Ezin asma daiteke harrigarriagorik eta miragarriagorik nire adiskide gizarajoari, Natanael ikasle gazteari gertatu zitzaiona, eta nik zuri, irakurle onbera hori! kontatu nahi dizudana baino.

        Inoiz sentitu duzu, irakurle adiskidea! gainerako guztia baztertu eta bihotza, zentzuak eta pentsamenduak guztiz hartzen dizkizun zerbait? Zure barruan irakiten eta egosten ari zitzaizukeen txingar gori bihurturik, odola zainetan sutzen zizukeela eta zure masailak kolorerik bizienaz pizten zizkizukeela. Zure begirada erabat bitxi bihurtzen zitzaizun, espazio hutsean beste inork ikusten ez zituen irudiak ikusiko bazenitu bezala eta hizketa intziri ilunetan desegin balitzaizu bezala.

        Orduan galdetuko zizuketen adiskideek: «Zer moduz, adiskide?» «Zer daukazu, maitea?». Eta barneko irudikizun hori orduan bere kolore eta itzal eta argi gori guztiekin adierazi nahi zenukeen eta ahaleginak egingo zenituzkeen hizketan hasteko hitzak bilatzen. Baina bazirudizukeen kontatu beharreko miragarri, bikain, izugarri, pozgarri, beldurgarri guztia lehendabiziko hitzean bildu behar zenukeela, argindar kolpe batek bezala denak jo zitzan. Baina hitz bakoitza, kontakizun den oro, ilaun eta hotz eta hil zirudikezun. Bila eta bila ari zara, eta totel eta zezelka zabiltza, eta adiskideen galde zorrotzek haize izoztuzko bafadak bezala jotzen dizute barneko zure garrean, hura kasik itzaltzeraino.

        Baldin, ordea, pintore trebe batek bezala, zure barneko irudiaren silueta marra ausart gutxi batzuekin diseinatu izan bazenu, neke gutxiagoz aterako zenituzkeen koloreak gero eta gartsuago eta itxura ugarien andana biziak zure adiskideak erakarriko zituzkeen, eta beren buruak ikusiko zituzketen, zeurea bezala, zure arimatik altxatzen den pinturaren barruan!

        Zuri, irakurle onbera horri! aitortzen dizudan bezala, ez dit niri inork galdetu Natanael gaztearen historiaz; baina ongi dakizu zuk idazleen sail harrigarrikoa naizela, eta hauei, puntuan deskribatu dudan bezalako zerbait barnean daramatenean, iruditu ohi zaie galdetu egiten diela inguratzen zaion guztiak eta gainera mundu osoak: «Zer gertatzen da? Konta ezazu, laguna!»

        Hala bada, bortizkiro akuilatzen nau barruak Natanaelen bizitza zoritxarrekoaz zuri kontatzera.

        Hain harrigarria, apartekoa izaki, arima guztia betetzen zidan, baina horregatixek hain zuzen eta zu, nire irakurle! horretara erakarri behar baitzintudan, nekatzen nuen nire burua Natanaelen historia bikain, jator, erakargarriro hasteko: «Bazen behin» —kontakizun ororen hasierarik politena, gezalegia!— «S. hiritxo probintziarrean bizi zen» —hobetotxo, klimaxerantz abiatuz. Edo kolpetik medias in res: «Deabruak eramango ahal du, hots egin zuen amorrua eta izua begietan Natanael ikasleak Giuseppe Coppola barometro saltzailea azaldu zenean».

        Hori zinez idatzi ere idatzi nuen Natanael ikaslearen begirada basatian zerbait barregarri sumatu uste nuenean; baina historia ez da bat ere barregarria. Barneko irudiak duen kolore oparotasunaren apur txiki bat ispilatuko zukeen hitzik bat ere ez zitzaidan etortzen burura niri. Ez nuela hasi ere egingo erabaki nuen. Hartu, irakurle onbera! Lotario adiskideak lañoki eman zizkidan hiru kartak pinturaren siluetatzat, eta saiatuko naiz gero eta kolore gehiago bertan gaineratzen kontatzen ari naizen neurrian. Beharbada lortuko dut, erretratugile on batek bezala, zenbait irudi halako eran moldatzea, non zuk jatorrizkoa ezagutu gabe antzik hartuko diozun, are, usteko duzun zeure begiez sarri hura ikusi izan duzula zuk. Beharbada, o irakurle nirea! usteko duzu orduan egiazko bizitza baino gauza harrigarriago eta ederragorik ez dagoela eta ispilu esmerilkatu bateko irudi lausoaren erara bakarrik jaso dezakeela hori idazleak.

