BIGARREN EKITALDIA

 

Soinu bat entzuten da, alaia eta garbia. Oihala altxatu ahala, soinua desagertuz doa.

 

(Willy sukaldeko mahaian eserita dago, makutsik. Kafe-kikaratik edaten ari da, eta kapela belaunetan jarrita dauka. Lindak kafe gehiago isuri dio)

 

WILLY: Oso ona kafe hau!

LINDA: Arrautza pare bat nahi al duzu?

WILLY: Ez, lasai.

LINDA: Itxura ona duzu gaur.

WILLY: Primeran lo egin dut. Azken bost hilabeteetan lehenengo aldiz. Pentsa, asteartean gaude eta hamarrak arte lotan egon naiz! Mutilak goiz jaiki dira, ezta?

LINDA: Zortziak inguruan atera dira.

WILLY: Ederki!

LINDA: Hunkigarria izan da biak elkarrekin ateratzen ikustea. Bizarra kentzeko lozioz beteta zegoen etxe osoa!

WILLY: (Irriz) Mmmm...

LINDA: Biff gaur goizean oso aldatuta zegoen. Itxaropenez beteta zirudien. Astigabe zegoen, Oliver ikusi behar zuela eta.

WILLY: Aldatzen ari da, dudarik ez. Gizon batzuek beste bazuek baino denbora gehiago behar izaten dute... gizondu arte. Nola zihoan jantzita?

LINDA: Janzki urdina jantzi du. Janzki horrek ongi ematen dio. Horrela jantzita... edozer lor dezake.

 

(Willy mahaitik altxatu da. Lindak jaka janzten lagundu dio)

 

WILLY: Bai, horixe. Bai, horixe. Etxera baino lehen, hazi batzuk erosi nahi nituzke.

LINDA: (Barrez) Ondo legoke. Baina eguzkiak ia ez du jotzen hor, atzealdean... Beraz, ez dut uste gauza asko haziko direnik.

WILLY: Ezetz? Ikusiko duzu, ba. Bolada txar hau pasatzen denean, lur-sail bat erosiko dut baserriren batean, eta landare pila izango dugu. Oilo bat edo beste ere bai...

LINDA: Bai, denetatik.

 

(Willy aterantz doa, Lindak jarraitzen diola)

 

WILLY: Ezkondu egingo dira. Eta gu bisitatzera etorriko dira. Gela txiki bat egingo dut, tresna bikainak ditut-eta. Zura eta lasaitasun piska bat, besterik ez dut behar.

LINDA: (Alai) Forrua josi behar dizut.

WILLY: Ez, bi gela txiki egingo ditut. Bai, horrela hobe izango da. Erabaki al du zenbat eskatu Oliverri?

LINDA: Ez du ezer aipatu, baina hamar edo hamabi mila dolar. Howardekin hitz egingo al duzu gaur?

WILLY: Bai. Argi eta garbi esango diot. Ezin dut kotxea gidatzen jarraitu.

LINDA: Ez ahaztu diru-aurrerapen txiki bat eskatzeaz, aseguruaren zorra kitatu behar dugu-eta.

WILLY: Zenbatekoa da?

LINDA: Ehun eta zortzi dolarrekoa. Estu samar gabiltza aste honetan...

WILLY: Zer dela eta gabiltza diruz estu?

LINDA: Beno, kotxea garajera eraman zenuen...

WILLY: Studebaker madarikatua!

LINDA: Eta horzkailuaren konponketa...

WILLY: Berriro puskatu al da?

LINDA: Zaharra da, oso...

WILLY: Marka on bat erosi beharko genukeen. Esan nizun. Charleyk General Electric bat erosi zuen eta hogei urtetan behin ere ez dio huts egin!

LINDA: Baina, Willy...

WILLY: Nork izan du inoiz Hastings hozkailuaren berri? Gutxienez behin asmatu izan banu zerbait erosterakoan! Badirudi txatartegikoarekin norgehiagoka nabilela! Kotxeak egin didan azkena ozta-ozta ordaindu dut eta berriro ere garajean sartuta daukat. Eta hozkailuak uhalak behar ditu etengabe, etengabe... Tramankulu horiek apropos eginak daude gaizki!

LINDA: (Willyren jaka lotuz, Willyk botoiak kentzen dituen bitartean) Dena ordaintzeko, berrehun dolarrekin nahikoa izango litzateke. Etxearen azken hipoteka barne. Ordainketa hori egin eta gero, Willy, etxea gurea izango da!

WILLY: Hogeita bost urteren buruan!

LINDA: Biffek bederatzi urte zituen hona etorri ginenean. Azken epea ordaintzea da...

WILLY: Arrakasta handia. Zenbat zementu, zenbat zur, eta zenbat mota guztietako material ez dut erabili etxe honetan! Etxe osoan ez dute zirrikitu bakarra ere aurkituko, ez...

LINDA: Bere helburua betetzen du etxe honek.

WILLY: Zein helburu? Egunen batean ezezagunen bat hona etorri eta etxeaz jabetuko da. Biffek behintzat berarentzat hartuko balu eta familia bat bertan osatu... (Aterantz doa) Aizu, berandu nabil. Gero arte.

LINDA: (Bat-batean zerbaitetaz oroituz) A, ia ahaztu zait! Gaur afaria duzu mutilekin.

WILLY: Nik?

LINDA: Frank Chop jatetxean. Seigarren Etorbidetik hurbil dago.

WILLY: Hori ere bai! Eta zu?

LINDA: Ez, zuek bakarrik, hirurak. Afari eder batera gonbidatu zaituzte-eta.

WILLY: Ez! Nori bururatu zaio?

LINDA: Gaur goizean Biff etorri zait eta esan dit, «Esaiozu aitari gaur afaltzera gonbidatuko dugula.» Seietan egon behar duzu bertan. Zu eta zure bi mutilak elkarrekin afaltzen!

WILLY: Hara! Miresgarria da. Ikusiko du Howard horrek nor naizen. Diru-aurrerapena lortuko dut, eta baita New Yorkeko lana ere. Bai, horixe! Edozer lortzeko gauza naiz-eta.

LINDA: Horrela mintzatu behar da, Willy!

WILLY: Errepide madarikatu horietatik ez naiz gehiago ibiliko!

LINDA: Gauzak aldatzera doaz, Willy. Ziur nago!

WILLY: Dudarik ez, dudarik ez. Agur. Berandu nabil. (Berriro ateratzera doa)

LINDA: (Sudurzapi baten bila sukaldera korrika joanez eta Willyri hots egin eginez) Betaurrekoak hartu al dituzu?

WILLY: (Hartu dituen begiratuz) Bai, bai. Hartu ditut.

LINDA: (Willyri sudurzapia emanez) Tori, zure sudurzapia.

WILLY: Bai, sudurzapia.

LINDA: Sakarina hartu al duzu?

WILLY: Bai, bai. Hartu dut.

 

(Musu eman dio. Lindak esku batean zetazko galtzerdi bat dauka. Willyk galtzerdia ikusi dio)

 

WILLY: Hamaika aldiz esan dizut galtzerdiak ez josteko. Behintzat, etxean nagoenean. Ez dakit. Urduri jartzen nau.

 

(Lindak galtzerdia ezkutatzen saiatu da. Etxe aurreko eszenatokitik aurrera doa, Willyren atzetik)

 

LINDA: Ez ahaztu, Frank Chop jatetxean.

WILLY: Hemen erremolatxak landa ditzakegu.

LINDA: (Barrez) Hainbat aldiz saiatu zara!

WILLY: Bai. Beno. Ez aritu gogor lanean. (Etxearen eskuineko izkinatik desagertu da)

LINDA: Kontuz ibili!

 

(Willy desagertu ahala, Lindak eskuaz agur esaten dio. Bat-batean, telefonoa entzun da. Lindak sukaldean korrika sartu eta telefonoa hartu du)

 

LINDA: Bai, esan? O, Biff. Pozten nauk. Bai, oraintxe atera duk... Bai, noski, esan zioat. Bai, seietan joango duk zuekin afaltzera, ez zaidak ahaztu. Aizak, poztuko hauen zerbait esan behar diat. Atzo zerbait aipatu nizuen gomazko tutu bati buruz. Oroitzen al haiz? Gasari lotua zegoenaz? Beno, ba gaur goizean erabaki diat sotora jaitsi eta bertatik kentzea, baina... ez zegoan! Pentsa ba! Berak kenduko zian-eta. (Entzuten gelditzen da) Noiz? A, orduan hik kendu huen atzo. A... tira, nik... berak kenduko zuela pentsatu diat. Ez, ez nagok kezkatuta. Aitzitik, gaur hain gizon alaia zuan etxetik atera denean... Garai zaharretan bezala, bai. Ez, ez nauk beldur. Oliver jaunarekin egon al haiz?... Beno, bada itxaron hortxe bertan. Ea inpresio ona egiten dioan! Eta ondo pasa aitarekin. Berak ere berri onak ekartzea espero diat!... Horixe, ba. New Yorkeko lana, bai. Zintzo ibili gaur gauean berarekin. Hitz egiok samurtasunez. Kaiaren bila dabilen txalupa bezalakoa duk. (Triste eta pozik, dardarka) A, miresgarria haiz, Biff. Bere bizia salbatuko duk. Eskerrik asko, seme. Tabernan sartu bezain laster, besarka ezak. Irri egiok. Hori duk, bai... Gero arte... Orrazia hartu al huen?... Ederki. Agur, Biff. Agur.

 

(Lindak azken hitzak esan ahala, Howard Wagnerrek, hogeita hamar bat urtekoak, idazmahaitxo gurpildunaren gainean dagoen diktafonoaren botoia sakatu du. Diktafonoa martxan jarri da. Hau guztia eszenatokiaren ezker aldean gertatzen ari da. Linda piskanaka ilunean geldituz doa. Howard, berriz, argi batek argitu du poliki-poliki. Willy sartzean, Howardek zehiarrean begirada bat bota eta tresnarekin jolasean jarraitu du)

 

WILLY: Pst! Pst!

HOWARD: Kaixo, Willy. Aurrera.

WILLY: Zurekin hitz aspertu bat izan nahi nuke, Howard.

HOWARD: Barka, baina itxaron beharko duzu. Itxaron minutu batez.

WILLY: Zer da hori, Howard?

HOWARD: Inoiz ez duzu horrelakorik ikusi? Diktafonoa da.

WILLY: O! Aizu, zurekin hitz egin nahi nuke.

HOWARD: Gauzak grabatzeko balio du. Atzo bertan ekarri zidaten. Zoratuta nauka. Inoiz asmatu den tresnarik harrigarriena da. Gau osoa esna igaro dut bere erruz.

WILLY: Zertarako balio du?

HOWARD: Gauzak diktatzeko balio du, baina edozein gauzatarako erabil daiteke. Entzun hau. Bart gauean etxera eraman nuen. Entzun zer grabatu nuen. Lehendabiziz, nire alabak hitz egingo du. Entzun. (Botoia sakatu eta «Atera hadi kupelatik» kanta famatuaren soinua entzuten da, norbaitek txistukatua) Entzun txistua!

WILLY: Oso ongi entzuten da, bai.

HOWARD: Zazpi urte ditu. Entzun, entzun.

WILLY: Bai, beno... Mesede bat eskatu nahi nizuke...

 

(Txistua amaitu eta Howarden alabaren ahotsa entzuten da)

 

HOWARDEN ALABA: «Orain zu, aitatxo.»

HOWARD: Asko maite nau! (Txistua berriro) Neu ari naiz orain txistuka! (Begiak kliskatzen ditu)

WILLY: Oso ona zara!

 

(Txistua bukatzen da. Makina une batez isilik dago)

 

HOWARD: Ixo! Entzun beste hau, nire semea da-eta.

HOWARDEN SEMEA: «Alabamako hiriburua Montgomery da; Arizonako hiriburua Phoenix da; Arkansasko hiriburua Little Rock da; Kaliforniako hiriburua Sakramento da...» (etc. etc.)

HOWARD: Entzun! Alfabetoaren arabera ikasi ditu hiriburu guztiak! (Ustekabean makina gelditzen da) Itxaron minutu batez. Neskameak istripuz deskonektatu zuen-eta.

WILLY: Egia esan...

HOWARD: Ixo, arren!

HOWARDEN SEMEA: Bederatziak dira Bulova erlojuan. Beraz, lotara joan behar dut.

WILLY: Bai, harrigarria da...

HOWARD: Itxaron beste minutu batez! Hurrengoa nire emaztea da-eta.

 

(Zain gelditzen dira)

 

HOWARDEN AHOTSA: «Aurrera. Esan zerbait.» (Isilunea) «Beno, hitz egingo duzu ala zer?»

HOWARDEN EMAZTEA: «Ez zait ezer bururatzen.»

HOWARDEN AHOTSA: «Baina zure txanda da. Esan zerbait. Edozer».

HOWARDEN EMAZTEA (Ergelkiro, egoerak gaindituta) «Kaixo.» (Isilunea) «O, Howard. Ezin dut...»

HOWARD: (Diktafonoa itzaliz) Hori nire emaztea zen.

WILLY: Makina harrigarria da. Eta orain, ezin dugu...

HOWARD: Benetan esaten dizut, Willy. Argazki-kamara, hobby guztiak pikotara bidaliko ditut. Diktafonoa da orain arte aurkitu dudan gauzarik jostagarriena.

WILLY: Bat erosiko dudala uste dut.

HOWARD: Noski. Ehun eta berrogeita hamar dolar baino ez du balio. Horrelako bat izan gabe ez da erraz bizitzen. Esaterako, Jack Benny entzun nahi duzula baina ordu horretan ez zaudela etxean? Beno, ba esaten diozu neskameari Jack Bennyren programa hasterakoan irratia pizteko, eta makina honek hitzez hitz grabatuko dizu.

WILLY: Eta etxera itzultzen zarenean...

HOWARD: Etxera hamabietan, ordubatean, nahi duzunean itzul zaitezke. Hozkailutik koka-kola bat atera, besaulkian eroso-eroso eseri, botoia sakatu eta hortxe duzu Jack Benny gauaren erdi-erdian!

WILLY: Bat erosiko dut, dudarik ez. Gainera, nik denbora asko pasatu behar dut autobidean. Eta askotan pentsatzen dut «zenbat irrati-programa galtzen ari naizen!».

HOWARD: Kotxean ez al duzu irratia?

WILLY: Bai, beno, baina... beti ahazten zait hura piztea.

HOWARD: Aizu, Bostonen egon beharko zenuke, ezta?

WILLY: Horretaz hitz egin nahi nizun, Howard. Ba al duzu minutu bat niretzat?

 

(Aulki bat hartu du)

 

HOWARD: Zerbait gertatu al da? Zergatik zaude hemen?

WILLY: Beno...

HOWARD: Ez duzu beste istripu bat izan, ezta?

WILLY: Ez, ez...

HOWARD: A, beno. Une batez beldurtu nauzu. Zer gertatzen da orduan?

