HITZAURREA
Vitalie Cuif Arthur Rimbaudez erdi zenean, ez zekien nor zekarren mundura. Alabaina, badirudi Baudelaire-k urte batzuk lehenago harengan pentsatu zuela poetaren amaren ahotan bertsook ipini zituenean:
Gorengo botereen agindu bategatik
Mundu hontan poeta agertu zenean,
Bere ama izuan eta biraoz beterik
Jainkoaren kontra dabil, bere haserrean
«Zergatik eztut sortu sugea ta ziraua,
Altzatu baino lehen nire urkamendia?
Madarikatu bedi atseginezko gaua,
Egin zitzaidanean nire galmendia!»
(C. Baudelaire, Bedeinkazioa.
G.Arestiren itzulpena)
Arthur Rimbaud 1854ko urriaren 20an jaio zen Charlevillen,
Ardena mendikateak bere azken erroak, jadanik apalduak, hedatzen dituen lurraldean.
Paul Claudel-ek honela deskribatzen du lurralde hori: «Gogora dakart
atzera, ibili berria dudan eremua: Mens ibaia, garden eta ilun; Méziéres,
muino lakarren artean kokaturiko gotorleku zaharra; Charleville, danbata hotsez
eta labe garaiez beteriko ibarrean. (Hemen datza Rimbaud, neskato batentzat
eraikitako hilobian). Gero Ardenetako lurraldea, uzta urria, arbelezko teilatu
multzo bakana, eta beti ere ortzemugan oihanen leiendazko marra. Iturburu ugarien
lurraldea...; Aisne ibai berdea, nenufarez gainezka eta haren jade koloretik
ilkitzen diren hiru ihi luze horiak. Eta gero Voncq-eko estazio hori, makalondo
errenka biren artean bistaz haraindik urrunean galtzen den ubide funebre horrekin:
hor egon zen itxoiten, arratsalde goibel batez, bere amaren etxera eramango
zuen kalesa, Abisiniatik bueltan Marseilan hankamotz gelditu ondoren...».
Ez zuen inoiz bere jatorriarekiko uste onik izan. Aitzitik, Denboraldi bat infernuan liburuan, abizenaren etimologiaz baliatuz (Rimbaud, ribaud-etik dator, antzinako germanieraz emagaldua esan nahi zuena, eta, erdi aroan frantsesturik, mertzenario adieraztera pasa zena), zera dio: «Ni arraza beherekoa naiz».
Arthur Rimbaud, modernitate poetikoaren guraso behinenetakoa izateaz gain, modernitatea bera bere zabaltasun baztergabean eta norabide anitzkoi eta askotan kontrajarrietan, saihetsez saihets aintzindari gisa korritu eta aztertu duena izan da. Denbora laburraren barnean (hogei urtez gero, literaturaz beste egiten du) eta obra aski urriaren baitan, poesiaren historia guztian zehar agertu diren eredu nagusien geruzak ediren daitezke metaturik: klasikotik hasi eta, romantizismoa barne, sinbolismoa eta XX. gizaldiko poesiaren leherketaraino. Haren poemen artean berdin aurki daiteke gardentasun eta sotiltasun handieneko poematxo xarmagarri bat, zeinak heiagora profetikoaren hatsa duen, eta XX. gizaldiko gertakizun tragikoen aintzin salaketa dirudien, pasarte sinbolista hermetikoena.
Antologia honetan, salbuespenak aparte, Rimbauden poema ulergarrienak aukeratu ditut, besteak beste, kritiko zital batek «tarjeta postal» deitura iraingarriaz kalifikatu zituen horietakoak barne direla. Kasu honetan ordea, aukera ez da errazkeriaren amoreagatik edo helburu didaktiko baten kariaz egina izan, maitasunaren eskutik baino, zeren, betidanik, graziaz eta sotiltasunez beteriko lehen adolezentziko poema horiek xarmatu egin naute. Eta inoiz lotsarik izan badut nire gustuaren sinpletasuna dela-eta, Claudio Rodriguez, gaztelaniar poeta handiak, hautu bera egiten zuela aitortu eta antologia honetan azaltzen diren zenbait poema, Zamorako bere frantses ahoskera berezian, errezitatu zidanez geroztik, lotsa galdu nuen.
«Maitasunaren hilean gaude; hamazazpi urte ditut. Esperantzaren eta kimeren adina, omen eta horra non hasi naizen, ni, Musaren hatzak ikuturiko haurra, barka arruntkeria, nire uste onak, nire esperantzak, nire sentsazioak adierazten, poeten gauza horiek oro, honi udaberria deritzot».
