Lurraren seme honek
ez dut nik izarren doinua
inoiz entzun.
Lurrekoa denak
lurra entzuten du.
Gure aurtzaroak
ez zuen aitaren bertsoak
beste soinurik.
Ez zuen inoiz kantatzen
gure amak.
Beraz, nire poesian ez dago
ilargirik. Ez zen
nire sehaskara hurbiltzen.
Gerra ostean zen...
Nire poesian
haizea kableetan zingurinka
entzuten da,
aitak lantegira joatean
uzten zuen atearen intziria,
ta etxearen bakardadea,
ta euria leihoan.
Kalean lotsa zen
umearen lotsa
entzuten da nire poesian.
Aizkorrondoko bisutsa,
ta oinaztarra.
Jendea entzuten da
nire poesian,
jende pobre bat.
Eta aitarentzat ur bila
nijoaneko iturriaren hotsa.
III
© Joxe Azurmendi