WILLY: Egia esan, Howard, bidaia gehiago ez egitea erabaki dut. Horixe esan nahi nizun.

HOWARD: Ez duzula bidaia gehiago egingo? Eta orduan, zer egingo duzu?

WILLY: Oroitzen al zara Gabonetan hemen ospatu genuen jai hartaz? Hirian lanpostu bat bilatuko zenidala esan zenuen.

HOWARD: Hemen? Gurekin?

WILLY: Horixe, bai.

HOWARD: A, bai, bai. Oroitzen naiz. Dena den, aizu, oraingoz ezin dizut ezer eskaini, Willy.

WILLY: Benetan, Howard. Nire semeak gizon eginak daude. Eta nik ez dut gauza handirik behar. Hirurogei dolar astean nahikoak izango lirateke niretzat...

HOWARD: Bai, baina, Willy, ulertu behar duzu...

WILLY: Benetan, Howard. Garbi esango dizut: apur bat nekatuta nago.

HOWARD: Beno, hori oso ongi ulertzen dut, Willy. Baina zu bide-saltzailea zara, eta bide-saltzaile gisa behar zaitugu guk. New Yorken sei saltzaile daude, eta nahikoak dira.

WILLY: Jainkoarren, Howard! Nik inoiz ez diot inori mesederik eskatu. Zure aitak besoetan eramaten zintuenean, ni enpresa honetan nengoen!

HOWARD: Badakit, Willy. Baina...

WILLY: Jaio zinenean, zure aita nigana etorri eta ea zer iruditzen zitzaidan Howard izena galdetu zidan. Goian bego zure aita!

HOWARD: Bihotzez eskertzen dizut, Willy. Baina hemen ez dago toki bat zuretzat. Zerbait izango banu, bi aldiz pentsatu gabe emango nizuke. Baina ez daukat ezer, benetan.

 

(Metxeroaren bila hasi da. Willyk aurkitu eta su eman dio)

 

WILLY: (Haserre) Howard, nik ez dut asko behar. Astean berrogei dolar, besterik ez.

HOWARD: Baina non jarriko zaitut?

WILLY: Aizu, inportanteena ez al da gauzak saltzea?

HOWARD: Zuk ez dakizu negozioak nolakoak diren. Oso gogorra izan behar da konpetentziakoekin.

WILLY: (Etsi-etsita) Gauza bat kontatuko dizut, Howard...

HOWARD: Honez gero jakin beharko zenuke. Negozioak horrelakoak dira-eta.

WILLY: (Haserre) Bai, negozioak horrelakoak dira. Baina, arren, entzuidazu minutu batez. Zuk ez didazu ulertu. Gaztea nintzenean, hamazortzi edo hemeretzi urte nituenean, ordurako errepidean nengoen. Eta nire buruari galde egiten nion saltzailearen bizimoduak etorkizunik ba ote zuen. Garai hartan, Alaskara joateko irrikan nengoen. Hilabete bakarrean ez dakit zenbat meatze aurkitu zituzten, zilar eta urre-meatzeak! Ni hara joan-ez-joan nenbilen, duda-mudatan.

HOWARD: (Axolagabe) Benetan?

WILLY: Bai, bai! Nire aita Alaskan bizi izan zen, luzaro gainera. Gizon abenturazalea izan zen. Gure familiakoak beti izan gara abenturazale. Nik anaia zaharrarekin joatea pentsatuta neukan, batez ere aita aurkitzeko. Erdi-erabakita neukanean, Parker Etxean saltzaile bat ezagutu nuen. Dave Singleman zuen izena. Laurogeita lau urte zituen, eta estatu guztietan ibilia zen. Dave zahar hau ohetik jaiki, herenilezko zapatilak jantzi —ez zait inoiz ahaztuko—, telefonoa hartu eta erosleei deika hasten zen. Laurogeita lau urte zituen, ez zen bere gelatik ateratzen, eta... ogia irabazteko gauza zen! Hura ikusi nuenean, berehala konturatu nintzen salmenta zela gizon batek aukera zezakeen lanik ederrena. Pentsa, ba! Laurogeita lau urterekin, telefonoa hartu eta hogeita hamar hiritara deitu, eta hainbat jendek gogoratua eta maitatua izan! Zer ote da zoragarriagoa? Ulertzen al duzu? Eta bide-saltzaile baten heriotza izan zuen. Herenilezko zapatilak jantzi, zigarro bat erre, New York edo Bostonekin hitz egin... Hil zenean, hamaika bat saltzaile eta erosle bildu ziren elizkizunetara. Kotxeen prozesioa benetan tristea eta hunkigarria izan zen. (Zutik jartzen da. Howardek ez dio begiratzen) Garai hartan gizonak bene-benetakoak ziren. Bazekiten zer ziren begirunea, erkidetasuna, elkartasuna. Gaur egun, berriz, harremanak hotz eta maltzurrak dira, eta ezinezkoa da nortasun handiko norbait aurkitzea. Ulertzen al duzu zer esan nahi dudan? Ez nau inork ezagutzen.

HOWARD: (Eskuinerantz joanez) Hortxe dago koxka, Willy.

WILLY: Berrogei dolar astean... besterik ez dut behar, Howard.

HOWARD: Ezin dizut eman ez daukadana, gizon. Ni...

WILLY: (Etsita) Howard, behin zure aitak deitu zidan eta...

HOWARD: (Aterantz alde eginez) Bezero batzuekin egon behar dut.

WILLY: (Howard geldiaraziz) Zure aitaz mintzatzen ari naiz! Hainbat gauza hitzeman zizkidan idazmahai horretatik! Ezin didazu esan bezero batzuekin egon behar duzula... Hogeita hamabost urtez lan egin dut enpresa honetarako, eta orain ez daukat ezta asegurua ordaintzeko ere! Ezin duzu laranja jan eta azala bota... gizona ez da fruta! (Isilune baten ondoren) Entzuidazu. Zure aita... 1928. urtea urte bikaina izan zen. Komisioi hutsarekin ehun eta hirurogeita hamar dolar irabazten nituen astean.

HOWARD: (Egonarririk gabe) Tira, Willy. Zuk ez duzu inoiz hainbat irabazi...

WILLY: (Idazmahaian ukabilkada bat joaz) 1928an ehun eta hirurogeita hamar dolar irabazten nituen astean! Eta zure aita etorri zen, edo hobeto esan, ni bulegoan nengoen, hementxe bertan, idazmahai honen atzean eserita, eta eskua sorbaldan jarri zidan, adiskideak bagina bezala...

HOWARD: (Zutituz) Barka, Willy. Bezero batzuekin egon behar dut. Anima zaitez. (Gelatik ateraz) Berehala itzuliko naiz.

 

(Howard atera eta gero, bere aulkia argitzen duen argia oso distiratsu eta arraro bihurtu da)

 

WILLY: Animatzeko! Zer arraio esan diot? Jainkoarren, deiadar egin zioat! Nola izan da? (Willy burumakur gelditu da, aulki gainean erortzen den argiari begira lur jota. Aulkira hurbildu eta idazmahaiaren aurrean gelditu da) Frank, Frank. Ez al haiz oroitzen garai hartan esan hidanaz? Eskua nire sorbaldan jarri hidanean?... (Gizon hilaren izena ahoskatzen ari dela, idazmahaian esertzen da. Ustegabean, diktafonoaren botoia sakatzen du istripuz, eta berehala...)

HOWARDEN SEMEA: «...Albany da. Ohioko hiriburua Cincinnati da, Rodas Irlako hiriburua...»

 

(Errezitazioak aurrera jarraitzen du)

 

WILLY: (Atzerako bat eginez, ikaraz) A! Howard! Howard! Howard!

HOWARD: (Gelan korrika sartuz) Zer gertatu da?

WILLY: (Makina erakutsiz) Itzali! Itzali!

HOWARD: (Makina itzaliz) Aizu, Willy...

WILLY: (Begiak igurtziz) Kafe pixka bat hartu behar dut. Kafe pixka bat hartu behar dut...

 

(Willy aterantz doa, baina Howardek geldiarazten du)

 

HOWARD: (Frakak egokituz). Willy, begira...

WILLY: Bostonera joango naiz.

HOWARD: Willy, ezin zara Bostonera joan.

WILLY: Zergatik ez?

HOWARD: Ez duzulako gu errepresentatzen jarraituko. Aspalditik esan nahi nizun.

WILLY: Howard, kale gorrian utziko al nauzu?

HOWARD: Nire ustez, atsedenaldi luzea behar duzu, Willy.

WILLY: Howard...

HOWARD: Zuzpertzen zarenean, itzul zaitez. Ea orduan aurkitzen dugun zer edo zer zuretzat...

WILLY: Baina dirua irabazi behar dut, Howard. Nire egoera ez da...

HOWARD: Non daude zure semeak? Zergatik ez dizute laguntzen?

WILLY: Negozio handi batean sartuta daude.

HOWARD: Uztazu harrokeria hori, Willy. Zoaz zure semeengana eta esaiezu lur jota zaudela. Bi mutil apart dituzu, ezta?

WILLY: O, dudarik ez, dudarik ez. Baina...

HOWARD: Beno. Garbi dago, ezta?

WILLY: Oso garbi, bai. Bihar, Bostonera itzuliko naiz.

HOWARD: Ez, ez.

WILLY: Ez dut zamarik izan nahi nire semeentzat. Ez naiz elbarria.

HOWARD: Aizu, oso lanpetuta nago.

WILLY: (Howarden besoa indarrez hartuz) Howard, utzidazu Bostonera joaten.

HOWARD: (Gogor, bere senetik ateraz) Jende pila batekin egon behar dut! Eseri hor, lasaitu bost minutuz, anima zaitez eta ondoren zoaz etxera. Ados? Bulegoa behar dut, Willy. (Aterantz doala, diktafonoaz oroitu, atzera bueltatu, kaxoi batean gorde eta mahaia bere tokian jarri du) A! Aste honetan zerbait egin dezakezu oraindik. Hurbil zaitez hona eta utzi erakusgaiak bertan. Egun gutxi barru hobeto egongo zara, eta orduan hitz egingo dugu. Orain zoaz hemendik, jendea nire zain dago-eta.

 

(Howard gelatik atera eta ezkerretara doa. Willy puntu ikustezin bati begira dago. Soinu bat entzuten da —Benen soinua hain zuzen—. Hasieran urrun, eta jarraian hurbilago entzuten da. Willyk hitz egiten duen bitartean, Ben eskuinetik agertu da. Maleta eta euritakoa ditu eskuetan)

 

WILLY: O, Ben. Nola egin duk? Zein da erantzuna? Alaskan egin behar huena egina daukak jadanik?

BEN: Zer egiten ari haizen dakianean, ez duk denbora luzea behar. Negozioengatik nagok hemen. Ordubete barru ontzia hartuko diat. Baina abiatu baino lehen, agur esan nahi nian.

WILLY: Ben, hirekin hitz egin behar diat.

BEN: (Erlojuari begira) Ez diat astirik, William.

WILLY: (Benengana hurbilduz) Ben, dena gaizki zoak. Ez zekiat zer egin.

BEN: Entzun, William. Alaskan baso batzuk erosi dizkiat. Zura, badakik. Eta norbait behar diat negozioaz ardura dadin.

WILLY: Jainkoarren! Basoak! Nire semeak eta hirurok, baso erraldoi horietan, haize agerian!

BEN: Kontinente berri bat zegok hire zain, William. Atera hadi hiri hauetatik: berriketa, zerga eta auzitegiz beteta zeudek-eta. Erabil itzak eskuak eta aberatsa izango haiz!

WILLY: Bai, bai! Linda! Linda!

 

(Garai zaharretan bezala, Linda poltsa bat eskuan agertzen da)

 

LINDA: Hara! Itzuli al zara?

BEN: Presaka nabilek.

WILLY: Ez, itxaron! Linda, Alaskan lan egitea proposatu dit.

LINDA: Baina, zuk baduzu... (Beni begira) Lan bikaina du hemen.

WILLY: Baina Alaskan, nik...

LINDA: Hemen primeran egiten ari zara, Willy!

BEN: (Lindari) Primeran, zer?

LINDA: (Benez beldur eta aldi berean haserre) Zergatik esan behar dizkiozu gauza horiek? Hemen bertan dauka zoriontsua izateko behar den guztia. (Willyri, Benek barre egiten duen bitartean) Denek izan behar dute munduaren jabe ala? Gizon aparta zara, Willy. Eta mutilek izugarri maite zaituzte. Eta egunen batean (Beni), egunen batean, bai, enpresaren partaidea izango da. Orain dela egun batzuk horixe esan zion bere nagusiak, Wagnerrek. Ez al da egia, Willy?

WILLY: Bai, noski, noski. Etorkizun benetan polita zeukat enpresa honetan, Ben. Beraz, bazirudik gauzak ongi egiten ari naizela, ezta?

BEN: Zer ari haiz ongi egiten? Erakutsidak. Non dago?

WILLY: (Duda-mudatan) Arrazoi du, Linda. Ez daukat ezer.

LINDA: Eta? (Beni) Laurogeita lau urteko saltzaile bat dago...

WILLY: Bai, egia! Ben, gizon hori ikusten dudanean, nire buruari esaten zioat «Zertaz kezkatzen ari haiz, Willy?».

BEN: Bo!

WILLY: Egia, Ben. Telefonoa hartu eta hiri bateko zenbakia markatu besterik ez dik egin behar. Eta aurrera ateratzea lortzen dik horrela! Eta ba al dakik zergatik?

BEN: (Maletari helduz) Alde egin beahr diat.

WILLY: (Ben geldiaraziz) Begira mutiko honi!

 

(Biff, eskolako arropak jantzita, karpeta bat besopean sartu da. Happyk Biffen baloia eta kirol jantziak daramatza)

 

WILLY: Mutiko honek ez dik dirurik. Hala eta gutiz ere, hiru unibertsitatek eskatu ziotek bertan matrikulatzea. Zerua duk mutiko honen muga, Ben. Hik dakian hori zeukak. Hire irri bera dik! Harremanak dituk gauzarik inportanteena. Harremanak! Alaskako aberastasun guztia Comodore hoteleko jatetxetik pasatzen duk. Horixe duk harrigarriena, herri honetako gauzarik harrigarriena: hemen gizon batek diamanteak jantziko dizkik... jendeak maitatzen badu! (Biffengana bueltatzen da) Horregatik duk hain inportantea hiretzat gaur futbol zelai horretan egotea. Hamaika lagun egongo baitira bertan hire zain, hi txalokatu eta hi maitatzeko prest. (Berriro ateranz doan Beni) Ben! Egunen batean, enpresa handi batean sartuko duk eta ate guztiak irekiko zaizkiok. Nor den esatea nahikoa izango duk! Ikusia diat, Ben! Hamaika bat aldiz ikusi izan diat. Baina baso batean ez zeukak hori guztia lortzerik. Hemen lortu behar dik!

BEN: Adio, William.

WILLY: Ben. Zuzen jokatzen ari naiz? Zer uste duk hik? Hire aholkuak oso inportanteak dituk niretzat.

