Klarak Natanaeli

 

Egia da aspaldi ez didazula idatzi, baina hala ere uste dut zure bihotzean eta buruan eduki naukazula. Izan ere biziki nirekin pentsatzen ari zinen, zure azken karta Lotario anaiari bidali nahi eta helbidea idaztean, niri zuzendu zenidanean. Pozez ireki nuen karta eta honako hitzetara heltzean argitu nuen okerra: A nire Lotario bihotzekoa! Ez nukeen leitzen jarraitu behar, aldiz anaiari eman behar niokeen karta. Baina, bestetan ere aurpegiratu izan didazu broma inozoetan, nik ba omen dudala emakume izaera lasai eta zuhur bat, eta, beste emakume hark bezala, etxea erortzeko puntuan egonik ere, azkar ihes egin aurretik tolesdura oker bat leihoko gortinan zuzenduko nukeela nik.

        Beraz, ziurta diezazuket zure kartaren hasierak sakon astindu ninduela. Ezin nuen arnasarik hartu, dena biraka ari zitzaidan begien aurrean. A,

        Natanael nire bihotzeko maiteena! Zer gerta zitekeen zure bizitzan hain izugarririk! Zugandik apartatzea, zu gehiago ez ikustea, pentsamendu hori nire bularrean sastakai gori bat bezala sartu zitzaidan. Irakurri eta irakurri egin nuen!

        Izugarria da Coppelius nazkagarriaz egiten duzun adierazpena. Orduan jabetu nintzen zein heriotza izugarri eta gogorra izan zuen zuen aita zahar onberak. Lotario anaia, berea zena eman nionean, saiatu zitzaidan lasaitzen, baina apenas lortu zuen ezer. Giuseppe Coppola barometro saltzaile zoritxarrekoak segitzen zidan alde guztietan eta kasik lotsatu ere egiten naiz aitortuz, bestela osasuntsua eta lasaia izan ohi dudan loa, era guztietako amets harrigarriz hondatu zidala horrek. Baina berehala, hurrengo egunean, erabat bestela agertu zitzaidan guztia. Ez zakizkit haserretu, nire maiteena, Coppeliusek gaitzen bat egingo ez ote dizun susmo bitxi hori dela-eta, beti bezala guztiz xalo eta kezkarik gabe nagoela esaten badizu Lotariok.

        Bertatik abaro aitortu nahi dizut, nire ustetan, aipatzen dituzun izugarrikeria eta beldurgarri guztia, zure baitan gertatu zela bakarrik, eta kanpoko mundu egiazko eta benetakoak zerikusi gutxi daukala horretan. Nahiko gorrotagarri zatekeen Coppelius zaharra, baina haurrak gorroto zituenez, horrek zeuon haurrongan berarenganako etsaigoa sortzen zizuen.

        Amamen ipuinetako Hareetako Gizona Coppelius zaharrarekin lotu zenuen noski zure haur ariman, Hareetako Gizonarengan sinesten ez bazenuen ere, mamu izugarri, haurrentzat arriskuz betea baitzen hura zuretzat. Zure aitarekin gauetan zerabilen jarduera misteriozkoa ez zen besterik, ez bada ezkutuan alkimiako saioak egiten zituztela biek, eta zuen ama ezin egon zitekeen pozik horrekin, diru asko alferrik gastatzen zuelako dudarik gabe eta gainera, halako saiogileekin beti gertatzen den bezala, aitaren arima jakituria goragoko baten gogo gezurrezkoaz beterik, familiarekiko arduretatik urruntzen zuelako horrek.

        Aitari, zinez, bere arreta gutxiak ekarri zion heriotza, eta Coppeliusek ez zuen errurik horretan: Badakizu atzo galdetu niola eskarmentu handiko auzoko botikarioari, ea kimikako saioetan bat-bateko eztanda hilgarri bat gerta litekeen? Eta berak esan zidan: Tamalez bai, eta bere erara luze eta zabal argitu zidan nola gerta zitekeen, eta nik buruan jaso ahal izan ez nituen hainbat izen, guztiz soinu bitxiko aipatu zizkidan. Gogo txarrean jarriko zara orain zure Klararekin, eta esan ere esango duzu: bere beso ikusezinez gizakiak sarri hartzen dituen misteriozko izpirik bat ere ez da sartzen arima hotz horretan; munduaren azal koloretsua bakarrik begiztatzen du berak eta haurtxo txiki bat barnean pozoi hilgarria daukan urrezko fruituarekin bezala pozten da.

