Literaturgile gazteentzako kontseiluak
Hemen irakurtzera zoazen arauak esperientziaren ondorio dira; esperientziak berekin dakar nolabaiteko akats multzoa; denok egiten ditugu nahiz gutxi, nahiz asko, igual zaio eta, hori dela eta, nire esperientzia zuetako bakoitzarengan egiaztatua izatea espero dut.
Adierazitako arauok ez dira vade mecum bat baizik, eta ez dute, kortesia zintzo eta inuzente izatetik kanpo, erabilgarritasun gehiagorik. Zerbitzu handia! Imagina ezazue bihotz adimentsu eta zintzodun Warens batek idatziriko kortesia kodigoa, ama batek erakutsiriko ongi jazteko artea. Era berean, literaturgile gazteei zuzenduriko arau hauei anaitasunezko kuttuntasun osoa itsatsi nahi nieke.
Suerte ona ala txarra hasieran
Idazle gazteek, kide bati buruz hitz eginez, bekaitzezko doinuz diotenean, «hasiera ederra, suertea izan dik!», ez zaie bururatzen hasiera guztien aurrean beti hamaika hasiera egon dela, eta hura hauen ondorio dela.
Nik ez dakit, ospeei buruz, noizbait izan den arrakastaren tximista hori; aitzitik, nire ustez, arrakasta da, idazlearen indarraren arabera, proportzio aritmetikoan, lehenagoko lorpenen ondorioa, ikustezinak badira ere begirada arruntarentzat askotan. Badago arrakastaren progresio mantso eta molekularrik, baina mirarizko eta bat-bateko sorpenik ez.
«Suerte txarra daukat» diotenek, oraindik behar hainbat arrakasta ezkutu lortu ez dutelako da, eta guzti hau ez dakitelako.
Giza nahimenaren inguruan mila baldintza ematen da, azpian arrazoi zilegiak dauzkatelarik; nahimenari itxura egiten dion zirkunferentzia osatzen dute. Baina biribil hori mugikorra, bizia, aldakorra da, eta egunero, segunduoro, aldatzen ari da bai bere zirkulua, bai bere erdigunea. Horren barnean dauden giza nahimenak uneoro elkarrenganako jokoa aldatuz doaz, eta hori da askatasuna.
Libertatea eta fatalitatea elkarren kontra-kontran daude. Ondo-ondotik nahiz urrunetik begiratuta, nahimen bat bera dira.
Horregatik, ez dago suerte txarrik. Suerte txarra baldin badaukazu, zerbait falta zaizu, zerbait hori ezagutu beharra daukazu, inguruko nahimenaren jokoak ezagutu beharra dauzkazu, zirkunferentzia errazago mugitzen ikas dezazun.
Adibide bat milaren artean. Maite eta estimatzen ditudan zenbaitzuk, gaur ezagunak diren idazle batzuen kontra Eugène Sue, Paul Féval benetako logogrifoak bota zituzten; baina horien talentua, bere arinean, ez da gutxiagotu horregatik, eta nire lagunen haserrea ezabatu egin da edo ezabatuz doa denbora galdua baita, hots, munduan gutxien balio dezakeena. Arazoa ez da bihotzetik edo itxuratik datorren literatura modan dagoena baino hobea ote den. Diodana egia da, niretzat gutxienez. Baina ez da erdizkako egia besterik izango zure generoaren barnean Eugène Sue-k berean adinako talentua ezarri nahi duzula erakusten ez duzun bitartean. Argi itzazu bitarteko berriak arreta berberaz, zabaldu kontrako bidetik indar berdina edo handiagoa; bikoiztu, hirukoiztu edo laukoiztu dosia, kontzentrazio berdinera iritsi arte, eta ez duzu niri burgesa deitzeko eskubiderik izango, zeren burgesa zeure ondoan egongo baita. Ordurarte, vae victis!, ez indarraz aparte beste egiarik, hura baita justiziarik gorengoena.