BEN: Kontinente berri bat zegok hire zain, William. Aberatsa izango hintzateke. Aberatsa! (Alde egiten du)

WILLY: Hemen bertan lortuko diagu, Ben! Entzuten al didak? Hemen bertan lortuko diagu!

 

(Bernard gaztea korrika sartu da. Mutikoen soinu alaia entzuten da)

 

BERNARD: A, eskerrak etxean zaudeten!

WILLY: Zergatik? Zer ordu da?

BERNARD: Ordu bata t'erdiak!

WILLY: Beno, goazemak. Denok Ebbets Zelaira! Non daude banderatxoak? (Sukaldetik etxera eta hortik egongelara joan da)

LINDA: (Biffi) Arropa garbiak hartu al dituk?

BIFF: (Berotzeko ariketak eginez) Joan egin nahi dut!

BERNARD: Biff, utziko al didak kirol poltsa eramaten?

HAPPY: Ez, neuk eramango zioat.

BERNARD: Baina orduan ezingo nauk aldageletan sartu!

LINDA: Utziok taldearen kamiseta eramaten (Biff sukaldean janzten ari da)

BERNARD: Utziko al didak, Biff? Denei esan zieat aldageletan sartuko nintzela.

BIFF: (Harro-harro, isilune baten ondoren) Utziok poltsa eramaten.

HAPPY: (Bernardi poltsa emanez) Egon beti gugandik hurbil!

 

(Willy banderatxoak eskuan dituela sartu da)

 

WILLY: (Banderatxoak banatuz) Biff zelaian agertzen denean, hasi denak banderatxoak astintzen. (Happy eta Bernard korrika hasten dira) Prest zaudete, mutilok?

 

(Musika isildu da)

 

BIFF: Nahi duzunean, aita. Eta ez ahaztu, gero! Aterako dudan lehenengo falta, zuri opa dizut.

WILLY: Goazemak ba! (Besoaz Biffen sorbaldari inguratuz, aterantz abiatzen da. Ustegabean Charley azaltzen da. Beti bezala, fraka motzak jantzita dauzka) Ez zegok lekurik hiretzat, Charley.

CHARLEY: Non? Zertaz ari haiz?

WILLY: Kotxean esan nahi diat.

CHARLEY: Zer ba? Kanpora al zoazte paseatzera? Kartetan jokatu nahi nian hirekin.

WILLY: (Haserre) Kartetan jokatu! (Sinetsi ezinez) Baina ez al dakik zer egun ospetzen den gaur?

LINDA: Bai, horixe. Bazekik, Willy. Adarra jotzen ari duk.

WILLY: Hau ez duk txantxetako gauza!

CHARLEY: Ez, Linda. Benetan. Ez dakit ezer. Zer ospatzen da gaur?

LINDA: Biffek Ebbets Zelaian jokatzen du.

CHARLEY: Eguraldi txar honekin?

WILLY: Ez hitz egin tipo honekin. Goazemak! Goazemak!

CHARLEY: Itxaron! Ez al dituzue berriak entzun?

WILLY: Zeintzuk?

CHARLEY: Irratikoak. Ebbets Zelaia urez gainezka omen zegok.

WILLY: Hoa pikotara! (Charley barre egiten du. Willyk denak kanporantz bultzatzen ditu) Azkar! Azkar! Berandu gabiltzak-eta.

CHARLEY: (Denak ateratzen diren bitartean) Zorte on izan, Biff! Beharko duk-eta.

WILLY: (Charleyrengana bueltatuz) Hori ez duk batere ondo egon, Charley. Bere bizitzako egunik onena duk-eta.

CHARLEY: Willy, noiz zentzatuko haiz?

WILLY: Zer? Partidua amaitutakoan, ez duk barre egiteko gogorik izango. Beste Red Grange bat izango duk nire semea. Hogeita hamar mila dolar irabaziko dizkik urtean.

CHARLEY: (Adarra joz) Benetan?

WILLY: Bai, noski.

CHARLEY: Aizak, Willy. Barkatu, baina... argituko al didak gauza bat?

WILLY: Zer?

CHARLEY: Nor da Red Grange?

WILLY: Madarikatu alaua! Sudurra puskatu egingo diat! Borrokatu nirekin!

 

(Charley, barreari eutsiz, eszenatokiaren ezker aldetik doa, Willyk jarraitzen diola. Soinua gero eta isekariagoa da)

 

WILLY: Nortzat jotzen duk heure burua? Besteak baino hobea haizela uste al duk? Hik ez dakik ezer, ezjakin hutsa haiz-eta. Pepelerdo! Egin borroka nirekin!

 

(Eszenatokiaren eskuin aldean argiak piztu dira, Charleyren bulegoan dagoen idazmahaia agerian utziz. Trafikoaren zarata entzuten da. Bernard, gizon heldua jadanik, aulki batean eserita dago, soinu bat txistukatzen. Erraketa pare bat eta kirol poltsa dauzka lurrean)

 

WILLY: (Eszenatokitik kanpoan) Zergatik ihes egiten duk? Hator! Esatekorik badaukak, esan nire aurrean! Bazekiat nire bizkar barre egiten duala! Baina partidu honen ondoren, barre egiteko gogorik ez duk izango! Izorra hadi! Izorra hadi! Hamaika lagun zeukak! Izorra hadi! Golak bata bestearen atzetik sartuko dizkik!

 

(Bernard gizon lasai, serio eta ziurtasun handikoa da. Willyren ahotsa iritsi zaio eszenatokiaren eskuinetik. Bernardek idazmahaitik oinak kendu eta entzuten gelditu da. Jenny, bere aitaren idazkaria, barrura sartu da)

 

JENNY: (Oso urduri) Bernard, etorriko al zara unetxo batez?

BERNARD: Zer da iskanbila hori guztia? Nor da?

JENNY: Loman jauna da. Igogailutik atera berria da-eta.

BERNARD: (Burua jasoz) Nor dago berarekin eztabaidaka?

JENNY: Inoz ez. Ez dago inor berarekin. Saiatu naiz hura lasaitzen, baina ez dago modurik. Eta zure aita bere senetik ateratzen da Loman jauna ikusi eta berehala. Folio pila mekanografiatu behar dut, eta zure aitak sinatu behar dizkit. Hitz egingo al duzu Loman jaunarekin?

WILLY: (Gelan sartuz) Izorra hadi! Izo... (Jennyz ohartzen da) Jenny! Jenny! Pozten naiz zu ikusteaz. Zer moduz zaude? Ondo?

JENNY: Bai, oso ondo. Mila esker. Zu ere bai?

WILLY: Ondo esan beharko, bai. O! (Erraketei begira, harriduraz)

BERNARD: Kaixo, osaba.

WILLY: (Zur eta lur) Bernard! Hara nor dagoen hemen! (Ustegabean, bere burua errudun sentituko balu bezala, Bernardengana hurbildu eta bostekoa eman dio)

BERNARD: Zer moduz? Pozten naiz zu ikusteaz.

WILLY: Zer egiten ari haiz hemen?

BERNARD: Aita ikustera etorri naiz. Bisitatxo bat, trena hartu baino lehen. Minutu batzuk barru Washingtonera joango naiz.

WILLY: Hemen al dago...?

BERNARD: Bai, kontulariarekin dago. Eseri hor.

WILLY: (Eseriz) Zer egin behar duk Washingtonen?

BERNARD: Auzia dut bertan, Willy.

WILLY: Benetan? (Erraketei erakutsiz) Eta erraketa horiek behar al dituk...?

BERNARD: Lagun baten etxean egongo naiz, eta tenis-zelaitxoa dute.

WILLY: Bai, e? Tenis-zelaitxo eta guzti! Jende jatorra izango duk, ezta?

BERNARD: Bai, oso jatorra. Aitak esan dit Biff hirian dagoela.

WILLY: (Irri handi batez) Bai, hemen zegok. Negozio handi batean sartu duk, Bernard.

BERNARD: Benetan? Zer egiten ari da?

WILLY: Beno, mendebalean oso ongi zihoazkioan gauzak. Baina, azkenez, hona itzultzea erabaki dik. Gaur elkarrekin afalduko diagu... Esan didatenez, beste haur bat izan duzue, ezta?

BERNARD: Horrela da, bai. Bigarrena.

WILLY: Bigarrena! Hik badakik bizitzen!

BERNARD: Zer negozio-mota da Biffena?

WILLY: Beno, Bill Oliverrek —kirol gaiak saltzen dituen gizon inportanteak— berarekin lan egitea eskatu ziok. Mendebaleraino joan zuan Biffen bila. Abantaila handiak eskaini zizkiok berarekin lan egin dezaan... Hire adiskide guztiek al dute tenis-zelaitxo bat?

BERNARD: Oraindik segitzen al duzu enpresa zahar horretan lan egiten, Willy?

WILLY: (Isilune baten ondoren) Ni... ni oso pozik nagok, Bernard... Benetan pozgarria duk gauzak zer ondo egin dituan ikustea... Benetan... pozgarria duk hi bezalako gazte bat ikustea... ni... (Adorerik gabe) Bernard... (Guztiz hunkituta dago. Ez dauka hitz egiterik)

BERNARD: Zer gertatzen zaizu, Willy?

WILLY: (Bere burua hutsa eta bakarrik sentituz) Zein... zein da sekretua?

BERNARD: Sekretua...?

WILLY: Nola... nola egin duk? Zergatik ez du berak lortu?

BERNARD: Jakin nahi nuke...

WILLY: (Ahapeka, bere senetik ateraz) Bere laguna hintzen. Txikitako lagunak zineten. Gauza bat ezin diat ulertu. Ebbets Zelaian egindako partiduaz geroztik, ezer ez zaiok ondo atera. Hamazazpi urte bete zituenetik, ez zaiok ezer onik gertatu.

BERNARD: (Betaurrekoak kenduz) Willy, nahi al duzu argi eta garbi hitz egin?

WILLY: (Zutik jarriz, Bernardi begira) Gizon handia haiz, Bernard. Hire aholkua oso kontutan izango diat.

BERNARD: O, pikotara aholkuak, Willy! Ezin dizut ezertxo ere aholkatu. Dena den, beti egon naiz galdera bat zuri egiteko irrikan. Graduatzeko zorian zegoenean, irakasleak matematikak suspenditu zizkionean...

WILLY: A, putaseme hark bizitza hondatu zioan!

BERNARD: Bai, baina... Willy, akademia batera joatea baino ez zuen egin behar, eta gaia aurrera aterako zukeen.

WILLY: Horrelaxe duk, bai. Horrelaxe duk.

BERNARD: Esan al zenion akademia batera ez joateko?

WILLY: Nik? Aitzitik: arren eskatu nioan akademia on batera joatea! Agindu ere egin nioan!

BERNARD: Orduan, zergatik ez zuen horrela egin?

WILLY: Zergatik? Zergatik? Bernard, azken hamar urteetan galdera horixe egin zioat hamaika aldiz nire buruari... Gaia suspenditu ondoren, etsi-etsita geratu zuan, mailu batek jota bezala...

BERNARD: Lasai, Willy.

WILLY: Utzidak hirekin hitz egiten... Norekin hitz eginik ez zeukat-eta. Bernard... Bernard, zein da nire errua? Hik ba al dakik? Galdera bat zebilkidak burutik. Beharbada, zerbait egin nioan... Txanponik gabe nagok, ezin zioat ezer eman...

BERNARD: Ez hartu zure burua horren estu.

WILLY: Zer dela eta etsi zuen? Non ote dago istorio honen gakoa? Bere laguna hintzen!

BERNARD: Willy, ekainean geundela oroitzen naiz. Eta graduatzeko garaia heldu zen. Baina matematikak suspenditu zituen.

WILLY: Putaseme halakoa!

BERNARD: Ez. Ez zuen ondo egin. Biff pixka bat haserretu zen. Oroitzen naiz, bai. Baina bera prest zegoen akademia batera joateko.

WILLY: (Harrituta) Benetan?

BERNARD: Ez zegoen inondik inora ere etsita. Orduan, egun batzuez desagertu egin zen. Hiritik alde egin zuen. Ingalaterra Berrira joana zela pentsatu nuen nik, zu han zeunden-eta. Berarekin hitz egin al zenuen?

 

(Willy isilik gelditu da)

 

BERNARD: Willy?

WILLY: (Erresuminez, gogor) Bai, Bostonera etorri zuan. Eta?

BERNARD: Beno, handik itzuli zenean... Ez zait inoiz ahaztuko... Beti harrituko naiz... Nik Biff miresten nuen, beti nire aurretik zegoen-eta. Bihotzez maite nuen, Willy. Beno, kontua hau da: Bostonetik itzuli zenean, futbolean aritzeko botak hartu zituen —oroitzen al zara bota haietaz, «Virginia Unibertsitatea» inprimatuta zeukaten haietaz?—... Bota haiek egunero janzten zituen... Egun hartan, botak sotora eraman eta labeko sutara bota zituen. Borrokatu ginen. Ukabilez borrokatu ginen, ordu erdi batez edo. Bera eta biok, sotoan ukabilka, oihuka... Sarri pentsatu izan dut horretaz... Esan nahi dut... Biffek une hartan bizitzari uko egiten ziola ulertu nuen... Zer gertatu zen Bostonen, Willy?

 

(Willyk sudurluze bati bezala begiratzen dio)

 

BERNARD: Zuk galde egin didazu. Horregatik aipatzen dizut...

WILLY: (Haserre) Ezer ez. Ez zuan ezer gertatu. Zer esan nahi duk? Ba al duk hik zerikusirik honekin?

BERNARD: Beno, ez haserratu.

WILLY: Errua bota nahi didak? Mutilak bide okerra hartu bazuen, errua nirea izan behar al du?

BERNARD: Willy, lasaitu...

WILLY: Ba, orduan... ez... ez hitz egin horrela... Zer esan nahian habil?

 

(Charley agertu da. Kamiseta zuria janzten du, eta botila bat dauka eskuan)

 

CHARLEY: Aizak, trena galduko duk. (Botila ematen dio)

BERNARD: Bai, banoa. (Botila hartzen du) Eskerrik asko, aita. (Erraketak eta poltsa hartzen ditu) Agur, Willy. Eta ez kezkatu. Badakizu, «lehenengoan ez baduzu lortzen, saia zaitez berriro, lortu arte.»

WILLY: Bai, nik ere sinesten diat esaera horretan.

BERNARD: Dena den, Willy... Batzuetan, hobe izaten da alde egitea.

WILLY: Alde egitea?

BERNARD: Bai.

WILLY: Eta, ezinezkoa bada alde egitea?

BERNARD: (Isilune baten ondoren) Orduan, gizon horrek oso gizon gogorra izan beharko du. (Bostekoa ematen dio) Gero arte, Willy.

WILLY: (Bernardi bostekoa emanez) Agur, mutiko.

CHARLEY: (Besoa Bernarden sorbaldan jarriz) Zer iruditzen zaik, Willy? Auzitegi Goreneraino eraman dik azken auzia.

