Axularrekin
Hi bakarrik hago
hemen nirekin.
Hi bakarrik etorri haiz,
lagun zahar hori,
nire desterruan
abandonatu gabe.
Hi bakarrik
Monte Pincio-ko Eskulapioren
eta fauno zaharren iturri ondoan
exerita, gure aspaldiko
alkar hizketa jarraitzeko.
Hi bakarrik, Axular.
Hi bakarrik ausartu haiz
heriotzaren ondoeneko
alferkeria utzirik, nirekin,
atzerrietako haize berri gesalak
probatzera. Hi bakarrik,
hire urteekin beti gazte,
Europa-ko lurrez lur
nire arima
hik itzala bezala
apostu latz batean
jokatzeko prestu.
Sara-ko pakearen
jauregia utzirik
etorri hator nirekin
arrazoinaren indarrak,
eskuz esku,
gero hunen gainean neurtzeko.
Biharretik biharrera luzatzeak
zenbait kalte dagion arimari...
ez badago gerorik!
Zer arrazoin diok hontaz, Axular,
ikusirik nire gogoak
ez duela deusetan ere
sosegurik eta pausurik?
Hebainak zeudek
nire nahien egoak
kezkaren euriak bustita.
Ausaz hiretzat hau duk
erhokeria, enganamendua
ta jende galduen desirkundea.
Desirkundea bai,
ta jende galduena!
Bainan ez duk Eskritura Sainduetan,
ez doktoren erranetan
arrazoin gauzazkorik jaso hik
desirkunde ezeztatzeko,
ez gu bideratzeko.
Heuk ere penaz begiratu beharko duk
ixiltasunean, Giardino del Lago-ko
enamoratuen txalupen erdian eraikitako
tenplo paganoa: «Eskulapio Salbatzaileari»
Hi eta ni ez gaituk sartu
tenplo paganoaren misterioak barna
arima heriaren atseden eske,
ze lotsa bat baitiagu
ura behatz artetik bezala
joango ote zaigun fedea.
Eta nahiago diagu pentsatu
Eskulapiok ez duela
osasunik gaitz honentzat,
neke honentzat tenplorik.
Halare, Villa Borghese-ko
udazken arbolen artean
hire erantzun denak baino gehiago
balio dik arratsaren
galdera bakarrak.
Eskutik galdu duk oraingoz
Axular: ez dakik ihardesten
Foro deseginen kontrakarrari:
Non duzu gero horen segurantza?
Eta nola zuhaitzak
bere dauden lekhuetarik higitu gabe
balego gure giza bizitza,
bere grina ta irritsek
denpora honen mugak gainditurik
gerozko beste norabait ezin dutela kida?
Ikusten duk:
eguna arratsarekin hiltzen duk,
ta eguzki ahul hau
ez duk mila izarretan berbiziko.
Aitortu beharra duk:
gure bizitze hunek
hain du zimentu flakoa ta eria...
Biharko eguna ez duk
gaurkoaren luzapen, bai berri.
Apika ba dakik, Axular zahar horrek,
Erroma-ko pinuak bezala
ez ote geran gu ere
hostozko desira laino bat
sustrai meharrez eutsia
hegoak garbituko duena.
Ta gero ezer ez.
Biharren hesi altuegiak
mugatzen ziguk bizitza.
Guganaino geroaren
kanpai-hots doi bigun baten
deia soilik irixten duk.
Ezin asma diagu
nungo haizek dakarren,
norantza dei dagian.
Zertako jakin ere?
Ahul kausitzen gaituk
nahiaren bideetan
umetan uste bezala egatzeko.
Ta halare nork abandona
geroaren esperantza?
Urrunago kanpai doinua
gozoago baita
arimaren egoak dardaraz hasten direnean
urrun minez.
Arrazoinak ez dik barkatzen.
Ahalegin guztien ondoren
Mussorgski-ren mendi gorrian
eroriko gaituk
egoak hausita
geure ioranen sarean preso.
Azkenean izango al duk
errukior aingerurik
bidean hil geranon
gogoaren hezurrak zeruratzeko ere.
III
© Joxe Azurmendi