LUCCA

 

Nere etxean, Egipton, afaldu eta errosarioak errezatu

ondoren, nere ama mintzatzen zitzaigun toki hauetaz.

Nere haurtzaro osoa harritu egin zen.

Hiriak badu trafiko izukor eta fanatiko bat.

Horma hauen artean soilik bide nabarrean egon ohi da.

Hemen helburua da abiatzea.

Eseri egin naiz ostatuko atariko freskoan jende batekin

bere eremua balitz bezala Californiaz mintzatzen dena.

Espantuz neure burua aurkitzen dut pertsona hauen trazetan.

Orain senditzen dut neure zainetan barrena neure hildakoen odol beroa.

Neronek ere aitzur bat hartu dut.

Lurraren ixter ketsuetan irriz badakusat neure burua.

Adio desirioak, nostalgiak.

Iraganaz eta etorkizunaz lagun batek jakin ahal duena badakit.

Orain ezagutzen dut neure patua, eta neure jatorria.

Profanatzeko ezta amets egiteko, ezer ere ez zait geratzen.

Dena gozatu dut, eta sofritu.

Hil beharrarekin konformatzeaz baizik ez zait geratzen.

Seme alabak haziko ditut beraz trankil.

Nahikeria gaizto batek amodio hilezkorrei buruz

bultzatzen ninduenean bizia laudatzen nuen.

Orain, nik ere, amodioa kontsideratzen dudanean

espeziaren garantia bezala, heriotza dut begibistan.

 

 

 

© Giuseppe Ungaretti

© itzulpenarena: Eduardo Gil Bera

 

 

"Giuseppe Ungaretti - Poza" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.eus