LA FANFARLO
Samuel Cramer, beste garai batean erromantizismoaren aro eder hartan Manuela Monteverde izenez zenbait zoramen erromantiko izenpetu zuen hori, alemaniar baten eta honen emazte txiletar beltzaranaren produktu kontrajarria duzu. Jatorri bikoitz honi, erantsi heziketa frantziarra eta ondasun literarioa, eta are gutxiago harrituko zara ezpada asebete edo hunkituko izaera horren katramila arraroez.
Samuelek bekoki garbi eta leiala du, kafe aleen antzeko begi distiratsuak, sudur bihurri eta irrikorra, ezpain lizun eta sentsualak, kokots karratu eta agintezalea; adatsa, berriz, rafaelista izan nahi lukeen horietakoa'. Alfer galanta, handinahi tristea eta zoritxarreko ilustrea da aldi berean, bere bizitzan ideia erdiak besterik izan ez dituena. Bere barnea etengabe argitzen duen alferkeriaren eguzkiak, lurrundu eta jan egiten dio bere erdi-jeinu hori, zeina zeruak emanikoa baitu.
Parisko bizitza ikaragarri honetan nik ezaguturiko erdi-gizon handi guztien artean, Samuelek beste inork baino gehiago alferrik galdu zituen bere lanak. Izaki gaixobera, lilurakorra, haren izaeran argiagoa da poesiaren distira bere lanetan baino.
Eta goizeko ordu bata aldera agertu izan zait beti, egur-ikatzez eginiko su distiraren eta erlojuaren tik-takaren artean, ezinaren jainko jainko moderno eta hermafrodita bailitz; eta ezintasun hori hain da eskerga eta izugarria, ezen epikoa ere bai baita.
Nola irekiaraziko nizkizueke begiak, izaera ilun horren barnera argibetean begiratzeko aukera izan dezazuen, haren irudimena, bakardadea eta alferkeria, absolutuaren tamainakoak baitira? Izaera ilun hori distirarik indartsuenarekin nahasirik darama: aldi berean alferra eta ekiten badakiena; noiznahi proiektu zailak hasi eta porrotik barregarrienen biltzailea; paradoxak harengan inozotasunaren neurriak hartzen ditu.
Samuelen arrarotasun ezagunenetarikoa, benetan miresten zituenen parekoa sentitzea zen. Liburu eder bat grinaz leitu ondoren, nahi gabe, honako ondorio hau etortzen zitzaion burura: «hona nirea izateko bezain ederra!», eta hortik «nirea da beraz» pentsatzera ez dago pausu ttiki bat besterik.
Gaurko mundu honetan horrelako izaerak uste baino maizago agertzen dira: kaleetan, ibilbide publikoetan, edategietan eta alferkeriaren egoitza orotan, izaki horiek txingurriak bezainbat ugaltzen dira. Hain ongi identifikatzen dira eredu berriarekin, ezen beren esku propioetatik sortua dela uste matera iristeko ez baitzaie asko falta. Hor ikusiko dituzue gaur Plotinoren nahiz Porfirioren orrialde mistikoak ezinaren ezinez deszifratu nahirik; bihar, berriz, miretsiko dute Crébillon semeak beren izaera horren alderdi frantziar eta kaskarina zein ederki adierazi izan duen. Atzo Jerme Cardan-ekin ariko ziren denbora pasa familiarki; hemen dauzkazue orain Sterne-rekin jolasean; edo Rabelais-ekin, tripazalekeria oroz asetzearren. Bestalde, hain dira zorioneko metamorfosi hauetako bakoitzean, ezen ez baitie batere minik egiten jeinu horiek aurrea hartzeak etorkizunaren istimua bilatze horretan. Lotsagabekeria inozoa eta agurgarria aldi berean! Honelakoa zen Samuel gizarajoa.
Jaiotzez oso etxe onekoa eta, denbora pasa ibiltzearren, bihurri samarra; izaeraz komediante hutsa, bere buruarentzat bakarrik, ateak itxita, trajeria paregabeak edo, hobe esanda, trajikomediak antzezten zituen. Asea eta bozkarioz betea sentitzen zen, berez zeukan alaitasunagatik; eta, hau ere esan beharra dago, gure gizona algara batean aritzen zen noiznahi. Edozein gertaeragatik malkoren bat betertzera bazetorkion, ispilura joango zitzaizun, bere burua negarrez ikustearren. Baldin eta neskatxen batek, ankerki, ume bat bezala jeloskor jarririk, orratzaz nahiz ganibetaz harramazka egiten bazion, Samuelek harro hitz egiten zuen zauriaz, aizto kolpeaz ari bailitzan. Eta norbaitek hari hogei mila franko nazkagarri zor izanik, honela egiten zuen oihu: «Hau jeinuaren zori triste eta laidogarria, milioi baten zorrez inguraturik!».
Hala ere, ez ezazue sinets hura egiazko sentipenak ezagutzeko gai ez zenik, eta harengan grinak bere axala erakustea besterik egiten ez zuenik. Bere atorra saldu zuen ia ezagutzen ez zuen gizon bati emateko, bezperan bertan haren lagunik minena egin baitzen, kopetara eta eskura begiratze hutsarekin. Izpiritu eta arima kontuetan izaera germaniarrek eduki ohi duten patxarako begirada hori eskaintzen zuen; grina kontuetan, berriz, bere amaren su bizi eta egonezina zekarren; egunerokoetan, ordea, banitate frantziarraren harrokeria guztiak zeuzkan. Dueloetan ere ibilia zen, bi mende lehenago hildako autore batengatik. Elizkoi amorratu izana zen bezala, ateo ere grinaz bihurtu zen. Ikasiak zituen autore guztiak, leituak zituen liburu guztiak, haiek bezalakoak izatera helduz aldi berean; eta hala ere, komediante ahalmen hori eduki arren, barne-barnetik orijinala zirauen. Beti izan ohi zen gozo, irudimen handiko, alferrontzi, beldurgarri, jakintsu, ezjakin, lotsagaldu; Samuel Cramer kaxkarina, Manuela Monteverde erromantikoa. Adiskide batengatik edozein emakumerengatik bezainbat grinatzen zen. Emakumea adiskidetzat maitatzen zuen. Sentipen on ororen logika zeukan, eta gazte bihurri guztien jakituria; eta halere ez zuen inoiz arrakastarik izan ezertan, ezinezkoetan gehiegi sinesten baitzuen. Eta zertaz harritu? Ezinezko horien atzetik, bidean zebilen beti.
* * *
Samueli arratsalde batez kanpora irtetea bururatu zitzaion; giro ederra zegoen eta usain gozoz betea. Izaeraz zeukan gehiegikeriarako joeraren arabera, ohitura basati eta iraunkorrak zeuzkan bere baitan: etxezuloan irtengabe egon, zein etxeratu gabe ibili. Eta oraingoan denbora luzea zeraman bere egoitzatik irten gabe, fidel. Logelaren eta azpiko arroparen eta ile zikin korapilatuen zabarkeriagatik larritzea galarazten ziona, amagandik zetorkion egonkeria zen apika, zainetan zihoakion alferkeria kriolloa alegia. Orraztu, garbitu eta, zenbait minututan, dotoretasuna eguneroko gauza zaion jendearen janzkera eta sendotasuna aurkitzen jakin zuen. Ondoren, leihoa ireki, eta egun bero eta urreztatuan murgildu zen hautsez beteriko gela hura. Miretsi zuen Samuelek egun gutxitan gertaturiko udaberriaren etorrera azkarra, iragarri gabea. Sudurrak, haize epel eta usain gozoz bete hark ireki zizkion; eta garuneraino ere igo zitzaiolarik pixkaren bat, honek ameskizun eta desioz bete zion burua, beste gainontzekoak bihotza, urdaila eta gibela libertinoki astintzen zizkion bitartean. Adoretsu, bere bi kandelak itzali zituen; bata Swedenborg-en bolumen bati argi eginez egona zen, eta bestea berriz, egiari buruzko gustu neurrigabea duten izpirituei bakarrik komeni zaien liburu lotsagarri horietako bati.
