Antipoesia

 

Nekazari:

nire hitza

zure haitzur kolpea da.

 

 

 

Ama lurra hil da.

Ez da jo kanpairik.

Hiltzen utzi dute

Lurra.

Penaz hil da.

 

 

 

Ez da jo kanpairik.

Bainan denok dakigu

nola dan urkatu

ama lurra.

 

 

 

Gazte nintzanean oraindik,

sinisten bainuen,

erantzuten nuen baietz.

 

Gaur, ordea, ezetz esango dut.

Maite nituen gauzak eta gizonak,

hoek egindako gauzak,

eta erantzuten nuen baietz.

 

Egun zorioneko batean

baietza loratzen ikusteko esperantzaz.

Gaur, ordea, ezetz.

Hainbeste, hainbeste itxaron dut,

hainbeste ta hainbeste madarikatu alfer,

ez baitut sekula gehiago baietzik esango, sekula.

 

Nire bihotzean enbor-gerri moztu ta puskatua

jeiki zait, asaldu zital eta amorratua,

izugarri ta erlijioso,

bildurra hozkatzen duena, pakea destainatu,

ta zin-egin ezetz eta ezetz erantzutea.

 

Arima hautsi ta odolustu,

etsi ta indartsu, gogor ta bihurri,

zintzo,

beltz eta laido,

libre zuztar eta oldarrez,

mendi-lerroko basagerlari,

langile ta matxino.

Gogo malkartsuaren leize ta trokartean

otsoaren gisa dabil izu.

 

Hazkar, arima!, etsaiek

inguratzen dizute pakea.

Arima... Sugar gorrotozko,

behargin ta liskarti.

Zuzenezko gose hortzetan min egiteraino.

 

«Bihotza jaso, gizona salba

norberagandik, ta norberaren glanduletatik» (1)

nahi nuke.

 

Biguna baita uztarria ogi-ustean dagoenarentzat,

baina gizonaren zama ta mixeria...

Amaren sabela hilobi denean

haur pisu-pisu batena, hilda,

ta ez duena jakingo zer den goserik,

gosez hil zen-eta.

 

 

 

Meatzari, hezurrak bilatu, hezurrak,

gure gurasoenak.

Hezurrak,

arima oraindik eransteke dutenak.

Zulatu lurra,

sartu eskuak lurperaino,

zeruaren ametsik ez deneraino,

infernu-kiratsa deneraino,

ta sartu, meatzari, beherago.

 

Lurperatu zituzten-eta

behe oso behean.

Ez dedila loretu

gure aitaren bat-edo...

Ta esan ez dezaigun, isil-isil,

belarrira, inork, mundura

libre ginela etorri.

 

 

 

Sekula ez. Haiek eta gu ez gaitu

sekula lotuko zorte bat bederaren loturak.

Ez ditu pobre ta aberatsak berdinduko

ezerk, ez heriotzak berak.

 

Ta itzuliko gera lurraren altzora.

Gu beluzi.

Ta haiek,

usteltzekoan ere,

jauregietan

kargatuko dituzte harrak.

 

Haiek. Eta gu.

Eta aterperikan gabe,

gure alarguntsak nora nahi.

 

 

 

Nekazariak

galtzen doaz bizitza,

galtzen ardiek ile-

-matazak bezala, arantzetan,

andu, hesi, bideetan,

eguzki, antzigarretan.

Esperantzazko zarpazar

mantartu,

pusketaka

doaz galtzen bizitza.

 

                                        (1) William Faulkner.

 

I

 

 

© Joxe Azurmendi

 

 

"Joxe Azurmendi / Hitz berdeak" orrialde nagusia