Bere etxe aldera itzultzean, Spalanzaniren etxean joan-etorri zaratatsua sumatu zuen. Ateak irekita zeuden, mila eratako tresnak ari ziren bertara eramaten, lehen estaiako leihoak irekita zeuden, neskame saiatuak ari ziren garbitu eta hautsak kentzen isipu handiez etengabe, barruan mailuka ari ziren arotzak eta tapizatzaileak. Natanael guztiz harriturik geratu zen kalean; orduan Siegmund hurbildu zitzaion barrezka eta esan zion:

        — Eta, zer iruditzen zaizu gure Spalanzani zaharra?

        Natanaelek ziurtatu zion ezin zuela ezer esan, ez zekielako ezer profesoreari buruz, aldiz harridurarik handienaz ikusten zuela etxe isil eta ilun hartan mugimendu eta iskanbila handia zebilela martxan; orduan Siegmundek adierazi zion Spalanzanik hurrengo egunean festa handi bat eman nahi zuela, kontzertua eta dantza, eta unibertsitate erdia gonbidatu zuela. Alde guztietan zabaldu zela bere alaba Olinpia, hain luzaz gizaki guztien begietatik arretaz apartatu zuena, lehen aldiz erakutsiko zuela Spalanzanik.

        Natanaelek gonbite txartel bat eskuratu zuen eta, bihotzak taupada zaratatsuak ematen zizkiola, izendatutako ordurako azaldu zen profesorearen etxera, dagoeneko kotxeak iristen eta sala apainduetan argiek distiratzen ari zirela. Taldea ugaria eta dirdaitsua zen.

        Aberats eta gustuz jantzita oso azaldu zen Olinpia. Mirestekoak ziren haren aurpegi ondo moldatua, haren irudia. Bizkarraren konkorduratxo bitxia, erle tankerako gerriaren argaltasuna badirudien kortse gogorregi estutuak sortzen zizkiola. Pausoan eta jarreran bazirudien bazuela zerbait neurritsua eta zurruna, zenbaiti atsegin iruditu ez zitzaiona; gizarteak ezartzen zion betebeharrari egotzi zitzaion hori.

        Kontzertua hasi zen. Olinpiak pianoa jo zuen prestutasun handiz eta aria bat kantatu zuen kristalezko kanpai ahots zoli, kasik ebakitzailez. Natanael liluratuta zegoen guztiz: azken lerroan zegoen eta kandela argitara ezin ikus zitzakeen garbi Olinpiaren hazpegiak. Guztiz konturatu gabe, beraz, hartu zuen Coppolaren ikus-begia eta Olinpia ederrari begiratu zion.

        — A!

        Igarri zuen nola neskak irrikaz beterik berari begiratzen zion, nola nota bakoitza garbi irekitzen zen maitasun begiradan, eta suturik barnean sartzen zitzaion. Azken bilgu artistikoak maitasunean loriaturiko sentsazioaren poz zerutiarra iruditu zitzaizkion Natanaeli eta azkenik firurika luzearen kadentziak aretoan zehar durundatu zuenean, beso sutu batzuek bat-batean hartu izan balute bezala ezin menperatu ahal izan zuen bere burua, eta atsekabez eta liluraz beterik men oihu egin zuen:

        — Olinpia!

        Denak begira jarri zitzaizkion, batzuk barre ere egin zuten. Katedraleko organo-joleak lehen baino aurpegi ilunagoa jarri eta esan zuen:

        — Baina, baina!

        Kontzertua amaitu zen, dantza hasi zen. Berarekin dantzan egin! Berarekin! Hori zen Natanaelen desio eta irrika guztien helburua; baina nola ausartuko zen bera, festako erregina, gonbidatzera? Bai, orratio! Berak ere ez zekien nola gertatu zen, baina dantza hasita zegoenean, oraindik inork gonbidatu ez zuen Olinpiaren ondo-ondoan zegoen, eta hitz batzuk esateko kasik gauza ez zela, haren eskua heldu zuen. Izotza bezalakoa zen Olinpiaren eskua, herio-hotz izugarri batek hartua sentitzen zuen, Olinpiar begietara begiratu zion, honek maitasunez eta irrikaz beterik argitsu erantzuten zion eta une hartan bazirudien esku hotzean pultsua jotzen hasi zela eta bizitzako odol korrontea goritzen zela. Eta Natanaelen barnean ere goritzen zihoan gero eta beroago maitasun poza, Olinpia liraina besarkatu zuen eta harekin sartu zen dantzarien sailetan.