Bere bakardadearen gailurretik, paperez gainezka, liburuz josita eta ametsez aseta, Samuelek maiz nabaritzen zuen Luxenbourg-eko ibilbide batean zehar paseatuz, berak probintzietan garai batean maitaturiko amodioa maitatzen den adinean irudi edo itxura bat. Honen aurpegiaren egitura, zenbait urteko esperientziaren ondoren heldu eta sendotuagoa, emakume zintzoaren atsegin sakon eta garbiaren adierazle zen. Bere begien sakonean oraindik neskatila gaztearen ameskizun hezeak dirdira egiten zuen tarteka. Ia beti neskame dotore samar baten laguntzarekin joaten eta etortzen zen; neskame horren aurpegiak eta presentziak seguruago nabarmentzen zuten berarengan andereño laguntzaile edo kontu kontalariaren irudia, benetako otseinarena baino. Anderea, inor ez zegoen bazterren baten bila beti, alargun jarreraz eseri ohi zen noiznahi, leitzen ez zuen liburuari eskuan eutsiz.
Samuelek Lyon-go inguruetan ezagutua zuen hura: artean gazte, buruargi, kapritxozale eta argalagoa. Hari behin eta berriz begiratzearen poderioz eta, horrela esatekotan, hura aztertu ahala, emakumeari zegozkion oroitzapen txiki guztiak banan-banan gogoratuz joan zen bere irudimenean. Nobela hori bere buruari kontatua zion, txikikeria ñimiñoenak barne, nahiz eta gerora, bere bizitzaren kezkatan eta grinen laberintoan, galdu.
* * *
Arratsalde hartan ere agurtu zuen emakume hura, baina arreta bereziz eta begirada beteagoz. Haren aurretik pasatzerakoan, honako elkar hizketa zati hau entzun ahal izan zuen bere atzean:
Zer deritzon gazte horri, Mariette? baina esaldi honek hain ahots arretarik gabea zeraman, non entzulerik maliziusenak ere ez baitzukeen emakumeari erantzun txar bat emateko aukerarik aurkituko.
Bada, nik oso atsegina deritzot, Madame. Ba al dakizu hori Samuel Cramer dela?
Andereak, tonu gogorrago batez:
Eta nolaz dakin hik hori, Mariette?
* * *
Hori dela eta, hurrengo egunean Samuelek ardura handia jarri zuen aulki baten gainean aurkituriko emakume haren musuzapia eta liburua itzultzerakoan, hauek ez baitzeuden galduta, han inguruan baitzegoen emakumea, ogi apurrekin lehian zebiltzan txolarreei nahiz landareen barne lanari begira zegoenarena eginez. Arima diapasoi berdinetara eramanez, etorkizun konplizean loturik dauden bi arimen artean maiz gertatu ohi den antzera, bat-bateko elkar hizketa ateraz, berari adi egoteko eta erantzuteko prest zegoen pertsona aurkitzearen zori ederra izan zuen.
Oraindik zure oroitzapenen bazterren batean egoteko bezain zoriontsu izan ote ninteke, Madame? Hainbeste aldatu ote naiz bada, haurtzaroko lagun hau ez ezagutzeko, elkarrekin gordeketan jolastu eta eskolatik hainbat piper egin eta gero?
Emakume batek erantzun zuen andereak erdi irribarrez ez dauka jendeaz hain erraz gogoratzeko eskubiderik. Horregatik, jauna, eskertzen dizut lehenik oroitzapen eder eta alai horietara alderatzeko aukera eskaintzen didazulako. Eta gainera... bizitzako egun bakoitzak hainbeste gertakizun eta pentsakizun dauka... Eta hainbeste urte pasa da...
Urteak, erantzun zion Samuelek joan ezinik zenbaitetan eta eskuetatik aldeginez bestetan, baina guztiak hain anker izan zaizkit!
Eta poesia? bota zuen andereak, irribarrea begietan.
Hori beti, Madame! erantzun zuen Samuelek barrezka Baina, zer ari zara irakurtzen orain, Madame?
Walter Scott-en nobela bat.
Orain ulertzen dizut noiznahi irakurtzeari utzi behar hori. Idazle aspergarria benetan! Kronikak lurpetik ateraz dabilen gizaki hautsez beteriko hori! Erdipurdiko deskribapen jasanezinak, traste zahar eta era guztietako txatxukeria piloa, armadurak, baxerak, altzairuak; egoitza gotikoak eta melodramako gazteluak, non maniki automatikoak paseatzen baitira, gorontze eta koloretako kasakaz jantzirik; tipo ezagunak, hemezortzi urteko inongo plajiatzailek handik hamar urtetara nahi izango ez lituzkeenak, gaztelu dama ezinezkoak eta gaurkotasunaren izpirik gabeko amoranteak; bihotz-bihotzeko egiarik batere ez, sentimenduen filosofiarik batere ez! A zer nolako aldea gure nobelagile frantziar horiekin, grinak eta moralak beti objetuen deskribapen xehetara eramaten dituzten horiekin! Zer axola zaigu gaztelu damak lepokoak eramatea, edo miriñakeak, edo Oudinot gonazpikoak... hura, negar zotinka edo traizioka ari behar duenean, behar bezala aritzen bada behintzat? Amorantea interesgarriagoa egiten al zaizu, eskutan, bisita-txartelaren ordez, aiztoa daramalarik? Eta beltzez jantziriko despota batek sorturiko izuikara ez ote da burdinaz eta larruz estaliriko tiranoarena bezain poetikoa?
Samuel, ageri denez, jende zurrupera horien artekoa zen, gizon jasanezin eta grinatsu horietakoa, elkar hizketari beti luzabidea ateratzen dioten horietakoa, beren ideia tematiak adierazteko nolanahiko egoera zuhaitz baten ondoan edo kale kantoian, edozein gai ateraz, trapubiltzaile baten antzera apropostzat jotzen duten horietakoa. Komertzio-bidaiarien, batetik bestera dabiltzan industria-gizonen, elkarte anonimoetako bazkideen eta poeta zurrupalarien artean ez dago publizitatearen eta predikatzaileen artean dagoen desberdintasuna baizik: sermoilarien bizioak erabat desinteresatuak izatea, alegia.
Damak, ordea, hauxe bakarrik erantzun zion:
Ene Samuel, Monsieur bihotzekoa, ni ez nauzu publikoaren arteko bat besterik; nire arima errugabea dela jakitearekin aski duzu. Niretzat ere mundu honetan plazerra da bilatzen errazena. Baina hitz egin dezagun zuri buruz; ni zoriontsu sentituko nintzateke zure lanen batzuk irakurtzeko gai iritziko baninduzu.
Baina, Madame, nola liteke hori? atera zitzaion harriturik, poetaren harrotasuna ukitua izan baitzen.
Nire irakurgelako arduradunak dio ez zaituela ezagutzen.
Eta emakumeak irribarre egin zuen eztiki, okerbehar honen efektua leundu nahian edo.
Madame, esan zuen Samuelek hitz handiz hemeretzigarren mendeko benetako irakurlegoa emakumeak dira; zu alde jartzeak handiago egingo ninduke, hogei akademia nire alde edukitzeak baino.
Ongi bada, Monsieur, zure agindua gogoan izango dut. Mariette, ekar itzan guardasola eta echarpea. Honez gero etxean zain edukiko ditut; badakizu etxeko jauna garaiz itzuli ohi dela.
Emakumearen agurra labur bezain alaitsua izan zen, inongo konpromezurik agertu gabe, familiartekotasunak duintasunari lekua kendu gabe.
Samuel ez zen batere harritu aspaldiko gaztaroko maite hura ezkontzaz lotua ikustearekin. Sentipenaren historia unibertsalean derrigorrezkoa da hori. Orain, Madame Cosmelly izenez, Saint-Germain auzoko kalerik aristokratikoenetakoan zeukan egoitza.
