Azken oporra
Herriak bildu egin dira.
Euria pasatzen denean,
itxaso handitik mendia gora,
Euskalerriko herri koxkorretan
herriak biltzen dira biguinki
sukaldean.
Gelditu egiten da lana,
gelditu,
ta aberatsen kotxeak
intzirika pasatzen dira kalean.
Oi! Eraso zabalak ez ditu garbitu
euskal herrien kaletan
langile nekatueri
etxerakoan, bekokietatik,
begi igartuetatik
labaindu zaizkien
gorrotozko pentsamentu latzak.
Isekaz bezala, harro harro,
su batean
pasatzen dira kotxeak,
zipriztin zarraztak jasoaz,
eskinan pobreen lotsa jazartzen.
Alfer alferrik bustitzen du
euri bedeinkatuak
nekazari santuak
soro gozoan utzitako goldea.
Euri ostean
berriz dira kaleak beteko
motor eta bizikletaz
eta jendeak
lanera joango dira.
Makinari, orduari,
jauntxo zipotz hari,
beharrari obeditzeko.
Egunen batean, halare,
euriaren ondoren gizonak
etxean egongo dira.
Andreen lotsari,
haurren negarrari,
ez diote jakingo
zer erantzun,
bainan gizonak
etxean egongo dira.
Kaleetan
ez da kotxerik pasako.
Gizonen bat korrika,
ausaz, tiroren bat,
eta ezpaloi ertzean ura
gorriturik etorriko da.
Haizea ixildutakoan
ez da sukaldeetan gehiago
euri zurrumurruaren otoitza entzungo.
Gau harek ez du izarrik
izango, ez lorik, ez atsedenik,
ez, ez,
ta goizeko eguzkia
odolez ikusiko da
zelaietan zabaltzen
poz berde bat,
esperantza, gorri-gorri.
Nork daki orduan ez ote diran
langileak atera irtengo
egun berriaren argira
etorkizun libre bat zuri-zuri
hasteko.
II
© Joxe Azurmendi