Ordainsariak
Gauza bat, ederrena izanda ere, haren edertasuna frogatzen ez den bitartean, hainbeste metro altueran eta hainbeste zabaleran da batipat. Era berean, literatura, materiarik neurgaitzena da, orri batzuk betetzea, lehen-lehenik. Eta arkitektura literarioak, izen hori bete-betean dagokiolarik, saldu egin behar du derrigorrez.
Badira gazteak hau diotenak: «Honek hain gutxi balio duenez, zertarako horrenbeste kezkatu?» Hauek obrarik onena osa zezaketen beharbada; kasu honetan, orainaren beharkizunak, izadiaren legeak, bakarrik ostuko zien hori. Horrela mintzatuz, ordea, beren buruari egin diote lapurreta. Gaizki ordainduta ere ohorea behintzat edukiko zuketen. Orain, aldiz, ez ordainsari ez ohore geratu dira.
Gai honetaz esan dezakedan guztia sententzia goreneko batean laburbilduko dut, filosofo, historialari eta negoziogizon guztien gogoetagarri: sentipen onez bakarrik lortzen da fortuna.
Honela ari direnak, «zertarako leher egin lanean horren gutxigatik?», gero, ohoreak iristen direnean, beren liburuak, berrehun franko folletin bakoitza, saldu nahi dituzte, eta atzera bidaltzen badituzte, hurrengo egunean ehun frankotan eskainiz itzuliko dira.
Gizon ezaguerakoak hau esango du: «Nik uste, honek honenbeste balio du, talentorik badaukat eta; baina, zerbaitetan atzera jo behar badut, jo egingo dut, zuen artean egoteko ohoreagatik».
Abegitasunak eta ezinikusiak
Amodioan, literaturan bezala, abegitasunak ez du nahimenarekin zerikusirik; hala ere beharrezkoa da biak egiaztatzea, arrazoiarekin egin ohi den antzera.
Egiazko abegitasunak ederrak dira, biz bat egiten baitute; zurikeriazkoak, berriz, baztergarriak dira, bat baitira, hasierako indiferentzia kenduz; honek gorrotoak baino gehiago balio du halere, atzipe eta desilusiotik baitator, izan ere gorrotoa.
Horregatik miresten eta onartzen dut laguntasuna, pentsakizun eta sentipenezko harremanetan oinarriturik dagoen bitartean. Izadiaren agerpen sanoenetarikoa da, esaera zahar haren aplikazio anitzen arteko bat: batasunak egiten du indarra.
Egiatasuna eta tolesgabetasun berberak agindu behar du ezinikusietan. Hala ere, badira pertsonak, gorroto bezainbat mirespen sortzen dutenak, burugabekeriaz. Hau ez da batere zuhurra; honela, batere arrazoirik eta probetxurik gabe, etsaiak egiten dira. Oker bidalitako kolpe batek ez du zauri gutxiago egiten arerioaren bihotzean, lekukoren bat ere bide batez zauriturik gerta litekeelarik gainera.
Halako batez, eskrima ikastaldi batean, hartzekodun bat etorri zitzaidan enbarazu egitera; eskaileretan behera jarraitu nintzaion atzetik floretearekin kolpeak tiraz. Itzuli nintzenean, arma-irakasleak, arnaskada batez lurrera bota nintzakeen erraldoi horietako bat, honela esan zidan: «Bai eskuzabal banatzen duzun zeure ezinikusia! Poeta izanda! Filosofoa! Tira, zer esango dute!». Nik bi asaltoren denbora galdua nuen, nekatuta nengoen, lotsatuta, eta gizon baten arbuioa neukan zorra kobratzera etorri zitzaidanarena eta min handirik ez nion egin.
Bai noski, gorrotoa likore ederra da, Borgiatarrena baino pozoi garestiagoa, gure odolarekin egina baitago, gure osasunarekin, gure ametsekin eta gure maitasunaren hirutatik birekin. Gorrotoarekin zekena izatea beharrezkoa zaigu.
Ereintagea
Ereintagea, akatsaren lagun egin direnen kontra bakarrik erabili behar da. Baldin eta indartsua bazina, ez lizuke mereziko beste gizon indartsu bati eraso egiteak; erakuts itzazu zenbait puntuekiko desadostasunak, eta bestela kasu batzutan zuetakoa egingo da.
