AINTZIN SOLASA

 

ARESTI, ITZULTZAILE

 

        Gabriel Arestiren paperak arakatzean haren poema guztien edizioa prestatzen nuenean, itzulpen batzuen eskueskribuak aurkitu nituen: 1969an datatutako Hitz Jainkotarrak (Valle-Inclán-en Divinas Palabras), datarik gabeko Jostirudi Jainkotarra (Curros Enríquez-en O divino sainete) eta Boccacioren ipuin batzuk (Luis Haranburu-Altunak 1977an argitaratuko lituzkeenak, Dekamerone Ttipia-ren titulupean) eta Lau Quartetto (T.S. Eliot-en Four Quartests), 1973-an dataturik.

        Itzulpenek aparteko inportantzia bat dute Arestiren poesiaren ezaugarriak —metrikoak, linguistikoak, simbolikoak— entenitzeko. 1954 eta 1960-aren artean egindakoak (Baudelaire, Juan Ramón Jiménez, Gabriela Mistral...) Maldan behera poemaren alde ilun asko —sinboloak, egitura metrikoak— argi dezakete, adibidez, alejandrinoaren (14 silabako ahapaldia) usadioa eta irudi askoren esanahia. Poesia sozialaren etapa (Mailu batekin poema-bildumarekin hasia eta Harrizko herri hau liburuarekin hertsia) poeta batzuen itzulpenek markaturik dago: Blas de Otero, Gabriel Celaya, Vidal de Nicolás, Gregorio San Juan, José María de Basaldua, Julio Maruri eta Nazim Hikmet.

        Azken itzulpenen etapak ez zituen, halere, eman zitzakeen fruituak eman. Aresti ez zen baliatu itzulpen hauen bidez eratutako hizkuntza poetikoaz lan propio bat egiteko. Heriotzak Gabrielen bizitza eta poemagintza moztu zituen ankerki. Ezin dezakegu jakin eztare susma zer espero zitekeen Gabrielengandik bide berri honetatik abiatu balitz. Bakarrik gelditzen zaizkigu, etapa honen lekuko, itzulpen multzo bat. Batzuk argitaratu ziren. Batek iraun zuen argitaragabe: Lau Quartetto. Baina historiazko apur bat egin dezagun.

        1969aren inguruan, Aresti Berazkoizko Joannes Leizarragaren lanak estudiatzen hasi zen, beharbada, hugonotearen lanen argitarapenaren laugarren mendeurrenaren hurbiltasunak bultzaturik (1571-1971). Linschmann-Schuchardt-en edizioa (J. Leiarragas Baskische Bücher von 1571. Estrasburgo, 1900) erabili zuen: Bizkaiko Liburutegian dagoen aleaz baliatu zen, hain zuzen. 1970an, Leizarragaren antologia bat argitaratu zuen (Euskal protestantismoa zer zen, Donostia: Lur editoriala, 1970), X. Kintanaren hitzaurre batekin. Hiru urte geroago, Leizarragaren hiztegi bat argitara eman zuen Fontes LinguaeVasconum aldizkariaren orrialdeetan («Léxico empleado por Leizarraga de Briscous», FLV. 13, 1973, 61-128 orr.). Geroztik, eta hil arte, Arestik hugonotearen hizkuntza defenditu zuen, ez soilik hizkuntza poetiko baten oinarria bezala, baizik eta euskara batu baterako irtenbide posible bat bezala, 1975aren deklarapen batzuek frogatzen dutenez:

 

        El «euskara batua» (vascuence unificado es un intento de maduración del euskara con fines didácticos, administrativos y literarios, pero este intento actual no se ha basado, desgraciadamente, en Leizarraga. Se ha propuesto otro camino, que, si bien técnicamente es menos apto, sociológicamente es más eficaz.

 

        1973an, Gabrielek itzuli zuen Eliot-en Four quartets. Itzulpena, eskueskribu txiki bat, tinta gorriz idatzirik egun arte argitaratzeke gelditu da (nahiz 1978-an, POTT aldizkarian zati bat agertu). 1974-an argitaratu ziren Alfonso Rodriguez Castelaoren itzulpen bat (NOS ed. Júcar, Madrid, 1974) eta Federico García Lorca-ren beste bat (Seis poemas gallegos, Akal, Madrid, 1974). Azken honetan, Arestik ohar bat jarri zuen itzulpenaren aurrean:

 

                Lorcac poema intellectual batzuc scribatu cituen

                gailego intellectual batetan. Nic eçagutzen dudan

                heuscararic intellectualenean jarri nahi

                ukan ditut, Leiarragaren heuscaran.

 

        1975-ean Valentin Paz-Andraderen Pranto Matricial poema-liburuaren argitarapen pentalinge bat agertu zen (Edicios do Castro, Sada, 1975). Arestiren itzulpen batekin, Leiarragaren heuscara erabiliz, noski 1976-an argitaratu ziren Boccacioren ipuinak (Dekamerone Ttipia, Donostia: Haranburu-Altuna, 1976) ortografia gaurkotu batekin agertu ziren, Luis Haranburu-Altunak berak erabaki zuenez.