Hurrengo egunez, berriro topatu zuen, buru maker, malenkonia jostalari eta ia ikasi batez, hesiko loreei begira, eta bere Orfraies liburua eskaini zion, soneto bilduma; guztiok, ileak luze bezain ikuspegi laburra geneukan garaian, egin eta irakurri izan ditugun horietakoa.
Samuelek jakinmin handia zeukan ea bere Orfraies-ak malenkoniatsu eder haren arima liluratu ote zuen jakiteko, ea aldi berean txori gaizto horien txioek bere alde hitz egiten ote zuten. Baina, zenbait egun geroago, honela mintzatu zitzaion hura zintzotasun eta xalotasun desesperagarriz:
Monsieur, ni emakume bat besterik ez naiz eta, ondorioz, nire epaia ez da ezer asko; baina iruditzen zaidana da, idazle jaunen tristeziak eta maitasunak ez direla inondik ere beste gizakiek dituztenen antzekoak. Zuk goraipamen oso dotoreak eta gustu finekoak egiten dizkiozu zenbait damari, eta nik emakume horiek gehiegi estimatzen ditut, batzutan laudorio horietaz lotsaturik ere egongo direla uste izateraino. Ama direnen edertasuna kantatzeko erabili ohi duzun estiloak alaben onespena galarazi egiten dizu. Munduari diozu, zure idatziak irakurtzen baino, semeen esku nahiz oinetarako beroki eta galtzerdiak egiten denbora luzeago ematen duen emakume horietako baten oin edo esku batez grinatzen zarela eta haren ohorearengatik pentsatzen dugu honela. Kontraesan oso berezi batez, zeinaren zergatia ezezaguna egiten baitzait, zure intsentsurik mistikoena izaki oso bereziei eskaintzen diezu, damek baino oraindik gutxiago irakurtzen dutenei; eta behe mailako emakume sultanen aurrean zorabiatzen zara platonikoki. Eta emakume horiek, hala iruditzen zait, sute baten aurrean esnaturiko piztiek bezain begi handiak irekiko lituzkete poeta baten irudi delikatuaren aurrean. Gainera, ez dakit zergatik dituzun horren kuttun hileta gaiak eta gorputz deskribapenak. Gaztaroan, zuk bezalako talentua eta zoriontsu izateko behar diren baldintzak edukirik, askoz ere naturalagoa irudituko litzaidake gizon zuzenaren poza eta osasuna goraipatzea, eta ez anatema botatzen edo Orfraies horiekin aritzea.
Hona zer erantzun zion Samuelek:
Damu naiz, Madame, edo hobe esanda, damu gara, nire kideko anaia asko baitaukat. Geure buruaz eta inguruko guztiaz daukagun desatsegina da irudikapen horietara bultzatu gaituena. Izaeraz noble eta eder izan ezin eta horregatik geure burua arraroki itxuraldatu dugu. Hainbeste saiatu gara geure bihotza sofistikatzen, hainbeste erabili dugu mikroskopioa bihotz hori estaltzen duten hondakin nazkagarriak eta karatxo lotsagarriak aztertzen, gustura asko handitzen ditugularik, ezen ezinezkoa egiten baitzaigu beste gizakien mintzaira bera erabiltzea. Beste horiek nola-hala bizitzea dute xede beren bizitzan; gu, ordea, ai!, gu berriz, jakitearen irrikak eusten gaitu bizirik. Hor datza misterio guztia. Adinak ahotsa besterik ez du aldatzen, hortzak eta ilea besterik ez du eror erazten; guk aldatu egin dugu izadiaren azentua, errotik atera ditugu, banan-banan, gure giza-barne zuzena tentaldira zeramaten lotsa birjinalak. Gu, zoroen antzera, horiek ere eroago egiten baitira beren erotasuna ulertu nahian psikologizatzen ari izan gara. Urteek gorputz atalak besterik ez dituzte ahultzen; gu, ordea, grinak desitxuratzen aritu izan gara. Zorigaitza, hiru bider zorigaitza, ahul eta oker etorriak egin gaituzten gurasoentzat, jaioberri hilak bakarrik sortzeko patua eman baitigute!
Orfraies gehiago oraindik! esan zuen emakumeak ea, emaidazu besoa eta mirets ditzagun udaberriak horren zorioneko egiten dituen lore gaixo horiek!
Loreak miresten aritu beharrean, Samuel Cramer-ek esaldia eta periodoa etorriak baitzitzaizkion zenbait ahapaldi txar, aspaldian osatzen zituen erara, hots egiteari nahiz prosaz emateari ekin zion. Damak utzi egiten zion konposizio lan horretan.
A zer nolako desberdintasuna; zein gutxi geratzen den gizon beraren kondarretatik, oroipena izan ezik! Baina oroipena ez da samin berri bat baizik. Zein garai ederrak haiek, belaun eri edo handituekin jaikitzen ez ginenak gaur egun bezalako ametsen nekeagatik-: gure begi argiak izadi osoari irribarrez aritzen zitzaizkion, gure arima arrazonamendutan ez zen ibiltzen batere, beti biziz eta beti gozatuz; gure hasperenak, eztiki, batere harrokeriarik eta murmuriorik gabe, irristatzen ziren! Zenbatetan berrikusi ote ditut, nire irudimenaren egoitzetan zuhaitzei kimuak tximistaren abiaduran tupustean loratzen zaizkien antzera haiek bezalako udazken arrats ederrak, arima gazteek aurrerapen handiak egiten dituzten horietakoak. Orduan ikusten dut benetan, orduan sentitzen, aditzen; ilargiak tximeleta handiak esnarazten ditu, haize beroak ganbarak irekitzen, iturri handietako ura lokartzen den bitartean. Entzun, entzun barne muinetan piano misteriotsu horren bat-bateko balseak! Haizearen usain gozoak leihotik sartzen ari dira; orain da garaia lorategiak soineko gorrixkaz eta zuriz beteko direna, bustitzeko batere beldurrik gabe. Txilar emankorrak gona iheslarietan itsatsiz dabiltza, gaztaina koloreko adatsak eta kizkur horailak zurrunbiloan nahasten ari dira! Oroitzen al zara oraindik, Madame, lasto-meta haietaz, eta zein azkar jaisten ginen haietan behera; eta, izeba haiek arretaz begira zegozkigularik, horren makal jarraitzen zitzaigun baina horren arin deitzen gintuen inude hartaz?
Cosmelly andereak hasperen batez moztu zuen Samuelen hizjarioa, zerbait esan nahi izan zuen gelditzeko eskatuz, zalantzarik gabe baina honek dagoeneko hartua zuen berriro hitza.
Penagarriena da esan zuen amodio orok beti amaiera okerra izan ohi duela: zenbat eta zerutiarrago eta hegaldatuago hasieran, orduan eta okerrago amaieran. Ez dago ametsik, ez idealik, azkenean bularretik zintzilikaturiko haurren bat ez dakarrenik; ez dago hain aterpe edo etxe gozo eta ezkuturik, pikatxoiak erats ez dezakeenik. Halere, erorketa hori materiale mailakoa besterik ez da; badago, ordea, beste bat, askoz ere gupidagabeagoa eta ezkutuagoa, ikusezinezko gauzei oldartzen zaiena. Imajina ezazu, zeure kuttunaren kontra jarriz, honela mintzatzen zatzaizkiola: «Hega gaitezen bi-biok eta araka dezagun zeruaren sakona!». Ahots gupidagabe eta zinezkoa jarriko zaizu belarrian, adieraziz, gure grinak gezurretazkoak direla, aurpegi politak gure ikusmen urriak sortzen dituela, eta arima ederrak, berriz, gure ezjakintasunak; eta beti iristen dela egun bat, non, begirada argienarentzat, idoloa objektu hutsa bihurtuko den, ez gorrotoaren objektu, baina harridurarena eta erdeinuarena.
Mesedez, Monsieur! mintzatu zitzaion Cosmelly anderea. Hunkiturik zegoen ezbairik gabe. Samuel konturatu zen aspaldiko zauri bat urratu zuela eta, ankerki, berriro ekin zion.
