III. SUAREN SERMOIA

 

Suntsiturik dago ibaiaren pabilioia: hostoen azken hatzak

Bazter buztian atxikitzen eta murgiltzen dira. Haizeak

Lurralde arrea zeharkatzen du, isilik. Aldendu ziren nymphak.

Thames gozoa, zoaz lehunkiro, ene kantua amai dezadan arte.

Ibaiak ez darama botila hutsik, sandwich paperik.

Zetazko painelurik, kartoizko kaxarik, zigarrokinik

Ez uda gauren beste testigantzarik. Aldendu ziren nymphak.

Eta heuren adiskideak, Cityko zuzendarien oinordeko alferrak,

Aldendu ziren, helbiderik utzi gabe.

Lemango uren bazterrean eseri nintzen negarrez...

Thames gozoa, zoaz lehunkiro, ene kantua amai dezadan arte.

Thames gozoa, zoaz lehunkiro, ez bait naiz ez errime ez luzaro mintzo.

Baina ene gibelean haize bolada hotzez entzuten dut

Hezurren elkar kolpatzea, eta belarririk belarri hedaturiko barrealgara.

Arratoi bat iragan zen emeki landaretzan zehar

Bere sabel likitsa ur bazterrean arrastatuaz

Ni kanale uherrean arrantzan ari nintzen artean

Gasetxearen atzekaldean negu ilunabar batez

Ene anaia erregeren hondamendiaz eta bera baino lehenagoko

Ene aita erregeren heriotzaz gogoetan.

Gorputz biluzi zuriak zolu hezean

Eta hezur barreiatuak ganbara lehorrean,

Arratoi zangoek soilik mogitzen dituztenak, urterik urte.

Baina ene gibelean noizean behin entzuten dut

Bozina eta motoreen zarata, udaberrian

Sweeney eramaten bait dute Mrs. Portergana.

Oh Ilargia nabar dirdiratzen zen Mrs. Porter

Eta bere alabaren gainean

Eta soda uretan garbitzen zituzten beren oinak.

Et O ces voix d'enfants, chantant dans la coupole!

 

Twit twit twit

Jug jug jug jug jug jug

Hain gotorki bortxatua

Tereu.

Zutate irreala

Negu eguerdi bateko behelaino arrearen azpian

Mr. Eugenides, Smyrnako merkataria

Bizarra moztu gabe, boltsiloa mahaspasez beterik

Londresen entregatzeko: dokumentuak erakutsiaz,

Frantsesera demotikoz gonbidatu ninduen

Cannon Street Hotelean gozaltzera

Eta gero asteburu bat Metropolean iragaitera.

 

Ordu morean, begiak eta sorbalda

Mahaitik jeikitzen direnean, giza makinak igurikatzen duenean

Taupadaka itxadoten duen taxiaren antzera

Nik Tiresias honek, itsua naizen arren, bizitza biren artean taupadaka,

Eme bular zimurrak ditudan agure honek, ikusi egin dezaket

Ordu morean, etxera itzultzen ahalegintzen den

Eta marinela itsasotik dakarren arratsaldeko orenean,

Idazkaria teiaren ordurako itzultzen da etxera, gosarikoa garbitu,

Estufa izeki, eta latako janaria ateratzen du.

Leihoan kanporuntz arriskutsuki eskegirik daude lehortzeko

Bere azpigonak, eguzkiaren azken errainuek ukituak,

Dibanean (gauez bere ohea da) pilatzen dira

Galtzerdiak, zapatilak, kamisetak eta faxak.

Nik Tiresias honek, diti zimurrak ditudan agure honek

Antzeman nuen eszena, eta aurresan nuen gainerakoa...

Etortzear zegoen gonbidatua igurikatu nuen nik ere.

Bera, gazte zaldartsua, iristen da.

Agentzia tipi bateko enplegatua, begirada harro batekin,

Mutil arrunta da baina seguritatea darama

Bradfordgo milonario batek here sonbreirua darabilen bezala.

