Suomi
Zuek, ugartetako ta itsasoko
gizon eta andreok
bidea erratuta iritxi zerate
mundu honetara, zuek.
Zuek, uretatik irtendako
otso rubioak.
Nire herriak bezala, ez duzute zuek ere
arboladien lanbropeko
lur sakona baizik iritxi.
Zergatik utzi
barrutasuneko bideak
eguzkiaren truke?
Gure herrien bideak
barrutik zebiltzan.
Edurrak zurituak zerate,
ta zuen ile bustian
eguzkia gelditu da dizdizka.
Zuen gogoen brontzean, ordea,
ez dago
argiaren diztira zipriztinik.
Suomenlinna-ko kainoe zaharrak bezala
erdoituta daude.
Suomenlinna ta itsasora begira
kainoe zaharrak.
Itsaspearen pake geldia
konkistatu nahi lukete, apika,
Suomi-ren begi itsuok,
eta barrutasun lanbroak estaliaren
arima geldia.
II
© Joxe Azurmendi