Madame, esan zuen oroimenaren minbera osasungarriek badute beren xarma, eta minaren zorabioan sarri aurki liteke kontsolamendurik. Hileta oharkizun honen aurrean arima fidel guztiak ozenki mintzatuko lirateke, honela: «Jauna, eraman nazazu hemendik nire amets ukigabe eta garbiarekin; izadiari itzuli nahi diot nire grina birjintasun osoz, eta nire koroa zimeldugabea ere eraman nahi nioke». Gainera, etsipenaren ondorioak ikaragarriak dira. Hil ez hil dagoen amodioagandik sorturiko haur gaixoberak dira, libertinaje tristea, eta ezin gorrotagarria: izpirituaren emankeria, bihotzaren ezina; bata jakinmin hutsez bizitzeko eta bestea utzikeriaz hiltzeko egunero. Gutxi gorabehera, bidaiari baten antzekoak gara denok: lurralde zabal bat ibilia lukeen bidaiaria; lehen bidea urreztatzen zuen eta orain axaleko zeruertz batean galtzen ari den eguzkiari arratsero begira legokeen bidaiaria. Bidaiari hori hondakin ezezagunez estaliriko mendixka narratsetan esertzen da etsipenez, eta sastraken usainei mintzatzen zaie, zeru hutsalera igotzea eder litzaiekeela esanez; ale arraro eta zorigabekoei lur lehortuan kimuak botatzea on litzaiekeela esanez; txoriei, beren ezkontzak norbaitek bedeinkaturik dauzkala uste duten horiei, adieraziz beren habiak haize zakar eta hotzak zigorturiko haranean eraikitzean oker zeudela. Eta berriro, tristeki, bideari ekiten dio, lehen igaro duen antzeko beste basamortu baterantz, Arrazoi izeneko mamu zurbila lagun, honek kriseilu zurbilago batez bidearen lehorteari argi egiten diolarik, eta, noiz edo noiz, hozka ari zaion grinazko egarri birjaioa arintzearren, asperkeriaren pozoia isurtzen diolarik.
Bat-batean, hasperen sakon eta ia eutsi ezinezko zotina aditzean, Cosmelly anderearengana itzuli zuen bere burua; negar batean ari zen eta ez zeukan bere malkoak gordetzeko adorerik ere.
Denbora batez, isilik begiratu zion Samuelek, aurki zezakeen jarrera hunkikor eta zurienaz; komediagile basati eta zuri hura malko eder haietaz harro zegoen; bere lana ziren eta bere jabego literariotzat zeuzkan. Minberatasun horren esanahi intimoaz, ordea, oker zebilen; Cosmelly anderea, era berean, hunkikortasun inozo horretan nahasirik, haren begiradaz oker zegoen bezala. Han ulermen okerrez osaturiko joko berezia suertatu zen, eta ondoren, Samuel Cramer-ek eskuak hartu zizkion, emakumeak, konfidantza samurrez, onartu egin zuelarik.
Madame, hasi zen berriro Samuel, zirrarak sortu ohi duen isilune horietako baten ondoren egiazko jakinduriaren oinarria, itxarotean datza, madarikatzean baino gehiago. Itxaropenaren dohain jainkozko hori gabe, nola zeharkatu adierazi dizudan basamortu aspergarri hori? Languntzat daramagun mamu hori arrazoiak osaturiko mamua da benetan: baina uxa genezake, teologiazko lehen bertutearen ur bedeinkatuaz bustita. Badago filosofia atsegin bat, itxuraz oso zuzenak ez diren gauzetan kontsolamendua aurkitzen dakiena. Bertutea inuzentzia baino baliotsuagoa den bezala, eta basamortuan ereitean baratze oparotik harrapatzean baino meritu handiagoa ikus litekeen bezala, horrela gol mailako arimaren gauza da bere burua erabat garbitzea eta, aldi berean, inguruan dagoena garbitzea. Nola ez dagoen barkamenik gabeko traiziorik, era berean, ez dago absoluzioa eskura ez dezakeen errurik, edota lortu ezinezko ahazturarik. Badago aldamenekoa maitatzen eta hura maitagarri ikusten irakasten duen zientziarik; baita, halaber, ongi bizitzen irakasten duenik ere. Izpiritu batek, zenbat eta finagoa izan, orduan eta jatorrizko edertasun ugariago aurkituko du. Arima bat Jainko-itxaropenarentzat irekiago eta bihozberago dagoen heinean, neurri berean aurkituko du besterengan hau anker izanik ere maitasunerako aukera. Karitatearen lana da hori. Eta ikusi izan da bidaiari bat baino gehiago, liluraren basamortu antzuan galdurik ibili arren, berriro galdutakoaz gripa biziagoz arduratzen eta fedea berreskuratzen; eta pasio indartsuagoz orain: maitatzen duenaren grina eta berea zuzen ditzakeen zientzia eskuetan baitaramatza.
Cosmelly anderearen aurpegia bere onera etorria zen emeki. Haren tristura itxaropen dirdiraz argitu zen, eguzki hezearen antzera, eta, Samuelek bere hizketa amaitu bezain azkar, honela mintzatu zen emakumea, biziki, haur baten inuzentzia sutsuz:
Egia da benetan, Monsieur, hori horrela gerta daitekeela. Baina, ba ote dago desesperatuentzat adarrik, heltzeko hain samurra denik?
Jakina, Madame.
Ai, emakume zoriontsuena egingo nindukezu, zure errezeta horiek irakasteko ohorea egingo bazenit!
Ez dago ezer errazagorik erantzun zion basati.
Berriketa bigun horrekin batera bien artean konfidantza sortua zen, haien eskuak elkartzeraino. Zalantza eta lotsaren ondoren, hauek Samueli adur onekoak iruditu zitzaizkiolarik, Cosmelly anderea, bere aldetik, honela hasi zen askatzen bere burua:
Konpreni dezaket, Monsieur, arima poetiko batek horrelako isolamenduaz har dezakeen sufrimendua, eta zenbat eta zein azkar ezabatuz joango den zurea bezalako bihotzaren handinahia bere bakardadearen baitan. Baina minak, zureak besterik ez direnak, beti asegai eta ia ase ezinezko beharkizun horietatik datozkizu, zure hitz puztuen artetik atera ahal izan dudanez. Sufritzen ari zara, egia da; baina, badaiteke sufrimendu hori zure handitasunaren egile izatea, eta horrela besteentzat zoriona bezain beharrezko bilakatzea zuretzat. Egingo al zinateke orain tristura ulerterrazagoen lagun, probintzietako min horien lagun? Zugandik, Cramer jauna, zugandik, jakintsu eta izpirituzko gizon horrengandik, espero ditut kontseiluak, eta agian adiskidearen laguntzak ere bai.