BERNARD: (Protesta eginez) Aita!

WILLY: (Harriduraz, minez eta pozik) Ez! Auzitegi Goreneraino!

BERNARD: Presaka nabil. Agur, aita!

CHARLEY: Gogor izan horiekin, Bernard!

 

(Bernardek alde egin du)

 

WILLY: (Charleyk diruzorroa atereaz) Auzitegi Gorena. Eta aipatu ere ez dik egin!

CHARLEY: (Idazmahai gainean dirua kontatuz) Bai, horrelakoxea duk mutiko hori...

WILLY: Hik ez hion inoiz esan zer egin. Berataz ez hintzen inoiz kezkatu.

CHARLEY: Ezertaz ez kezkatzea izan duk nire salbazioa. Hemen duk diru piska bat, berrogeita hamar dolar. Kontuan apuntatuko diat.

WILLY: Charley, begira... (Nekez) Asegurua ordaindu behar diat. Ahal bahu... zera... ehun eta hamar dolar behar dizkiat.

 

(Charleyk une batez ez dio ezer. Geldi dago)

 

WILLY: Bankuari eskatuko nioan, baina Lindak jakingo balu...

CHARLEY: Eseri hor, Willy.

WILLY: (Aulkirantz hurbilduz) Orain arte mailegatu didaan dirua apuntatuta zeukat. Penike bakoitza itzuliko diat. (Aulkian eseri da)

CHARLEY: Entzun niri orain, Willy.

WILLY: Nigatik egin duana bihotzez eskertzen diadala jakin behar duk, Bernard.

CHARLEY: (Idazmahai gainean eseriz) Willy, zertan habil? Zer arraio daukak buruan?

WILLY: Zergatik? Ni...

CHARLEY: Lan bat eskaini diat. Berrogeita hamar dolar irabaz ditzakek astean. Eta ez haut autobidera bidaliko.

WILLY: Nik badiat lana.

CHARLEY: Soldatarik gabeko lana? Zer lan-mota da hori? (Zutik jartzen da) Begira, lagun. Urrunegi joan haiz. Ni ez nauk jeniala, baina nahikoa iraindu nauk.

WILLY: Iraindu!

CHARLEY: Zer gertatzen da hirekin? Lan bat eskaini diat. Zergatik ez duk nirekin lan egin nahi?

WILLY: Nik badiat lana.

CHARLEY: Orduan, zergatik etortzen haiz astero nire bulegora?

WILLY: (Zutituz) Ni hona etortzea nahi ez baduk...

CHARLEY: Lana eskaini diat.

WILLY: Ez diat hire lan madarikatua nahi!

CHARLEY: Noiz arraio jokatuko duk zentzuz?

WILLY: (Oso haserre) Kaiku horrek, berriro horrelakorik esaten baduk, jo egingo haut! (Borrokatzeko itxura hartzen du)

 

(Isilunea)

 

CHARLEY: (Adiskide gisa, beragana hurbilduz) Zenbat behar duk, Willy?

WILLY: Charley, nireak egin dik! Nireak egin dik! Ez zekiat zer egin. Lanetik bota naitek-eta.

CHARLEY: Howardek kalean jarri hau?

WILLY: Harroputz halakoa! Pentsa, ba! Izena neuk jarri nioan eta...

CHARLEY: Willy, noiz konturatuko haiz gauza horiek ez dutela garrantzirik? Howard izena jarri hion, baina ezin duk bere izena saldu. Mundu honetan saldu baino ez dakik egiten. Eta barregarria duk, baina... ez dakik saltzailea haizenik.

WILLY: Beti saiatu nauk beste era batera pentsatzen. Nik beti pentsatu diat.. zera... gizon bat itxura onekoa bada...

CHARLEY: Zergatik izan behar du mundu guztiak esker oneko hirekin? Nork hartzen du aintzakotzat J.P. Morgan? Itxura onekoa al da? Hondartzan harakina zirudik, baina diruzorroa beteta, oso gizon liraina dela esaten ditek denek. Entzun, Willy. Bazekiat asko ez nauala preziatzen, eta ni hitaz ezin esan zitekek maiteminduta nagoenik. Baina lan bat emango diat, zeren... O, ez zekiat zergatik. Baina berdin ziok. Zer diok?

WILLY: Ezin diat onartu, Charley.

CHARLEY: Zergatik ez? Nire bekaizti haizelako?

WILLY: Ezin diat hiretzat lan egin, besterik ez... Ez galdetu zergatik.

CHARLEY: (Haserre, diru gehiago ateraz) Ero madarikatu hori, bizitza osoan izan haiz nire bekaizti! Tori, ordain ezak asegurua. (Dirua Willyren eskuan jarri du)

WILLY: Zorra kitatuko diat hirekin.

CHARLEY: Gauza batzuk egin behar dizkiat. Zaindu burua. Eta ordain ezak asegurua!

WILLY: (Eskuinerantz joanez) Barregarria duk. Ezetz? Hainbat kilometro egin ondoren, hainbat tren hartu eta hainbat pertsona ezagutu eta gero, hainbat urte lanean pasa eta gero, baten biziak gehiago balio dik hilik bizirik baino.

CHARLEY: Willy, hilik inork ez dik ezer balio. (Isilune baten ondoren) Entzun al didak?

 

(Willy zutik gelditu da, ametsetan)

 

CHARLEY: Willy!

WILLY: Bernard ikusten duanean, emaizkiok zorionak nire partez. Mutil jatorra duk, oso. Denak dituk mutil jatorrak; denak iristen dituk oso urrun. Denak... Egunen batean, tenisean jokatuko ditek elkarrekin. Opaidak zorte on, Charley. Gaur Bill Oliver ikustera joan duk-eta.

CHARLEY: Zorte on izan.

WILLY: (Negar egiteko zorian) Charley, heu haiz nire lagun bakarra. Ez al da harrigarria? (Alde egiten du)

CHARLEY: Ene Jesus!

 

(Charley une batez Willyri begira gelditu da. Gero, atzetik jarraitu dio. Argiak itzali dira. Bat-batean soinu karrankari bat entzun da, eta gorri koloreko argi bat piztu da eszenatokiaren eskuinean. Stanley, barman gaztea, agertu da mahai bat eramaten. Happy bere atzetik doa. Eskuetan bi aulki daramatza)

 

STANLEY: (Mahaia lurrean utziz) Beno ba, Loman jauna. Besterik ezin dut egin. (Bueltatu eta Happyk daramatzan bi aulkiak jarri ditu mahai aurrean)

HAPPY: (Inguruan begiratuz) Askoz hobeto zegok orain.

STANLEY: Bai, noski. Bazter horretan zarata gehiegitxo zegoen. Bilera bat antolatzen duzunean, esaidazu niri eta leku on bat gordeko dizut. Badakizu. Jende askori gustatzen zaio zarata erdian egotea, etxean ordu asko bakarrik pasatzen dituzte-eta. Ulertzen didazu, ezta?

HAPPY: (Bertan eseriz) Zer moduz dihoazkik gauzak, Stanley?

STANLEY: Bo! Niretzat bizitza nazkagarria da. Bigarren Gerran utzi izan balidate soldadu joaten, honez gero hilda nengoke!

HAPPY: Nire anaia itzuli duk, Stanley.

STANLEY: Benetan? Mendebalean zegoen, ezta?

HAPPY: Bai, abeltzain inportantea duk. Beraz, egiok abegi on bat. Eta nire aita ere etortzekoa duk.

STANLEY: A, zure aita ere bai!

HAPPY: Bi otarrain eder aterako dizkiguk, ados?

STANLEY: Utzi nire kontu.

HAPPY: Ekar itzak matxarda eta guzti, mesedez.

STANLEY: Lasai. Sagutxorik ez dizuet ekarriko! (Happyk barre egiten du) Ardoa edan nahi al duzue?

HAPPY: Ez. Oroitzen al haiz Europatik ekarri nian errezeta hartaz? Txanpaina zeramanaz?

STANLEY: Bai, noski. Oraindik sukaldean daukat. Baina garesti aterako zaizu.

HAPPY: Berdin ziok.

STANLEY: Loteria tokatu al zaizu?

HAPPY: Ez, zerbait ospatu behar diagu. Nire anaiak... uste diat negozio handi bat egin duela. Aurrerantzean, ziuraski elkarrekin lan egingo diagu.

STANLEY: Zorionak! Onena horixe da-eta. Negozioak etxekoen artean beti! Badakizu zer esan nahi dudan, ezta?

HAPPY: Neuk ere horrela pentsatzen diat, bai.

STANLEY: Ba al dakizu diferentzia zein den? Zera... Pentsa norbaitek lapurtzen dizula... Beno, familia barruan gelditzen da behintzat. Ulertzen al duzu zer esan nahi dudan? (Ahapeka) Beste tabernariak horixe egiten du-eta. Nagusia lehertzear dago, amorruaren amorruz.

HAPPY: (Burua bueltatuz) Ixo!

STANLEY: Zer...?

HAPPY: Hormari begira nagok. Ikusten duk, ezta?

STANLEY: Bai.

HAPPY: Eta begiak itxita zeuzkat, ezta?

STANLEY: Bai, baina zer...

HAPPY: Neska polit bat sartzeko zorian zegok.

STANLEY: (Inguruan begiratuz) Ez, baina ez dago inor...

 

(Une horretan, neska benetan eder bat sartu eta mahai batean eseri da. Stanley arnasarik gabe gelditu da)

 

STANLEY: Aizu, nola zenekien...?

HAPPY: Radarra zeukat, motel. (Ezkutuka begiratuz) Ooooooo!... Stanley!

STANLEY: Zuretzat oso egokia, Loman jauna.

HAPPY: Itxoin eta ikus.

STANLEY: (Neskaren mahaira hurbilduz) Zer hartu behar dun, neska?

NESKA: Lagun batekin gelditu nauk. Zera hartu nahi nikek...

HAPPY: Zergatik ez diozu laguntzen? Barka, neska. Baina txanpaina saltzen dinat eta inporta ez bazain, gustatuko litzaidaken hi gonbidatzea. Ekarzak txanpaina, Stanley.

NESKA: Oso jatorra haiz.

HAPPY: Ez dun ezer. Enpresaren dirua dun-eta. (Barre egiten du)

NESKA: Txanpaina duk saldu daitekeen gauzarik liluragarriena. Ezta?

HAPPY: Beno, edozein gauza saltzea ongi zegon. Saldu behar dun eta kito.

NESKA: Horrelaxe izango duk, bai.

HAPPY: Hik ez dun ezer saltzen, ezta?

NESKA: Ez, nik ez.

HAPPY: Utziko al didan hiri gauza bat esaten? Aldizkariren baten azalean agertuko beharko huke.

NESKA: (Happyri maltzur begiratuz) Agertu egin nauk.

 

(Stanley agertzen da txanpaina ekarriz)

 

HAPPY: Zer esan diat, Stanley? Neska hau modeloa duk.

STANLEY: Bai, nabari zaio.

HAPPY: (Neskari) Zein aldizkaritan agertu haiz?

NESKA: Ba, askotan agertu izan nauk. (Edaria hartzen du) Eskerrik asko.

HAPPY: Ba al dakik Frantzian zer esaten duten? «Lagunak egiteko ez dago ezer txanpaina bezalakorik.»

 

(Biff sartu eta bertan eseri da)

 

BIFF: Kaixo. Barkatu, berandu natorrek-eta.

HAPPY: Oraintxe bertan iritsi nauk ni. Hau duk...

NESKA: Forsythe.

HAPPY: Forsythe, hau nire anaia dun.

BIFF: Aita ez da iritsi oraindik?

HAPPY: Biff din izena. Ziuraski ezagun egingo zain, futbolari ospetsua dun-eta.

NESKA: Benetan? Zein taldetakoa?

HAPPY: Futbola gustatzen al zain?

NESKA: Bai, asko.

HAPPY: New York taldean jokatzen din.

NESKA: Zoragarria! (Edan egiten du)

HAPPY: Bai.

NESKA: Pozgarria duk hirekin egotea.

HAPPY: Horixe dun nire izena. Hap. Egia esan, Harold dun nire benetako izena, baina West Pointen Happy deitzen zidaten.1

NESKA: (Oso miretsita) Hara! Harrituta nagok.

BIFF: Aitak ez al du etorri behar?

HAPPY: Neska gustatzen al zaik?

BIFF: O, utzi hori oraingoz.

HAPPY: Zer moduz Oliverrekin?

BIFF: Ozta-ozta ikusi diat...

HAPPY: Hago unetxo batez. (Neskarengana bueltatzen da) Aizan, neska, ez al huen zerbait egin behar?

NESKA: Beno, bai... Telefono-dei bat egin behar nian...

HAPPY: Ba, egizan. Ados? Ea ekartzen duan beste lagun bat. Hemen egongo gaitun zuen zain. Biff hiri honetako futbolaririk onena dun!

NESKA: (Zutituz) Gizon benetan alaia haiz.

HAPPY: Itzul zaitezte azkar.

NESKA: Saiatuko nauk.

HAPPY: Gogor saiatu!

 

(Neska jaiki eta badoa. Stanleyk begiez jarraitu dio miretsita)

 

HAPPY: Lotsagarria duk. Konturatzen al haiz? Horregatik ezin nauk ezkondu. New York osoan ez dagoelako behar bezalakoa den neskarik.

BIFF: Hap, entzun...

HAPPY: Oso garbi zegok.

BIFF: (Beldurrez) Isilduko al haiz behingoz? Zerbait esan behar diat-eta.

HAPPY: Oliverrekin egon haiz, ezta?

BIFF: Bai, bai. Berarekin egon nauk. Aizak, aitari gauza pare bat esan nahi niokek eta horretarako hire laguntzaren premia diat.

HAPPY: Aitarekin hitz egiteko ez diat uste nire laguntzaren premia duanik.

BIFF: Burutik hago ala? Benetan uste duk...

HAPPY: Baina zer gertatzen zaik?

BIFF: (Arnasarik gabe) Hap, gauza izugarria egin diat gaur. Nire bizitzako egunik izugarriena izan duk. Lur jota nagok.

HAPPY: Oliverrekin ez haizela egon esan nahi duk?

BIFF: Sei ordu luzez egon nauk Oliverren zain. Egun osoa pasatu diat bertan. Idazkariari ez zekiat zenbat aldiz adierazi diodan nor nintzen. Ahal izan dudan guztia egin diat idazkaria lausengatzeko, baina... alferrik!

HAPPY: Ba al dakik zergatik gertatu zaian hori? Heure buruarekiko konfidantza hondatu zaialako.

BIFF: (Happy keinu batez isilaraziz) Azkenez, bostak aldera atera duk bere bulegotik. Nor nintzen ere ez zuan oroitzen. Pepelerdo hutsa sentitu nauk.

HAPPY: Orduan, Floridari buruzko ideia aipatu ere ez diok egin?

