I. HILEN EHORZKETA

 

Apirila da hilarik krudelena, lur

Hileko lilak haztan, oroimena eta desira

Nahasten, sustrai uherrak

Udaberriko euriez eragiten.

Neguak berotan mantendu ginduen, lurra

Elur ahanzkorrez estaltzen, bizitza apurra

Tuberkulu eiharrez elikatzen.

Udak ustekabean hatzeman ginduen,

Starnbergersee gainean

Euri zaparrada batekin ailegatzen; arkupetan geratu ginen

Eta gero eguzkiaren argia jarraitu genuen, Hofgarteneraino,

Eta kafea hartu eta solasean aritu.ginen ordu betez.

Bin gar keine Russin, stamm aus Litauen, echt deutsch,

Eta haur ginela, artxidukearenean geundela,

Ene lehengusuak trineoan atera ninduen

Eta beldurra ukan nuen. Marie, Marie.

Oratu gogor, esan zuen berak. Eta beherantza!

Mendietan, han aske senditzen duzu zeure burua.

Nik irakurri egiten dut, gauez, eta neguan hegoaldera noa.

Zeintzu dira atxekitzen diren sustraiak, zer kimu sortzen da

Harrizko zarama honetatik? Gizasemea,

Zuk ezin dezakezu esan, ez asmatu, eguzkia dirdiratzen deneko

Irudi hautsi andana ezagutzen bait duzu soilik,

Eta zuhaitz hilak ez du babesik ematen, ez kilkirrak atseginik,

Eta harri lehorrak ere ez du ur hotsik ematen. Soilik

Itzala arroka gorri honen azpian

(Sar zaitez arroka gorri honen itzalpera),

Eta gauza desberdin bat erakutsiren dizut

Goizez zure atzean doan zure itzalari buruz

Edo arratsaldez zure xerka altzatzen den zeure itzalari buruz.

Beldurra erakutsiren dizut hauts eskukada batetan.

 

Frisch weth der Wind

Der Heimat zu

Mein Irisch Kind

Wo weilest du?

 

«Duela urtebete eman zenizkidan lehenengoz hyazinthoak:

Hyazinthoen neskatila izendatzen ninduten.»

— Baina hyazinthoen lorategitik, berandu, itzuli ginenean

Zure beso bete eta zure adats buztiekin,

                                                              Ez nenkien

Mintzatzen, eta oker nituen begiak, ez nengoen

Ez bizirik ez hilik, eta deusere ez nenkien,

Argiaren bihotzean isiltasuna behatzen.

Ud' und leer das Meer.

 

Madame Sosostris, igarle ospetsua,

Kararro gaizto batekin zegoen;

Ezaguna da Europako emakumerik jakintsuena dela.

Bere karta baraxa maradikatuarekin. Hemen, esaten zuen.

Dago zure karta, Feniziar Marinel itoa

(Perlak dira behialako bere begi hauk. Begira!)

Hemen dago Belladonna, Arroketako Anderea.

Situazioetako dama.

Hemen dago hiru bastoen gizona, eta hemen Gurpila,

Eta hemen dago merkatari betokerra, eta zuri dagoen

Karta hau, zeozer eusten du sorbaldan,

Ikustea zilegi ez zaidana. Ez dut aurkitzen

Gizon Urkatua. Kontuz, uretan heriotza.

Ikusten dut jendetza handia, zirkuluan ibiltzen.

Eskerrik asko. Gure Mrs. Equitone maitea ikusten baduzu

Esaiozu neuk eramanen diodala horoskopoa:

Zuhurtzia handiz ibili behar da gure egunotan.

Ziutate irreala,

Negu goizalde bateko behelaino arrearen azpian,

Jendetza Londreseko Zubian zehar lerratzen zen, hainbeste,

Non heriotzak hainbeste eramanak zituenik ez bait nuen uste.

Hasperen labur eta infrekuenteak jaurtitzen zituzten,

Eta bakoitzak irmo zeramazkien begiak oinen aurrean.

Lerratu ziren muinoa gora eta King William Street behera,

Non Saint Mary Woolnothek zaintzen bait ditu orduak

Bederatzietako azken kanpaiaren hil hotsaz.

Han ezagun bat ikusi nuen, eta gelditu

nuen, oihuka: «Stetson!

Zu ere Mylaen egon zinen itsasontzietan!

Igaz zure lorategian landatu zenuen gorpu hura,

Hasi al da kimutzen?Aurten loratuko ote da?

Ala ustekabeko ihintzagarrak hondatu zion ohantzea?

Oh! Atera ezazu kanpora txakur hori, gizasemeen adiskide da eta.

Edo hatzaparrez desehortziko du berriz ere!

Zu! hypocrite lecteur! —mon semblable,

                                                —mon frère

 

 

 

© Joseba Sarrionandia

 

 

"T.S. Eliot euskaraz" orrialde nagusia