Natanaelek Lotariori

 

Mingarri gertatu zait benetan, zuri idatzi nizun karta, nire distrakzio batengatik noski, Klarak ireki eta irakurri izana. Karta sakon eta filosofiko bat idatzi dit, zehatz argitzen duelarik Coppeliusek eta Coppolak nire baitan bakarrik dutela izate eta nire Niaren mamu direla, eta segituan desegingo direla, baldin nik halakotzat aitortzen baditut.

        Egiaz, ez litzateke sinesteko, halako haur begi argi eta sotiletan, amets goxo maitagarri bezala, pizturik dagoen izpirituak hain modu ulergarrian eta hain maisukiro hitz egin zezakeenik. Zu aipatzen zaitu, nitaz hitz egin omen duzuela-eta. Logikako mintegiak eman bide dizkiozu, hain zehatz bereizten eta banatzen ikas zezan.

        Utz dezagun hori!

        Bestalde, garbi dago gainera Giuseppe Coppola barometro saltzailea ez dela Coppelius abokatu zaharra. Fisikako irakasle etorri berriarekin ­beste natura ikertzaile ospetsu hari bezala Spalanzani deritzo eta jatorriz italiarra da- mintegiak entzuten ditut. Aspaldiko urteetan ezagutzen du Coppola eta gainera bere hizkeratik argi nabari da piemontetarra dela. Coppelius alemaniarra zen, baina uste dudanez, ez jatorretakoa.

        Hala ere ez nago guztiz lasai. Hartuko banauzue ere zuk eta Klarak amesgaizto egiletzat, ezin libra naiteke inolaz Coppeliusen aurpegi madarikatuak nigan egiten duen zirraratik.

        Pozik nago hiritik joan delako, Spalanzanik esan didanez. Gizona mozolo harrigarri bat da. Gizon txiki gizenkotea, aurpegia masailezur bortitz batekin, sudurra fina, ezpainak muturtuak, begiak txiki zorrotzak. Edozein deskribaketan baino hobeto irudikatuko duzu Chodowieckiren Berlingo esku-kalendrera batean Cagliostro ikusita. Itxura horixe bera dauka Spalanzanik.

        Duela gutxi, eskailerak igo eta konturatu nintzen kristalezko ate bat estali ohi duen gortinak, albo batean, zirrizto bat uzten zuela. Neuk ere ez dakit nolatan hasi nintzen jakinminez handik begiratzen. Emakume bat, garaia, oso argala, neurri guztiz egokikoa zegoen eserita gelan mahai txiki baten aurrean, bi besoak, eskuak elkarri helduta, gainean zituela. Atearen parez pare zegoen eserita, nik haren aingeruzko aurpegi ederra osorik ikusteko moduan. Bazirudien ez ninduela sentitu, eta egiaz haren begiek bazuten halako zurruntasun bat, ikusmenik ez zuela esango nuke kasik, begiak zabalik lotan zegoela iruditu zitzaidan niri. Guztiz harriturik geratu nintzen eta horregatik ondoan zegoen auditoriumera lerratu nintzen isilik. Gero jakin nuen, nik ikusi nuen irudi hura Spalanzaniren alaba Olinpia zela, harritzeko bada ere inolaz preso daukana, inor hurbil ez dakion. Azken batean izan behar du arrazoiren bat, beharbada ergela edo da.

        Baina zergatik idazten dizkizut hauek guztiak? Hobeto eta argiago konta niezazukeen hitzez. Jakin, izan ere, gaur hamabost zuekin izango naizela. Nire aingerutxo maitea, nire Klara ikusi behar dut. Orduan uxatuko dut zoritxarreko karta hain argiak nigan eragin duen (aitortu egin behar dut) atsekabea. Horregatik ez diot idazten gaur hari.

        Mila goraintzi, eta abar, eta abar, eta abar.

 

 

© E.T.A. Hoffmann

© itzulpenarena: Pello Zabaleta

 

 

"E.T.A. Hoffmann - Hareetako gizona" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.eus