri abailduen gainean, kaperaren inguruan

Hutsik dago kapera, haizearen etxea soilik.

Ez du leihorik, eta kulunka ari da atea,

Inor mindu ezin duten hezur lehorrak.

Oilar bat bakarrik zutitu zen teilatuan

Ku ku rruku ku ku rruku

Oinaztargi dirdira batetan. Gero haize bolada heze bat

Euria ekartzen.

 

Ganga murgildurik zegoen, eta hosto lasaiek

Euria igurikatzen zuten, hodei beltzak hurrin

Himmavant gainean elkartzen ziren artean.

Oihana makurtu, konkortu egin zen isiltasunean.

Orduan trumoia mintzatu zen

DA

Datta: zer eman dugu?

Adiskide enea, odola ene bihotza eragiten

Zuhurtasun haro oso batek ere sekula

Ordain ez dezakeen ausardia izugarria

Honegatik, honegatik soilik, bizi izan gara

Hori ez da aurkitzen gure nekrologietan

Ez armiarma onuragarriek ehoturiko oroitzapenetan

Ez abokatu argalek hautsiriko zigiluen azpian

Gure gela hutsetan

DA

Dayadhvan: Giltza entzun dut

Atean behin biratzen eta behin bakarrik biratzen

Giltza dugu gogoan, bakoitza bere gartzelan

Giltza gogoan, bakoitzak gartzela bat finkatzen du

Gaua abailtzean soilik, zurrumurru hutsalek

Une batez dute Coriolanus hautsi bat berbizten

DA

Damyata: Itsasontziak alaiki

Erantzun zion, bela eta arraunetan ohituriko eskuari

Itsasoa bare zegoen, zure bihotzak alaiki

Erantzunen zukeen, gonbidatuez gero, taupada obedientez

Esku kontrolatzaileen agindua.

Ur bazterrean eseri nintzen

Arrantzan, ene gibelean lautada idorra

Ordenatu ahal izanen ote ditut inoiz ene lurraldeak?

Londreseko Zubia erori egten da erori erori

Poi s'ascose nel foco che gli affina

Quando fiam uti chelindon —oi enara enara

Le Prince d'Aquitaine à la tour abolie

Puska hauk ene hondakinetan sostengatu ditut

Why the Ile fit you. Hieronymo's mad againe

Datta. Dayadhvam. Damyata.

Shantih shantih shantih

 

 

 

© T.S. Eliot

© itzulpenarena: Joseba Sarrionandia

 

 

"T.S. Eliot euskaraz" orrialde nagusia