Harrituta geratu zen Natanael bere etxera joan eta ikusi zuenean etxea goitik behera erreta zegoela, hondar pilaz aparte horma erreak besterik zutik ez zeudelarik. Sua azpiko lehen etxebizitzan bizi zen botikariaren laborategian hasi zenez eta etxea behetik gora erre zenez, goiko estaian zegoen Natanaelen gelan sartu eta liburuak, eskuizkribuak eta tresnak salbatu ahal izan zituzten adiskide kementsu eta ausartek. Gauza guztiak, ezer hondatu gabe, eraman zituzten beste etxe batera eta han gela bat alokatu zuten, eta haraxe joan zen segituan Natanael.

        Ez zion arreta gehiegirik eskaini Spalanzani profesorearen parez pare bizi izanari, eta ez zuen aparteko harridurarik izan leihotik begiratu eta Olinpia bakar-bakarrik eserita egon ohi zen gela aurrez aurre zeukala konturatu zenean, eta haren irudia garbi ezagutu zuen, aurpegiko hazpegiak nahiko ilun eta zirriborrotsu bazeuden ere. Azkenean konturatu zen, hala ere, lehenago kristalezko atean zehar aurkitu zuen jarrera berean egoten zela Olinpia ordu luzeetan, ezer egin gabe mahaitxo baten aurrean eta begirada mugitzeke begiratzen zuela bere aurrera; bere buruari aitortu behar izan zion ez zuela bizitzan hura baino irudi ederragorik ikusi; Klara bihotzean baitzuen, Olinpia zurrun eta tenteak ez zuen bat ere erakartzen eta inoiz edo behin testu-liburutik burua apenas altxatu eta estatua ederrari begiratu bat botatzen zion, hori zen guztia.

        Klarari idazten ari zitzaiola, norbaitek jo zuen atean; baiezkoa eman ondoren ireki eta Coppolaren aurpegi nazkagarria azaldu zen. Natanaelek bere barnerik barnenean ikara sentitu zuen; baina gogora ekarriz Spalanzanik Coppola herkideaz esan ziona eta maiteari hain sutsuki Coppelius Hareetako Gizonari buruz hitz eman ziona, mamuekiko bere haur beldurragatik lotsaturik, indar guztiak bildu zituen eta ahal zuen bezain mantso eta bare hitz egin zuen:

        — Nik ez dut erosi nahi barometrorik, adiskide! Zoaz hemendik!

        Coppola ordea gelan sartu zen eta ahots beroz hitz egin zuen, ahotzarretik barre itsusi bat atera eta betile luze grisen azpian begi txiki zorrotzek zulatzen zutelarik:

        — E, barometro ez, barometro ez! Baditut beki eierrak, beki eierrak!

        Natanaelek haserre hots egin zion:

        — Gizon eroa, nola eduki dezakek begirik? Begiak. Begiak?

        Baina ordurako Coppolak bere barometroak alde batera utziak zituen eta sakela handitik betaurrekoak eta antiparrak atera zituen, mahai gainean ipiniz.

        — Hara! Hara! Betaurreko, betaurreko sudur gainean ipintzeko, hauek nire bekiak, beki eierrak!

        Eta bitartean gero eta betaurreko gehiago ateratzen zituen, mahai guztia harrigarriro diz-dizka hasi zelarik. Mila begi ari zitzaizkion zalapartaka begira eta mugika Natanaeli so; baina berak ezin zituen begiak aldendu mahaitik, eta betaurreko gehiago jartzen zituen Coppolak, eta gero eta begirada gartsuagoek jauzi egiten zuten basati nahas-mahasean eta haien izpi odolgorriek jotzen zuten Natanaelen bularra.

        Nazkarik handienak menperaturik, hots egin zuen:

        — Aski da! aski da! gizon beldurgarria!

        Coppolari heldu zion irmo besotik, lehendik mahai guztia beteta bazeukan ere betaurreko gehiago sakeletik ateratzera zihoala. Coppola bere barre bero eta nazkagarria botaz askatu eta esanez:

        — A! Ez zuretzat, baina hona ikustailu ederrak.

        Betaurreko guztiak bildu, gorde zituen eta berokiaren albo bateko sakeletik prismatiko handi eta txiki pila bat atera zuen.