Bi eratara praktikatzen da ereintagea: lerro zuzenez ala okerrez, biderik motzena lehenengoa izan ohi delarik.
Marra okerraren adibide aski J. Janin-en folletinetan aurki dezakezu. Marra okerrak galeria diberti dezake, baina ez zaitu jakintsuagoa egingo.
Lerro zuzena arrakastaz praktikatzen da, oraindik ere, zenbait kazetari ingelesen eskutik: Parisen ez da jadanik erabiltzen. Granier de Cassagnac jaunari berari ere badirudi ahaztu egin zaiola. Honela esan behar litzateke: «X jauna gizon desohoretsua da eta mokoloa gainera; ondoren, esandakoa frogatzera noa», eta gero, noski, frogatu: primo, secundo, tertio, eta abar. Baliabide hau norbere arrazoian fede handia eta ukabila sendoa daukanari biziki gomendatzen diot.
Huts egindako ereintagea istripu tamalgarria da: atzera bueltan datorren gezia da, edo gutxienez, irteterakoan eskua mozten dizuna, errebotean erail zaitzakeen bala.
Konposizio metodoak
Gaur egun beharrezkoa da asko produzitzea; presaka ibili behar da, gauzak azkar eta ondo eginez. Beharrezko da, beraz, kolpeak oro bere jomugara iristea, alferrikako mugimendu bat ere egiteke.
Abantaran idazteko, lehendik ondo pentsatzea derrigorrezkoa da, gaia norberarekin paseatzera eramatea bezala, eta komunera, edo jatetxera, edo maitalearen etxera ere.
Eugène Delacroix-ek honela esan zidan behin: «Artea hain da ideala eta iheskorra, non lanabesak ez baitira inoiz behar bezain egokiak, eta bitartekoak behar bezain ugariak» Literaturarekin ere horixe gertatzen da; halere, ez naiz edonolako zirriborroen aldekoa: gogoeten ispiluari enbarazu egiten baitiote.
Gizon adeitsu eta zentzudunetariko zenbaitzuk Edouard Ouliard, adibidez nahiko paper betez hasten dira. Zapia estaltzea deitzen diote honi. Joera honen helburua da ezer ez galtzea. Ondorioa oso ona da, denborari eta talentuari dagokionez gehiegikeriatan ez eroriz gero. Oihal bat estaltzea ez da kolorez bete-bete egitea; barnizaz gesaltzea baizik; masak osatzea, tonu arin eta gardenen bidez. Zapiak osaturik egon behar du izpirituan idazleak izenburua jartzearen lanari heltzen dionerako.
Esan ohi da Balzac-ek bere kopia eta frogak era harrigarri eta desordenatuan kargatzen dituela.
Nobela bat, orduan, sorketa une desberdinetatik igarotzen da, haietan obra osoa sakabanatuz, ez bakarrik esaldia. Dudarik gabe, lanerako metodo oker honek ematen dio bere estiloari, maiz, horrelako nahaste hori, estropozuka balebil bezala, borroiak eginez. Hau da, izan ere, istorio narratzaile handi horren akats bakarra.
Eguneroko lana eta inspirazioa
Orgia ez da jadanik etorriaren ahizpa; ahaide lizun horri uko egin diogu. Zenbait izaera ederren sutze azkarra eta ondorengo ahulezia, aurreritzi gorrotagarri horren lekuko dira.
Idazle emankorrak elikadura indartsua eta etengabea behar du soilik. Etorria eguneroko lanaren ondorioa besterik ez da. Bi gauza kontrajarri hauek ez diote batak besteari izadiko beste edozein kontrario parek baino gehiago kentzen. Etorriak ere obeditu egiten du, goseak bezala, digestioak bezala, loak bezala. Badago, bai, izpirituan halako mekanika zerutiar bat, eta horretaz inork ez du lotsatu behar, ahalik eta probetxurik handiena atera baizik, medikuek gorputzaren mekanikari egin ohi dioten bezala. Norbaitek biharko egunari begira egon nahi badu egoskorki, eguneroko lana lagungarri egingo zaio bere inspirazioari; idazkera irakurgarri batek pentsakera argitzen duen eran; pentsakera lasai eta indartsuak, idatzitakoa irakurgarri egiten duen bezala. Joana da idazmolde txarren garaia.
