INFERNUKO GAUA

 

Pozoin trago galanta irentsi dut. —Izan bedi hiru aldiz benedikatua arribatu zaidan kontseilua! —Sabela erretzen daukat. Pozoinaren bortxak nire menbroak bihurritzen ditu, desitxuratzen nau, lurrera jaurtitzen. Gosez hilko naiz, itotzear nago, ezin dut oihu egin. Infernua da, betirako oinazea! Begira nola suak indarra hartzen duen! Erretzen nago behar bezala. Ekiok, demonio!

        Ontasun eta zorionera bihurtzea begiztatu nuen, salbazioa. Ikuskizuna deskriba dezaket agian, baina infernuko aireak ez du gorazarrerik jasaten! Dena zen anehunka gizakume xarmant, kontzertu espiritual xuabea, indarra eta bakea, anbizio zindoak, zer dakita?

        Anbizio zindoak!

        Eta hau bizitza baldin bada oraindik! —Damnazio eternala baldin bada! Bere burua mutilatu nahi duen gizona ondo damnaturik dago, ez da? Infernuan nagoela uste dut, beraz han nago. Horrela dio kateximak. Nire bataioaren esklabu naiz. Guraso, zuek sortu duzue nire malura eta zeuena. Gaixo errugabea! —Infernuak ezin diezaieke jentilei eraso egin. —Bizitza da oraindik! Geroago, damnazioaren deliziak are sakonagoak izanen dira. Krimen bat, fite, eror nadin ezerezean, giza legea dela medio.

        Hago isilik arren, hago isilik!... Ahalgea, destaina da hemen: satanek dio sua doilorra dela, nire herra lelokeria nardagarria dela. —Aski da!... Belarrira luzatzen dizkidaten errakuntzak, magiak, sasi perfumeak, musika infantilak. —Eta esan egiaren jabe naizena, justizia dakusadana: erizpide osatu eta zíurraren jabe naiz, perfekziorako prest nago... Harrokeria. —Buruko azala ihartzen ari zait. Erruki! Jauna, beldur naiz. Egarri naiz, ezin egarriago! Ai! haurtzaroa, belazea, euria, aintzira harrien gainean, ilargi argia kanpaiak hamabiak jotzen zituenean... Deabrua kanpandorrean dago, tenore honetan. Maria! Birjina Saindua!... —Nire lelokeriaren higuina.

        Han behean, ez ote dira haiek nire onginahia opa duten arima jatorrak?... Zatozte... Burko bat dut ahoan, ez didate entzuten, iratxoak dira. Gainera, inork ez du inoiz besteengan pentsatzen. Ez bitez hurbil. Erre usaina nabaritzen dut, egiatan.

        Aluzinazioak kontaezinak dira. Betidanik ukan ditut: historian sinestearen galera, hastapenen ahanztura. Ez dut horretaz deus esango: poeta eta visionarioak bekaizti izan daitezke. Ni naiz hamaika aldiz aberatsena, gaitean itsasoa bezain zikoitz.

        Hara! bizitzaren erlojua puntuan gelditu da. Ez nago honez gero munduan. —Teologia serioa da, infernua behean dago noski —eta goian zerua. —Estasi, lokamuts, sugar habia batean lo egin.

        Zenbat malezia landak behatzean... Satan, Ferdinando [1], badoa bihi basatiekin... Purpurinezko sasien gainetik dabil Jesus, zapaldu gabe... Ur haserreen gainetik zebilen Jesus. Linternak [2] zutik erakusten zigun, zuri eta adatsak beltzaran, esmeralda kolorezko olatu baten bizkarrean...

        Misterio guztiak agertzera noa: erlijio misterioak edo naturalak, herio, sortze, etorkizun, iragana, kos mogonia, ezereza. Fantasmagorietan maixu naiz.

        Entzun arren!...

        Talentu guztiak ditut! —ez dago inor hemen, eta badago norbait: ez nuke nahi nire altxorra barreiatua izan dadin. —Nahi dituzue negroen kantak, hourien dantzak? Beharrezkoa ote desager nadin, eraztunaren bila murgil egin dezadan? Beharrezkoa ote? Urreaz, erremedioak eginen ditut.

        Nitaz fida zaitezte, fedeak lasaitu egiten du, gidatu, sendatu. Guztiok, zatozte, —haurtxoak ere bai, —zaituztedan kontsola, zuen amoreagatik bihotza isuria izan dadin, —bihotz harrigarria! —Gaxo gizonak, behargin! Ez dut errezurik eskatzen; zuen konfiantzaz bakarrik, zoriontsu izanen naiz.

        —Eta nigan pentsa dezagun. Honek munduaren pena gutti ematen dit. Bada zerbait gehiago ez sofritzea. Nire bizitza zoramen eztia besterik ez da izan, tamalez.

        Ba! Egin dezagun pentsa ahala espantu.

        Ez dago dudarik, mundutik lekora gaude. Hotsik ez gehiago. Nire ukimena desagertu egin da. Ai! nire gaztelua, nire Sajonia, nire sahats oihana. Arratsaldeak, goizak, gauak, egunak... Ahiturik nago!

        Herrarentzat nire infernua beharko nuke, nire infernua urguiluarentzat, —eta kareziaren infernua; infernu kontzertu bat.

        Nekearen nekez hiltzera noa. Hilobia da, harren artera noa, izuaren haundia! Satan, fartsante hori, desegin gura nauk hire xarmen poderioz. Otoi. Otoi! Sarde kolpe bat, su tanta bat.

        Ai! bizitzara azaleratu! Gure deformitateei so egin. Eta pozoin hau, besarkada hau mila aldiz madarikatua! Nire ahulezia, munduaren ankerra! Ene Jainko, erruki, gorde nazazu, ez nabil batere ondo! —Gorderik nago eta ez nago.

        Sua da berpizten dena bere damnatuarekin.

 

[1] Hala deitzen ornen diote Deabruari Vouziers-eko (Ardennes) nekazariek (Itzultzailearen oharra)

[2] Linterna magikoaren proiekzioaz ari da, noski (Itz. o.)

 

 

© Arthur Rimbaud

© itzulpenarena: Mikel Lasa

 

 

"Arthur Rimbaud - Denboraldi bat infernuan" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.eus