        Betaurrekoak ezkutatzearekin batera, Natanael guztiz lasaitu zen eta, Klararekin pentsatuz, ikusi zuen mamu beldurgarria bere baitatik bakarrik piztu zela eta Coppola mekaniko eta optiko guztiz jator bat zela, eta inolaz ere ez Coppeliusen ordezko eta haren irudi bat. Gainera Coppolak mahai gainean utzi zituen prismatikoek ez zuten ezer berezirik, betaurrekoek mamukeriarik ez zuten bezala, eta okerrak zuzentzeko asmotan, Coppolari zerbait erosiko ziola erabaki zuen. Ikus-begi txiki poliki landutako bat hartu eta, proba egiteko, leihotik begiratu zuen. Bere bizitzan ez zuen eskutan eduki gauzak hain garbi, zehatz eta indartsu begietara hurbildu zizkion prismatikorik.

        Spalanzaniren gela aldera begiratu zuen nahi gabe; Olinpia ohi bezala zegoen eserita mahaitxoaren aurrean, besoak gainean jarrita, eskuak tolestuta. Lehendabizikoz ikusten zuen Olinpiaren aurpegi oso ondo egina. Begiak ordea harrigarriro gogorrak eta hilak iruditu zitzaizkion. Baina lenteetatik gero eta zehatzago begiratuz, iruditu zitzaion ilargiaren izpi hezeak sartu zirela Olinpiaren begietan. Bazirudien une horretan ikusmena piztu zitzaiola; beti eta beti bizitasun handiagoz distiratzen zuten begiradek. Natanael liluratuta geratu zen leihoan, Olinpia zerutiar ederrari begira eta begira. Karraska eta eztultxo batek esnatu zuten, amets sakon batetik bezala. Coppola zegoen bere ostean:

        — Hiru zekino; hiru dukat.

        Natanaelek optikoa guztiz ahaztuta zeukan, kolpetik ordaindu zion eskatua:

        — Ez da? Prismatiko eierrak, prismatiko eierrak! —galdetu zion Coppolak bere ahots marrant lakarraz eta barre maltzurraz.

        — Bai, bai, bai! —erantzun zion Natanaelek nazkaturik.

        — Adio, adiskide!

        Zehar-begirada harrigarri asko Natanaeli bota ondoren utzi zuen gela Coppolak. Barre handiak botatzen entzun zuen ondoren eskaileratan.

        — Beno, pentsatu zuen Natanaelek, barre egiten dit ikus-begi txikia garestiegi ordaindu diodalako, garestiegi ordaindu!.

        Hitz hauek isilean esaten zituen bitartean, herio-intziri sakon batek gelan durundatu zuela iruditu zitzaion, barneko antsiaz Natanaelen arnasa geldiaraziz. Berak egin zuen ordea intziri, berehala konturatu zen.

        — Klarak arrazoi du —esan zion bere buruari—, mamu ikusle nazkagarritzat hartzen nauenean; baina barregarria da bai, barregarri baino gehiago da, Coppolari prismatikoa garestiegi ordaindu diodala pentsatze ergelak orain ni hainbeste kezkatzea; ez dut horretarako zergatirik ikusten bat ere.

        Ondoren Klarari idazten ari zitzaion gutuna bukatzera eseri zen, baina leihotik zehar bota zuen begiradak ziurtatu zion Olinpia hantxe zegoela eserita, eta gainditu ezinezko indar batek beharturik bezala kolpetik altxatu, Coppolaren ikus-begia hartu eta apartatu ezinik geratu zen liluraturik Olinpiari begira, azkenik Siegmund bere adiskideak Kolegiora Spalanzani profesorearengana joateko eraman zuen arte.

        Gela misteriotsuko aurreko gortinak ondo itxita zeuden, beraz ezin ikus zezakeen egun horretan bezala, hurrengo bietan ere, Olinpia bere gelan, nahiz leihoa ez zuen uzten eta Coppolaren ikus-begiaren bidez etengabe begiratzen zuen. Hirugarren egunean leihoak ere itxita zeuden. Guztiz asaldaturik eta gogoak eta irrika sutsuak bultzaturik, hiritik atera zen. Olinpiaren irudia kulunkatzen zitzaion aurrean airetan eta arbolen artean, eta errekasto argitsutik begi distiratsu handiez begiratzen zion. Klararen irudia guztiz lausotu zitzaion barnean, Olinpia besterik ez zeukan buruan eta intzirika ari zen ozen eta negarti: A nire maitasun izar eder gorena, nire aurrean azaldu zara berriro segituan desagertu eta itxaropenik gabeko gau ilunean ni uzteko?

 

 

© E.T.A. Hoffmann

© itzulpenarena: Pello Zabaleta

 

 

"E.T.A. Hoffmann - Hareetako gizona" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.eus