II. AXEDREZ PARTIDA BAT

 

Dama eseritzen zeneko Aulkia, tronu lehun bat bezala,

Marmorean dirdiratzen zen, han non ispiluak,

Zeina fruitu eta hostaiez hornituriko ertzek eta hauen artetik

Begiratzen zuen urrezko Cupido batek

(beste batek Hegalaren azpian ezkutatzen zituen begiak) eusten bait zuten,

Bikoizten zituen zazpi besoko kandelabroen sugarrak

Argia mahaian isladatuaz,

Bere harribitxien dirdira, arraso naharo eta aberatsez

Apainduriko kutxetatik haren bila altzatzen zen artean.

Marfilezko flasko eta koloretako kristal

Irekietan, zelatan zeuden bere perfume sintetiko arraroak,

Ukendu, hauts edo likido gisa, eta usainetan

Asaldatu, nahastu eta itotzen zen zentzuna.

                                                        Usainak,

Leihoko aide hozkirriak eraginak, kandelen sugarra

Sendotuz igotzen ziren, eta

Horniduretarantz jaurtitzen zuten kea

Sabaiko moldeetako irudiak animatuaz.

Kobrez aseturiko itsas-oihan itzela

Ferdez eta laranjaz sutan, harri koloretuak enmarkatua,

Eta argi hits horretan izurde tailatu bat igerika.

Antigualeko ximiniapalaren gainean ikusi zitekeen

Leiho batek erakuts lezakeen baso eszena.

Errege basatiak hain gotorki bortxaturiko Philomelaren

Itxuraldaketa; baina han errusinolak

Abots ukiezinez betetzen zuen basamortu guzia

Eta oraindik bera oihuka, eta oraindik ere munduak

Persegitzen ditu «jug jug» balarri zikinak.

Eta beste denbora zati zimel batzu

Kondatzen ziren horman; forma abailduak

Izarniatzen ziren, makurtzen, gela hertsia isilarazten.

Oin urratsak arrastatzen ziren eskaileran.

Suaren argipean, zepiloaren azpian, damaren adatsa

Une sututan hedatzen zen

Hitzetan izekitzen zen, gero ankerki lasai geratu ahal izateko.

«Gau honetan oso gaizki ditut kirioak.

            Bai, gaizki. Geratu zaitez nirekin.

Esaidazu zerbait. Zergatik ez zara sekula mintzatzen? Mintza zaitez.

Zertan duzu gogoa? Zertan duzu? Zertan?

Ez dakit inoiz zertaz pentsatzen duzun.

Pentsa ezazu.»

 

Pentsatzen dut arratoian etxartean gaudela

Hilek beren hezurrak galdu zituztenekoan.

 

«Zer da zarata hori?»

                        Ate azpiko haizea.

«Eta orain zer da zarata hori? Zer egiten ari da haizea?»

Ezer ere ez, berriro ere.

                                    «Ez

Al dakizu ezer ere? Ez al duzu ezer ere ikusten? Ez al duzu oroitzen

Ezer ere?»

 

Oroitzen dut

Perlak dira behialako bere begi hauk.

«Bizirik zaude, ala ez? Ez duzu ezer ere buruan?»

Baina

Oh Oh Oh Oh Shakespeherian Rag hori...

Hain da dotorea

Hain inteligentea

«Zer eginen dut orain? Zer eginen dut?

Nagoen bezala abiatuko naiz, eta adatsa solte

ibiliko naiz kalean, honela. Zer eginen dugu bihar?

Zer eginen dugu egundo?»

                      Ur beroa hamarretan.

Eta euria egiten badu, auto hertsi bat lauretan.

Eta axedrez partida bat jokatuko dugu.

Betazalik gabeko begiak sakatuz eta atea jo dezaten esperoan.

Lilen senarra desmobilizatu zutenean, esan nion nik,

Ez nuen mihia irentsi, neuk nion berari,

AGURO MESEDEZ GARATA DA

Orain Albert datorrelarik, apaindu zaitez apur bat dotore.

Jakin nahi izango du zer egin duzun haginak konpontzeko

Eman zizun diruarekin. Eman zizun, bai, neu nengoen hantxe.

Atera itzazu guziak, Lil, eta imini ezazu hortzadura polit bat,

Esan zuen, benetan, ezin zaitut aurrez aurre begiratu.

Eta neuk ere ezin dut, esan nuen nik, eta har ezazu gogoan gizagaisoa,

Lau urte egin ditu soldakuskan, libertsioak nahi izango ditu,

Eta zuk ematen ez badiozu, beste batzuek lagunduko diote, esan nuen nik.

Oi, besterik ote, esan zuen berak. Agian bai, esan nuen nik.

Orduan badakit eskerrak nori eman, esan zuen berak, eta begirada irmo bat jaurti zidan.

AGURO MESEDEZ GARAIA DA

Gustatzen ez bazaizu hor konpon, esan nuen nik.

Beste neska batzuek hauta dezakete, zuk ezin arren.

Baina Albert aldentzen bazaizu, ez da abisu faltaz.

Lotsatu behar zinateke, esan nuen, hain zaharkiturik egoteaz.

(Eta hogeita hamaika urte baino ez ditu).

Ezin dut konpondu, esan zuen berak aurpegia luzatuz,

Zera kanpora botatzeko hartu nituen pastelengatik da, esan zuen.

(Bost ukan ditu iadanik, eta ia hil zen George tipiarekin).

Oso ondo geratuko nintzela esan zuen botikarioak, baina ez naiz sekula onera itzuli.

Zu zara zu ergela, esan nuen nik.

Albertek lasai uzten ez bazaitu, hara hor ondorioak, esan nuen,

Zertarako ezkondu zinen haurrik nahi ez bazenuen?

AGURO MESEDEZ GARAIA DA

Bada, igande haretan Albert etxean zegoen, urdaiazpiko beroa zedukaten,

Eta afaltzera gonbidatu ninduten urdaiazpikoaren daste nezan.

AGURO MESEDEZ GARAIA DA

AGURO MESEDEZ GARAIA DA

Gabon Bill. Gabon Lou. Gabon May. Gabon.

Hara, hara. Gabon.

Gau on, damok, gau on, dama dultzeok,

gau on, gau on.

 

 

 

© T.S. Eliot

© itzulpenarena: Joseba Sarrionandia

 

 

"T.S. Eliot euskaraz" orrialde nagusia