        Berak uste zuen musikaren erritmoari ondo jarraitu ohi ziola dantzan egitean, baina Olinpiak dantza egiteko zeukan erritmo zehaztasun harrigarria eta bera sarri postura txarrean geratzen zela ikusirik, berehala konturatu zen erritmo aldetik eskasia handia zuela berak. Baina ez zuen beste inorekin dantzarik egin nahi, eta Olinpia gonbidatzera etorriko zitzaiokeena bertantxe hil nahiko zukeen. Bi bider bakarrik gertatu zen hori, bere harridurarako, dantza bakoitza amaitzean Olinpia bakarrik geratzen baitzen eta hutsik egin gabe berriro ateratzen zuen berak. Olinpia lirainaz aparte beste ezer ikusteko gai izan balitz Natanael, haserre eta borroka ez zen faltako inolaz; izan ere, barre erdi isilak, nekez itoak zebiltzan han eta hemen gazteen artean Olinpia lirainaren kontura, begirada estrainioz beterik hari jarraitzen ziotelarik, baina ezin jakin zitekeen zergatik.

        Dantzak eta nahiko oparo xurgaturiko ardoak beroturik, bestetan izan ohi zuen lotsa guztiz galdua zeukan Natanaelek. Olinpiaren ondoan zegoen eserita, haren eskua bereen artean eta gartsu eta liluraturik hitz egiten zuen bere maitasunaz, inork, ez berak ez Olinpiak ulertzen ez zituen hitzetan. Olinpiak beharbada bai; izan ere begiak kendu gabe begiratzen baitzion eta behin eta berriro suspiriatzen zuen:

        — A! A! A!

        Natanaelek, horri erantzunez, gisa honetan hitz egin zuelarik:

        — O emakume paregabe, zerutiarra! Zu, agindua dagoen maitasunaren betikotasuneko distira! Zu sentsazio sakon, nire izate guztia ispilatzen duena! —eta antzerako beste hainbat gauza, baina Olinpiak beti eta beti suspiriatu bakarrik egiten zuen:

        — A! A!

        Spalanzani profesorea inoiz edo behin hurbildu zen zoriontsu haiengana eta irribarre egiten zien harrigarriro pozik. Natanaeli iruditu zitzaion, guztiz bestelako mundu batean aurkitzen baitzen, Spalanzani profesorearen etxea benetan ilunago zegoela; ingurura begiratu eta harridura handiz konturatu zen areto hustuan azken bi kandelak bakarrik zeudela piztuta eta itzaltzeko puntuan zeudela. Musika eta dantza aspaldi bukatuak ziren.

        — Banatu beharra, banatu beharra! —hots egin zuen garrasika basati eta zalantzaz beterik, Olinpiaren eskuari mun eman zion, haren ahora hurbildu zen, ezpain izoztuak aurkitu zituzten bere sutuek!

        Olinpiaren esku hotza ukitu zuenean bezalaxe, barneko izuak hartzen zuela konturatu zen, neska ezkongai hilaren legenda etorri zitzaion bat-batean gogora; baina lehen bortizki estutu zuen Olinpiak bera eta munaren bidez bazirudien ezpainak berpiztu egin zirela. Spalanzani profesorea astiro zebilen areto hustuan, haren urratsek zarata handia egiten zuten eta haren irudiak, itzal dardartiez inguraturik, mamu itxura beldugarria zeukan.

        — Maite nauzu! Maite nauzu Olinpia? Hitz hori bakarrik! Maire nauzu?

        Horrela xuxurlatzen zuen Natanaelek, baina zutitzen zen bitartean Olinpiak suspiriatu besterik ez zuen egiten:

        — A! A!

        — Bai, maitasunezko nire izar argitsu bikaina —esan zuen Natanaelek—, altxatu eta zuk argituko nauzu, nire barnea argituko duzu betirako!

        — A, a! —errepikatzen zuen Olinpiak aurrera jarraituz.

        Natanaelek atzetik segitzen zion, biak profesorearen aurrean zeuden.

        — Oso sutsu hitz egin duzu nire alabarekin —esan zion honek irribarrez—. Baina, baina,

        Natanael jaun maitea, neskatila txatxu honekin hitz egitea atsegin bazaizu, zure bisitak ongietorriak izango dira.

        Zeru distiratsu argi bete bat bularrean zeramala agurtu zen Natanael.

 

 

© E.T.A. Hoffmann

© itzulpenarena: Pello Zabaleta

 

 

"E.T.A. Hoffmann - Hareetako gizona" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.eus