        Egia esan, Arestiren ortografia, etapa Leizarragazale honetan, aski kordokatzen da. Ez da arraroa, Lau Quartetto honetan, adibidez, hitz bat era desberdin batzuz idatzirik aurkitzea. Leizarragari jarraituz asmatu zituen neurri ortografikoak amaigabe gelditu ziren, beste eskueskribu batek erakusten duenez («ABC edo heuscaraz scribatzeco erreguelac»).

        Zalantzarik gabe, beste itzulpen batek esistitu behar zuen. Arestik, bere azken urteetan, komunikatu zigun Ibon Sarasolari eta niri, aldi batzutan, Joyceren itzulpen bat egin nahi zuela. Honela deklaratu zion ere Haranburu-Altunari goian aipatutako elkar-hizketan:

 

        El euskara es una gran lengua. Tiene toda una serie de ventajas sobre las lenguas latinas, ventajas de las que, por ejemplo, se ha sabido aprovechar el inglés. El poder hacer uso de todas las aportaciones de la cultura latina, de la cultura medieval y moderna sin integrarlas plenamente dentro de la lengua, es una de las ventajas del euskara. Podramos hablar de dos niveles de lenguaje. Los que hayan leído a J. Joyce en inglés y puedan comparar un Joyce y un Hemingway entenderán ésto. Por ello es prácticamente imposible traducir el Ulises de Joyce al castellano con todas las matizaciones empleadas por Joyce, y, sin embargo, puede ser perfectamente traducido al euskara sin perder ninguno de sus matices.

 

        Zoritxarrez, Joyce-ren itzulpen hipotetiko hori, existitu balitz, betirako galduko litzateke. 1975-aren Irailaren 15ean, Erakunde Benemerito batek errejistro bat egin zuen nire etxean. Errejistro honetan aurkitutako material subversivo delakoa, Isaac Deutscher-en «Las raíces de la burocracia» artikuluaz eta Gabriel Arestiren eskueskribu multzo haundi batez osatzen zen. Francoren heriotzaren ondoren, eskueskribu hauk berreskuratzeko ahalegin guztiak alferrak izan ziren. Egun ere, ez dut haien destinoa ezagutzen. Maiatzeko Amen semeek bezain desagerturik diraute. Eta haien artean, posibleki, Joyce-ren euskal itzulpen bakarra.

        Ikus daitekeenez, Arestiren azken itzulpen gehienak (Castelao, Paz-Andrade, Lorca) gailegotik euskaratu ziren. Ez da harritzekoa: alde batetik, Gabrielek adiskidetasun hestu bat mantentzen zuen, aspalditik, poeta gailego batzuekin (Manuel Maria, Xesus Alonso Montero, Xose Luis Mendez Ferrin...) baina, arrazoirik importanteena, nire ustez, gailegoaren izakeran datza. Hizkuntza erromanikoen artean, gailegoa da, dudarik gabe, arkaikoena. Gailegoz egindako literatura zen, beraz, arlo apropos bat irtenbide linguistiko berriaren (Leizarragaren «heuscara» latinoaren) egokitasuna frogatzeko.

        Harrigarriagoa da, aitzitik, T.S. Eliot-en itzulpena. Eliot-en zailtasuna, iluntasuna, ez baitatza soilik maila simboliko batean, hizkuntzan beran baizik. Joyce bezala, Eliot inglesaren errejistro linguistiko guztiez baliatu zen. Ez da eskritore erraz bat, eta are gutiago itzultzeko ariketak egiteko.

        Nire ustez, T.S. Eliot itzultzeko arrazoia beste alde batean bilatu behar da. Behin baino gehiagotan esan dut Arestiren sinbolo iraunkorrenak —eremua, gizon galduak, etab.— Eliotengandik datozela. Iraunkortasun sinboliko honetan, eta ez beste inongo leku batean, aurki daiteke sustraietarako itzulkera honen zergaitia (Arestik Eliot-en aipamen pare bat egin zuen bere lehenengo etapan: bata, Ash Wedresday poemakoa, 1954-ko poema batean, Dance dans la prére delakoan; bigarrena, Murder in the Cathedral antzerkiaren ahapaldi batzuk, Maldan behera-ren argudio bat da.

        Baina oraindik Arestiren mundu sinbolikoak aztergabe dirau. Euskal kritikoek badute hor eginkizun interesgarri bat. Arestiri buruz, astakeria asko esan da. J. Atienzaren oportunismoak eta L.M. hlujikaren eta J. Landaren despiste izugarriak ez diote mesede batere behar dugun euskal kritikari. Aresti, gure artean, eskritore ezezagun bat izanez jarraitzen da. Uxala itzulpen honen edizioa euskal poetarik onenaren ezagumendu sakonago bat lortzeko zerbi dadila!

 

Jon Juaristi

 

 

 

© Jon Juaristi

 

 

"T.S. Eliot euskaraz" orrialde nagusia