Otoitza

 

Zu bezain ahaltsu banintza ni,

Jauna, ez litzake munduan

tristurarik izango, ez litzake

ume itsurik jaioko,

ez litzake maitasuna nekatuko,

ez litzake ilunbea triste izango

eta tristeago argia,

eta ni Zu bezain ona banintza

onago izango nintzake Zu baino;

Jauna, ez nuen andre konkordunik egingo,

ta ez umerik hiltzen utziko

ta ez herririk agonian

ta ez begien argirik zahartzen

ta ez amarik haur hila bihotzaren gainean duela

bakarrik abandonatuko.

 

Eta ez zuen bere buruaren gainean neska batek

nire anaiagatik alferrik negar egingo.

 

Ez zan mundu hau holakoa izango, ez,

eta guk dakigu hitz honek esaten ez duen

zer esango lukean gure hitza zure justizia balitz.

 

Izango baitzan nire hitza zurea ez bezalakoa,

eta ez zuen kreatura galdu baten oihartzun banala

urik ez daukan desertuan sortuko,

ta ez nuen holakoa egingo hitza

gizonok gurutzera eramanaren kulpa izatekoa.

 

Zure begiak balira nireok, Jauna,

harri batekin, haizto batekin, lotsa batekin

itsutu nahiko nuke beharko nire begiratu zurea.

Bainan ezin, bainan inola ezin.

 

Aingeru bat egin baninduzu behintzat

nire egoak norbaiti emanda hiltzeko...

Bainan gizon. Eta nork nahi du gaur

gizon bat ezertarako!

 

III

 

 

© Joxe Azurmendi

 

 

"Joxe Azurmendi / Hitz berdeak" orrialde nagusia