BIFF: Alde egin dik. Ozta-ozta ikusi ahal izan diat segundu batez. Hango hormak lurrera botako nitizkean! Hain amorratuta nengoan! Ni bai amarrugabea, ni! Saltzailea izan nintekeela burutik pasatzea ere... Zer-nolako gezurra sartu diodan nire buruari! Nola begiratu didan... Hortxe konturatu nauk zeinen barregarria naizen... Hamabost urtez ametsetan ibili nauk.

HAPPY: Zer egin duk orduan?

BIFF: (Oso urduri; harriduraz) Beno, Oliver joana zuan. Eta bulegaria une batez atera duk. Ni bakarrik gelditu nauk. Ez zekiat zer gertatu zaidan, Hap. Banekian bere bulegoan nengoela. Ez zekiat hobeto adierazi... Hap... nik... Oliverren idazluma lapurtu diat!

HAPPY: Zer? Idazluma lapurtu dioala?

BIFF: Eta ihes egin diat. Hamar solairuetatik korrika bizian jaitsi nauk. Eta kalean ere korrika jarraitu diat, ero baten moduan.

HAPPY: Zergatik egin duk ergelkeria hori?

BIFF: (Lur jota) Ez zekiat. Handik zerbait eraman nahi nian. Ez zekiat. Lagundu behar didak, Hap. Aitari kontatuko zioat dena.

HAPPY: Burutik al hago? Zergatik kontatu behar diok?

BIFF: Hap, dirua irabazteko ez dudala balio ulertu behar dik. Azken urteetan, mesprezatu baino ez dudala egin uste dik berak.

HAPPY: Horrelaxe duk, bai. Horregatik ezin diok egia kontatu. Zerbait atsegina esan behar diok.

BIFF: Ezin diat.

HAPPY: Bihar, goizean goiz aterako haiz etxetik. Eta itzultzen haizenean, Oliverrek pentsatuko duela esango diok. Horrela, gauzak egun batetik bestera luzatuko dizkiagu. Dena ahaztu arte.

BIFF: Baina ezin gaituk beti horrela ibili!

HAPPY: Inportanteena hau duk: aita itxaropentsu egotea.

 

(Willy agertu da)

 

HAPPY: Kaixo, aita!

WILLY: Aspalditik ez ninduan toki honetan sartzen!

 

(Stanley Willyri mahairaino lagundu eta aulki bat ekarri dio. Stanley alde egitera doala, Happyk geldiarazi du)

 

HAPPY: Itxoin, Stanley.

 

(Stanley bertan gelditu da, zain)

 

BIFF: (Zerbaiten erruduna izango balitz bezala, Willyrengana hurbilduz) Eser zaitez, aita. Zerbait hartuko al duzu?

WILLY: Bai, noski.

BIFF: Bai, edan dezagun denok.

WILLY: Kezkatuta ematen duk.

BIFF: E-ez. (Stanleyri) Whiskya denontzat, mesedez. Dobleak.

STANLEY: Dobleak. Ongi da (Badoa)

WILLY: Honez gero doble bat edanda izango duk, ezta?

BIFF: Bai, horrelaxe da.

WILLY: Beno, zer gertatu da? (Irriz, bere buruari goitik behera eraginez) Dena joan al da ongi?

BIFF: (Arnasa hartuz eta Willyren eskua estutuz) Aita... (Irri egiten dio, adoretsu; Willyk ere bai) Gaur zerbait gertatu zait.

HAPPY: Ikaragarria, aita.

WILLY: Bai? Zer gertatu zaik ba?

BIFF: Den-dena kontatuko dizut, hasieratik amaieraraino. Egun benetan xelebrea suertatu zait. (Isilunea) Ordu luzeak pasatu ditut Oliverren zain, eta...

WILLY: Oliverren zain?

BIFF: Bai, Oliverren zain. Egun osoa igaro dut bera ikusi nahian. Itxoiten ari nintzenean, nire bizitzako oroipen asko eta asko pasatu zaizkit burutik. Nork esan du, aita? Nork esan du Oliverrentzat sailtzaile lan egin dudala?

WILLY: Beno, heuk esan duk.

BIFF: Ez, aita. Zamaketaria baino ez nintzen izan.

WILLY: Beno, baina gutxi falta zitzaian...

BIFF: Aita, ez dakit nork esan duen lehenengo aldiz. Baina Bill Oliverrentzat ez dut inoiz saltzaile lanik egin.

WILLY: Zer esaten ari haiz?

BIFF: Azter ditzagun gauzak argi eta garbi, aita. Ez gara inoiz gizon inportanteak izan. Ni zamaketaria baino ez nintzen izan.

WILLY: (Haserre) Ongi duk. Entzuidak orain niri...

BIFF: Zergatik ez didazu bukatzen uzten?

WILLY: Kontu zaharrek ez zidatek axolarik batere ematen, batez ere gauza guztiak pikotara joaten hasiak direnean. Gaur arratsaldean lanetik bota egin naitek.

BIFF: (Zur eta lur) Ezin da!

WILLY: Kale gorrian utzi naitek, bai. Eta berri on baten bila etorri nauk hona, zuen amari eramateko. Gajoa izugarri sufritzen ari duk-eta. Beraz, gorde itzak ipuin zahar horiek guztiak. Bat ere ez zaidak axola eta. Zer esan behar hidan?

 

(Stanley sartu da hiru whisky ekarriz. Denak isildu dira berriro desagertu den arte)

 

WILLY: Oliverrekin egon haiz?

BIFF: Jainkoarren, aita!

WILLY: Zer esan nahi duk horrekin? Joan ere ez haizela egin?

HAPPY: Bai, horixe joan dela. Bai!

BIFF: Bai, nik... bera ikusi dut... Baina nola izan ote dute zu lanetik botatzeko barrena!

WILLY: Abegi ona egin al dik?

BIFF: Eta komisioika lan egiten, behintzat, ez al dizute ere utziko?

WILLY: Kale gorrian nagok! Beraz, erantzuidak: abegi ona egin al dik?

HAPPY: Bai, horixe, aita! Oso ona!

BIFF: (Izerdi patxetan) Beno, bai. Oso abegi...

WILLY: Hitaz oraindik oroituko al zen galde egiten nioan nire buruari. Pentsa! Hamar urteren buruan, eta horrelako abegi on egin...

BIFF: (Willy berriro erasotzen) Aizu, aita. Entzun gauza bat...

WILLY: Ba al dakik zergatik oroitu den hitaz? Hitaz oso oroitzapen ona gorde duelako.

BIFF: Hitz egin dezagun lasai eta ikus ditzagun gauzak diren bezala. Ni...

WILLY: (Biffen hitza etenduz) Beno, zer gertatu da? Oso berri onak dituk, Biff. Bere bulegora pasatu zarete edo harrera-gelan bertan hitz egin duzue?

BIFF: Beno, bera sartu eta...

WILLY: (Irri zabala aurpegian) Zer esan dik? Ziuraski besoa jarriko zian sorbaldan, ezta?

BIFF: Beno, Oliver...

WILLY: Gizon aparta duk. (Happyri) Baina baita gogorra ere. Hik badakik.

HAPPY: Bai, bai.

WILLY: (Biffi) Zerbait hartu al duzue?

BIFF: Bai, whisky pare bat ekarri du... Ez, ez!

HAPPY: (Biffi hitz egiten utzi gabe) Floridari buruzko ideia kontatu dio.

WILLY: Utziok hitz egiten. (Biffi) Zer iruditu zaio Floridari buruzko ideia?

BIFF: Aita, minutu bat emango al didazu? Zer gertatu den adieraziko dizut.

WILLY: Hemen nagoenetik hire zain nagok, mutil! Zer gertatu da? Bulegora eraman hau, eta...?

BIFF: Nik... dena kontatu diot... Eta... berak... berak entzuten zidan... Badakizu...

WILLY: Gutxik bezala omen zekik entzuten, bai. Eta zer erantzun dik?

BIFF: Beno, ba erantzun dit... zera (Isiltzen da, haserre) Aita, esan behar nizuna ez didazu esaten uzten!

WILLY: (Oso haserre) Ez haiz Oliverrekin egon, ezta?

BIFF: Hantxe egon naiz, bai!

WILLY: Ez duk iraindu, ezta ezer txarrik berari esan ere. Ezta?

BIFF: Aizu, utziko al didazu gauzak azaltzen? Utziko al didazu?

HAPPY: Arraioa!

WILLY: Esaidak zer gertatu den!

BIFF: (Happyri) Ezinezkoa da berarekin hitz egitea!

 

(Tronpeta baten soinu karrankaria entzuten da. Etxe gainean argi berdea erori da, ametsezko giroa sortaraziz. Bernard gaztea azaldu da eta etxe atzealderantz doa)

 

BERNARD GAZTEA: Loman andrea! Loman andrea!

HAPPY: Esaiok zer gertatu den!

BIFF: (Happy) Utz bakean!

WILLY: Ez, ez! Matematikak suspenditu hituen!

BERNARD GAZTEA: Loman andrea! Loman andrea!

 

(Linda etxean agertu da)

 

WILLY: (Oso haserre) Matematikak! Matematikak!

BIFF: Lasai, aita!

BERNARD GAZTEA: Loman andrea!

WILLY: (Bere senetik aterata) Azterketa suspenditu izan ez bahu, honez gero den-dena konponduta izango huke!

BIFF: Gertatu dena kontatuko dizut. Entzun.

BERNARD GAZTEA: Loman andrea!

BIFF: Sei orduz egon naiz Oliverren zain...

HAPPY: Zer arraio kontatu behar diok?

BIFF: Hamaika bat aldiz saiatu naiz, baina ez nau ikusi nahi izan. Azkenez... (Hitz egin ahala, jatetxea argitzen duen argia itzaliz doa)

BERNARD GAZTEA: Biffek matematikak suspenditu ditu!

LINDA: Ez!

BERNARD GAZTEA: Birbaum irakasleak suspenditu dizkio. Ez diote graduazioa emango!

LINDA: Baina graduatu behar dik! Bestela, ez duk unibertsitatean sartuko. Non dago? Biff! Biff!

BERNARD GAZTEA: Joan egin da. Tren-geltokira joan da.

LINDA: Jainko maitea! Bostonera joan dela esan nahi duk?

BERNARD GAZTEA: Bostonen al dago osaba Willy?

LINDA: Agian Willyk irakasleari hitz egingo ziok... Mutil gizagaixoa...

 

(Etxe gaineko argia itzali da)

 

BIFF: (Idazluma ateraz)... Beraz Oliverri dagokionez, kito. Ulertzen al duzu?

WILLY: (Begirada galduta) Noski. Matematikak suspenditu izan ez bahitu...

BIFF: Suspenditu? Baina, zer diozu?

WILLY: Niri ez bota erru guztia! Nik ez nizkian-eta matematikak suspenditu... Hirea duk errua... Zein da idazluma horren kontua?

HAPPY: Ergelkeria handia egin duk, Biff. Idazluma horrek diru asko balio behar dik-eta.

WILLY: (Idazlumari erreparatuz) Oliverrena al da?

BIFF: (Beldurrez) Aita, horixe adierazi dizut!

WILLY: Bill Oliverren idazluma lapurtu duk!

BIFF: Ez, lapurtu ez... Utzidazu gauzak adierazten, arren!

HAPPY: Oliverren bulegotik atera denean, idazluma eskuan zuela ohartu da. Berak ez zuen lapurtu nahi, aita.

WILLY: Jainkoarren, Biff!

BIFF: Ez dut nahita egin!

TELEFONISTAREN AHOTSA: Loman jauna! Loman jauna!

WILLY: Ez nagok! Aski duk!

BIFF: (Ikaraz, Willyren aurrean belaunikatuz) Aita, bide zuzena hartuko dut. Bide zuzena hartuko dut. (Willy zutik jartzen saiatzen da, baina Biffek eragozten dio horrela egitea) Eser zaitez.

WILLY: Ez, hi ez haiz zintzoa. Ez duk ezertarako balio.

BIFF: Ez, aita. Oker zaude. Beste zerbait aurkituko dut. Ez duzu ezertaz kezkaturik egon behar. (Aurpegira begiratzen dio) Esaidazu zerbait, aita.

TELEFONISTAREN AHOTSA: Loman jaunak ez du erantzuten. Nahi baduzu, morroia bidaliko dut ea bere gelan dagoen ikustera.

WILLY: (Zutik jartzen saiatuz, telefonistaren ahotsa isilarazi nahi izango balu bezala) Ez, ez, ez!

HAPPY: Beste zerbait aurkituko du, aita.

WILLY: Ez, ez...

BIFF: (Etsi-etsita, Willyrengana makurtuz) Aita, entzun! Entzun, arren! Zerbait esan behar dizut. Berri bikaina da-eta. Oliverrek bere sozio batekin hitz egin du Floridako ideiari buruz. Entzun al duzu? Berak... enpresaren sozio nagusiarekin hitz egin du, eta... nire ideia gustatu zaie... Pentsatu bezala aterako da dena. Entzun al duzu? Aita, entzun... Arazo bakarra dirua da. Baina hori ere erraz konponduko dugu!

WILLY: Orduan, lortu al duk?

HAPPY: Gauza guztiak primeran aterako dira, aita!

WILLY: (Mahaitik altxatzen saiatuz) Orduan, lortu egin duk! Lortu egin duk!

BIFF: (Kezkatuta, Willy eseraraziz) Ez, ez. Begira, aita. Bihar hamaiketako bat egitekotan gelditu gara Oliver eta biok. Oso inpresio ona egin diodala jakin behar duzu. Gauzak ongi egin ditzaket edozein tokitan egonda ere. Baina, bihar ez naiz hamaiketako horretara joango. Ulertzen al duzu?

WILLY: Zergatik ez? Hi...

HAPPY: Bai, noski. Hoa bihar Oliver ikustera!

BIFF: Ezin dut hori egin. Ni...

WILLY: Esaiok ez huela nahita idazluma eraman. Berak ulertuko dik!

BIFF: Entzun, aita. Behin baloiak lapurtu nizkion, eta orain idazluma. Gehiegi da. Beste edozein tokitan saiatuko naiz, eta kito.

MORROIA: Loman jauna!

WILLY: Ez duk zerbait izan nahi mundu honetan?

BIFF: Aita, ezin naiz Oliverrengana itzuli!

WILLY: Ez duk zerbait izan nahi. Hori duk dena.

BIFF: (Oso haserre) Ez esan horrelakorik! Gertatu dena ikusita, nola itzuliko naiz bulego horretara berriro? Bertara joatea erraza izan dela uste al duzu? Mozkortuta ere ez nintzateke itzuliko!

WILLY: Orduan, zer dela eta joan haiz gaur?

BIFF: Zergatik joan naizen? Zergatik joan naizen? Begiraiozu zeure buruari! Begira zer gelditzen den zutaz!

 

(Eszenatokiz kanpo, EMAKUMEAK barre egin du)

 

WILLY: Biff, bihar hamaiketako horretara joango haiz. Bestela...

BIFF: Ezin naiz joan. Ez dut zitarik.

