Natanaelek Lotariori

 

Urduri egon zarete guztiok ezbairik gabe aspaldi honetan, hain luzaz idatzi ez dizuedalako. Muturturik dago ama benetan, eta Klarak usteko du ezin hobeto bizi naizela eta guztiz ahazturik daukadala nire bihotzean eta sentimenean hain sakon itsatsirik daramadan aingerutxoa. Baina gauzak ez dira horrela; egunero eta orduro naukazue zuek guztiokin pentsatzen, eta Klaratxo lirainaren irudi maitagarria amets xamurretan azaltzen zait eta bere begi argiez irribarre egiten dit lehenago zuengana joaten nintzenean bezain maitekiro.

        Baina nola jarriko nintzaizuen idazten nire pentsamen guztiak orain arte hausten zizkidan izpirituko egoera nahasi honetan! Zerbait izugarri gertatu da nire bizitzan! Ni zemaitzen nauen etorkizun beldurgarri baten susmo ilunak zabaltzen dira hodei beltzak bezala nire gainean, eguzki izpi gozo oro eragotziz. Baina kontatu egin beharko dizut gertatu zitzaidana. Hala beharko dut, ikusten dut, baina pentsatzen dut zinez barre egingo duzuela nire kontura.

        A, nire Lotario bihotzekoa! Nola hasiko naiz, ba, zuri nolabait adierazten, duela egun gutxi gertatu zitzaidanak nire bizitza doilorkiro honda zezakeela! Hemen izan bazina, zerorrek ikusiko zenukeen; baina orain mamu ikusle penagarritzat hartuko nauzu. Labur esanda, niri gertatu zitzaidan izugarrikeria (eta haren inpresio hilgarri hura nigandik uxatzen alferrik saiatzen naiz) ez da beste ezer, ez bada duela egun batzuk, urriaren 30eko eguerdiko 12etan alegia, barometro saltzaile bat heldu zela nire gelara eta tresna bat eskaini zidala. Ez nion ezer erosi eta eskaileratan behera botako nuela egin nion mehatxu; horren aurrean ordea bere borondatez joan zen.

        Pentsatuko duzu nire bizitza sakonki markatu behar izan duen arazoren batek eman behar diola bere esanahia pasadizo honi, bai, zoritxarreko saltzaile horren nortasunak nire baitan hain etsaikiro eragin zezan, alegia. Eta hala da egiaz izan. Indar guztiak biltzen saiatzen naiz, astiro eta pazientziaz nire lehen gaztaroko hainbat gauza kontatzeko, zure adimen ernaiari dena argi eta zehatz irudi distiratsuetan eskain diezaiodan.

        Hasteko nagoela, algaraka entzuten zaitut eta

        Klara esaten ari dela: Hauek bai direla umekeriak! Egin barre, mesedez, egin barre lasai nire bizkarretik! Zinez eskatzen dizuet! Baina, Jainko zerukoa! Ileak tente jartzen zaizkit eta badirudi desespero eroz arren eskatzen dizuedala barre egin diezadazuen, Fran Moor-ek Danieli bezala!

        Eta orain gatozen harira!

        Bazkal orduan ezik, nik eta nire senideek apenas ikusten genuen gure aita egunaren buruan. Bazirudien bere zereginak oso harturik zeukala. Afalondoan —ohitura zaharrei jarraiki, zazpietan mahaia jarrita egon ohi zen— joan ohi ginen, amarekin batera, aitaren langelara eta mahai biribil baten inguruan eseri ohi ginen. Tabakoa erre eta garagardo txarro handi bat edaten zuen aitak. Historia harrigarriak kontatu ohi zizkigun sarri, eta pipa itzaltzeraino murgildu ohi zen kontakizunean, nik bitartean paper irazeki bat eskuetan nuela, berriro pizten nion, eta hori zen nik nuen atseginik handiena. Sarri ordea irudidun liburuak jartzen zizkigun eskuetan, eta bere besaulkian isilik eta zurrun eseri eta ke hodei handiak botatzen zituen, guztiok lainotan ezkutaraziz. Halako gauetan ama oso triste jarri ohi zen, eta bederatziak jotzerako hasi ohi zen esaten: «Haurrok, ohera! Ohera! Hareetako Gizona dator, sentitzen dut la».

