ARTHUR RIMBAUD-EN BIZITZA

 

        1854. Urriak 20, Rimbaud-en jaiotza, Charleville (Ardena). Aita, Frederic Rimbaud, infanteriako kapitaina, Afrikan ibilitakoa; ama, Vitalie Cuif, lur jabe apalen familia batetakoa. Aurreko urtean Frédéric anaia zaharrena jaio zen.

        1858. Ekainak 15. Vitalie Rimbaud-en jaiotza.

        1860. Uztailak 1. Isabelle Rimbaud-en jaiotza. Urte honetan senar-emazteak banatu egiten dira; ez dute elkar ikusiko gehiago.

        1862. Charleville-ko Rossat ikastetxean sartzen da.

        1868. Frantziako printzeari, honen lehen jaunartzea dela eta, zuzentzen dizkio latinez idatzitako bertsoak. Erretorika ikasketak George Izanbard irakaslearekin. Irakasle honen eta Rimbaud-en harremanak gero eta estuago izanen dira, hura bere lehen konfidente poetiko izateraino. Harreman honen lekuko guregana heldu diren Arthur-en zenbait gutun heldu zaizkigu.

        1869. Le Moniteur de l'Enseignement Secondaire aldizkarian Rimbaud-en hiru konposizio poetiko, latinezko bertsotan, agertzen dira. Horietako batek Douai-ko Akademiak antolatu lehen saria irabazten du. Urte honetan idatzi zituen ezagutzen diren bere lehen poemak.

        1870. Revue pour tousen Les Etrennes des Orphelins poema agertzen da. Uztailak 19an Gerla franco-prusiarraren hasera. Izanbard irakaslea, eta jadanik bere laguna bezala, errepublikazale eta antiklerikal sutsu egiten da. Poema aunitz idazten du. Hauetako zenbait, poeta Parnasianoen buru den Théodore de Banvilleri igortzen dio gutun interesgarri batekin, non bere asmo poetikoen berri ematen dion. Abuztuak 29an Arthurrek lehenengo ihesa Parisera, trenez. Bileterik gabe bidaiatzen duenez, Pariseko geltokian poliziak atxilotu eta espetxera daramate. Beldurturik, Izanbard-i idazten dio laguntza eta diru eske. Honek libratu ezezik, bere etxera eramaten du amaren haserrea baretu bitartean. Etxeratu eta egun batzu geroago berriro ihes egiten du Belgika aldera, oraingo honetan oinez.

        1871. Uztailak 28. Frantsesen porrota. Alemanak Champs Elysées-en desfilatzen dute. Otsailak 25. Hirugarren ihesa, Parisera berriro. Martxo arte iraungo du Charlevillera itzuli aurretik. Martxoak 18. Comuna-ren altxamendu herrikoia. Poemak idazten jarraitzen du. Izanbard-en bitartez, Paul Demeny, Douais-ko idazle gaztea ezagutzen du eta adiskide egiten. Verlain-i zenbait poema igortzen dio. Honek Parisera gonbidatzen du eta irailean egiten du bidaia. Oraingo honetan egonaldia luzeago izanen da. Pariseko bohemia literarioan parte hartzen du. Verlainekiko harreman homosexualen hasera.

        1872. Martxoan Charlevillera. Ezagutzen ditugun bere azken poemak idazten ditu, besteak beste, zenbait aldaketa gorabehera Denboraldi bat infernuan liburuan agertzen direnak. Maiatzean Parisera berriro. Uztailan Belgikara Verlainekin batera, honek bere emaztea abandonatu ondoren. Irailan biak Inglaterrara doaz. Londresen elkarrekin bizi dira. Abenduan Rimbaud Charlevillera itzultzen da.

        1873. Verlain-en erreguari amore emanez, Londresera berriro. Apirilean biak Inglaterra uzten dute; Verlain Belgikan geratzen da; Rimbaud Roche-ra doa amak daukan landetxe batera. Hemen hasten da Denboraldi bat infernuan idazten. Maiatza. Verlain eta Rimbaud Londresera itzultzen dira berriro. Uztaila. Haserratu egiten dira. Verlainek Bruselasera aldegiten du. Egun batzu geroago Rimbaud jarraikitzen zaio. Errierta batean Verlainek pistola tiro batez eskumuturrean zauritzen du Rimbaud. Verlain espetxeratu egiten dute eta Rimbaud espultsatua izanen da. Rochen apirilean hasitako Denboraldi bat infernuan bukatzen du eta Bruselasen inprimatzen. Moldiztegiak fakturarekin batera zenbait ale bidaltzen dio, baina beste gainerantzerako guztiak bertan geratuko dira ordaindu ezinean.