        Ai nire bihotzeko Natanael maitea! Ez al duzu uste arima argi, lasai eta kezkarik gabeetan indar ilun baten susmoa, gure izatearen barruan etsaikiro gu hondatzen saiatzen dena, benetan bizi daitekeela? Baina, barka iezadazu ni neska sotil bat, nola edo hala, argitzen saiatzen banatzaizu zer deritzodan halako barneko borrokei buruz. Azken batean ez ditut hitz egokiak aurkituko eta barre egingo didazu, ez ergelkeria bat adierazten dudalako, baizik hori adierazten hain traketsa naizelako.

        Baldin halako indar ilun bat badago gure baitan lakio bat benetan etsaikiro eta traizioz jartzen duena, harekin gu guztiz lotu eta guk bestela sekula hartuko ez genukeen bide arriskutsu eta galgarri batera garamatzana; baldin halako indar bat badago, guk irudikatzen dugun bezalako bihurtu behar du, are gu geu bihurtu behar du; horrela bakarrik sinesten baitugu berarengan, eta berak behar duen lekua egiten diogu bere lan misteriozkoa bete dezan. Guk ordea nahiko zentzu badaukagu, bizitza lasai batek indartua, kanpoko eragin etsaia ezagutu eta gure gogoak eta lanbideak markatzen digun bideari urrats lasaiez jarraitzeko, indar misteriozko hori galdu egingo da, gure irudi propio izan beharko lukeen itxura hartzeko borroka alferrean.

        Argi dago bestalde, gaineratzen du Lotariok, indar ilun fisikoari gu geu opaldu gatzaizkiola, sarri kanpoko munduak bidean jartzen dizkigun itxura arrotzak gure baitara ekartzen dituela, horrela geure izpiritua sutzen dugula, eta itxura horretatik hitz egiten duen iruzur harrigarrian sinesten dugula. Gure Ni propioaren mamua da, harekiko dugun barneko hurkotasunak eta hark gure ariman duen eragin sakonak infernura garamatzalarik, edo zeruraino liluratzen gaituelarik. Igartzen duzu, nire Natanael bihotzekoa guk, nik eta Lotario nire anaiak, benetan hitz egin dugula ahalmen eta indar ilunei buruz, eta orain, nagusiena ez nekerik gabe idatzi ondoren, zinez sakona iruditzen zait. Lotarioren azken hitzak ez ditut guztiz ulertzen, baina badut susmorik zer esan nahi duen, eta dena guztiz egiazko iruditzen zait.

        Arren eskatzen dizut, bota itzazula burutik guztiz Coppelius abokatua eta Giuseppe Coppola barometro saltzailea. Zaude ziur, itxura arrotz horiek ez dutela aginterik zure gain; beraien indar galgarrian sinesteak bakarrik bihur ditzakeela egiaz zure etsai. Ez balitz zure kartako lerro bakoitzak zure arimako kezka sakonena azaltzen duelako, zure izpiritu barneenean zure egoerak samintzen zaituelako, Coppelius Hareetako Gizon eta barometro saltzailearen kontura barre egingo nuke benetan. Argitu burua, argitu burua! Erabaki dut zure aurrean azalduko naizela zure guardako izpiritu gisa, eta Coppola nazkagarria, ametsetan zuri min egiteko asmorik balu, nire barre algarez uxatuko dudala. Ez diot ezeren beldurrik, ez berari, ez bere esku iharrei; ez abokatu bezala hondatuko dit gozokirik, ez Hareetako Gizon bezala erreko begiak.

        Betiko, nire Natanael bihotzeko maitea, eta abar, eta abar, eta abar.

 

 

© E.T.A. Hoffmann

© itzulpenarena: Pello Zabaleta

 

 

"E.T.A. Hoffmann - Hareetako gizona" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.eus