VI

 

Bere gelan inor ikusi gabe kastigaturik dagoenaren gutuna:

 

Neure herlojuaren eskumuturrekoan

neure hatzazkalez eskribitu dinat

hire izena.

Nagoen lekuan

nakarrezko girtendun ganibetik

(arma ebakitzailerik edukitzen ez diaukunate uzten)

ez hodei artean burua sartzen duen lertxunik

ez dagoela

ongi dakin.

Beharbada egurastokian

arbolaren bat izanen dun,

baina ene buruaren gainean zerurik edukitzerik

ez diautanate pesmititzen.

Zeinbat jende gehiagori izanen zaio

leku hau laratz?

Ez diakinat.

Neure buruarekin bakarrean, haiengandik urruti niagon.

Haik, elkarrekin, enegandik urruti diauden.

Ene burua ez den inorekin mintzatzea

debekaturik diagokidan.

Beraz neure buruarekin mintzatzen naun.

Baina ene mintzabidea hain aspergarria denez geroz,

kantatu egiten dinat, esposa neurea.

Gainera, zer iruditzen zain?

Harmoniarik gabeko neure boz izugarri hori

hain barrenera sartzen zaidanez gero,

arima hondatzen diautan.

Eta hala nola

emazurtz hura,

elurrez estalitako bideetatik dabilana,

begi nabarrak negarrak bustitakoa,

bere sudur tipia gorriturik daukana,

neure bihotz honek

hire magalera kokatu eta negar egin nahi din.

Negarrez...

baina ez kaminoaren erdian zaldi gorridun ibiltaria geldiarazteagatik...

Negarrez...

baina ez hegaztina beltz gosetuen oihuak ez entzuteagatik...

ez etxe urrikior bateko ate beroa irekitzeagatik...

Negarrez...

eta haizearen pean ikaraz...

Negarrez...

eta ez inorengandik ez ezer ez iguri...

Bakarrean negarrez,

neure buruarentzat...

Eta ni

neure bihotzaren egoera honetaz

ez naun lotsatzen.

Ez.

Neure bihotzak umilki burua apaltzen baldin badu,

bere barrenean ezkutatzen baldin bazait,

istant honetan

hain ahul,

hain egoista,

hain sinpleki gizakor ikusten baldin badut,

masailak ez ziaizkidan gorritzen.

Beharbada geisotasun batez geisoturik diagon.

Agian egoera honek

azalduera fisiolojiko, psikolojiko edo antzeko bat edukiko din.

Agian guzti honen arrazoia

leiho horretako burdinetan,

buztinazko pitxer honetan

edo lau paret hauetan

egonen dun,

zeren

azken hilabete luze hauetan

ez baitautate entzuten utzi

ene ez den

beste

giza-bozik...

Bostak ditun, esposa neurea.

Kanpora

egarri hau, hots bakan hauk, lurrezko teileria hau,

infinituaren erdian geldirik dagoen

zaldi argal eta herren ban,

kanpora

trebetasun hau, maisutza hau,

han dun,

arbolarik gabeko errmuaren gainean

hain gorri den

estepako gau honen pean,

barrenean, gartzelaren barrenean aurkitzen dena

zoro bihurtzeko

behar duten

guztia.

Gaur ere, sarri etorriko dun gaua.

Zaldi argal eta herrenaren inguruan

argi bat paseatuko dun,

eta bat-batean

arbolarik gabeko hutsune hau

izarrez beteko dun,

hor,

ene aurrean etzanik,

gizon bortitz baten gorputz hila baliz bezala dagoen

izaera desesperatu batez.

Berriz ere etorriko gaitun asuntuaren bukaera itxadonera.

Esan nahi dinat

dena dagoela bere lekuan,

dena beterik eta kunpliturik dagoela,

herrimin aberats baterako prest.

Nik, barreneko gizon honek,

berriz ere probatuko dinat neure trebetasun ezaguna,

eta neure haur egunetako xilibitu meheaz

aire berotako kantu bat oihuztatzen dudalarik,

Jainkoarren zin egiten dinat,

eta poztasunik gabeko neure mihia maradikatzen dinat

neure adimenduan hain urruti,

mirail apurtu batean ikusiko bahindut bezala

laino artean hain galdurik,

ikusten

haudalako...

 

 

 

© Nazim Hikmet

© itzulpenarena: Gabriel Aresti

 

 

"Nazim Hikmet euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus