Spalanzaniren festa izan zen hurrengo egunetan elkarrizketa guztietan solasgai, benetan bikaina izan bazen ere, aurkitu zituzten bitxikeriak eta arrarokeriak aipatzen zituzten buru arinek, eta bereziki Olinpia guztiz hotz eta isilaz ari ziren, bere itxura ederra alde batera utziz gero total ergela zirudiela-eta, asmatzen saiatu ziren zergatik eduki ote zuen Spalanzanik hain luzaro ezkutaturik.

        Natanaelek barneko mingostasunez jakin zuen hori, baina isilik geratu zen; pentsatu ere pentsatzen baitzuen alferrik zela kaiku haiei argitzea beraien ergelkeria propioa zela Olinpiaren izaera sakon apartekoa ezagutzen eragozten ziena?

        — Egidazu mesede anaia —esan zion egun batez Siegmundek—, egidazu mesede eta esan nolatan enamoratu zaren zu, mutil zentzuzko hori, argizarizko aurpegi horrekin, zurezko panpina horrekin?

        Natanael bat-batean haserretu zen, baina azkar mantsotu eta erantzun zion:

        — Esaidazu zuk Siegmund, bestela ederra beti sumatzen duen zure begiradak, zure sen azkarrak nolatan ez duen igarri Olinpiaren maitasunezko dirdai zerutiarra? Horrexegatik, talentuari esker, ez zaitut etsaitzat; bestela gutariko batek odoletan hil beharko zukeen.

        Siegmundek igarri zuen zer gertatzen zitzaion adiskideari, trebekiro aldatu zuen gaia, eta maitasunean helburuari buruz sekula epairik ez dela eman behar azaldu ondoren, jarraitu zuen:

        — Harritzekoa da hala ere gutariko asko iritzi berekoak garela Olinpiari buruz. Guri —ez hartu gaizki, anaia!— harrigarriro zurrun eta arimarik gabeko iruditu zaigu. Soinez proportziozkoa da, bere aurpegia bezala, egia da! Edertzat bar liteke, bere begirada hain bizi-distirarik gabea ez balitz, esan nahi nuke ikusmenik gabea ez balitz. Bere pausajea harrigarriro neurtua da, mekanismo montatu baten higidurak markatua dirudi mugimendu bakoitzak. Jotzeko daukan moduak, kantatzeko moduak makina kantari baten izpiriturik gabeko konpas guztiz desatsegin bat dauka, eta gauza bera gertatzen da bere dantzarekin ere. Olinpia hori guztiz arraro gertatu zaigu guri, ez genukeen berarekin zerikusik izan nahi, guri iruditzen zitzaidun izaki bizidun baten modura jokatzen zuela bakarrik baina kasu berezi bat zela.

        Siegmunden hitz hauen bidez nagusitu nahi zitzaion sentimendu mingotsera ez zen inolaz makurtu Natanael, bere haserrea menderatu zuen eta oso serio esan zion soilik:

        — Nahi baduzue zuei, gizaki hotz arruntoi, Olinpia bitxi gerta dakikezue. Arima poetikoari bakarrik agertzen zaio ondo moldatua! Niri bakarrik zuzendu zitzaidan haren maitasunezko begirada, eta sentimen eta pentsamenduak izarniatzen zizkidan, Olinpiaren maitasunean bakarrik aurkitzen dut neure nortasuna berriro. Beharbada ez zaizue ondo irudituko elkarrizketa alferretan parte hartzen ez badu, beste izpiritu antzuek bezala. Hitz gutxi esaten ditu, egia da; baina hitz gutxi horiek azaltzen dira barneko bizitzaren egiazko hieroglifiko bezala, maitasunez eta bizitza izpiritualaren ezagutza gorenez beteriko betiko bizitzaren aurrean. Baina guzti horretarako ez daukazue zuek bat ere zentzurik, eta dena alferrikako hitzak dira.

        — Jainkoak gorde zaitzala, anaia —esan zion Siegmundek xamur, kasik errukiz—, baina nirekiko daukat okerreko bidetik zabiltzala. Fida zaitezke nirekin, baldin dena... Ez, ez dut ezer gehiago esan nahi!

        Natanaeli bat-batean iruditu zitzaion Siegmund hotz prosaikoak leialtasun osoa eskaintzen ziola, eta eskaintzen zion eskua bihotz osoz heldu zion.

        Natanaelek guztiz ahazturik zeukan berak maite izan zuen Klara bat munduan bazegoenik; ama, Lotario: denak galdu zitzaizkion oroimenetik, Olinpiarentzat bakarrik bizi zen, eta harengana joan ohi zen egunero ordu luzeetan eta bere maitasunaz, bizitzeraino goritu zen sinpatiaz, kidego psikikoaz fantasiatzen zuen, Olinpiak guztia jaierarik handienaz entzuten ziolarik. Inoiz bizitzan idatzi zuena atera zuen Natanaelek idaz-mahaiko azken zokoetatik. Poesiak, fantasiak, ikuskizunak, eleberriak, kontakizunak, guztiau egunero ugaltzen zuen era guztietako soneto, estanza, kanzone erogarriz, eta guztia irakurtzen zion Olinpiari, ordu luzez, bata bestearen atzetik, nekatu gabe.

        Sekula ez zuen halako entzule bikainik izan. Ez zuen ez brodatzen ez puntu egiten, ez zuen leihotik begiratzen, ez zuen txoririk zaintzen, ez zuen jolas egiten altzoko zakurtxo batekin, ez katu kuttun batekin, ez zuen paper zatirik edo bestelako ezer eskuetan, ez zuen nagirik estali behar eztultxo baten bidez. Hitz batean! Ordutan eta ordutan begirada tinkoa aldatu gabe begiratzen zion maiteari begietara, mugitu gabe eta aspertu gabe eta gero eta goriagoa, gero eta biziagoa bihurtzen zen begirada hura. Azkenik Natanael altxatu eta eskuan, eta are ahoan mun ematen zionean, esaten zuen neskak:

        — A, a! —Eta gero—: Gabon, nire maite!

        — O zu izpiritu aparteko, sakon hori —esan zuen Natanaelek bere gelan—: zuk, zuk bakarrik ulertzen nauzu.

        Barneko liluramenduz dardarka jartzen zen pentsatzen zuenean zein batasun miragarria ageriagotzen zen bere eta Olinpiaren arimaren artean egunetik egunera; iruditzen baitzitzaion, Olinpiak bere obrez, bere poeta gaitasunaz barnerik sakonenetik hitz egin zuela, are barne-barnetik atera zitzaiola ahotsa. Hala izan behar zuen gainera egiaz; aipaturiko hitzez aparte, ez baitzuen Olinpiak sekula beste ezer esan. Gogoratzen bazen, ordea, Natanael une argi zentzuzkoetan, adibidez, goizean esnatzean, benetan Olinpiaren pasibotasun osoan eta hitz urritasunean, hala esaten zuen hala ere:

        — Zer dira hitzak! Hitzak! Haren begi zerutiarren begiradak edozein hitzek baino askoz gehiago esaten du. Zeruko haur batek lurreko premia mixerableetara mugatzen duen inguru estura mugatu behar al du, bada?

        Spalanzani profesoreak oso pozik zirudien bere alabak Natanaelekin zituen harremanez; bere onginahiaren era guztietako seinale garbiak eman zizkion eta azkenik Natanael urrutitik ausartu zenean Olinpiarekiko lotura aipatzera, profesoreak barre handi bat egin zuen eta adierazi: Berak aukera librea emango ziola guztiz bere alabari. Hitz hauek akuilaturik, bihotzean gogo kiskalgarria zuelarik, erabaki zuen Natanaelek hurrengo egunean Olinpiari eskatuko ziola argi eta garbi hitz garbietan ager ziezaiola, aspaldidanik bere maitasunezko begirada beroek adierazi ziotena, alegia, bere izan nahi zuela betiko.

        Amak agur esatean eskaini zion eraztuna bilatu zuen, hura Olinpiari bere opalbenaren, harekin erneko eta loratuko zuen bizitzaren seinaletzat emateko. Klararen, Lotarioren kartak aurkitu zituen horretan ari zela; hoztasunez bota zituen bazterrera, eraztuna aurkitu zuen, hatzean jarri eta lasterka abiatu zen Olinpiarengana. Eskaileratan dagoeneko, ataurrean, zarata harrigarri bat entzun zuen; Spalanzaniren ikasgelatik zetorrela zirudien. Ostikoak, karraskadak, bultzadak, atearen kontra kolpeak, eta tartean madarikazioak eta errietak. «Utzi hori» - «Utzi hori» - «Lotsagabea» - «Eroa!» - «Horretarako jarri gorputz eta arima guztia?» - «Jajaja!» - «Ez zen hori izan gure arteko tratua» - «nik, nik egin ditut begiak» - «nik engranaia» - «deabru tonto hori zure engranaiekin» - «erlojugile txepelaren zakur madarikatua» - «alde hemendik» Satanas - geldi - «torlojulari zikina - «deabruaren piztia! geldi - alde» - «utzi hori!»

        Spalanzaniren eta Coppelius izugarriaren ahotsak ziren, horrela buila eta garrasi egiten zutenak. Barrura sartu zen Natanael izugarrizko antsia batek hartuta. Profesoreak emakumezko irudi bat zeukan helduta bizkarretatik, Coppola italiarrak berriz hanketatik eta bakoitzak bere aldera tira egiten zion amorrurik handienaz hura bereganatzeko borrokan.

        Izuikaraz beterik Natanaelek atzera egin zuen Olinpiaren irudia ezagutu zuenean; haserre basatian suturik bi amorratuei maitea kendu nahi izan zien, baina une horretan Coppolak indar handiz bueltatuz irudia profesoreari eskuetatik kendu eta irudi berarekin kolpe beldurgarri bat eman zion, atzeraka mahai gainean erori eraziz, han zeuden anpuluak, bonbila-okerrak, botilak, kristalezko ontziak amildu eta irauliz; ontzi guztiak mila zatitan puskatu ziren. Ondoren Coppola, irudia bizkarrera bota eta, algara beldurgarri handiak eginez, zalapartaka eskaileratan behera abiatu zen, zintzilik zeuden irudiaren hanka itsusiek egur mailatan zarata egiten zutelarik.

        Zur eta lur zegoen Natanael; garbiegi ikusi zuen Olinpiaren aurpegi bikain gorpua bezain zuriak ez zeukala begirik, bai ordea haien lekuan zulo beltzak; bizitzarik gabeko panpina bat zen. Spalanzani lurrean biraka ari zen, buruan, bularrean eta besoetan kristal puskak zituela, iturritik bezala zerion odola. Baina bere indarrak bildu zituen.

        — Segi horri! Segi horri, zer zaude hor nora gabe? Coppelius, Coppelius, nire automatarik onena lapurtu dit; hogei urtez lan egin dut horretan; gorputz eta arima jarri dut bertan: engranaia, hizkuntza, ibilera, nireak; begiak, begiak zuri ostu. Madarikatua! Zorigaiztokoa! Segi horri! Ekarri niri Olinpia! Hortxe dauzkazu begiak!

        Orduan ikusi zuen Natanaelek lurrean zeuden bi begi odoltsu nola begira zeuzkan, Spalanzanik minik ez zuen eskuaz haiek hartu eta bota egin zizkion, bularrean joz. Eromenak harrapatu zuen orduan atzamar goriz eta bere baitara sartu zitzaion, zentzua eta sena hautsiz.

        — Ai, ai, ai! Suzko zirkulua! Suzko zirkulua! Egin bira Suzko zirkulua! Polito, polito! Zurezko panpinatxo ai zurezko panpina polita egin bira!

        Eta horretan profesorearen kontra joan eta eztarria estutu zion. Hil egingo zukeen, baina zarata hark jende asko erakarri zuen, sartu, Natanael amorratua profesorearengandik banatu eta horrela profesorea salbatu eta sendatu zuten. Siegmundek, oso indartsua bazen ere, ezin zuen menperatu amorratua; ahots beldurgarriz hots egiten zuen honek etengabe:

        — Zurezko panpina egin bira —eta ingurura ukabilka ziharduen.

        Azkenean askoren indarrak bateratuz, menperatu zuten, lurrera bota eta lotu zuten. Bere hitzak abere marru izugarri bihurtu ziren. Hala zoro-amorru penagarrian garrasika eraman zuten eroetxera.

 

 

© E.T.A. Hoffmann

© itzulpenarena: Pello Zabaleta

 

 

"E.T.A. Hoffmann - Hareetako gizona" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.eus