Pasarte hau, Théodore de Banville parnasiarren chef
de file zenari idatzi zion lehen gutunean agertzen da. Orduan Rimbaudek
hamabost urte ditu, eta ez hamazazpi, gutunean dioen bezala, eta jadanik bere
idazkeraren tonua emana dago: ez dakigu benetan ari den, baina trufa aire baten
susmoa hartzen diogu esaten duenari eta esateko moduari nahiz eta ez dakigun
nortaz trufatzen den, bere buruaz ala gutun hartzaileaz. Axola gutxi du
ordea benetan ala gezurretan dabilen jakiteak; edozela, poeta fingidore bat
da, eta Mikel Iriondok Pessoari buruz dioena, hitzez hitz Rimbaudi ere egotzi
dakioke: «En (Rimbaud) es evidente su rebelión continua contra
la Realidad impuesta, él es el constructor de nuevas y múltiples
realidades, la manifestación más lúcida del eterno caminante
que continuamente se redescubre a sí mismo». Poema hauetan bere
kimerak, sentsazioak eta esperantzak adierazten ditu, Musaren hatzak ikututako
haur on baten modura. Bere loraldi poetikoaren udaberrian gaude eta oraindik
ez du hartu mauvaise garçon planta. Idealizazio naif moduko zerbait
nabari zaio, baina, kontuz!, inoiz izan ez den poeta naif baten itxurak egiten
dabilen susmoa ezin dugu burutik kendu. Honela bada, paradoxa txiki baten aurrean
gaude: ironia kargarik ez daramaten poemok ironiazko clavean irakurri beharko
genituzke. Maitasuna agertzen da maiz poemotan. Gehienetan bere kimeretako bat
da, zeren, dakigun neurrian, Rimbaud gazteak ez zuen ezagutu emakumerik. Charlevilleko
landetan zehar, buhame baten antzera dabilenean, izadiarekiko amodio panteista
emazteki baten konpainia bailitza sentitzen du (Sentzazioak). Lehen
Gaua-ko neska biluzia, Negurako Ametsa-n wagoi arrosako bidaia laguna,
Cabaret-Berde-Enean inguruan dabilkion neskame diti oparotsua, e.a. amodiozko
fantasia hutsak dira. Aldiz, Zorri Bilatzaileak, bere bizitzako pasadizu
batean oinarriturik dago eta hemen zuzenago azaltzen du emakumeekiko bere sentimenduaren
eztitasuna eta sentsualtasuna. Eta azkenik, talde honen barruan aipagarria da
Karitate Serorak, non gogotik kutiziatzen duen emakume figura honi (karitate
serora, alegia) esanahi sinboliko sakona bezain iluna ematen dio. Figura misterioso
hori berraipatuko du Denboraldi bat infernuan liburuan modu profetiko
batez berriro galdetzen duenean: «karitatea niretzat herioaren ahizpa
izanen ote da?»
Aldiz, garai hartan benetan ezagutu zuen bohemia bakarra bere ibilaldiek, erraketek eta ihesek osatuko dute. Oso goiz, etxeko eta herriko giro itogarririk («ma ville natale est supérieurement idiote entre les petits villes de province») ihes egitea amesten du. Ibilketaren gaia lelo modura agertzen zaigu xarma berezia duten hamaika poemetan: Sentzazioa, Nobela, Negurako Ametsa, Cabaret-Berde-Enean, Nire Bohemia,... Poema horietan, arrano kumeak bere lehenengo saio laburretan bezala, ikus dezakezu Rimbaud gaztea ihes luzeak eta definitiboak egiteko ausardia geroxeago, garai hori gogoratuz, esango duenez: ijitu jatorrena baino desinterestuago, ez herririk, ez adiskiderik izateaz fier, denbora oroz errepideetan».
Beste poema multzo batean bere ideia eta jarrera politikoak aldarrikatzen ditu. Ohar historiko minimo batzuk beharrezkoak dira ulertu ahal izateko. Second Empire deitu erreinutzaren amaieran, Frantzia bi zatitan erdibiturik zegoen: bonapartista joerako eskuindar kontserbatzailea alde batetik, eta, bestetik, errepublikaren aldeko ezker liberala. Rimbauden joera politikoa bigarrenaren aldera lerrotzen zen errepublikazale eta antiklerikal
amorratua izaki. 1870eko uztailaren 15ean Frantziak gerra deklaratzen dio Prusiari. Paul de Cassagnac erregezaleak dei ozen bat egiten du frantsez guztiak batasun sakratuaren izenean etsaiaren aurka bil daitezen: «Zuek, errepublikazaleok, gogora ezazue 1792an...». Egun batzuk lehenago, dinastia sendotzeko gerra handi baten beharra aldarrikatzen zuten erregezaleek, orain 1792ko iraultza hartu nahi dute ikurrin gisa herriaren faborea izateko. Asaldaturik, Rimbaudek hamalauko bipil bat idazten du, Cassagnac moduko jauntxo faltsuak astintzeko:
Larogei t hamabi larogei t hamairuko zenduok,
libertatearen besarkada bortitzez zurbilduok
-
Velay-n hilak, Fleurus-en hilak, Italian hilak,
anehunka Kristo begi gozo eta iluneko.
Ez da hori gerra Franko-Prusianoaren eraginez idatziko duen poema satiriko bakarra; horrekin batera Gaizkia, Kaiserren Amorruak eta Ibarreko Lotia, itzuli ditugunak aipatzeko, osatzen dute, nolabait esateko, «gerrako poemak» izenda genezaken zikloa. Poesia konprometitua, non egileak bere antiklerikalismoa eta monarkiaren kontrako herra, mespretxua eta higuina bortizki adierazten dituen. Poesia harma gisa, helburuari buruz doi zuzendua, karga metaforiko eta sinbolikoaren ekonomi handia egiten duena, eta, hala eta guztiz ere, pietatea eta gozotasuna dariola.
Bukatzeko, ez nuke aipatu gabe utzi nahi, agian, Rimbauden poema entzunena, Untzi Hordia. Egia esan behar badut, bere sona delako sasi arrazoiagatik sartu dut nahiz eta funtsean pentsatu konposaketa distirante hau, distiranteegia niretzat, egitera bultzatu zuen zioa Pariseko stablishement poetikoaren aurrean bere burua harroki agertzeko xedean zetzala. Orobat esan dezaket hainbeste esames sortu den Bokaleak delakoari buruz. Poema horretan kodifikatu nahi izan zuen, omen, ezagupen poetikoa objetiboki adierazteko hizkuntza unibertsala. Nire ustez ordea, poema hori jolas eta dibertimendu bat besterik ez da, mistifikazio bat finean.
Hala eta guztiz ere, ez naiz nor iritzi estuegiak inori inposatzeko. Irakurleak du azken hitza.
Mikel Lasa
© Mikel Lasa