«Badakizu segitu zuen andereak ezagutu ninduzun garaian neskato zintzo bat besterik ez nintzena, ameslari samarra, zu bezala, baina lotsati eta esanekoa. Badakizu, halaber, ez nuela zuk baino sarriago begiratzen ene burua ispiluan, eta beti zalantzan ibiltzen nintzela zuk ausarki gure auzoen baratzan niretzat osten zenituen mertxika eta mahatsak jan edo poltsikoan sartu baino lehenago. Hori egin ahal izan nuen bitartean, hura bezalako plazer atsegin eta osorik ez dut geroan ezagutu; eta, era berean, zein gustuko nuen zu bezalako mutil eder bat besarkatzea nire izeba zaharraren aurrean edo soro erdian. Ezkontzeko dagoen neska gazte orok behar duen koketeria eta arreta nahikoa berandu etorri zaizkit. Geroago, pianoan jarrita erromantzeren bat kantatzen ikasi nuelarik, txukunago jantzi ninduten, zuzen ibiltzera behartu ninduten, gimnasia eginarazi zidaten eta nire eskuak loreak landatuz, nahiz usoak zainduz hondatzea debekatu. Berquin besterik ez neukan irakurtzerik, eta hango teatrora eraman ninduten, gau soinekoz jantzirik, opera txar askoak ikustera. Cosmelly jauna gaztelura etorri zenean, berehala sortu zitzaidan harenganako adiskidetasun bizia; nire izebaren zahartzaro marmarti samarrarekin parekatuz, haren gaztetasun loratuari oraindik itxura nobleagoa, zintzoagoa, hartu nion, berak nireganako errespetu handiko galantera erakusten zidalarik. Gainera hari buruzko ekintza ezin ederragoak kontatzen zituzten: nola besoa puskatu zuen lagun ezaxolati samar batengatik, honek bere arrebaren ohorea defendatzearen eginkizuna utzia ziolarik; nola fortunarik gabeko antzinako lagunei dirutza handiak utzi zizkien, eta ez dakit zenbat gauza gehiago. Guztiekin aginte doinu atsegina, eta aldi berean hari uko egiten zaila, erabiltzen zuen, ni neu ere menperatu ninduena. Gure ondoan gazteluan bizitzera etorri baino lehen nolako bizimodua ote zeraman? Ezagutu ote zuen beste plazerrik, nirekin ehizan ibiltzeaz edo bertutez beteriko erromantzeak nire piano txar hartan kantatzeaz aparte? Amoranterik izan ote zuen? Ez nekien horretaz ezer, eta ez nintzen jakiteaz arduratu ere egiten. Hura maitatzeari ekin nion, konparatzeko denborarik izan ez duen neskatilaren sineskortasun osoz, eta harekin ezkondu nintzen, nire izeba pozarren utziz. Erlijio eta legearen aurrean haren emazte bilakatu nintzelarik, oraindik gehiago maite izan nuen. Gehiegi maite izan nuen, dudarik gabe. Oker ote nengoen? Zuzen ote nenbilen? Nola jakin hori? Ni zoriontsu nintzen amodio harekin, baina erraturik nengoen amodio hura okertu zitekeela ez jakitean. Ongi ezagutzen al nuen ezkondu baino lehenago? Ez, noski; baina, badirudi ezkontzera doan neska ohoretsu bati, edo amorante anker batengatik bide okerretan sartzen den emakumeari, ezin zaiola leporatu aukera zuhur bat ez egina. Bata eta bestea, zorigaiztokoak gu, ezjakinak dira era berean. Ezkontzeko dauden zoritxarreko biktima hauei falta zaiena da heziketa lotsagarriagoa hartzea, esan nahi dut, gizonezkoen bizioak ezagutzea alegia. Nik nahi nukeena hauxe da: neskatila gaixo hauetako bakoitzak ezkontzaz uztartu baino lehen aukera izan dezan, bi gizonezko berriketan entzuteko, bizitzako gauzei buruz, batez ere emakumeei buruz, leku sekretu batetik eta inork ikusi gabe. Lehenengo saio ikaragarri honen ondoren, neska horiek arrisku gutxiagoz saihestuko lituzkete ezkontzaren egoera okerrak, beren etorkizuneko tiranoen indarrak eta ahuleziak ezagutuz».
Samuelek ez zekien ziur nondik nora joan nahi zuen hitz horiekin biktima xarmant hark; baina emakumeak, emazte desilusionatua izateko, bere senarraz gehiegi hitz egiten zuela jabetzen hasi zen.
Zenbait minututako geldiunearen ondoren, gai ilunenari ekiteko beldurrez bezala, honela segitu zuen andereak:
«Egun batez, Cosmelly jaunari Parisa itzultzea bururatu zitzaion; beharrezkoa omen zen nik neure garaian distira egitea, eta neure merituengatik zegokidan lekuan kokatua izatea. Emakume eder eta hezia Parisi zor zaio, zioen. Beharrezkoa da munduaren aurrean dagokion lekua har dezan eta bere senarrari distira horren zatiren bat bederen hel dakion. Izpiritu prestuzko eta ezaguera zuzeneko emakume batek badaki ez daukala berez loriarik, baina bere bidaia-lagunaren lorian partaide izango da, baldin eta honen bertuteen zerbitzari egiten bada; hura errespeta erazten ez badu, bere buru emea ere ez da errespetatua izango. Hau zen, ezbairik gabe, nik ia pozik obedi nezan lortzeko biderik aproposena: nire ahaleginak eta obedientziak haren begien aurrean ederrago egingo nindutela jakitea. Halere, ez nuen horrenbeste behar Paris ikaragarri honi ekiteko erabakia har nezan, nahiz eta neure baitan beldur izan, nahiz eta, halaber, haren mamu beltz itsugarriak, nire ametsen urrunean, neure ezkonberri bihotz gaixoa kokildu. Hauxe zen bada, ene ustez, gure bidaiaren egiazko arrazoia. Senarraren harrokeriak emazte maitekorraren bertutea osatzen du. Agian, hura bere buruari gezurretan ari zitzaion, asmo onez beterik, eta, jakin gabe, bere ezaguerari iruzur egiten zion. Parisen zenbait egun lagun minekin eman genituen, gerora Cosmelly jauna haietaz aspertu zelarik, bere emazteaz aspertua zen bezala. Beharbada, honek gehiegi maite zuelako bere bihotz osoa emana baitzion joan zen aspertzen. Adiskideekin, berriz, kontrako arrazoiengatik nazkatu zen.
Haiek ez zeukaten ezer eskaintzekorik, inongo grinarik ez zerakusaten, elkar hizketez osaturiko plazer aspergarriak izan ezik.
»Orduz gero segitu zuen, haren eginkizunak beste bide batetik joan ziren. Lagunen ondoren, zaldiak eta jokoak etorri ziren. Munduko zalapartak, inoiz ardurarik gabe ibili zirenen bizibideak gaztaro zoro eta zalapartatsu baten oroipenak etengabe gogoratzen baitzizkion, sutondotik eta solasaldi luzeetatik aldendu egin zuten. Bere bihotzaz aparte beste kezkarik izan ez zuen hark, betebehar berri batzuk hartu zituen. Aberats eta lanbiderik gabe, eginbide egongaitz eta kaskarin askori heldu zion, bere denbora osoa betez. "Nora zoaz? Noiz ikusiko zaitut berriz? Itzul zaitez azkar!" eta ezkonberrien arrean egiten diren horrelako galderak, ene bihotzaren barru-barruraino baztertu behar izan nituen; bizimodu ingelesak bihotzaren heriotza horrek, klub eta zirkuluetako bizimoduak, oso osorik irentsi baitzuen. Bere buruaz hartu zuen erabateko ardurak eta non-nahitik zerion dandismoak hasiera hasieratik utzi ninduten zurturik; argi zegoen ez zuela guzti hori nigatik egiten. Hark bezala egin nahi izan nuen: ederra baino ederragoa, koketa hutsa izan berarentzat, hura mundu osoarentzat zen bezala. Lehenago, dena eskaintzen nion, guztia ematen; aurrerantzean, ordea, niri erregu ziezadan nahi nuen. Nire zoriontasun itzaliaren errautsak berrindartu nahi nituen, behin eta berriz eraginez eta nahastuz; baina badirudi ez nintzela batere trebea zuhurkeria kontuan, eta are baldarragoa oraindik bizio kontuetan: nire ahaleginaz ohartzera ere ez zen makurtu. Nire izeba ankerra, atso zahar eta bekaizti guztien antzera, garai batean tartean ibili eta gero soilik hegira egotera kondenatua, eta beste batzuk albora uzten dituzten plazerrak zirrikutik begiratzera behartua, bada, nire izeba horrek ardura handia hartu zuen, Cosmelly jaunaren lehengusu baten bitartekotza interesatuaren bidez, senarra oso modan zegoen emakume antzezlari batekin maitemindurik zebilela niri jakinarazteko. Ikuskizun guztietara eraman nintzaten egin nuen, eta agertokian sartzen ikusten nuen emakume eder orok, beragan ene arerioa ikusarazten zidalarik, dardarka jartzen ninduen. Azkenean jakin nuen, lehengusu berberaren bitartez, nola emakume hori La Fanfarlo izeneko dantzaria zen, ederra bezain tuntuna. Zuk, idazle zarenez, ezagutuko duzu, dudarik gabe. Ni ez naiz buru harroa, eta ez naiz nire gorputz itxuraz harrotzen, baina zin degizut, Monsieur, batzutan, gauez, goizeko hiruak edo lauak aldera, ene senarraren zain egoteaz aspertuta, begiak gorri, malkoen eta loezinaren poderioz, hura fideltasunera eta bere betebeharretara itzul zedin otoitz luzeak egin ondoren, Jainkoari, nire kontzientziari eta ispiluari, galde egin izan diedala ea La Fanfarlo mixerable hori bezain ederra ez ote naizen. Ispiluak eta nire kontzientziak hauxe erantzun didate: Bai. Jainkoak horretaz harrotzea debekatu egin dit, baina ez arrakasta zilegi bat lortzea. Zergatik ote, bi edertasun berdinen artean, gizonek mundu guztiak usainduriko lorea nahiago dutela, beti ezkontzaren lorategiko ibilbiderik ilunenetan, paseatzaileengandik gorderik, egon den harena baino? Zergatik, bada, gorputz hori, sultan bakar baten giltzapean egon behar lukeen altxorra, nonahi zabaltzen duten emakumeek, zergatik, bada, adoratzaile gehiago izaten dute, amodio bakar baten martiriok baino? Zein xarma berezi eransten die bizioak halako izakiei? Nolako itxura baldar eta nazkagarria ematen die bertuteak bestelakoei? Erantzuidazu, bada, zuk zeure eginkizunagatik bizitzaren sentipen oro eta bere arrazoi desberdinak ezagutu behar dituzun horrek!»