        Nik benetan sentitzen nuen aldioro pauso astun astiroak ematen zituen zerbait eskaileratan gora etortzen: Hareetako Gizona izan behar zuen. Behin, bestetan baino beldurgarriago iruditu zitzaizkidan urrats eta zarata haiek; amari galdetu nion, aterarazten ari zitzaigunean: «E, ama! Nor da Hareetako Gizon gaizto hori, beti aitarengandik apartatzen gaituena? Ze itxura dauka?». «Ez dago Hareetako Gizonik, haurtxo maitea», erantzun zidan amak: «Hareetako Gizona badatorrela esaten dudanean, zuek logale zaretela esan nahi dut eta ezin eduki ditzakezuela begiak irekita, norbaitek harea begietara sartu balizue bezala. Amaren erantzunak ez ninduen lasaitu, are nire haur ariman garbi azaldu zitzaidan, amak Hareetako Gizona bazenik ukatu egiten zuela, guk beldurrik izan ez geniezaion, baina beti sentitzen nuen nik eskaileratan gora igotzen.

        Jakinminez beterik, Hareetako Gizonaz eta gu haurrekiko zuen zerikusiaz gehiago jakin nahirik, nire arreba txikiena zaintzen zuen neskame zaharrari galdetu nion: zein gizon klase zen, ba, Hareetako Gizona? «Ai Natanaeltxo, erantzun zidan, ez dakizu oraindik? Gizon gaizto bat da, ohera joan nahi ez duten haurren bila etorri ohi da eta eskukada harea botatzen die begietara, odolez beterik burutik atera dakizkien, eta gero zaku batean sartu eta ilargi erdikora eramaten ditu bere umetxoek jan ditzaten; umeak habian egoten dira zain, eta moko okerrak dituzte, hontzek bezala, haur bihurriei begiak ateratzeko».

        Itxura beldurgarrizko geratu zitzaidan barnean Hareetako Gizon izugarriaren irudia; gauean eskailerak igotzen sumatzen nuenean, antsiaz eta izuz dardarka jarri ohi nintzen. Malko artean ateratzen zitzaidan «Hareetako Gizona! Hareetako Gizona!» garrasia besterik ez zuen lortzen amak nigandik. Logelara joan ohi nintzen lasterka eta gau osoan zehar Hareetako Gizonaren ikuskizun beldurgarriak samintzen ninduen.

        Neskameak kontatu zidan Hareetako Gizonarena eta ilargi erdiko umetxoen habiarena guztiz egia ez zela ikusteko nahiko adin banuen nik; hala ere, Hareetako Gizona beti izan da niretzat mozorro eta izugarri beltz bat. Izulaborria sentitu ohi nuen, ez bakarrik eskailerak igotzen, baizik indarrez aitaren logelako atea ireki eta sartzen sentitzen nuenean ere. Batzutan luzaz egon ohi zen etorri gabe, baina ondoren sarriago etorri ohi zen berriro.

        Urte luzeak joan ziren horrela, eta ezin nintekeen inolaz ohitu jeinu beldurgarri hartara, ezta Hareetako Gizonaren irudia arindu ere ez zitzaidan arintzen. Gero eta leku gehiago hartzen zuten nire irudimenean gure aitarekin zituen harremanek: lotsa gaindiezin batek eragotzi zidan aitari guzti horretaz galdetzea, baina sekretua arakatzeko eta Hareetako Gizon izugarria ikusteko gogoa urteekin batera handitzen joan zitzaidan. Hareetako Gizonak eraman ninduen harrigarriaren, abenturaren atarira, eta haut baten ariman oso erraz itsasten da hori. Intxixu, sorgin, galtxagorri eta abarren historia beldurgarriak entzun edo irakurtzea baino gauza gustukoagorik ez nuen; baina Hareetako Gizona zegoen guztien gainetik, eta haren irudi bitxi nazkagarriena margotzen nuen alde guztietan, mahaietan, armairuetan eta hormetan klarionez edo ikatzez.