HAPPY: Biff...!

WILLY: Txistua bota behar al didak aurpegira?

BIFF: Ez hartu horrela, Jainkoarren!

WILLY: (Eserlekutik altxatuz eta Biffi arropatik helduz) Kakanarru lotsagabea! Alfer zorria! (Astintzen du) Txistua bota nahi al didak aurpegira?

HAPPY: (Biak lasaitu nahian) Et, et, et! Jatetxe batean gaude. Egon lasai zuek biak (Neskak agertzen dira). Kaixo! Eser zaitezte.

 

(Eszenatokiz kanpo, EMAKUMEAK barre egin du)

 

FORSYTHE: Kaixo, mutilak. (Bere laguna aurkezten du) Hau Letta duk.

EMAKUMEA: Willy, esna hadi.

BIFF: (Willyri kasurik egin gabe) Kaixo. Zer moduz? Eser zaitezte. Zer hartu behar duzue?

FORSYTHE: Letta ezin duk luzaro egon.

LETTA: Bihar oso goiz jaiki behar diat. Auzi batean parte hartzen diat-eta. Urduri nagok, erabat! Noizbait parte hartu al duzue auzi batean?

BIFF: Ez. Baina bazekinat zer den epaile baten aurrean egotea! (Neskek barre egiten dute) Hau nire aita dun.

LETTA: Herabe samarra duk zuen aita, ezta? Eser zaitez gurekin, aitatxo.

HAPPY: Bai! Eser dadila gurekin, Biff!

BIFF: (Hari hurbilduz) Zatoz hona, borrokalari hori. Edan ezazu gurekin. Pikotara dena! Zatoz, aita. Eser zaitez.

 

(Biffek ia-ia lortzen du Willy bertan esertzea)

 

EMAKUMEA: (Urduri) Willy. Atea irekiko duk bai ala ez?

 

(EMAKUMEAren ahotsak atzerako bat eragin dio Willyri. Gero, zutik geratu da)

 

BIFF: Eup! Esna zaitez!

WILLY: Ireki atea.

BIFF: Atea?

WILLY: Komuna... Atea... Non dago atea?

BIFF: (Willyri ezkerrerantz lagunduz) Segi korridore horretatik eta hortxe topatuko duzu.

 

(Willyk horrela dagi)

 

EMAKUMEA: Willy, Willy! Jaikiko al haiz? Jaikiko al haiz? Jaikiko al haiz?

 

(Willy desagertu da)

 

LETTA: Gizalege handiz jokatu duk heure aitarekin.

FORSYTHE: Tira. Hori ez duk hire aita!

BIFF: (Arrenkuraz, harengana bueltatuz) Forsythe andereñoa! Gizon hori printzea dun, printze eder eta maitagarria. Langile fin eta zintzoa! Munduan parekorik ez duen printzea. Benetako burkidea. Ulertzen al dun? Lagunik onena. Beti bere mutikoen aldekoa.

LETTA: Zer hitz politak!

HAPPY: Beno, neskak. Zer egin behar dugu? Denbora alferrik galtzen ari gaitun-eta. Anima hadi, Biff. Nora gustatuko litzaiake joatea?

BIFF: Zergatik ez duk zerbait egiten berarekin?

HAPPY: Nik!

BIFF: Ez dik axolarik ala?

HAPPY: Zer ari haiz esaten? Nik ezin diat ezer egin.

BIFF: Bai, ulertzen diat. Hiri ez dik axolarik.

 

(Gomazko tutua atera eta mahai gainean jarri du, Happyren aurrean)

 

BIFF: Begira zer aurkitu dudan etxeko sotoan. Jainkoarren! Eta ez al duk zerbait egin behar?

HAPPY: Nik? Nor da etxetik kanpoan beti dabilena? Nor dago beti etxetik ihes eginda?

BIFF: Bai, baina... aita ez da ezer zuretzat? Berari lagun diezaiokek... Nik... nik ezin diat ezer egin. Ez dakik zertaz ari naizen? Bere burua hil nahian zebilek. Ez dakik oraindik ala?

HAPPY: Ez diat jakin nahi!

BIFF: Hap, hik lagundu ahal diok! Ene Jesus! Lagunidak... lagunidak... Nik ezin zioat aurpegira begiratu! (Erdi-negarrez alde egiten du)

HAPPY: Nora hoa? Itxaron!

FORSYTHE: Zer gertatzen zaio?

HAPPY: Goazeman, neskak! Harrapatu behar dinagu-eta.

FORSYTHE: Ez zaidak gustatzen nola jokatzen duen!

HAPPY: Zertxobait urduri zegon, baina laster pasatuko zaion.

WILLY: (Eszenatokiz kanpo barre egiten duen EMAKUMEAri) Ez erantzun! Ez erantzun!

LETTA: Ez al diok hire aitari esango...

HAPPY: Hori ez dun nire aita. Ez zekinat nor den. Goazeman, azkar. Biff harrapatu behar dinagu-eta. Hiria hankaz gora jarriko dinagu! Stanley, kontua! Stanley!

 

(Korrika ateratzen dira. Stanley agertzen da)

 

STANLEY: (Haserre, Happyri deika) Loman jauna! Loman jauna!

 

(Stanleyk lurretik aulki bat jaso eta beraien atzetik doa. EMAKUMEA agertu da, barrez. Tunika beltz antzeko zerbait janzten du. Willy alkondara lotzen ari da. Mintzatzen diren bitartean, soinu lizun eta gordina entzuten da)

 

WILLY: Noiz arte jarraitu behar dun barrez?

EMAKUMEA: Ez al duk atea ireki behar? Hotel osoa iratzarriko dik-eta.

WILLY: Ez zekinat nor izan daitekeen.

EMAKUMEA: Har ezak beste kopa bat. Horrek lasaituko hau.

WILLY: Oso bakarrik nagon.

EMAKUMEA: Jadanik ez didak kasurik egiten, Willy. Bulegoan sartzen haizenean, nagusiaren bulegora jotzen duk nire idazmahaian gelditu gabe. Nitaz aspertu haiz.

WILLY: Ez huke horrelakorik esan beharko.

EMAKUMEA: Zergatik hago hain triste? Inoiz ikusi dudan gizonik tristeena haiz. (Barre egiten du. Musu ematen dio) Hator hona, ameslari hori. Gaua duk. Zertarako janzten ari haiz? (Norbait dago ate joka) Ez al duk atea ireki behar?

WILLY: Ez dun niretzat. Utzi.

EMAKUMEA: Baina norbait diagu ate joka. Eta jotzen duenak bazekik hemen gaudela. Beharbada, hotela sutan zegok!

WILLY: (Ikaraz) Gaizki-ulerturen bat izango dun.

EMAKUMEA: Bada esaiok alde egiteko!

WILLY: Ate atzean ez zegon inor.

EMAKUMEA: Urduri jartzen ari nauk, Willy. Norbait zegok ate horren atzean. Eta ez badiok irekitzen, nire onetik aterako nauk!

WILLY: (Bainugelara joanez) Ados. Sar hadi bainugelan. Eta ez atera hortik. Hemen, Massachusett-en, legeren bat omen zegon hotel eta emakumeei buruz... Uste dinat errezepziolari berria zela. Apur bat tontoa ematen zinan. Hi ez atera hortik. Gaizki-ulerturen bat izango dun. Hotela ez zegon sutan.

 

(Berriro atea jo dute. Willy irekitzera doa. Argiak jarraitzen dio. Orain BIFF GAZTEaren aurrean dago. Biffek maleta bat dakar. Biff Willyrengana doa. Ez dago soinurik)

 

BIFF: Zergatik ez didazu lehenago ireki?

WILLY: Biff! Zer egiten ari haiz Bostonen?

BIFF: Zergatik ez didazu lehenago ireki? Gutxienez bost minutuz egon naiz ate joka. Telefonoz ere deitu dizut.

WILLY: Ez diat entzun. Bainugelan nengoan, dutxa hartzen eta... Zerbait gertatu al da etxean?

BIFF: Aita... huts egin dizut.

WILLY: Zer esan nahi duk?

BIFF: Aita...

WILLY: Biffo, zer duk? (Besoz inguratu zaio) Goazemak behera zerbait hartzera.

BIFF: Matematikak suspenditu egin ditut.

WILLY: Azken azterketa?

BIFF: Bai. Beraz, ezingo naiz ekainean graduatu.

WILLY: Orduan, Bernardek ez dizkik erantzunak pasatu?

BIFF: Saiatu da, bai... Irakasleari arren eskatu diot aprobatua ematea. Baina ez dit eman nahi izan. Eskola itxi baino lehen, berarekin hitz egin behar duzu. Nolako gizona zaren ikusten duenean, aprobatua emango dit seguru!

WILLY: Oraintxe bertan itzuliko gaituk.

BIFF: Primeran, aita! Ziur nago aprobatuko nauela!

WILLY: Jaitsi behera eta esan errezepziolariari bagoazela. Azkar!

BIFF: Bai, jauna! Jakin nahi al duzu zergatik suspenditu nauen? Behin, Birbaum irakaslea berandu iritsi eta gelan sartu zenean, hantxe harrapatu ninduen, harbelean bera imitatzen eta horrela!

WILLY: (Barrez) Eta harrapatu hintuen?

BIFF: Klasekoak barrez lehertzen ari ziren! Zoritxarrez, Birbaum jaunak hortxe agertu behar zuen!

 

(Willyk barre egin du. EMAKUMEAk ere barre egin du)

 

BIFF: Norbait al dago hor?

WILLY: Ez, ondoko gelan izan duk.

 

(Eszenatokiz kanpo, EMAKUMEAk barre egin du berriro)

 

BIFF: Norbait dago bainugelan!

WILLY: Ez, ondoko gelan izan duk. Jai bat ari dituk ospatzen eta...

EMAKUMEA: (Barrez azalduz) Ez zaizue inporta zuekin geratzen banaiz? Bainugelan norbait zegok eta... mugitzen duk!

 

(Willyk Biffi begiratzen dio. Biffek, aho zabalik eta ikaraz, emakumeari begiratzen dio)

 

WILLY: A.... Hobe da zure gelara itzultzea. (Biffi) Bere gela pintatzen ari dituk, eta hemen dutxa hartzen utzi zioat. Zoaz, zoaz... (EMAKUMEAri bultz egiten dio)

EMAKUMEA: (Gogor eginez) Jantzi gabe nagok, Willy. Ezin diat...

WILLY: Hoa hemendik. Alde! Alde! (Bat-batean, beste tonu bat erabiliz). Hau Francis andereñoa duk, nire bezeroetariko bat. Bere gela pintatzen ari dituk eta... Itzuli zeure gelara, Francis andereñoa... Mesedez...

WILLY: (EMAKUMEAri eszenatokitik kanpora bultz eginez) Alde hemendik! Itzuli zeure gelara! Joan zaitez!

 

(Biff poliki-poliki bere maletan eseri da. Eszenatokitik kanpo, eztabaidak aurrera segitzen du)

 

EMAKUMEA: Non daude nire galtzerdiak? Galtzerdiak oparituko hizkidala esan huen.

WILLY: Hemen ez dizkinat hire galtzerdiak!

EMAKUMEA: Zetazko galtzerdi horiek nahi dizkiat. Nireak dituk-eta! Ekarriko hituela hitzeman hidan!

WILLY: Jainkoaren izenean! Aterako al haiz hemendik?

EMAKUMEA: (Gelan sartuz eta galtzerdi-kaxa bat hartuz) Hor kanpoan inor ez egotea baino ez diat espero. Horixe duk espero dudan guztia. (Biffi) Futbolaria ala saskibaloilaria haiz?

BIFF: Futbolaria.

EMAKUMEA: (Haserre, umiliatua) Ni ere bai. Gabon.

 

(Willyren eskuetatik arropak hartu eta kanpora doa)

 

WILLY: (Isilune baten ondoren) Beno, goazemak hemendik. Bihar goizean eskolan egon nahi diat. Atera itzak nire jantziak armairu horretatik. Maleta prestatuko diagu. (Biff ez da mugitzen) Zer gertatzen zaik? (Biffek geldi jarraitzen du, masailetan behera malkoak labaintzen zaizkiola) Bezeroa zuan... Bere gela pintatzen ari dituk eta... Zer pentsatu duk ba...? (Isiltzen da. Isilune bat) Entzun, mutil. Bezeroa baino ez zuan. Gauza batzuk saldu nahi nizkioan eta... (Isilunea) Ongi duk. Ekar itzak nire jantziak. (Biff ez da mugitzen) Utziok negar egiteari eta egizak esan diadana. Biff, zerbait egiteko esan diat! Horrela jokatzen al duk zerbait egiteko esaten zaianean? Nola ausartzen haiz negar egiten? (Biff besoz inguratzen du, maitasunez). Begira, Biff... Gizontzen haizenean, horrelako gauzak ulertuko dituk. Honi ez diok... ez diok garrantzirik eman behar... Bihar goizean Birbaumekin egongo nauk.

BIFF: Bost axola niri.

WILLY: (Biffen aurrean kokoriko) Bost axola diala? Azterketa aprobatuko duk. Ziur.

BIFF: Ez. Ez dizu jaramonik egingo.

WILLY: Oker hago. Virginiako Unibertsitatean sartuko haiz.

BIFF: Ez, ez naiz joango.

WILLY: Nola ezetz? Azterketa ez badik aprobatzen, akademia batera bidaliko haut. Uda osoa ikasten pasako duk.

BIFF: (Negar zotinka) Aita...

WILLY: (Hunkituta) Laztana...

BIFF: Aita...

WILLY: Emakume hori ez duk ezer niretzat, Biff. Oso bakarrik nengoan, izugarri bakarrik...

BIFF: Zuk... zuk... amatxoren galtzerdiak eman dizkiozu! (Negar eginez eta zutik jarriz, alde egiteko asmoz)

WILLY: (Biffi helduz) Agindu bat eman diat!

BIFF: Ez nazazu ukitu, gezurti horrek!

WILLY: Kendu ahotik hitz horiek!

BIFF: Itxurati hori! Itxurati madarikatu hori! (Biff azkar bueltatu, maleta hartu eta gelatik negarrez alde egiten du. Willy zoruan belaunik gelditu da)

WILLY: (Stanleyri garrasika) Agindu bat eman diat!

STANLEY: E! Altxa hortik, Loman jauna. (Zutitzen lagundu dio) Zure semeak joanak dira. Neskekin joan dira. Etxean ikusiko zaituztela esan dute.

 

(Beste zerbitzari batek erdi-ezkutatuta den-dena ikusi du)

 

WILLY: Elkarrekin afaldu behar genuen...

 

(Soinu bat entzuten da. Willyren soinua da)

 

STANLEY: Ibiltzeko gai al zara, jauna?

WILLY: Bai, noski... (Bat-batean bere itxuraz kezkatuz) Itxura... itxura ona al dut?

STANLEY: O, bai! Oso itxura ona duzu. (Jantzia apur bat txukuntzen dio)

WILLY: Tori... Dolar bat.