        Gauzak argiago daitezen —eta hasiera bertatik jakin behar da hori—, karta haiei gaineratu behar zaie, Natanaelen aita hil eta berehala, Klara eta Lotario, era berean hil berria zen eta umezurtz utzi zituen urruneko senitarteko baten semeak, Natanaelen amak hartu zituela etxean. Klarak eta Natanaelek atxikimendu beroa sentitu zuten elkarrenganako, eta ez zuen jarri inork eragozpenik jarri munduan horren kontra; beraz ezkontza hitza emanak zeuden, Natanaelek G.en ikasketak egiteko herria utzi zuenean. Bere azken kartan daukagu beraz mutila eta Spalanzani fisikako profesore ospetsuaren mintegian ari da.

        Lasai segi nezakeen orain nire kontakizuna; baina une honetan hain bizi daukat Klararen irudia begien aurrean, ze ezin baitut beste alde batera begiratu, berak irribarreka begiratzen nauenean beti gertatu ohi zaidan bezala.

        Ezin har zitekeen inolaz Klara edertzat; hala pentsatzen zuten lanbidez edertasunean aditu zirenek. Arkitektoek, noski, goraipatzen zituzten haren azturaren neurri garbiak; pintoreek haren lepondoa, bizkarra eta bularra sotilegi moldatuak zeudela esaten zuten; denak ordea maitemintzen ziren Magdalenaren gisako bere ile zoragarriaz, eta erotuta zeuden guztiz Battoni itxurako bere larrantzaz. Haietako batek, fantasia hutsa zen batek, Klararen begiak Ruisdael-en aintzira batekin parekatu zituen, non ispilatzen diren hodei gabeko zeru urdina, oihan eta lore zelaiak, bizitza koloretsu zohardiz beteriko paisaia oparoa. Poetek eta maisuek aurrera egin eta esaten zuten:

        — Ze aintzira! Ze ispilu, gero! Begira al dezakegu, bada, neskatila hori haren begirada miragarritik guregana datozen kantu eta doinu zerutiarrak sumatu gabe, gure erraietan sartzen direlarik, dena esnatu eta iratzarriz? Geuk orduan beldurrik gabe kantatzen ez badugu, ez daukagu ezer barruan eta hala irakurtzen dugu garbi asko Klararen ezpainetan mugitzen den barre finean, harentzat kantu izan nahi lukeen zerbait xuxurlatzen hasten gatzaizkionean, soinu bakar batzuk bata bestearen atzetik nahasian ateratzen zaizkigula konturatu gabe ordea.

        Hala zen beraz. Klarak haurtxo argi eta kezkarik gabeko baten irudimenik biziena zeukan, emakumezko izaera xamur oso sakona, argi ikusten zuen adimen zorrotza. Harroek eta hantustekoek ez zuten zer eginik harekin; gehiegi hitz egin gabe ere, ez baitzegokion hori Klararen izaera isilari, bazirudien bere begirada argiarekin eta bere irritxoarekin esaten zuela: «Adiskide maiteok! Nola nahi duzue zuen ustezko itxura iheskor horiek har ditzadan bizia eta mugimendua duten benetako iruditzat?»

        Klara horregatik askoren ustetan hotza, sentimendurik gabea, arrunta zen; baina beste batzuk, haren bizitza sakon ezagutzen zutenek alegia, maite zuten aparteko neskatila sentibera eta zentzudun hura, inork ez ordea jakitatean eta artean irmo eta zorrotz mugitzen zen Natanaelek adina. Arima osoz maiteari atxikirik zegoen Klara; Natanael harengandik apartatu zenean azaldu zitzaizkion bizitzako lehen hodeiak. Nolako poztasunez joan zen haren besoetara, Lotariori egin zion azken kartan iragarri bezala, bere jaioterrian amaren gelan sartu zenean. Natanaelek uste bezala gertatu zen; izan ere, Klara ikusi zuen unean ez zuen pentsatzen ez Coppelius abokatuarekin ez Klararen karta argitsuarekin, zoritxar guztia desagertua zen.

        Baina arrazoi zuen Natanaelek bere lagun Lotariori idatzi zionean Coppola barometro saltzaile gorratagarriaren irudia zinez etsaikiro sartu zitzaiola bizitzan. Denek igarri zuten hori, lehen egunetatik jada bere izaera osoan guztiz aldatuta azaltzen baitzen Natanael. Ameskeria ilunetan murgildu zen eta sekula ezagutu ez zuten bezala harrigarriro portatzen zen. Dena, bizitza osoa, amets eta errezelo bihurtu zitzaizkion; etengabe esaten zuen, bere burua libretzat daukan gizona indar ilunen joko izugarrien morroi zela, alferrik saiatuko zela haien kontrako borrokan, apaltasunez jarraitu behar zitzaiola patuak erabaki zuenari. Areago adierazten zuen; ezen, ergelkeria zela uste izatea artean eta jakitatean norberaren gogoa jarraiki sortzen zirela gauzak; izan ere, norbera sortzeko gauza egiten duen beroaldia, ez datorrela norberaren barnetik, baizik gugandik at gorago dagoen printzipioren baten eragina dela.

        Klara adimen argikoari kalaka mistiko hori guztiz gogaikarri gertatzen zitzaion, baina alferrik saiatzen zen alde batera utz zezan. Baina Natanaelek adierazi zuenean gortina ostean kukika zegoen unean bera harrapatu zuen printzipio gaiztoa Coppelius zela, eta demonio gorrotagarri hori izango zela era nazkagarriz bere maitasun zoriona hondatuko ziona, Klara serio jarri zen eta esan zion:

        — Bai Natanael! Arrazoi duzu, Coppelius printzipio gaizto gorrotagarria da, bizitzan argi eta garbi sartu den deabruzko indar batek bezala gauza txarrak eragin ditzake, baina burutik eta arimatik zuk jaurtikitzen ez baduzu bakarrik. Zuk harengan sinesten duzun bezain luzaro, izan bada hura eta eraginik ere badu, zure sinestea baita haren indarra.

        Natanael guztiz haserretu zen Klarak demonioaren izatea bere barnean bakarrik finkatzen zuelako, eta deabruei eta indar izugarriei buruzko irakaskuntza mistiko guztiarekin ihardetsi nahi izan zion, baina edozerkeria bat tartekatuz moztu zion Klarak, Natanael nahiko amorratuta utziz. Honek pentsatzen zuen izpiritu hotz idorretan ere halako misterio sakonak ezkutatzen zirela beraiek garbi jabetu gabe, eta Klara halako izaera arruntetako bat zeta, eta horregatik erabaki zuen misterio horiek ezagutarazi behar zizkiola.

        Goizean, Klara gosaria prestatzen ari zeta, neskaren ondoan jarri eta mistikako liburu zati mordo bat irakurri zion, azkenik Klarak eskatu ziolarik:

        — Baina Natanael maitea, nire kafean etsai baten gisan eraginik baduen printzipio gaiztotzat zu hartuko bazintut, zer? Izan ere, zuk nahi duzun bezala, dena bertan behera utzi eta, zu irakurtzen ari zaren bitartean, begietara begiratu behar badizut, kafea surtan galduko da eta zuek ez duzue hartuko kaferik!

        Liburua kolpe batean itxi eta umorerik txarrenean aldegin zuen bere gelara Natanaelek. Aparteko trebezia zuen lehenago graziaz betetako kontakizun biziak idazteko, eta Klarak atsegin sakonez entzun ere entzun ohi zizkion; baina orain zurrunak, ulergaitzak, itxura gabekoak ziren bere sorkuntzak eta, errukiz ezer esaten ez bazion ere, garbi asko sentitzen zuen Klarak oso gutxi hunkitzen zutela.

        Aspertzea baino gauza okerragorik ez zegoen Klararentzat; barneko logalea gainditu ezinik zebilela azaltzen zuen begiradan eta hitzetan. Benetan ziren aspergarriak Natanaelen sorkuntzak. Klararen izpiritu hotz eta prosaikoagatik zuen atsekabea hazi egin zen, Klarak ezin zuen gainditu bere umore txarra Natanaelen mistika ilun, idor eta aspergarriaren aurrean, eta horrela, jabetu ere egin gabe, biak gero eta urruntzenago egiten ziren beren barneetan. Coppelius gorrotagarriaren irudia, Natanael berak aitortzen zuenez, bere irudimenean ilaundu egin zen, eta nekeak zituen sarri, patuaren mamu beldurgarri bezala bere sorkuntzetan azaltzen zuenean, benetan bizitasunez koloreztatzen.

        Coppeliusek bere maitasun zoriona hondatuko ez ote zuen errezelo ilun hura poesia bateko gaitzat hartuko zuela erabaki zuen azkenik. Klara eta biak deskribatu zituen, maitasun leialean loturik, baina inoiz edo behin bazirudien esku beltz bat sartzen zeta beraien bizitzan, eta pizten zitzaien edozein atsegin kentzen ziela. Azkenik aldarearen aurrean ezkontzeko zeudenean, Coppelius gorrotagarria azaldu zen eta Klararen begi argiak ukitu zituen; haiek Natanaelen bularrera jausi ziren tximista odoltsu erre eta kiskali bezala, Coppeliusek bera hartu eta ekaitz baten azkartasunez biraka ari den garrezko su zirkulu baten erdira botatzen du, orro handien artean bera eramaten duelarik. Erraldoi beltz buruzuri bihurturik gudu amorratuan altxatzen diren itsasoko uhin apartsuetan hurakanak haserre jotzen duenean bezalako orro bat da. Baina Klararen ahotsa entzuten du orro basati hori igaroz: «Ezin ikus al nazakezu? Coppeliusek engainatu zaitu, ez ziren nire begiak zure bularrean erretzen ari zirenak, zure bihotzeko odol tanta goriak baizik; nik nire begiak dauzkat, begira!». Natanaelek pentsatzen du: halakoxea da Klara, eta berea izango naiz betirako. Badirudi pentsamendua indarrez sartzen dela su zirkuluan, geldiarazi egiten duela eta amil beltzean galtzen dela orro hitsa. Natanaelek Klararen begietara begiratzen du; baina heriotza da Klararen begien bidez berari adiskidetsu begiratzen diona.

        Poesia idazten zuen bitartean, oso lasai eta arretatsu zebilen Natanael, lerro bakoitza orraztu eta zuzentzen zuen eta metroaren legera makurtzen ari zenez, ez zuen etsitzen hank eta dena garbi eta soinutsu sentitzen zuen arte. Baina dena bukatu zuenean eta poesia beretzat ozen irakurri zuenean, izuak eta ikara basatiak hartu eta garrasika esan zuen:

        — Noren ahots izugarria da hau?

        Berehala ordea poesia oso ondo egina iruditu zitzaion, eta uste zuen haren bidez Klararen izpiritu hotza sutuko zuela, nahiz ez zuen garbi pentsatzen zertarako sutu behar zuen Klara eta zertarako larritu behar zuen irudi nazkagarri haien bidez, bien arteko maitasuna hondatu zuen patu beltza iragartzen baitzuten. Biak, Natanael eta Klara, amaren jardintxoan zeuden eserita, Klara oso alai zegoen, poesia idazten aritu zen azken hiru egunetan Natanaelek bere ametsekin eta errezeloekin atsekabetu ez zuelako.

        Natanaelek ere bizitasunez eta pozez gauza atseginei buruz hitz egin zuen ohi bezala, Klarak esaten zuelarik:

        — Orain zaitut berriro oso-osorik, ikusten duzu, bada, nola uxatu dugun Coppelius gorrotagarria?

        Orduan gogoratu zen Natanael irakurri nahi zion poesia poltsikuan zeukala. Orriak atera eta irakurtzen hasi zen: Klara, ohi bezalako zerbait aspergarri zelakoan, eta etsiturik, astiro hasi zen puntu egiten.

        Baina hodei beldurgarriak gero eta beltzago azaltzen ari zirelarik, puntua utzi eta zorrotz begiratu zion Natanaeli begietara. Hura bere poesiak eramaten zuen, barruko berotasunak gorri-gorri jarri zizkion masailak, negarra zerion begietatik. Azkenik bukatu zuenean, etsipen sakonean abaildu zen. Klararen eskua heldu eta kontsola ezinezko aienetan hautsita bezala suspiriatzen zuen:

        A! Klara! Klara!

        Klarak amultsuki estutu zuen bere bularretan eta xamur baina, une berean, astiro eta serio esan zion:

        — Natanael, nire bihotzeko Natanael maitea! Bota ipuin ero, zentzunbako, ergel hori surtara.

        Kolpetik altxatu zen Natanael haserre eta Klara apartatu zuen bultzaka hots eginez:

        — Zu automata bizigabeko madarikatua!

        Lasterka aldegin zuen, malko mingotsak isuri zituen Kiarak oso atsekabeturik:

        — A, ez nau sekula maite izan, ez bainau ulertzen, suspiriatu zuen ozenkiro.

        Lotario sartu zen itzaltegira; gertatua kontatu behar izan zion Klarak; arreba bihotz osoz maite zuen berak, arrangurazko haren hitz bakoitza tximista baten moduan sartu zitzaion barrenean, eta aspaldidanik bihotzean Natanael ameslariaren kontra zeraman haserrea sutu zitzaion amorru basati bihurtzeraino.

        Natanaelengana jo zuen, bere arreba maitearenganako portaera zentzunbakoa aurpegiratu zion hitz gogorrez, eta Natanael suminduak gisa berean erantzun zion. «Harroputz ameslari eroak» jaso zuen erantzun modura «gizon ezdeus mixerable».

        Dueloa derrigorrezkoa zen. Hurrengo goizean jardin ostean, bertako ohitura akademikoari jarraituz, gerren zorrotzez egingo zutela borroka, erabaki zuten. Hitzik esan gabe eta ilun aldendu ziren biak, Klarak eztabaida haserrea entzun zuen eta ikusi ilunabarrean ezpata-maisuak gerrenak ekarri zituela. Bazuen susmoa zer gertatuko zen.

        Borroka lekura heltzean isiltasun osoan erantzi zituzten jakak Natanaelek eta Lotariok, borrokarako odol egarria erakusten zioten elkarri begi sutuetan, Klara jardineko atetik azaldu zenean. Zotinen artean hots egin zien:

        — Zuek gizaki gorrotagarri basatiok! Jo eta hil nazazue bertan, elkarri eraso aurretik; nola biziko naiz, bada, ni munduan, maiteak anaia edo anaiak maitea hiltzen badit!

        Lotariok arma eratsi zuen eta begiak lurrera makurtu zituen isilik, baina Natanaelen erraietan berriro piztu zen maitasun guztiaren malenkonia urragarria, inoiz bere gaztaro bikaineko egunik ederrenetan Klararenganako sentitu zuen maitasuna piztuz. Arma hilgarria eskuetatik joan zitzaion, eta Klararen oinetan belaunikatu zen.

        — Inoiz barkatuko ahal didazu, nire Klara bakar, bihotzeko maiteena! Barkatuko ahal didazu inoiz nire anaia Lotario bihotzekoa!

        Lotario hunkiturik zegoen adiskidearen samin sakonagatik; mila malkoren artean hiru pertsona adiskidetuek besarkatu zuten elkar eta zin egin zuten maitasun eta zintzotasun atergabean ez zirela sekula elkarrengandik banatuko.

        Lurrera zapaltzen zuen zama astun bat bota egin zuela iruditu zitzaion Natanaeli, areago, bera hartzen zuen indar ilunaren kontrako borrokan, bere izate guztia desegiteko arriskuan jartzen zuen indar ilunetik salbatu zela. Hiru egun zoriontsu egin zituen oraindik maitearekin, eta ondoren G.ra itzuli zen, oraindik urtebete egin behar baitzuen han, gero jaioterrira betirako itzultzeko ordea.

        Amari ez zion hitzik esan Coppeliusi buruz; jakin ere bai baitzekien izurik gabe ezin zezakeela harengan pentsatu, berak ere hari botatzen baitzion, Natanaelek bezala, senarraren heriotzaren errua.

 

 

© E.T.A. Hoffmann

© itzulpenarena: Pello Zabaleta

 

 

"E.T.A. Hoffmann - Hareetako gizona" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.eus