Natanael gizarajoari zer gertatu zitzaion kontatzen segi aurretik, ordea, irakurle bihozbera! baldin Spalanzani mekaniko eta automatagile trebeari dagokionez kezkarik baduzu, ziurta diezazuket zauri guztietatik guztiz sendatu zela. Hala ere unibertsitatea utzi egin behar izan zuen, Natanaelen historiak atentzioa deitu baitzuen eta oro har iruzur onartezinezkotzat jotzen baitzen guztiz te-zirkulu zuhurretan (Olinpiak arrakastaz bisitatuak zituen) pertsona bizien ordez zurezko panpina kontrabandoz sartu izana.

        Legegizonek iruzur hori disimulutzat eta jendearen kontra zuzendua zegoenez gogorrago zigortu beharrezkotzat irizten zuten, eta hain maltzurkiro prestatua, non inork (estudiante oso zuhur batzuk ezik) ez baitzuen igarri, alde batera utzirik orain denak esaten zutela jakinaren gainean zeudela eta susmagarri gertatu omen zitzaizkien era guztietako gertakariak aipatzen zituztela. Azken hauek ordea ez zuten arrazoizko ezer ekartzen argitara. Izan ere, susmagarri gerta ote zitekeen, adibidez, tezale elegante batek esaten zuen bezala, Olinpiak, ohitura on guztien kontra, sarriago egiten zuela domistikun ahozabalka baino? Hasteko, zioen eleganteak, barneko mekanismo eragile ezkutuaren korda bera izan zela, nahiko zarata harrigarria egin zuena, e.a. Poesia eta erretorikako profesoreak surrauts apur bat hrtu, kaxatxoa itxi, eztultxo bat egin eta handikiro esan zuen:

        Jaun-andre agurgarriok! Ez duzue asmatzen non dagoen gakoa? Guztia alegoria bat da; metafora luzatu bat! Ulertzen duzue zer esan nahi dudan? Sapienti sat!

        Baina jaun agurgarri askorentzat hori ez zen nahikoa; automataren historiak erro sakonak ernerazi zizkien arimetan eta giza-irudien kontra kezkaz beteriko mesfidantza itsatsi zien. Zurezko panpinik inolaz maite ez zutela komentzitzeko, maitale askok eskatzen zuen, maiteak konpasa segitu gabe kanta edo dantza egin zezan, irakurtzen ziotenean brodatu edo puntu egin zezan, zakurtxoarekin jolas egin zezan e.a; ez bakarrik entzun egiten zuela baizik hitz egiten zuela ere erakusten zuten gauzak, beraz, hitz egite honek aldez aurretik pentsatze eta sentitze bat beharrezko zituelako. Askoren maitasunezko lotura sendoagoa eta une berean xamurragoa bilakatu zen, beste batzuk, ordea, poliki-poliki banatu egin ziren.

        — Ezin ziurta daiteke —esaten zuen batek edo besteak.

        Teetan uste ezin adina egiten zen ahozabalka, baina ez domistikunik, susmo guztiak baztertzeko.

        Spalanzanik, esan bezala, aldegin behar izan zuen iruzur eginez automata bat gizartera eramateagatik ikerketa ireki zitzaiolako. Coppola ere desagertua zen.

        Amesgaizto astun izugarri batetik bezala esnatu zen Natanael, begiak ireki eta sentitu zuen zoriontasun esanezinezko batek inguratzen zuela berotasun zerutiar xamurrez. Bere gelan zegoen etzanda aitaren etxean ohean, Klara bere gainera makurtua zeukan eta hurbilean ama eta Lotario zeuden.

        — Azkenik, azkenik, o nire bihotzeko Natanael, gaixotasun astun horretatik sendatuta zaude; berriro nirea zara!

        Hala hitz egin zion Klarak arimaren hondo-hondotik eta beso artean estutu zuen Natanael. Baina honek malenkonia eta lilura handiagatik malko goriak isurtzen zituen begietatik eta sakon suspiriatu zuen:

        — Ene, ene Klara!

        Siegmund, premia larri hartan adiskidearen ondoan leial egon zena, sartu zen. Natanaelek eskua luzatu zion:

        — Zuk, anaia leiala, ez nauzu utzi.

        Eroaldiko arrasto guztiak galduak ziren, eta berehala indartu zen amaren, maitearen eta adiskidearen kuidadu arretatsuei esker. Hala, beraz, poza berriro itzulia zen etxera; gainera senide zahar bat, noregandik inork ezer esperoko ez zukeen, hila zen, eta amari ondasun nahiko garrantzizkoren artean lur zatitxo bat utzia zion, hiritik urruti ez zegoen paraje atsegin batean. Hara aldatuko ziren ama, Natanael bere Klararekin, honekin ezkontzekotan baitzegoen, eta Lotario.

        Natanael inoiz baino apalago, haur gisakoago bihurtua zegoen, eta orain ezagutzen zuen, azkenik benetan, Klararen izaera zerutiar garbi eta bikaina. Inork, inolako aipamenik txikienaz ere, ez zion gogora ekartzen iragana. Bakarrik, Siegmundek agur esan zionean, mintzatu zen Natanael:

        — Jainkoaren izenean, anaia! bide okerretik nenbilen, baina aingeru batek une egokian eraman ninduen arrasto argira! A, Klara izan zen, bai!