Poesiaz
Poesia arrakastaz egin dutenei inoiz ez uztea gomendatzen diet. Saririk handiena eman ohi duten arteetarikoa duzu, baina interesak oso berandu eskaintzen dituen kontu bat bezalakoa, nahiz interes horiek oso handiak izan gero.
Fidakaitz direnei, desafio egiten diet editore bat hondoratu duten bertso on batzuk aipa diezazkidaten.
Moralaren aldetik, poesiak halako desberdintasuna ezartzen du lehen mailako eta bigarren mailako izpirituen artean, non publikoak, burgesena izanik ere, ezin baitio haren eragin despotikoari aldegin. Ezagutzen dut zenbait pertsona Théophile Gautier-en folletinik hainbat aldiz erdipurdikoak irakurriko ez lukeena, non eta Heriotzaren komedia idatzi zuelako ez balitz. Ezbairik gabe, ez dira jabetzen obra honen bertute oroz, baina badakite egilea poeta dela.
Zertaz harritu ordea, badakigularik, edozein gizon sanok bi egun janik gabe pasa dezakeela, baina poesiarik gabe ezta bat bakarrik ere?
Beharkizun indartsuenei erantzuten dien artea beti izango da goraipatua.
Hartzekodunak
Gogoratuko duzue, dudarik gabe, Kean, ou Dsordre et Gnie izeneko obra. Jeinua desordenaren ondoan ibili izan dela esatean, jeinu hori ikaragarri indartsua dela besterik ez digu adierazten. Zoritxarrez, titulu honek gazte askorentzat bereiztasun bat baino gehiago beharkizuna suposatzen zuen.
Ez dut uste Goetheri hartzekodunik batere atzetik ibili zitzaionik; Hoffmann bera, Hofmann desordenatu hura, beti behar larriek eraginda, hartzekodunez libratzeko desiatzen zegoen; eta bizitza luzeago batek bere jeinuari indar ederra eragiteko aukera eman behar zionean hil zen.
Ez sekula izan hartzekodunik; nahi baduzue, horren itxura egin. Hau da eman diezazuekedan aholkurik onena.
Maitaleak
Ordenu moral nahiz psikikoa gobernatzen duen kontrakoen legea zaindu nahi baldin badut, letragizonentzat arriskugarriak diren emakumeak seinalatzera beharturik nago: emakume zintzoa, sasijakintsua eta antzezlaria. Emakume zintzoa, bi gizonena delako halabeharrez, eta arima poetikoarentzat erdipurdizko bazka delako. Sasijakintsua, emakume frakasatua delako. Antzezlaria, literaturaz igurtzia dagoelako eta jergaz hitz egiten duelako; beste era batera esanda: emakume osoa ez delako, hitz horrek duen esanahi betean; entzulegoa maiteago du amodioa baino.
Imajina al dezakezue emazteaz maiteminduriko poeta, hark trabestiaren papera nola jokatzen duen ikustera beharturik? Antzokia erreko lukeela iruditzen zait.
Imajina al dezakezu gizon hori berbera talenturik ez duen emakume batentzat obra bat idazten?
Eta imajina al dezakezue, halaber, antzokian zegoen poeta hura bera, izerditan, plateako entzulegoari epigramatan ordainduz bere maiteari eginiko irainak; kontutan hartzen badugu ekialdeko gizonek Parisa Zuzenbide ikasketak egitera etorri aurretik hiru giltza pean gordetzen dituztela beren maiteak?
Zenbait momentutan literaturgile guztiek sentitzen baitute literaturarekiko izuikara, bada, nik ez dut ontzat ematen horientzat arima libre eta harro horientzat, zazpigarren egunean beti atseden hartu beharra izaten duten izpiritu makal horientzat bi motatako emakumea besterik: edo oso gaztea, edo ergela: amodioa ala eltzea. Senideok, adierazi beharrik ba ote daukat horren zergatia?
© Charles Baudelaire
© itzulpenarena: Juan Kruz Igerabide