«LUR EREMUA»
ITZULPENERAKO HITZAURREA

 

Joxemari Iturralde

 

        Ia klasiko bihurtu den XVI mendeko «Viaje de Turqua» liburuan Cristobal de Villalón-ek zioen bazela Europan itsasadar bat zurrunbiloz josia, hain dongea itsasontziak irensten zituela eta beste itsasadarrek ez zuten bitxitasuna zuena, hots, urlasterra zati batean alde batera bereizten zitzaiona eta bestean beste aldera lekutzen zena, halako moldez ze ez bait zegoen munduan inor neurria har ziezaiokeenik. Ez al zinateke izutuko, galdetzen du Villalón-ek, urandia ikustean, nola, luzeran partituz, erdia beheruntz doan eta haren beste erdia goruntz Oldarki?

        Urak bereizten doaz eta aldentzen, eta tartean ez dago deusik. Oro desagertzen da. Lur eremua mantentzen da bere betikotasunean. Eta gu arras izutu ginen. Eta «Zu ere Mylaen egon zinen itsasontzietan». Lur eremuan gaude galdurik, abandonaturik, deslai. Edozein lekutan gauzen hondakinak, oroipen eta memoriaren hondakina. Besterik ez. Eta artalde batzuk beren arkorotza lagatzen dute tenplu klasikoen

harrizahar, hondakinetan.

        Estatu Batuetan jaiotako idazle bat Ingalaterrara dator, dama zaharra den Europa hon tara, banketxe batetan diharduen bitartean burutuko du obrarik sinbolikoenetariko bat. The waste land. «Gaste lande». Landetatik euskadiraino, Bordeletik Donostia inguruetaraino doan lur eremua. Euskadiraino iritsi eta hegoalderuntz jarraitzen du, Castilla-ko lur eremua zeharkatuz (98-ho

poeta Espainiarren lur eremua,) hegoalderuntz segitzen du Puerto-ko gartzela iritsi arte. Puerto de Santa Mara-ko lur eremua. Denak dira lur eremuak, batzuk besteen barnean, batzuk besteak baino ttipiagoak. i3idai borobila, ixten den bidaia zero-huts-lur eremu bat osotuz, erloju orratzen zentzu berean. Denbora pausatu, geratu da eta geu barruan gaude.

        Arrazoi ezberdin eta ugariak aipa litezke Sarrionandia-ren itzulpenaren zergatia argitzeko: Eliot-en «The waste land»; eta ez beste edozein obra, itzultzeko. Nahi eta nahiezkoa zitzaiola lan hau itzultzea da, ene ustez, arrazoi nagusiena. Kintzidentzia, batetortze eta aztikeria nahiko zegoen tartean hain erraz «waste land»-etik ihes egiten hasteko.

        Itzulpen honek gorabehera franko nozitu behar izan du. Kartzelatik hona ailegatzen zitzaizkigun itzulpenaren zatiak, apurka, Espainako lur eremua zeharkatuz, askotan nola ere ez dakidala, gauean, trenez, joan eta etorri, irten eta heldu, Castilla-ko lur eremu handia; (mezulariek beti gauez bidaiatzen dute isil isilean). Batzutan mezua euskaraz bazetorren ere, sarritan espainolez beharko zuen izan derrigorrez; erantzuna behintzat beti. Lur eremuak desitxuratu egiten du pertsona, materiale arriskutsua

izaki:

 

                «Giltza entzun dut

                atean behin biratzen eta behin bakarrik

                biratzen

                giltza dugu gogoan, bakoitza bere gartzelan».

 

        Itzulpen honetan obra bera errespetatuz Sarrionandiak lanaren zentzua ere ongi gorde du («Arte arloan ez dago askatasunik, bakarrik poesia ederra edota nahasmena, besterik ez» —zioen Eliot—ek) hala nola obraren berezko mezu-sinboloa: gartzelatik Euskadira (lur eremua), ingelesetik euskerara (euskera, lur eremua baizik ez den hizkuntza). Balizko letretako Errepublikan maisulan bakoitzak bere hizkuntza propioa

beharko luke, berez dagokiona (Ipartar sagak daneseraz, erdiaroko kronikak turkieraz, zientzia-fikziozko lanak esperantoz). Eliot-en «The waste land»-ek hizkuntzarik aproposena lortu du euskarazko itzulpen honekin; sefardiez edota armenieraz ere lor zezakeen dagokion leku propioan finkatze hori. Geure kasu honetan Sarrionandiak erdietsi du, euskaratze honekin, lan hau bere puntura ekartzea, kalkozko paperetako marrazkiekin bezala, denekin bat egitea, zentratzea, hainbeste maila ezberdinetako lana lotzea, dianaren erdian kokatzea. Lur eremuaren pusketak gara, pausu erratuak emanez gabiltza lur eremuan barrena kalkozko paperez egindako bihotzekin, eta

        «Boltsikoa mahaspasez beterik»

        «Hemen ez dago urik arroka hutsa baizik arroka artean ezin daiteke gelditu ez pentsatu.»

        Lur eremuan urak Joan ziren aspaldi eta ez dago etorkizunik honezkero.

        «Bon, bukatu da, eta bozten naiz iragan delako.»

 

 

 

© T.S. Eliot

© itzulpenarena: Joxemari Iturralde

 

 

"T.S. Eliot euskaraz" orrialde nagusia