Samuelek ez zuen erantzuteko denborarik izan, emakumeak honela segitu baitzuen:
«Cosmelly jaunak oso gauza larriak dauzka bere kontzientziaren gainean, baldin eta Jainkoari arima gazte eta birjin baten beste baten zorionerako sor erazi zuenaren galera interesatzen bazaio behintzat. Gaur gauean bertan hilez gero, Cosmelly jaunak barkamen asko leukake eskatzeko, zeren, bere erruz, emazteak sentipen ikaragarriak ikasi baititu: gorrotoa, maiteaganako mesfidantza eta mendeku egarria. Ai, Monsieur, zein gau mingarriak igarotzen ditudan, zein logaltze kezkatiak; erregu, madarikazio, birao, denak batera egiten ditut. Apaizak dioenez, burua makurtu eta gurutzea eraman behar omen da; baina, amodio erotuak edo fede hautsiak ez daki zer den eraman oneko izatea. Nire aitortzaren entzulea ez da emakumea, eta nik ene senarra maite dut, maite dut, Monsieur, zauritua eta kolpatua izan den amorante baten min guztiarekin. Ez dago ezer frogatu ez dudanik. Lehen neramatzan buruko soil eta ilunen ordez, eraman ditut beste batzuk, eroak eta handinahiak, antzokietako emakumeenak bezalakoak. Ni, gaztelu zahar baten barruan bilatu nahi izan zuen emazte orbaingabe hau, ni, haren aurrean neska kaskarinen arropaz jantzita! Bihotzean heriotza neukalarik, hala ere, arin eta bizkor egin nintzen. Ene ezina irribarre distiratsuetan bordatu behar izan dut. Ai, eta hark ez du ezer ikusi nigan! Gorri-gorri jartzen naiz, Monsieur, gorri-gorri! Ikusten duzu; istorio hutsala da, zoritxarreko guztien istorioa, probintzietako kontakizuna».
Samuelek, anderea zotinka ari zen bitartean, Tartufe-ren itxura egiten zuen; Orgon-ek, bat-batean agerturiko senarrak, ezustean harrapatutako Tartufe-rena, alegia; Orgon bere gordelekutik harengana irtenez bat-batean. Era berean, emakume horren zotin bertutetsuak, bihotz-bihotzetik ateratakoak, gure poetaren zurikeria zalantzatiaren lepoan zintzilikatu ziren.
Cosmelly anderearen erabateko utzierak, libertate eta konfidantza haiek, harritzeko moduan piztu zuten Samuelengan grina; halere, ez zen harritu. Samuel Cramer hura, hainbat aldiz munduari ezustekoak eman zizkiona, ez zen ezertaz harritzen. Bazirudien bere bizitzan zehar praktikan jarri eta demostratu egin nahi zuela Diderot-en pentsakizun haren egiazkotasuna: «Sineskaiztasuna, askotan, tonto baten bizioa besterik ez da; sineskortasuna berriz, gizaki zuhurraren akatsa. Zuhurrak badaki urrunera ikusten ahalbideen eremu zabalean; tontoak, ordea, berez posible dena besterik ez du jotzen posibletzat. Agian honek egiten du uzkurti bata eta beldurgabe bestea». Honek adierazten du guztia; zenbait irakurle ikarakor eta egiaren itxuraren aldekoak, istorio honi oker asko aurkituko dizkio; nik neuk, bestalde, izenak aldatu eta zenbait xehetasun eranstea besterik ez dut egin.
Irakurle horiek berak esaten ariko direnez, nola Samuel, poeta kaxkar eta ohitura txarreko hori, hel daiteke horren erraz Cosmelly anderea bezalako emakume batenganaino? Eta gainera, Scott-en kontakizun bat aitzakiatzat harturik, poesia erromantiko eta hutsalez beteriko erauntsi batez estali? Eta nola atera zituen horren erraz, halaber, Cosmelly andereak, emazte bertutetsu eta zuhurrak, lotsa eta mesfidantzarik gabe, bere arranguren sekretuak? Galdera hauei erantzunez diot, Cosmelly anderea arima eder bezain taigabea zela, eta Samuel berriz, tximeletak, liztorrak eta poetak bezain ausarta: edonolako sutara bota zezakeen bere burua, edozein leihotatik sartu. Dideroten gogoetak argi adierazten du nolaz zen bata hain inuzentea, eta hain baldar lotsagabea bestea. Gogoeta horrek berak adierazten ditu baita ere Samuelek bere bizitzan zehar egindako txorakeriak, tonto batek ere egingo ez zituzkeenak. Oinarrian entzulegoaren zati epelenak ez du Samuelen pertsonaia inolaz ere ulertuko, oso sineskor eta irudimen bizikoa baitzen, hainbeste, non bere grinetan sinesten baitzuen; gizakia zenez, eta poeta zen neurrian, berriz, bere entzulegoarengan zeukan sineste hori.
Une hartatik bertatik konturatu zen Samuel emakume hura itxuraz zirudien baino gogorragoa, helkaitzagoa zela, eta ez zitzaiola komeni inuzentzia bihozbera horri zuzen-zuzenean min egitea. Berriro ere bere hizjario erromantikoa zuzendu zuen andere harengana. Ergela izanaz lotsaturik, desaprensiboa izatea etorri zitzaion orain gogora. Zenbait denboraz apaizgaien patois modukoa atera zuen, hari hitz egiteko: zein itxi edo sendatu beharreko zauriei buruz; zein odoletan borborka, baina minik emateke, ari ziren zauridurei buruz. Inoiz ezertaz kezkatu ez den emakume zintzo bat bereganatzeko asmoa hartu duen edonork, Valmont edo Lovelace baten indarra badu behintzat, badaki nolako baldarkeria barregarriaz erakutsiko duen bere bihotza hitz egiterakoan, esanez: «hartzazu ene bihotz basatia». Hau ikusirik, Samuel Cramer zein inozoa izan zen jakiteko gehiagoren beharrik ez daukat.