STANLEY: O, ez. Zure semeak dena ordaindu du. Ongi da.

WILLY: (Biletea Stanleyren eskuan jarriz) Ez, onar ezazu. Mutil jatorra zara-eta.

STANLEY: Ez, benetan...

WILLY: Tori... Tori gehiago... Nik ez dut dirurik behar... (Isilunea) Aizu, loradendaren bat ba ote dago inguru honetan?

STANLEY: Loradenda bat?

 

(Willy bueltatzen den bitartean, Stanleyk berriro dirua sartu dio jakaren poltsikoan)

 

STANLEY: Beno, Seigarren Etorbidean bat dago... Baina beranduegi izango da ziuraski.

WILLY: (Larriturik) A, ba orduan azkar ibili behar dut! Haziak erosi behar ditut-eta. (Eskuinerantz doa) Bai, haziak erosi behar ditut. Oraindik ez dut ezer landatu, ezertxo ere ez.

 

(Willy presaka badoa. Stanley, eskuinerantz joanez, Willyri begira gelditu da bistatik desagertu den arte)

 

STANLEY: (Beste zerbitzariari) Beno, zeri begira hago hor?

 

(Zerbitzariak aulkiak jaso eta eskuinerantz eraman ditu. Stanleyk mahaia ere jaso eta bestearen atzetik doa. Isilune luzea. Xirula-soinua entzuten da orain. Argiak, piskanaka-piskanaka, etxean hutsik dagoen sukaldea argitzen du. Happy etxeko ate aurrean agertu da, eta Biff ere bai. Happyk arrosa-xorta bat du eskuetan. Sukaldean sartu da, eta Linda bertan dagoen begiratu du. Inor ikusten ez duenez, atean gelditu den Biffengana bueltatu eta eskuaz keinu egin dio, barruan inor ez dagoela esan nahian. Baina Linda bertan dago, itzalean eserita. Lindak Willyren berokia du belaunetan. Zutitu eta Happyrengana hurbildu da, mehatxukor eta hitzik esan gabe. Happyk atzera egin du, sukalderantz.

 

HAPPY: Hara! Jaikita al zaude oraindik? (Lindak ez dio ezer erantzuten, baina harengana hurbiltzen jarraitzen du) Non dago zure aita? (Lore-xorta eskaintzen dio) Tori, amatxo. Jar itzazu zure logelan.

 

(Lore-xorta eskukada batez lurrera botatzen du. Loreak Biffen oinean erori dira. Biff barrura sartu eta atea itxi du. Linda Biffi begira gelditu da, isilik)

 

HAPPY: Zergatik egin duzu hori? Lore politak dira eta...

LINDA: (Happy isilaraziz eta Biffengana hurbilduz, oso-oso haserre) Ez al dik axola hilik ala bizirik dagoen jakiteak?

HAPPY: (Eskaileretan gora) Igo zaitez, Biff.

BIFF: (Atsekabe, Happyri) Hoa pikotara! (Lindari) Zer esan nahi duzu «hilik ala bizirik dagoen» horrekin. Hemen ez da inor hiltzen ari, ama.

LINDA: Alde hemendik! Alde hemendik!

BIFF: Aita ikusi nahi dut.

LINDA: Ez hurbildu berarengana!

BIFF: Non dago? (Egongelara doa. Lindak jarraitzen dio)

LINDA: (Biffi oihukatuz) Afaltzera gonbidatu huen! Egun osoan ez dik besterik izan buruan! (Biffek gurasoen gelan begiratu eta berriro ateratzen da) Baina zuek hor abandonatu duzue. Bakar-bakarrik utzi duzue! Pentsatu beharko nikean: zuengandik ezin dela ezer onik espero!

HAPPY: Zergatik diozu hori? Gurekin oso ondo pasatu du-eta. Aizu, (Linda berriro sukaldean sartzen da) utzi dugunean... Beno, gaua bukatzeko falta ziren orduak ez nituen alferrik galdu nahi...

LINDA: Alde hemendik!

HAPPY: Begira, ama...

LINDA: Gaur gauean ere neskatan ibili behar al huen? Hi eta hire emagaldu nazkagarriak!

 

(Biff sukaldean sartu da)

 

HAPPY: Ama, Biffen atzetik ibili behar izan dugu gau osoan. Bihotzik gabe zegoen-eta. (Biffi) Motel, zer-nolako gaua eman diguk!

LINDA: Joan zaitezte etxe honetatik, biak. Eta ez itzuli inoiz! Ez diozue oinaze gehiago emango. Har itzazue zeuen gauzak eta atera zaitezte etxe honetatik! (Biffi) Hire anaiaren apartamentuan lo egin dezakek. (Loreak jasotzen hasten da, baina bat-batean gelditu egiten da) Jaso ezazue zeuek guzti hau, ni ez nauk gehiago izango zuen morroia! Jaso ezazue dena, alferrontzi horiek!

 

(Happyk bizkarra eman dio, ez dituela loreak jasoko adierazi nahian. Biff poliki-poliki lurrean belaunikatu eta loreak jasotzen hasi da)

 

LINDA: Pizti hutsak zarete! Gizon hori ez zikean inork bakar-bakarrik utziko jatetxe batean. Gupidagabeak zarete!

BIFF: (Lindari begiratu gabe) Hori esan al du?

LINDA: Ez dik ezer esan. Pot eginda zegoan hona heldu denean. Ia-ia konortea galdu dik!

HAPPY: Baina, ama. Gurekin oso ondo zegoen! Gainera, primeran pasatu du!

BIFF: (Oso haserre) Hago isilik!

 

(Ezer esan gabe, Happy eskaileratik gora igo da)

 

LINDA: Hi! Ondo zegoen begiratzera ere ez haiz joan!

BIFF: (Oraindik lurrean, Lindaren aurrean, loreak eskuan) Ez. Ez naiz joan. Ez dut ezer egin. Zer iruditzen zaizu? Bere buruarekin bakarka hitz egiten sartu da jatetxeko komunean, eta ez dut ezer egin.

LINDA: Madarikatua! Hi...

BIFF: Bete-betean asmatu duzu orain! (Zutik jarri eta loreak zakarrontzira botatzen ditu) Munduko gizonik gaiztoena naiz. Eta zu niri begira zaude.

LINDA: Alde hemendik!

BIFF: Aitarekin hitz egin nahi dut, ama. Non dago?

LINDA: Ez haiz berarengana hurbilduko! Alde etxe honetatik!

BIFF: (Lasai eta ausart) Ez. Hitz aspertu bat egin behar dugu berak eta biok.

LINDA: Ez diozu hitzik egingo!

 

(Etxetik kanpoan zarata bat entzuten da. Biff zarata entzun den tokirantz bueltatu da)

 

LINDA: (Biffi, urrikaltasun-tonu batez) Uztak bakean, arren!

BIFF: Zertan dabil hor kanpoan?

LINDA: Haziak landatzen ari duk!

BIFF: (Geldi) Orain? O, Jainkoarren!

 

(Biff kanpora doa, eta Lindak jarraitu dio. Argia itzali da eta Willy dagoen lekua argitan azaldu da segituan. Eskuargi, aitzur, eta hazi-poltsa bat ditu ondoan. Aitzurra lurrean sartzen du indarrez. Gero, azalera oinez neurtu du. Hazi-poltsaren jarraibideak irakurtzeko, eskuargiaz baliatzen da)

 

WILLY: Azenarioak... bi ilada... metro t'erdi... (Pakete bat utzi eta beste bat hartzen du) Erremolatxak. (Pakete hori ere lurrean utzi eta beste bat hartzen du) Letxuga. (Oharrak irakurri ondoren, paketea lurrean uzten du) Ilada bat.. (Ben eskuin aldetik agertu eta Willyren aurrean gelditu da) Hau bai ifernua! Izugarria, benetan. Linda asko sufritzen ari duk. Bai, asko, Ben. Ulertzen al duk? Bide horretatik ibiltzen hasi ninduan, eta orain ez zegok bide beretik ateratzerik. Hasitakoari azkena eman behar zaiok-eta. Horrelaxe duk, bai... (Ben Willyrengana hurbildu da, zerbait esan nahi balio bezala) Erabaki bat hartu behar duk. Orain. Ez ahaztu hogei mila dolar poltsikoan dauzkagula. Aizak, Ben. Kontu honi buruz pentsatzen lagundu behar didak. Ez zeukaat-eta norekin hitz eginik, Ben, eta Linda asko sufritzen ari duk. Entzuten al didak?

BEN: (Willyri begira, pentsakor) Zer bururatu zaik?

WILLY: Gutxienez hogei mila dolar dituk. Nire aseguruaz ari nauk. Ulertzen al duk?

BEN: Ez izan eroa, William. Bazitekek asegurua bera baliorik gabe gelditzea. Norbaitek susmatuko balu...

WILLY: Ez dituk ausartuko horrelakorik egiten! Ez al nuen abereak bezala lan egin aseguruaren epe bakoitza ordaindu ahal izateko? Eta ez didatela ordainduko? Ezinezkoa duk!

BEN: Dena den, koldarkeria duk, William.

WILLY: Zergatik? Gehiago balio al dik etxean egoteak, horrela, ezer egin gabe?

BEN: (Amore emanez) Agian zuzen hago, William... (Pentsakor geratzen da) Hogei mila dolar... Ia-ia eskuekin uki zitezkek.

WILLY: (Ziurtasun eta konfidantza handiagoz) Bai, Ben. Horixe duk harrigarriena! Asegurua diamantea bailitzan agertzen zaidak, ilunean dirdirka, gogorra eta sendoa, eskuekin harrapatzen eta ukitzen erraza. Ez erosle batekin gelditzea bezala. Hau ez duk beste zita nazkagarri bat izango! Gauzak aldatzera zoazak, erabat. Berak uste dik gizon ahula naizela, ulertzen al duk? Eta horregatik mesprezatzen naik. Baina nire hiletara... (Adore handiz) Ben, jende pila etorriko duk! Aspaldiko guztiak etorriko dituk. Maine, Massachussetts, Vermont, New Hapshiretik etorriko dituk. Mutila erabat harrituta geratuko duk, Ben. Berak... ez zekik benetan nor naizen! Rodas Irlatik, New Yorketik, New Jerseytik etorriko dituk. Ez zekik nor naizen, Ben. Baina laster jakingo dik! Mutila zur eta lur geratuko duk!

BEN: (Lorategiko bazter batera joanez) Koldarra deituko dik.

WILLY: (Ikaraz) Ez! Hori izugarria izango lukek-eta.

BEN: Eta baita ero madarikatua ere.

WILLY: Ez, ez! Hori ez! Ez!

BEN: Gorrotatu egingo hau, William.

 

(Mutilen soinua entzuten da)

 

WILLY: O, Ben! Zer egin behar dut garai zaharretara itzultzeko? Hain politak zituan garai haiek... Kidetasunez beteak, neguko loreak, kristikinak... Beti gertazen zuan gauza on bat edo beste. Beti heltzen zuan berri pozgarriren bat... Maletak eramaten ez zidatean inoiz uzten! Eta gorri koloreko kotxe txiki, deskapotable hura... Zergatik? Zergatik ezin diot zerbait eman gorrota ez nazaan?

BEN: Utzi niri zerbait pentsatzen... (Bere erlojuari begiratzen dio) Oraindik badiat astia. Pentsatu duana ez zegok gaizki, ez. Dena den, kontuz ibili beharra zegok. Bestela, erotu hintzela pentsatuko ditek eta den-dena joan zitekek pikotara.

 

(Ben alde baterantz doa, begien bistatik desagertu arte. Biff ezkerretik agertu da)

 

WILLY: (Biff bertan dagoela ohartzen da. Burua bueltatu eta une batez begiratzen dio. Gero, hazi-poltsak lurretik jasotzen hasten da, urduritasunez) Non deabru daude hazi horiek? (Haserre) Hemen ez duk ezer ikusten! Auzo madarikatua... Atxilotuta bezala gaudek.

BIFF: Norbait dago zure ondoan. Ez zara ohartzen ala?

WILLY: Lanpeturik nabilek. Alde!

BIFF: (Willyri aitzurra eskuetatik kenduz) Adio esatera nator, aita. (Willy hari begira geratzen da, isilik) Ez naiz gehiago itzuliko.

WILLY: Orduan, bihar ez haiz Oliver ikustera joango?

BIFF: Ez dut zitarik lortu, aita.

WILLY: Besarkada bat eman zian eta... ez duala zitarik lortu?

BIFF: Aita, ahaztu horretaz, mesedez. Etxetik alde egin dudan bakoitzean, beti izan dugu iskanbila edo sesioren bat. Gauza batez konturatu behar duzu, eta gauza horrek nirekin du zerikusia... Ez dakit nola esan.... Ni... Aizu, ez dezagun pentsa errua norena izan zen. (Willyri besotik heldu dio) Ahaz gaitezen honetaz guztiaz, ados? Zatoz, amari esango diogu-eta. (Willyri aurrerantz, ezker alderantz, bultz egin dio begirunez)

WILLY: (Mugitu gabe, beldurrez eta zerbaiten erruduna bailitzan) Ez! Ez diat bera ikusi nahi!

BIFF: (Willyri zuzen-zuzenean begiratuz, erantzuna bere begietan egongo balitz bezala) Zergatik ez duzu ama ikusi nahi?

WILLY: (Zakar) Utz nazak bakean.

BIFF: Zer esan nahi duzu? Ez duzu ama ikusi nahi ala? Jendeak koldarra zarela pentsatzea nahi al duzu? Ez da zure errua, nirea baizik. Alferrontzia naiz, bai. Orain, zatoz barrura! (Willyk alde egin nahi du) Ez duzu entzun ala?

 

(Willy Biffez askatu eta etxean azkar-azkar sartu da. Biffek jarraitu dio)

 

LINDA: (Willyri) Zerbait landatu al duzu, maitea?

BIFF: (Atalondoan, Lindari) Ados gaude. Dena ongi dago. Etxetik alde egingo dut eta ez duzue ezer gehiago nitaz jakingo.

LINDA: (Sukaldean dagoen Willyrengana hurbilduz) Nire ustez, hori da erabakirik onena. Zuek biok elkarren artean ez zarete inoiz ongi konponduko.

 

(Willyk ez du ezer erantzuten)

 

BIFF: Jendeak galdetzen badizue non nagoen edo zertan ari naizen, zuek ez dakizue ezer. Ez zaizue axola ere. Horrela, nitaz berehala ahaztuko zarete eta bizitza berria hasteko aukera izango duzue. Ados? Gauzak garbi gelditzen dira orain, ezta? (Willy isilik dago, eta Biff berarengana hurbiltzen da) Zorte ona opa behar didazu, nire kapitaina! (Eskua luzatzen dio) Zer diozu?

LINDA: Emaiozu bostekoa, Willy.

WILLY: (Lindarengana bueltatuz, minduta) Ez dizu idazlumarena kontatu, ezta?

BIFF: (Begi onez) Ez dut zitarik lortu, aita.

