IBAIAK

 

                Cotici, 1916ko abuztuaren 16an

 

Zuhaitz trasmoxtu honetan sostengatzen naiz

ikuskari ondoko edota aurreko

zirko baten

hildura duen

haran honetan abandonatua

eta beha natzaio

hedoien iraganaldi geldiari

ilargi gainean

 

Goizean etzan naiz

urezko ontzi batean

eta erlikia bat bezala

pausatu egin naiz

 

Isonzok irristuz

leuntzen ninduen

haren harria bainintzen

 

Neure lau hezurrak

ditut goratu

eta lekutu egin naiz

ur gainetik

akrobataren manerala

 

Kokorikatuta

gerrak zikindu neure arropen

ondoan

beduino baten eran

makurtu egin naiz

eguzkitan

 

Honako hau Isonzo da

non

neure unibertsoren hari

moldakorra hobekien

ezagutu dudan

 

Neure burua

disarmonian

zaidanean

da nere oinazea

 

Baina blaitzen nauten

izkutuko esku

horiek

erregalatzen didate

zorion

aparta

 

Neure biziaroak

berrikuskatu

ditut

 

Hona neure

ibaiak

 

Honako hau Serchio da

baliatu dira honetaz

bi mila urtez nonbait hor

gure jende nekazaria

baita gure aita eta ama

 

Honako hau Nilo da

sortzen eta hazten

ikusi nauena

baita zelai zabaletan

oharkabeziaz erretzen

 

Honako hau Sena da

eta haren uherrean

nahasi egin naiz

eta neure burua ezagutu

 

Hona neure ibaiak

Isonzoan kondatuak

 

Honako hau nere ibai-mina da

haietariko bakoitzean

gardendu egiten nauena

gauaz delarik

neure bizitza iruditzen zaidalarik

ilunbezko

lore ostaldi bat

 

 

 

© Giuseppe Ungaretti

© itzulpenarena: Eduardo Gil Bera

 

 

"Giuseppe Ungaretti - Poza" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.eus