Abagadune egokia da orain, uste duenez,

Amaitu da afaria, emakumea asperturik eta nekaturik dago,

Laztanetara sarrarazten entseiatzen da

Emeak ez bait ditu ez desiratzen ez gaitzerizten.

Arnasbehartuz eta deliberaturik, erasotzen du batbatean;

Mutilaren eskuek defentsarik kausitu gabe esploratzen dute;

Bere banitateak ez du arrapostuen axolarik.

Eta ongietorria ematen dio indiferentziari.

(Eta nik, Tiresiasek aldez aurretik jasan dut

Diban edo ohe horretantxe eginiko guzia;

Nik, Thebas hiriko harresiaren barrenean eseri nintzena

Eta hilik azpikoenekin ibili nintzen honek.)

Mutilak azken mosu babesle bat ematen dio,

Eta haztamuka irtetzen da, eskailera argigabean behera...

 

Bere burua izpiluan begiratzeko itzultzen da emakumea,

Amorantea aldendu zaiola ia ohartu gabe;

Bere burumuinak gogoeta eriosotu bati ematen dio bidea:

«Bon, bukatu da, eta bozten naiz iragan delako».

Emakume ederra, zorotasunera jausi eta

Berriro, bakarrik, here gelan zehar biraka ari denean

Esku automatikoz lehuntzen du here adatsa

Eta diska bat imintzen du gramofonoan.

 

«Musika hau ene aldemenean irristatu zen urgainean»

Eta Strand luzean barrena, Queen Victoria Street gora.

Oh City ziutatea, batzutan Lower Thames Streeteko

Tabernatatik hurbil entzun dezaket

Mandolina baten doinu atsegina

Eta barruko zaratotsa eta berriketa,

Han bait dira arrantzaleak eguerdian noragabetzen: han non

Magnus Martyr elizaren hormek

Zuri eta urre jonikoaren dirdira ulergaitza eusten bait dute.

 

Ibaiak olioa

Eta alkitrana izerditzen

Gabarrak iharrausten

Itsasoaren gora beheren arauera

Bela gorriak

Zabalik

Haizabetan, habe astuna kulunkatzen.

Gabarrek enbor noragabeak

Biltzen dituzte

Greenwich aldean behera

Zakurren Irla baino harantzago.

 

                                    Weialala leia

                                    Wallala leialala

Elizabeth eta Leicester

Arraunak bultzatzen

Popak maskor

Doratuaren tankera zuen

Gorri eta urre

Hantura azkarra

Ur bazter bietan dardaratu zen

Hegosartaldeko haizeak

Uretan behera zeraman

Ezkilen hotsa

Dorre zuriak

                                      Weialala leia

                                      Wallala leialala

 

«Tranbia eta zuhaitz hautseztatuak.

Highburyk eman zidan bizitza. Richmond eta Kawk

Desegin ninduten. Richmond aldean altzatu nituen belaunak,

Kanoa hestu baten hondoan ahoz gora.»

 

Moorgaten daude ene oinak, eta ene oinen azpian

Ene bihotza. Gertakariaren ondoren

Negar egin zuen. Berriro hastea prometitu zuen.

Nik ez nuen ezer esan. Zertarako gaitzetsiko nuen?»

«Margateko Hareetan

Ezin dezaket ezer

Ezerekin lotu.

Esku zikinetako hatzazal hautsiak.

Ene herri umila, ezer ere espero ez duen

Herria.»

 

                        Ia Ia

Carthagora heldu nintzen orduan

 

Sutan sutan sutan sutan

Oh Jauna Zeuk urratzen nauzu

Oh Jauna Zeuk urratzen nauzu

 

Sutan

 

 

 

© T.S. Eliot

© itzulpenarena: Joseba Sarrionandia

 

 

"T.S. Eliot euskaraz" orrialde nagusia