Cosmelly anderea, Elmira atsegina nahi baduzue, bertutezko ikusmen argi zuhurraren jabe izanik, berehala konturatu zen apaizkume bihotz gabe hari atera ziezaiokeen onuraz, bai bere buruaren zorionari begira, bai bere senarraren ohoreari zegokionez. Txanpon bera itzuli zion bada: eskuak hartzen utziz, adiskidetasunaz eta gauza platonikoei buruz hitz eginez. Emakumeak mendeku hitza adierazi zion belarrira, alegia, egoera latz hartan mendekua hartuko zuenari senarrak utzitako bihotz zatia emango ziokeela eta horrelako lelokeria dramatikoak. Hitz batez, emakumeak koketeria erabili zuen bere onerako, eta gure gazte ezaxolatiak, jakintsu ez baino inozoa baitzen, agindu zion La Fanfarlo Cosmelly jaunaren besoetatik erauziko zuela, honela emakume bertutetsu harengandik ekintza horren ordaina jasoko zuelakoan. Poetek bakarrik sor dezakete honelako munstrokeriarik.
* * *
Istorio honetako xehetasun komiko bat, lau pertsonaia horien artean jokatzera zihoan drama mingarrian atsedenaldi gisa, Samuelen sonetoen quid pro quo-a izan zen; sonetoei zegokienez, ez baitzeukan erremediorik. Bat Cosmelly anderearentzat idatzi zuen, estilo mistikoan, haren Beatriz gisako edertasuna goralduz, haren ahotsa, haren begien aingeruzko garbitasuna, haren ibileraren lizunik eza, eta abar. Bestea, La Fanfarlorentzat, edertasun malkartsuz josia, apaizkume baten aho-sabaia odoletan jartzerainokoa. Poesia genero horretan asko nabarmendu zen, eman zitezkeen gehiegikeria guztiak gaindituz. Hauen zati bat dantzarisarenganaino ailegatu zen, baita bota ere honek azkar asko luzker platerkada hura zakarrontzira. Bigarren zatia ezagutzen dugun zoritxarreko emakumearenganaino heldu zen; honek aurrena begi handi-handiak jarri zituen; gero, ulertuz azkenik, eta bere arrangura eta guzti, algara batean barreari ekitea ezin izan zuen saihestu, bere garai onenetan bezala.
* * *
Samuel antzokira joan zen eta ohol gainetako La Fanfarlo hura aztertu nahi izan zuen. Arina, berebizikoa, indartsua, bere janzkeran harritzeko moduko gustu onekoa, iruditu zitzaion, eta Cosmelly jauna oso zorioneko jo zuen, halako gauza batengatik hondoratzeko zorian ikusirik.
Dantzarisaren etxera bi aldiz joan zen ate joka; etxetxoak eskaileran balusazko eskulekua zeukan, gortina ederrak eta alfonbrak nonahi; auzategi berri batean zuhaitz artean kokatua zegoen. Baina aitzakia ona behar zuen han sartzeko. Amodiozko azalpen bat alferrikakoa eta arriskutsua ere izan zitekeen. Halako porrotak berriro itzultzeko bidea erabat itxiko zion. Bere burua aurkezteko ahalegina egin ondoren, La Fanfarlok etxean inor ez zuela hartzen jakin zuen. Behin edo behin lagun minen bat edo bestez aparte, inor ere ez zuen ikusten. Zer esan behar zion halako dantzarisa bati, hain ongi ordaindua, hain ongi mantendua, maitaleak horrenbeste adoratzen zuen hari? Zer esan behar zion berak, ez baitzen ez jantzigile, ez soinekogile, ez dantza irakasle, ez dirudun? Beraz, erabaki erraz eta basatia hartu zuen: La Fanfarlo beregana etor zedin egingo zuen.
Garai hartan orain baino baliotsuagoak izan ohi ziren laudoriozko nahiz kritikaz osaturiko artikuluak. Idazlan horien aukerak gaur egun baino ugariagoak ziren, legegizon ezagun batek duela gutxi, zoritxarrez ospetsu bihurturiko prozesu batean, zioenez; kazetarien ~aurrean bere burua makurtzera iritsia zen zenbait buru azkar; gazte ezinegon eta menturazaleen lotsagabekeria mugarik gabe zebilen. Horrela hasi zen Samuel, musikaz tutik ere jakin gabe, antzerki lirikoari buruzko artikuluez arduratzen.
Orduz gero, orririk garrantzitsuenetako batean, astero hitz egin zen La Fanfarloz. Inork ez zukeen esango, ezta burutik pasa ere, emakume hark bernak zein orkatilak gaizki biribilduak zeuzkanik, edo galtzerdi lumen azpian giharrak dantzan ibiltzen zitzaizkionik; prismatiko guztiek biraogilearen kontra egingo zuketen oihu. Hala ere, emakume hura basatia eta arrunta zela idatzi zen, gusturik gabea, antzerkira Rhin edo Pirineoz handikako ohiturak omen zekartzana: kriskitinak, ezproinak, bota takoidunak. Eta hori dena, granadalari batek adina edaten zuela, edota txakurkumeak eta bere atezainaren alaba gehiegi maite zituela kontutan hartu gabe. Eta honela, dantzarisaren bizitzako zenbait trapu zahar ere kaleratua izan zen, egunkari txiki eta garrantzi gabeko batzuen goxoki eta bazka bihurtuz. Kazetariek erabili ohi duten konparaezinak parekatzeko joera berezi horrekin, balizko dantzarisa bat eraikia izan zen, eredu gisa, bestearen kontra: beti zuriz zebilena eta, mugimendu beti garbien bidez, kontzientzia gazteak lasai uzten zituena. Bestalde, askotan La Fanfarlo oihuka eta barrez joaten omen zen eserleku aretora, kriseilu gainetik salto egin eta agerlekutik dantzan ateraz... Inoiz ez omen zuen jazten gasazko jantzi zozo horietakorik, dena erakusten eta ezer somatzen uzten ez duten horietakorik. Zarata egiten zuten oihalak nahiago omen zituen, noski, eta gona luzeak, burdin-xaflaz eta adornu metalikoz josiak, eta, belaun indartsuak indarrez jaso zitzan, tarrapatarien gerruntzeak. Dantzan ari zelarik, bere belarritakoek, uztai txikiak baino gehiago lanparak ematen omen zuten. Dantzarisa hark gustura lotuko omen zuen, alegia, andrakileta anitz bere gonen ertzetan, emakume ijito zaharrek egin ohi duten antzera; hauek etorkizuna adierazten dizute amenazuzko keinuz, eta erromatarren horma zaharretako arkuen azpian aurki ditzakezu eguerdi-eguerdian. Dena den, ez dira batere finak, baina Samuel erromantikoa, Frantziak daukan azkenetarikoa, haietaz maitemindurik zegoen.
* * *
Hiru hilabetez La Fanfarloz gaizki hitz egin ondoren, hartaz maitemindurik geratu zen, eta emakumeak munstro hura nor ote zen jakin nahi izan zuen, altzairuzko bihotz hura, pedante hura, bere jeinuaren erregetza burugogorki ezeztatzen ari zen izpiritu ahuleko hura.
La Fanfarlori berea eman behar baldin badiogu, esan beharra dago beragan jakinmina besterik ez zela egon, ezer gehiagorik ez: halako gizon batek sudurra aurpegi erdian ote zeukan? Beste gainontzekoak bezala egina ote zegoen? Samuel Cramerri buruzko berri bat edo beste jaso zuenean eta beste edonor bezalako gizona zela jakitean, alegia, bazuela ezaguerarik eta nolabaiteko talenturik, orduan ikusi zuen han bazegoela ezkutuko zerbait, eta agian asteleheneroko artikulu beldurgarri hura ez zela asteroko lore sorta berezi baten irudia baizik, edo beharbada pretendiente egoskor baten bisita txartela.
Arrats batez bere kamerinoan aurkitu zuen. B kandela handik eta su zabal batek, beren argiak dardarka eramaten zituzten apain-mahaian zeuden kolore anitzetako soinekoen gainera.
