HITZAURREA

 

        Alexandrian sortzea suertatu behar izan zitzaiolarik 1888ko otsailak 10ean, Giuseppe Ungaretti migrari italiarren semea zen. Bere gurasoek bazuten Egiptoko hiri hartan okindegi txiki bat. Hazi zen elebitasun aski berezi batez —italiera, frantsesa—; izanez ere, elehirutasunezko kultura baten barrenean zegoen —arabiarra, italiera, frantsesa—. Honek haren gogoaren sormenari eragindakoa erabat neurtezina zaigu. Bere literatur obra nagusia italieraz izan eta ere, parte handixko bat frantsesez idatzi zuen.

        Italia ez zuen ezagutu 24 urte bete arte; beraz, esan gabe doa Afrikak harengan zeukan eragina sakona izan zela. 1912an hasi zen Parisen estudiatzen, orduan eta hantxe, hain zuzen ere, irakin gorrian zegoen garaiko abangoardia artistikoaren mugida eta bertan parte hartutako lagun asko ezagutzeko aukera izan zuen; beretzako inportanteak ziren beste gertakarien artean, Bergson filosofoaren klaseetara joan eta Apollinaire poetarekin adiskidetu egin zen.

        Italiako armadan lehendabiziko gerran aritzen zelarik, hasi zen Poza idazten. 1916an agerturiko lehen bertsioaren izenburua Urperatutako Kaia zen: arkeologoek urpean aurkitutako Alexandriako kai zaharraren aipamen metaforiko bat giza gogoaren kai sekretuaren bidez. 1919an bigarren zatia agertu zen, Naufragioaren Poza. 1923an egin zen bigarren edizio bat, Mussoliniren hitzaurrea zekarrena. Ungarettik faxismoaren alde jokatu zuen hasieradanik eta sutsuki idatzi zituen artikulu eta aipamen asko burgesiaren kontra: «...burgesiak kendu dio gizakiari amesteko gaitasuna; gaurgero, hari esker, izateko ahalmenik ez dago, dagoena soil edukitzeko ahalmena da...»

        Azkeneko bertsio definitiboa 1942an agertu zen Poza izenburupean eta bost zatitan emana: «Azkenekoak» (gerra aurreko poemak), «Urperatutako Kaia», «Naufragioak», «Ibiltaria», eta «Lehendabizikoak» (gerra ondoko poemak).

        Bitartean, Denboraren Sendimendua (1933) eta Mina (1947) publikatu zituen. Hainbestenarekin, Erroman —1936 arte— eta gero Brazilen —1942 arte— bizi zen irakasle moduan. Berriro Italiara itzuli zenean, guztiz poeta ospetsutzat ezagutua zen. Akademikoa eta Erromako unibertsitateko irakaslea izendatua izan zen per chiara fama, han oso literatur kurtso sonatuak eman zituen. Milanon hil zen 1970eko ekainak 1ean.

        Poza dugu, dudarik gabe, XX. mendeko poesia italiarraren liburu kardinala; harengandik sortzen da mendeko poesiaren orijinaltasunaren erro sakona. Besteak

beste, Ungarettik esperimentatu zuen lehen aldiz, eta bikainki esperimentatu ere, endekasilaboa bere barne arnasaren arabera zatikatzen; hor, bizi eta gogo erritmoan, hitz bakoitzak sendiarazten du bere esanahirik trinkoena, berezkoena, azkena. Zertaratu gabeko adjetibazio hutsalak, surrealismoaren modari esker bazterrak nazkatu arte hedatu zen joerak, ez du hemen plazarik batere. Poesia pausaren arte delikatuak, ordea, badauka bere eredurik gorena; nor bakoitzaren sekretuak badauka, aurkitzen ahal du, aurreondoko isiltasunen arteko istant hauskorrean, oihartzun toki ezinesana. Bestalde, eta inola ere ezin izan zen bestela izan, bere irakurleak moldatuz joan den obra izan da; irakurpenaren sena bera ontzen duen liburu bat.

        Ungarettiren eskutik, poesiaren itzulpengintzaz hitz bi, euskaldunoi ongi letozkigukeenak. Itzultzaile aparta zelarik (Shakespeare, Góngora, Mallarmé, Saint-John Perse...), hona zer zioen:

        «Poesia itzulezina da. Itzulpena da, hain juxtu ere, indibidual eta imitagaitza diren gauza guztien erabateko proba nagusia. Erritmoa ez da itzulgarria, hizkuntza bakoitzean moldatzen baita erarik berexienean bere hitzen elkartze eta luzaduraren arabera. Silaben nolakotasuna ez da itzulgarria, bi hizkuntzen arteko lehendabiziko ezberdintasun nabarmena beraien balore fonikoetan datzalarik. Edukia ez da itzulgarria, pertsonalitate baten barneminean moldatzen eta animatzen baita; eta giza pertsonalitatea, berez bere, ezinbesteko bakarra da. Forma eta estiloa ere ez dira itzulgarriak, hor agertzen baita sakon eta biziki egilea bera, eta itzuliz geroztik bera

ez da izango eta ez da izaten ahalko ere. Zergatik itzultzen da orduan? Zergatik egin dut neronek ere? Xinpleki poesia obra orijinalak egiteagatik...»

 

Eduardo Gil Bera

 

 

Ez nukeen Ungarettiren Poza-ren itzulpen hau burutuko
hainbat puntutan Mari Pepa Palomero-ren
laguntza neurgaitza izandu ez banu.

Nori berea bada prestuaren legea,
bihoazkio ene eskerrik beroenak.

 

 

 

© Giuseppe Ungaretti

© itzulpenarena: Eduardo Gil Bera

 

 

"Giuseppe Ungaretti - Poza" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.eus