        Hamar urte nituela, pasiloan aitaren gelatik hurbil zegoen gelatxo batera aldatu ninduen amak haurren gelatik. Ezezagun hura bederatziak jotzean etxean sartzen zenean, azkar alde egin behar izaten genuen guk beti oraindik. Nire gelatxotik sentitzen nuen nola sartzen zen aitaren gelara eta berehalaxe iruditu zitzaidan etxe guztian zehar lurrun fin bat, usain arraro bat mena, zabaltzen zela. Jakinminarekin batera nola edo hala Hareetako Gizona ezagutzeko adorea handitzen joan zitzaidan. Sarri lerratu nintzen azkar batean nire gelatxotik pasilora, ama alde egina zenean, baina ez nuen ezer erdiesten, hura ikusteko lekura ni iristerako, Hareetako Gizona atetik barrura sartua baitzen. Azkenik, premia jasanezinezko batek bultzaturik erabaki nuen aitaren gelan ezkutatu eta Hareetako Gizonari itxarongo niola.

        Aitaren isiltasunean, amaren tristuran igarri nuen gau batez etortzekoa zela Hareetako Gizona; oso nekaturik nengoela eman nuen aditzera beraz, bederatziak aurretik gela utzi eta ezkutatu nintzen ate ondoan zegoen zoko ezkutu batean.

        Etxeko ateak karraska egin zuen, atarian barrena urrats astiro, astun, beldurgarriak entzun ziren eskailera aldera. Nire paretik igaro zen ama senideekin lasterka. Poliki-poliki ireki nuen aitaren langelako atea. Eserita zegoen, ohi bezala, mutu eta zurrun bizkarra ateari emanik; ez ninduen sentitu, berehala nintzen barruan, ate ondoan bertan, aitaren jantziak zintzilik zeuden armairu irekiaren aurrean esekita zegoen gortinaren ostean. Hurbilago, gero eta hurbilago jotzen zuten urratsek; eztul eta karkaxa eta zarata egiten zuen harrigarriro kanpoan. Bihotza lehertzeko zorian neukan antsiaz eta itxarotez.

        Atetik bertan-bertan urrats bortitz bat; kolpe indartsu bat maratilan, eta atea bat-batean ireki zen! Neure burua behartuz kanpora begiratzen dut. Hareetako Gizona dago gelaren erdian gure aitaren aurrean, kriseiluaren gar distiratsuak aurpegia sutzen dio! Hareetako Gizona, Hareetako Gizon beldurgarria Coppelius abokatu zaharra da, inoiz edo behin gurean bazkaldu ohi duena!