        1874. Londresera doa, oraingo honetan Germain Nouveau poetarekin. Illuminations idazten jarraitzen du. Parte bat 1872 eta 1873an idatzi bide zuen.

        1875. Stuttgart-en egonaldia. Verlainek espetxetik irten ondoren bisita egiten dio harremanak jarraitu asmoz, baina ez dira konpontzen. Maiatzean Suiza eta Italiatik zehar txango bat egiten du. Dirurik gabe Konsulatu frantsesak aberriratu egiten du. Garai honetan Espainiako Gerra Karlistetan boluntario gisa parte hartzeko ahaleginak egin bide zituen baina, edonola, ez zuen bere asmoa burutu. Uztailean Parisera. Urrian Charlevillera itzultzen da. Abenduan Vitálie arrebaren heriotza.

        1876. Vienara doa. Espultsatu egingo dute. Holandara. Hemen Indonesiako armada Holandesan sartzeko hitza ematen du. Ekainean untziratzen dira Betaria-rantza. Uztailean arribatu ondoren, aste gutxira, hanka egiten du eta Europara itzultzen. Abenduan Charlevillen dago.

        1878. Udara Rocheko baserrian ematen du uzta lanetan. Urrian txango luze bati egiten dio, Vosge, Suiza, Lugano, Milan eta Genova zehar. Azaroan, Genobako portutik Alexandriarantz untziratzen da. Chipren harrobi batean kapataz lana egiten du.

        1879. Chipre utzi eta Frantziara itzultzen da sukarrak jota. Udara Rochen pasatzen du. Negu haseran, Eguzkialdera partitzeko asmoz Marseilara doa, baina hemen gaixotu eta, berriro Rochera itzultzen da.

        1880. Apirila. Chipren aurkitzen dugu eraikuntza lanetan begirale bezala. Abuztuan, Itsaso Gorriko portuak korritu ondoren Aden-en pausatzen da; narru eta merkatal konpainia batean lana bilatzen du. Azaroan Abisinian Harar-era destinatzen dute merkatal sukursal bat ireki eta zuzen dezan. Abenduan iristen da, hogei egunez Somaliako desertua zaldiz zeharkatu ondoren.

        1881. Harar-en denbora osoz.

        1882. Konpainiak deituta Aden-era doa lanera.

        1883. Martxoan Harar-era itzultzen da. Ogadineko lurralde ia ezezaguna esploratzen du. Honetaz txosten bat idazten du Societé de Geographierentzat.

        1884. Konpainiak porrot egin duelarik, Aden-era itzultzen da.

        1885. Bere kontura hasten da lanean, arma trafikoan Abisiniako gerra giroa profitatuz. Abenduan Tadjourah-n dago, Etiopiako erdi aldean kokaturik dagoen Choa-ra eraman nahi duen karabana bat antolatzen.

        1886. Tadjourah-n eta Aden-en. Fusil eta kartutxo salmentan dihardu.

        1887. Abisinian zehar dabil. Heriotzera eramango duen gaixotasunaren lehen aieruak: nekaturik eta ahuldurik, ezkerreko hanka, belauna eta iztarra minbera du. Aden-era itzultzen da urrian.

        1888. Aden-etik Harar-era eta alderantziz joan etorrian ematen du urte osoa.

        1889. Harar-en, armak, narrua eta kafea trafikatzen.

        1891. Apirilean belauna anpusten zaio ikaragarri, eta oso gaixorik, kamila batean etzanik hamabi eguneko bidaia egiten du horretarako kontratatu dituen natiboak oinez eramaten dutelarik. Maiatzean Marseillan lurreratzen da. Ospitalean sartzen dute. Amari idazten dio: «Isabelle eta zu, zatozte tren expresoan Marseillara. Astelehenean hanka moztuko didate. Hiltzeko arriskuan nago...» Hanka mozten diote. Rochera doa bere familiarekin. Ebakuntzak ez du gangrena geldiarazi. Abuztuan Marseillara itzultzen da bere arreba Isabellekin. Ospitalean sartzen dute. Azaroan 10ean hiltzen da oinaze haunditan.

 

 

"Arthur Rimbaud - Denboraldi bat infernuan" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.eus