        Siegmundek ez zion utzi gehiago hitz egiten, kezkaturik oroigarri mingotsak argiegi eta sutsuegi etorriko ez ote zitzaizkion gogora.

        Lau gizaki zoriontsuak lur zatitxora joan zitezen garaia iritsi zen. Eguerdian hiriko kaleetan zehar joan ziren. Zenbait gauza erosiak zituzten, udaletxeko dorre garaiak azokara botatzen zuen itzal handia.

        — E! —esan zuen Klarak—, igo gaitezen eta ikus ditzagun urruneko mendiak!

        Esan eta egin! Biak, Natanael eta Klara igo ziren, ama neskamearekin batera etxera joan zen, eta Lotario, eskailera asko haiek igotzeko gogorik gabe, behean gelditu zen. Han zeuden bi maitaleak, eskuak eskutan, dorreko galeria gorenean eta oihan usaintsuetan zehar begiratzen zuten, haien ostean hiri erraldoi bat bezala altxatzen zen mendate urdinera.

        — Begira basotxo gris harrigarri hori, badirudi zuzen-zuzen gure aldera datorrela —galdetu zion Klarak.

        Natanaelek mekanikoki bota zuen eskua sakelara; Coppolaren ikus-begia aurkitu zuen, eta albora begiratu zuen. Klara zegoen katalejuaren parean! Zainetan eta gorputz guztian astindu mingarriak sentitu zituen... zuri-zuri eginda Klarari begiratzen zion, baina berehala biraka ari zitzaizkion begietatik suzko garrak piztu eta txinpartaka hasi zitzaizkion, izugarriro egin zuen garrasi, piztia jazarri baten antzera; orduan jauzi egin zuen airetara eta bitartean beldurgarriro barre eginez hots egin zuen ahoskera ebakikorrez:

        — Zurezko panpinatxo egin bira! Zurezko panpinatxo egin bira! —eta indar handiz Klara oratu eta bota egin nahi zuen behera, baina Damak atzamarrak itsatsi zituen barandan irmo herio-izu antsiatiz.

        Lotariok entzun zuen eroa orroka, entzun zuen Klararen beldur garrasia, susmo txar izugarria gainditu zitzaion, eskaileratan gora abiatu zen lasterka, bigarren eskailerako atea itxita zegoen, ozenago burrunbatzen zituen Klararen aiene garrasiak. Amorruz eta antsiaz sena galdurik jo zuen atearen kontra, eta azkenik ireki ere ireki zuen... Gero eta ahulagoak ziren Klararen hitzak:

        — Hel... salbatu... salbatu...

        Horrela hil zen ahotsa arnasestuka.

        — Hilda dago... eroak hil du! —hala hots egin zuen Lotariok.

        Galeriako atea ere itxita zegoen. Erraldoien indarra eman zion ezinegonak, atea erroetatik lehertu zuen. Jainko zerukoa! Natanael eroak oraturik, galeria gainean mugitzen zen airetan Klara... esku bakar batez heldu ziezaiokeen oraindik burdinazko barrote bati. Tximista baino bizkorrago heldu zuen Lotariok arreba, barrura erakarri, eta une berean ukabilkada bortitzez jo zuen amorratua aurpegian, honi atzera eragin eta heriotzara kondenatua libre utziaraziz.

        Lotario behera abiatu zen, konortea galdu zuen arreba besoetan zuela. Salbatua zen. Baina Natanael Galerian biraka ari zen eta jauzi egin zuen airetan eta garrasi egin:

        — Suzko zirkulu egin bira! Suzko zirkulu egin bira!

        Garrasi basati haietara jendea bildu zen; beraien artean izugarri handi altxatzen zen Coppelius abokatua, puntuan hirira iritsi eta zuzen-zuzen azokara abiatua baitzen. Batzuk ero amorratua menderatzeko gora igo nahi zutela-eta, Coppeliusek barre egin zuen esaten zuela:

        — Jaja... zaudete, hori berez etorriko da behera —eta gainerakoek bezala gora begiratzen zuen.

        Natanael josita bezala geratu zen bat-batean, beheko aldera makurtu zen, Coppelius sumatu zuen eta garrasi lazgarri bat:

        — A! Beki eierrak... beki eierrak... —eginez baranda gainetik jauzi egin zuen.

        Natanael burua hautsita plazako harri gainetan zegoenerako, Coppelius jendetzan galdua zen.

 

* * *

 

        Urte asko geroago, urrutiko paraje batean ikusi omen zuten Klara, nola zegoen eserita gizon arraitsu batekin, eskua eskutan, etxalde eder bateko atean eta beraien aurrean bi mutiko argi zeudela jolasean. Hortik atera liteke, bere joera alaitsu eta biziari zegokion eta barnetik hautsita zegoen Natanaelek sekula ziurtatuko ez zion etxeko zorion barea aurkitu zuela oraindik Klarak.

 

 

© E.T.A. Hoffmann

© itzulpenarena: Pello Zabaleta

 

 

"E.T.A. Hoffmann - Hareetako gizona" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.eus