        Baina irudirik hitsenak ez zidakeen ikara sakonagorik eragingo Coppelius horrek baino. Pentsa gizon bizkar zabal bat buru handi itxuragabe batez, aurpegia horia, betileak gris ugariak, eta haien azpian katubegi berdozta zorrotz irtenak, goiko ezpainaren gainean sudur handi bortitza. Aho okerra okerragotzen zitzaion sarri barre egitean; gainera masailetan orban gorri-ilun pare bat ikusten zaio eta ahots txistukari arraro bat ateratzen zaio hagin estutuetatik zehar. Coppeliusek beti zeraman soinean errauts koloreko moda zaharreko atorra bat, kolore bereko jaka eta galtzak, baina galtzerdiak eta hebilla txikiko zapatak beltzak zituen. Apenas heltzen zitzaion kokotera peluka txikia, belarri handi gorrietatik oso goi zeuzkan lokiak eta ile-sare zabal itxi bat ateratzen zitzaion kokotetik, bere lepokoa lotzen zuen zilarrezko orratza ikusten zitzaiolarik. Irudi osoa zen guztiz higuingarri eta nazkagarria; baina gu haurrontzat higuingarrienak haren esku hezurtsu eta iletsuak ziren, eta ez genuen nahi izaten berak ukitu zuen ezer. Hori igarria zuen eta amak ezkutuka platerean jar ziezagukeen pastel zatitxoa edo fruitu gozoa, aitzakia honekin edo bestearekin ukitzea zen bere poza, era horretan guk, malko erdiragarriak begietan, gure poza egin behar zuen goxoa nazkaren nazkaz eta higuinaren higuinez gehiago dastatu nahi izaten ez genuelarik. Gauza bera egiten zuen jaiegunetan aitak ardo gozo basotxo bat eskaintzen zigunean. Segituan atera ohi zuen eskua orduan edo basoa ezpain urdinetara eraman ohi zuen bestela eta deabru batek bezala egiten zuen barre, guk zotin isiletan gure haserrea azaltzen genuen bitartean.

        Piztiatxo deitzen gintuen beti; ezin genuen hitzik esan guk bera han zegoela, eta pozik txikiena ere apropos hondatzen zigun gizon itsusi eta gorrotagarria madarikatzen genuen. Bazirudien amak ere, guk bezala, gorrotatzen zuela Coppelius nazkagarri hura; izan ere, bera azaltzen zenean, bere atsegintasuna, bere izaera alaia seriotasun triste eta zurrun bilakatzen zen. Gure aita haren aurrean, okerkeriak jasan eta kosta ahala kosta umore onean eduki behar zen izaera handiko bat balitz bezala portatzen zen. Aipatze hutsa aski zuen eta gogokoen zituen jakiak atonduko ziren eta ardorik apartekoena aterako zen gure etxean.

        Coppelius hori ikusi nuenean, higuinez eta nazkaz ulertu nuen nire baitan bera eta ez beste inor ezin izan zitekeela Hareetako Gizona, baina Hareetako Gizona ez zen gehiago niretzat amonen ipuinetako mamu hura, ilargi erdikoan haurren begiak hontzen habiara eramaten dituena. Ez! Munstro beldurgarri eta itsusi bat zen, heltzen den lekura samina, atsekabea, hemengo eta betiko hondamena daramana.

        Guztiz liluraturik nengoen. Aurkitzen baninduten, garbi zegoen bezala, gogor zigor nindezaten arriskuaren aurrean, bertan geratu nintzen, burua gortinetatik aterata begira. Gure aitak handikiro hartu zuen Coppelius. «Ekin diezaiogun lanari», esan zuen honek ahots marrant eta karraskatsuz eta jaka erantzi zuen. Aitak isilik eta serio lotako bere atorra erantzi eta biek amantal luze beltzak jantzi zituzten. Haiek nondik hartu zituzten, ez nintzen ni konturatu. Hormako armairu bateko atea ireki zuen aitak; baina ikusi nuen hormako armairutzat luzaz hartu nuena ez zela armairu bat, zulo beltz bat baizik, barruan sutegi bat zeukana. Coppelius barrura sartu zen eta gar urdin bat altxatu zen sutegian. Tresna arraro pila zegoen inguruan. Jainko maitea! Sutara makurtzen zenean, erabat bestelako itxura zeukan gure aita zaharrak. Bazirudien atsekabe izugarri mingarri batek hazpegi onbera eta jatorrak deabruaren itxura itsusiko bihurtu zizkiola. Coppeliusen antza zeukan. Honek korrika gorri-gorriak hartu eta haiekin ke loditik ore distiratsu bat atera, eta arretaz jo zuen mailuaz ondoren.