WILLY: (Oso haserre) Ez al hau besarkatu eta...?

BIFF: Aita, nor naizen ez duzu inoiz ulertuko. Beraz, zertarako eztabaidatu? Petrolioa aurkitzen badut, txeke bat bidaliko dizut. Bien bitartean, ahaz zaitez nitaz.

WILLY: (Lindari) Gorrotatzen nau. Ohartzen al zara?

BIFF: Ekarzazu bosteko hori, aita.

WILLY: Ez!

BIFF: Ez nuke horrela alde egin nahi.

WILLY: Bada horrela alde egin beharko duk. Adio!

 

(Biffek une batez zorrotz begiratu dio. Gero, eskaileran behera doa)

 

WILLY: Ifernuan usteldu haiteke etxe honetatik alde egiten baduk!

BIFF: (Burua bueltatuz) Esango al didazu zehatz-mehatz zer nahi duzun nitaz?

WILLY: Gauza bakarra baino ez diat esango: trenean, mendian, basamortuan, edonon hagoela ere, gogoan izan orain esango diadanaz. Trenbideren baten ondoan usteltzen ari haizenean, gogoan izan eta ez hadi ausartu errua niri leporatzen!

BIFF: Ez dizut errurik leporatzen!

WILLY: Ez diat erantzunkizunik izan nahi. Garbi al dago?

 

(Happy eskailatatik jaitsi eta azken mailan eseri da, eszenatokira begira)

 

BIFF: Baina, hori bera esaten dizut nik!

WILLY: (Aulki batean eseriz, oso hunkituta, Biffen aurka) Azken kolpea eman nahi didak... Ez pentsa konturatzen ez naizenik!

BIFF: Ados, itxurazale hori! Argi dezagun kontu hau. (Gomazko tutua poltsikotik atera eta mahai gainean jartzen du)

HAPPY: Eroa...

LINDA: Biff! (Linda tutua ezkutatzen saiatzen da. Baina Biffek esku batez eragozten dio)

BIFF: Uztazu hor! Uztazu hor!

WILLY: (Tutuari begiratu gabe) Zer da hori?

BIFF: Ondo baino hobeto dakizu zuk zer den.

WILLY: (Ihesbiderik gabe baina ihes egin nahian) Lehenengo aldiz ikusten dudala...

BIFF: Ez, ez da egia. Sagutxoek ez zuten sotora jaitsiko, ezta? Zer egin nahian zabiltza? Heroi bihurtu edo...? Pentsatu al duzu horrela zutaz gupidatuko naizela?

WILLY: Ez zekiat ezer horri buruz.

BIFF: Zuretzat ez da gupidarik egongo. Ulertzen al didazu? Batere ez!

WILLY: (Lindari) Konturatzen al zara nola gorrotatzen nauen?

BIFF: Ez, egia entzungo duzu... Nor naiz ni? Nor zara zu?

LINDA: Nahikoa duk!

WILLY: Gorroto hutsa!

HAPPY: (Biffengana hurbilduz) Isilduko al haiz?

BIFF: (Happyri) Gizon horrek ez zekik nor garen! Baina orain jakingo dik! (Willyri) Etxe honetan hamar minutuz ere ez da sekula egia esan!

HAPPY: Nola ezetz?

BIFF: (Beragana bueltatuz) Hi beste gezurti bat haiz! Esan, hire nagusiaren laguntzailea al haiz? Bai eta zera ere! Laguntzaile baten laguntzaileetariko bat baino ez haiz!

HAPPY: Beno, ni...

BIFF: Hi beste gezurti bat haiz! Denok bezalakoxea! Eta nik ezin diat gezurrak esaten jarraitu. (Willyri) Entzun, Willy: ni Biff naiz.

WILLY: Bai, banekian.

BIFF: Eta ba al dakizu zergatik egon naizen hiru hilabetez helbiderik gabe? Kansasen jantzi bat lapurtu eta gartzelan sartu nindutelako! (Negar-zotinka ari den Lindari) Ez egin negar. Oraindik ez dut bukatu!

 

(Linda beraiengandik apartatu da, aurpegia esku artean ezkutatuz)

 

WILLY: Nire erruagatik izan dela pentsatu behar ote dut?

BIFF: Eskola utzi nuenetik, ez dut ezer onik egin!

WILLY: Eta noren errua da?

BIFF: Harrokeriaz bete nauzu eta orain ez naiz inoren aginduak jasotzeko gauza! Ohartzen al zara errua non dagoen?

WILLY: Nahikoa entzun diat!

LINDA: Biff!

BIFF: Bazen garaia, hau guzti hau argitzeko! Bi astetan aberatsa izan nahi nuen. Baina hori bukatu egin da!

WILLY: Orduan urka hadi! Gorrotoaren izenean, urka hadi!

BIFF: Ez! Hemen ez du inork bere burua urkatuko, Willy! Gaur hamar solairutan behera jaitsi naiz arrapaladan, idazluma bat eskuan nuela. Eta bat-batean gelditu naiz. Ulertzen al duzu? Bulegoz beteriko eraikin erraldoi horren erdian gelditu naiz... eta zerua ikusi dut. Mundu honetan maite ditudan gauzak ikusi ditut: lana, janari piska bat, nonbait esertzeko astia eta zigarro bat. Idazlumari begiratu eta nire buruari galdetu diot «Zer arraiorengatik lapurtu dut? Zergatik saiatzen ari naiz izan nahi ez dudana izaten? Zergatik egon naiz bulego horretan hain luzaro, neronen burua gorrotatzen, zoratzen, nahi dudan guztia hemendik kanpo egotea besterik ez denean, "badakit nor naizen" esango dudan unearen zain?». Zergatik ezin dut hori esan, Willy? (Willyri aurpegira begiratzen saiatzen da, baina Willyk alde baterantz bultz egiten dio, berak ezkerrerantz jotzen duen bitartean)

WILLY: (Gorrotoz, mehatxukor) Hire bizitzako ateak zabalik dauzkak!

BIFF: Aita! Porrot eginda nago! Zu bezalaxe!

WILLY: (Biffengana bueltatuz, bat-batean oso haserre) Ni ez nagok porrot eginda! Ni Willy Loman nauk, eta hi Biff Loman haiz!

 

(Biffek urrats bat aurrera eman du, Willyrengana; Happy, ordea, tartean jarri da. Biff bere aita jotzeko zorian dago)

 

BIFF: Ni ez naiz liderra, Willy. Ezta zu ere. Langile ona eta ameslaria izan zara, eta zabortegian bukatu duzu, gehienak bezala. Dolar bat ordaintzen didate orduko, Willy! Zazpi estatutan saiatu naiz, baina alferrik! Ezin izan dut marka hori gainditu. Dolar bat! Ba al dakizu zer esan nahi dudan? Etxe honetan ez naiz inoiz azalduko aberats eginda. Beraz, zergatik ez diozu uzten azalpen horren zain egoteari?

WILLY: (Biffi) Mendeku bila habil! Arrenkuraz beteta hago!

 

(Biff Happyrengandik askatu da. Willyk eskaileran gora atzera dagi, beldurrez. Biffek Willy geldiarazi du)

 

BIFF: (Su eta gar) Aita, ez naiz ezer! Ez naiz ezer! Aita, ezin duzu ulertu? Ez dago arrenkurarik! Ni hauxe naiz, eta kito!

 

(Biffen haserrea desagertu da eta negarrez lurrera erori da, Willyri helduta. Willyk Biffen aurpegia eskuekin bilatu du)

 

WILLY: (Harri eta zur) Zertaz ari haiz? Zertaz ari haiz? (Lindari) Zergatik ari da negarrez?

BIFF: (Negarrez) Jainkoaren izenean, utziko al didazu etxe honetatik alde egiten? Bidal ezazu pikotara zure amets faltsu hori. Bestela, zerbait gertatuko da! (Bere burua lasaitu, Willy utzi eta eskaileretan gora doa) Bihar goizean alde egingo dut. Eramazue... eramazue ohera. (Indarrik gabe, eskaileratatik igo eta logelan sartu da)

WILLY: (Isilune luze baten ondoren, harriduraz, liluraz) Ez... ez al da harrigarria? Biffek... maite nau!

LINDA: Bai, noski! Maite zaitu, Willy!

HAPPY: (Oso hunkituta) Beti maite izan zaitu, aita.

WILLY: O, Biffek negar egin du! Nire besoetan negar egin du! (Biffen maitasunaren frogak harri eta zur utzi du, eta itxaropen handiz oihukatzen du) Mutil benetan aparta izango da!

 

(Ben, sukaldetik kanpo, argi baten azpian agertu da)

 

BEN: Bai, mutil benetan aparta izango duk. Batez ere hogei mila dolarrekin...

LINDA: (Willyren gogo-aldaketaz ohartuz, beldur eta kontu handiz) Orain goazen lotara, Willy. Dena konponduko da.

WILLY: (Etxetik ateratzea erraza dela konturatuz) Bai, denok lotara. Goazen. Segi ohera, Hap.

BEN: Gizon benetan handia izan behar duk, oihanetik bizirik ateratzea lortzeko.

 

(Era beldurgarri batez, Benen soinu idilikoa entzuten da)

 

HAPPY: (Lindari besoez inguratuz) Ezkontzera noa, aita. Ez ahaztu. Gauzak aldatzen ari dira. Urtea amaitu baino lehen, apartamentua utziko dut. Ikusiko duzu, ama. (Musu ematen dio)

BEN: Oihana izugarria duk, baina diamantez beterik zegok, William.

 

(Willy bueltatu, apur bat aurrerantz joan eta Benen zain gelditu da)

 

LINDA: Zintzo ibili. Egia esanda, biak zarete mutil zintzoak. Jarraitu bide onean.

HAPPY: Gabon, aita. (Eskaileretan gora doa bere gelara)

LINDA: (Willyri) Zatoz, laztana.

BEN: (Gogor) Diamante bat nahi? Bada orduan oihanean sartu beharko!

WILLY: (Lindari, sukaldetik ate aldera doan bitartean) Unetxo batez kanpoan eseri nahi dut, Linda. Unetxo batez bakarrik, mesedez.

LINDA: (Beldurra ageri zaiola) Willy, mesedez. Goazen lotara.

WILLY: (Linda besarkatuz) Minutu bat barru igoko naiz, Linda. Oraintxe bertan ezingo nituzke begiak itxi. Zoaz zu ohera, nekatu-aurpegia duzu-eta.

 

(Musu eman dio)

 

BEN: Ez duk erosle batekin gelditzea bezala. Diamantea ukitzen duanean, latza eta gogorra dela ohartzen haiz.

LINDA: Nire ustez, hori da biderik onena, Willy.

WILLY: Bai, noski. Biderik onena!

BEN: Biderik onena!

WILLY: Eta bakarra ere bai. Gauzak aldatuko dituk, bai... Zoaz ohera, laztana. Oso nekatuta nabaritzen zaizu-eta.

LINDA: Beno, baina ez etorri berandu.

WILLY: Ez, ez. Oraintxe bertan joango naiz.

 

(Lindak egongela zeharkatu du. Gero, logelan sartu da. Willy sukaldetik atera da)

 

WILLY: Maite naik. (Mirespenaz) Beti maite izan naik. Ez al da harrigarria? Ben, honen ondoren adoratu egingo naik!

BEN: (Itxaropenez betetako ahotsaz) Oihana iluna duk, baina diamantez beteta zegok.

WILLY: Pentsa, ba! Zer ez du lortuko hogei mila dolarrekin?

LINDA: (Logelatik Willyri deika) Willy! Igo zaitez!

WILLY: (Sukaldeko atetik erantzunez) Bai! Banoa! Biderik onena duk. Ulertzen al duk? Egin beharra daukat, neska! Agur! Agur! (Benengana hurbilduz, ia-ia dantza eginez) Pentsa, ba! Posta iritsi orduko, berriro Bernarden gainetik egongo duk.

BEN: Oso ongi pentsatuta!

WILLY: Ikusi al duk nola egin duen negar nire besoetan? A, musu eman beharko niokean!

BEN: Berandu duk, William. Berandu duk!

WILLY: A, Ben! Banekian Biffekin lehenago ala beranduago konponduko nintzela. Biff eta biok!

BEN: (Erlojuari begiratuz) Itsasontzia. Berandu iritsiko gaituk.

 

(Ilunean desagertu dira)

 

WILLY: (Sukaldera itzuliz eta hileta-tonua erabiliz) Orain, mutiko, baloiari ostikoa eman behar diok. Ahalik eta urrunen bidali behar duk. Hoa zelai erdiraino baloi bila, hori oso garrantzitusa duk-eta. (Jauzi egin du; ikuslegoaren aurrean geratu da) Harmailetan mota guztietako jendea egongo duk hiri begira. Gogoan izan gero! (Bakarrik dagoela konturatuz) Ben, nola egin behar dut...?

LINDA: (Willyri deika) Willy, ba al zatoz?

WILLY: (Goiko gelarantz begiratuz, beldurrez, Linda lasaitu nahian) Ixo! (Berriro bueltatu da, bide baten bila ibiliko balitz bezala. Badirudi soinuak, aurpegiak eta ahotsak bere inguruan bueltaka dabiltzala, eta Willy horiek uxatzen saiatzen ari dela. «Ixo! Ixo!» esaten du behin eta berriro. Soinua gero eta altuagoa da, garrasa jasanezina bihurtu arte. Alde batetik bestera doa. Eta azkenez, etxetik alde egiten du) Ixooooo!

LINDA: Willy?

 

(Erantzunik ez. Linda zain gelditu da. Biff ohetik jaiki da. Oraindik jantzita dago. Happy ohean eseri da. Biff erne dago)

 

LINDA: (Erabat ikaratuta) Willy, erantzuidazu! Willy!

 

(Kotxe bat abian jartzen eta abiada bizian ateratzen entzuten da)

 

LINDA: Ez!

BIFF: (Eskaileretan behera) Aita!

 

(Kotxearen zarata aldendu ahala, soinua lehertu egiten da. Soinu hau violoncello baten lokarriek ateratzen duten taupada leuna bihurtzen da. Biffek eta Happyk euren jakak jantzi dituzte astiro-astiro. Soinua hileta-soinua da orain. Egunsentiko lehen printzak objektu guztien gainean erortzen dira. Charley eta Bernard agertu eta sukaldeko atea jo dute. Biff eta Happy, poliki-poliki, eskaileratik jaisten ari dira. Une horretan, Charley eta Bernard sukaldean sartu dira. Linda, soineko beltza jantzita, eskuan lore-xorta bat, sukaldeko atetik agertu da eta denak berari begira geratu dira unetxo batez, isilik. Charleyrengana hurbildu eta besotik heldu dio. Denak doaz ikusleengana. Aurreko eszenatokiaren mugan, Linda bertan belaunikatu eta loreak utzi ditu; gero, berriro zutitu da. Denak daude hilobiari begira)

 

 

© Arthur Miller
© itzulpenarena: Xabier Galarreta