        Gizakien arimak inguruan ikus zitezkeela iruditzen zitzaidan, baina begirik gabeak ziren: zulo sakon beltz itsusiak zituzten begien ordez. «Begiak hona, begiak hona!» hots egin zuen Coppeliusek ahots itun beldurgarriz. Beldur izugarriak hartuta garrasi egin nuen eta nire ezkuta lekutik irtenda lurrera erori nintzen.

        Orduan Coppeliusek heldu ninduen, «piztikumea! piztikumea!» hortzen artean esanez; eta oratu eta sutegira bota ninduen eta garrak nire biloa erretzen hasi zitzaizkidan: «Orain badauzkagu begiak... begiak... haur baten begi pare ederra». Horrela xuxurlatzen zuen Coppeliusek eta eskuez garretatik ilinti goriak atera eta begietan ipini nahi zizkidan. Orduan arrenka altxatu zituen eskuak aitak: «Maisu! Maisu! utzi begiak nire Natanaeli, utz iezazkiozu!».

        Coppeliusek barre algara artean hots egin zuen: «Gorde ditzala mutikoak bere begiak eta bete dezala bere egitekoa munduan; baina orain azter ditzagun arretaz eskuetako eta oinetako mekanismoak». Eta horrela indarrez heldu zidan, lokezurrak kraskaraziz, eta eskuak eta oinak eragin zizkidan, orain hola eta gero hala jarriz. «Alde guztietatik oker dago! Ondo zegoen zegoen bezala!» «Zaharrak ulertu du!» Horrela marmarikatzen eta xuxurlatzen zuen Coppeliusek; baina beltz eta ilun jarri zen dena nire inguruan, dardara mingarri batek astintzen zizkidan kirioak eta hezurrak; ez nuen ezer sentitzen.

        Arnas goxo eta bero bat lerratzen zen nire aurpegian, lozorrotik bezala esnatu nintzen, ama zegoen nire gainera makurtuta. «Hareetako Gizona hemen dago oraindik?» —zezelkatu nuen nik. «Ez, semetxo maitea, aspaldi, aspaldi joan zen, ez dizu minik egingo gehiago!» Horrela hitz egin zuen amak eta maitetxo eskuratu berria laztandu eta musukatu zuen.

        Zertarako aspertuko zaitut, nire Lotario bihotzekoa! Zertarako kontatuko dizkizut gauza guztiak banan-banan, oraindik hainbeste geratu arren kontatzeko? Kito! Kukika nengoela harrapatu ninduten eta Coppeliusek tratu txarra eman zidan. Antsiak eta izuak sukar handia piztu zidaten, eta aste luzeetan egon nintzen gaixo. «Hareetako Gizona hemen al dago?» —hori izan zen nire zentzuzko lehen hitza eta nire osaketaren, nire salbazioaren lehen seinalea.

        Baina orain nire gaztaroko unerik beldurgarriena kontatuko dizut; orduan ziur egongo zara ez zaiola zor nire begien ergeltasunari dena kolorgeko iruditzen bazait, baizik patu ilun batek zabaldu zuela nire bizitzaren gainean laino beltz bat, hiltzean bakarrik hautsiko dudana beharbada.

        Coppelius ez zen gehiago azaldu, hiria utzi omen zuen.

        Urtebete joana izango zen apika, antzinako ohitura aldatu gabeari jarraiki gau batean mahai biribilaren inguruan eserita geundenean. Gure aita alaitsu zegoen eta gaztetan egin zituen bidaietako gertakari barregarriak kontatzen ari zitzaigun. Bat-batean, bederatziak jo zituenean, etxeko atea entzun genuen bere erroetan zarata egiten eta bebarruan zehar eskaileratara urrats astiro eta astunak tarraka. «Coppelius da hori», esan zuen gure amak kolorea mudatuz. «Bai! Coppelius da», errepikatu zuen gure aitak ahots ahul hautsiz. Malkoak amildu zitzaizkion gure amari begietatik. «Baina, aita, aita! hots egin zuen, derrigorrezkoa al da?». «Azken aldia!» erantzun zion honek, «azken aldia niregana datorrena, nik hitz ematen dizut. Zoaz orain, zoaz haurrekin! —Zoazte —zoazte ohera! Gabon!»

        Harri astun eta hotz bihurtu nintzela iruditu zitzaidan; nire arnasa gelditu egin zen! Amak besotik heldu zidan zutik geldi geratu nintzenean: «Zatoz Natanael, zatoz ba!». Konturatu gabe jarraitu nintzaion, nire gelan sartu nintzen. «Zaude lasai, zaude lasai, etzan zaitez ohean! Egin lo, egin lo», esan zidan amak aldegitean; baina konta ezin daitekeen barneko antsia eta ezinegonak astindurik, ezin nuen begirik bildu nik. Coppelius gorrotatu eta nazkagarria neukan aurrean bere begi distiratsuekin eta barre egiten zidan gaiztokiro; alferrik saiatzen nintzen haren irudia nigandik uxatzen.

        Gauerdi ingurua izango zen eztanda beldurgarri bat gertatu zenean, iskilu bateko tiro egin izan balu bezala. Etxe guztiak dardarka egin zuen, nire ate aurretik danbaka pasatu zen, etxeko atea zarta batean bota zuen. «Coppelius izan da», hots egin nuen izuturik eta salto batean altxatu nintzen ohetik. Aiene urragarri eta atsekabetu bat entzuten zen garrasika, segituan aitaren gelara abiatu nintzen, atea irekita zegoen, ke itogarria aurkitu nuen, neskameak hots egin zuen: «A, jauna! Jauna!»

        Sutegi ketsuaren aurrean, lurrean, aita zegoen hilda, aurpegia erreta eta desitxuraturik, bere inguruan uluka eta intzirika arrebak; ama konortea galduta ondoan! «Coppelius, deabru gaiztoa, zuk hil duzu gure aita!» Horrela egin nuen garrasi; konorterik gabe geratu nintzen. Bi egun geroago aita zerraldoan zegoenean, aurpegiko hazpegiak berriro xamur eta gozo zeuzkan, bizitzan izan zituen bezala. Coppelius deabruarekin izan zuen hitzarmenak betiko hondamena ez ziola ekarriko pentsatzeak kontsolatu zidan arima.

        Auzokoak esnatu zituen eztandak, gertakaria ezaguna egin zen eta agintariek ere jakin zuten haren berri, eta Coppeliusi kargu hartu nahi izan zioten. Baina arrastorik utzi gabe handik desagertua zen.

        Orain, beraz, nire adiskide bihotzekoa! barometro saltzaile hori Coppelius madarikatua zela esaten badizut, ez didazu ezer aurpegiratuko azalpen madarikatu hura zoritxar astuna dakarrena bezala adierazten badizut. Bestela jantzita zegoen, baina Coppeliusen itxura eta aurpegiko hazpegiak sakonegi markatuak dauzkat nire baitan, hutsik egiteko. Gainera, Coppeliusek ez du izena ere aldatu. Entzun dudanez, hemen Piemonteko mekaniko gisa aurkezten da, eta Giuseppe Coppola deitzen omen du bere burua.

        Erabakita nago bera aurkitu eta, edozein modutan gertatzen dela ere, aitaren heriotzaren mendeku hartzeko. Amari ez kontatu ezer mamu nazkagarriaren azalketaz.

        Goraintziak nire Klara maite politari, idatziko diot lasaitzen naizenean. Ondo bizi, eta abar, eta abar.

 

 

© E.T.A. Hoffmann

© itzulpenarena: Pello Zabaleta

 

 

"E.T.A. Hoffmann - Hareetako gizona" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.eus