Hango erreginak, antzokitik aldegiteko, edozein gizakik ipin lezakeen jantzia zeraman, eta kaxa baten gainera makurturik, bere oina inongo losintxarik gabe jazten ari zen; bere eskuak, zorrotz eta arinak, bortzegiaren korapiloa pasatzen ari ziren ojaleetan barrena, hego-hari trebe baten antzera, oraindik jaitsi gabe zeukan gonazpikoan pentsatzeke. Zango hura Samuelentzat bere betiko desioaren motibo zen ordurako: luze, fin, indartsu, mardul eta aldi berean zaintsu, edertasunaren zuzentasun osoa zeukan, eta politaren erakarpen libertino osoa ere bai. Lekurik zabalenean perpendikularki ebakia, zango hark triangelu moduko bat osatzen zuen, erpina zangarraren gainean zeukalarik, eta bernaren marra biribilean, berriz, oinarri konbexoa. Gizonezkoaren benetako zangoa gogorregia izan ohi da, eta Deveria-k marrazturiko emakume bernak delikatuegiak dira, gure dantzarisak zeuzkanen ideia egiteko.
Jarrera atsegin hartan, burua oinerantz makurturik, proconsul baten antzeko lepoa erakusten zuen, lodi eta indartsua, eta sorbalden irudia nabarmentzen zuen, haragi beltzaran ugariz estalita. Adatsak, bete luzeak, bi aldeetara erortzen zitzaizkion, bularrartean hazkura eginez; horregatik, uneoro hartu eta atzera botaka ari beharra zeukan.
Egonezin urduri eta liluragarri batez, gauzak behar bezain arin ez doazela uste duen haur mimatu baten antzera, bere gorputz osoa eta jantziak astintzen zituen, pauso bakoitzean alde eta efektu bereziak erakutsiz, bai marratan, bai koloretan. Samuel, errespetuz, geldi-geldi geratu zen, edo horren itxura egin zuen behintzat, zeren gizon deabru honengan ez baita erraza komediantea lanean noiz hasten den jakitea.
A, zu al zara, Monsieur! esan zion emakumeak, haserrerik gabe, Samuelen bisitaren berri minutu batzuk lehenago jakin izan balu bezala. Zerbait galdetu nahi zenidake, ezta?
Hitz honen gordinkeria gorengoa zuzen-zuzen joan zen Samuel gaixoaren bihotzera. Cosmelly anderearen ondoan berritsu erromantiko baten antzera zortzi egunez aritu ondoren, orain, lasai-lasai, hauxe erantzuten hasi zitzaion:
Bai, Madame eta malkoak etorri zitzaizkion begietara.
Honek arrakasta izugarria izan zuen. La Fanfarlok irribarre egin zion.
Baina, Monsieur, zerk bultzatu zaitu horrelako hortz ederrez niri hozka egitera? Bai lanbide itsusia...
Itsusia benetan, Madame... zutaz maitemindurik bainago.
Ez dakit hori erantzun zuen La Fanfarlok Zu munstroa zara eta. Taktika hori gorrotagarria da. Gu garen neska gaixookin! erantsi zuen erdi barrez. Flore, ekar ezan nire besokoa. Emaidazu zure besoa zalgurdiraino eta esaidazu arrats honetan ongi aurkitu ote nauzun.
Horrelaxe Joan ziren, elkarri esku emanda, bi lagun zaharren antzera. Samuel amodioak jota zegoen, edo behintzat bere bihotza gogor ari zitzaion taupaka. Agian ezohizkoa izan zen haren jarrera, baina oraingo honetan ez zuen nabarmenkeriarik egin.
Bere pozean, ia ahazturik zeukan Cosmelly andereari lorturiko arrakastaren berri ematea, eta, bide batez, haren etxe ilunera itxaropen pittin bat eramatea.
* * *
Handik egun batzuetara, La Fanfarlok Colombine-ren papera egin zuen, jende letradunari zuzenduriko pantomima luze batean, harentzat propio prestaturikoan. Bata bestearen atzetik zetozen pertsonaien metamorfosia gozoz agertzen zen: Colombine, Marguerite, Elvire eta Zphyrine izenak hartuz, eta, munduko alaitasunik handienaz, pertsonaia belaunaldi anitzen besarkadak hartzen zituen, lurralde eta literatura desberdinetatik harturiko pertsonaien besarkadak. Edozein musikagile handik ez zuen atzera egingo gai bitxi hari partitura egoki eta harrigarri bat osatzeko proposamenaren aurrean. La Fanfarlo, emakume zintzo, azti, ero edo lirain izan zen, bata bestearen atzetik; ezin ederrago ibili zen bere eginkizunean, oinetan dantzari bezain komediante begietan.
Guregan dantzaren artea baztertuegia dago, bide batez esanda. Herri handi guztiek, antzinakoetatik hasita, bai Indiakoek, bai Arabiakoek, landu dute hura, poesiarekin batera. Dantza oraindik musikaren gainetik legoke zenbait erakunde paganorentzat, sorturikoa eta ikus daitekeena, sortugabearen eta ikustezinaren gainetik leudekeen era berberean. Musikatik ideia piktorikoak sortzen zaizkien haiek bakarrik uler nazakete. Musikak misterioz estaltzen duen guzti hori, agerian azaltzeko ahalmena du dantzak; eta gainera hark gizatasun gehiago erakusten du, hunkigarriago izatearekin batera. Dantza besoz eta oinez hornituriko poesia da, mugimenduak piztu eta ederturiko materia, airoso eta izugarri, aldi berean. Terpsichore Eguerdiaren musa da; beltzarana irudikatzen zait, oinak gari horietan maiz astindurikoa; haren mugimenduak, kadentzia zorrotzez beteak, estatuagintzarako gai dibinoak lirateke. Baina La Fanfarlo katolikoak, Terpsichore-rekin deman sartzearekin ase ordez, jainko modernoagoen arte guztiei egin zien dei bere laguntzan. Maitagarrien eta ondinen irudiak, lurrun eta axolagabekeriaz urri, nahasten zituzten behelainoek. Shakespeare-ren kapritxoa eta, aldi berean, bufoikeria italiarra izan zen dantzarisa hura.
Gure poeta pozarren zegoen; bere ametsik zaharrenetarikoa begien aurrean zeukala iruditu zitzaion. Gustura dantzan hasiko zatekeen bere gelan, erarik nabarmenenean, eta edozeren kontra burua hautsi ere bai, mozkorbiltzen zuen eromen hartan.
Ondo itxitako zalgurdi baxu batek laster eraman zituen egun hartan poeta eta dantzarisa lehen adierazitako etxetxora. Gure gizon horrek bere mirespena adierazten zion emakumeari, eskuetan eta oinetan gogo biziz emandako musu isilen bidez. Emakumeak ere oso miresten zuen, ez bakarrik haren xarma indartsuagatik, inoiz horren gizon berezirik eta halako grina elektrikoa zuenik ikusi ez zuelako baizik.
Giroa hilobi bat bezain beltz zegoen, eta haizeak, hodeitzar handiak kulunkatuz, eurizko eta kazkabarrezko erasoak ateratzen zizkien hauei. Ekaitz erraldoi batek teilatupeak dardaraz eta kanpandorreak lanturuka zeuzkan. Errekastoak, gutun eztiak eta bezperako orgiak daramatzan hileta-ohantzeak, bere milaka sekretuak ur-isurkietara zeramatzan, indarrez. Heriotza ospitaleen gainera erortzen ari zen alai, eta Chatterton nahiz Savage-tarrak, Saint-Jacques kalekoak, beren behatz izoztuak estutzen ari ziren idazmahaien gainean; eta bitartean, gizonik faltsuena, berekoiena, sentsualena, tripazaleena, gure lagunik izpiritualena, afari on eta mahai eder baten aurrean eseri zen, izadiak begien atsegingarri sorturiko emakumerik ederrenetariko baten laguntzarekin. Samuelek leihoa ireki nahi izan zuen, hiri madarikatu hari begirada garailea botatzeko asmoz; gero, ondoan zeuzkan gutiziei bere begiak zuzenduz, haietaz gozatzen hasi zen azkar.
Halako gauzen artean berritsu ibiliko zen seguruenik. Bestalde, bere kopeta handiegi hura eta guzti, bere basa-ile, edale-sudur eta guzti, nahikoa ongi zegoela iruditzen zitzaion La Fanfarlori.
Samuel eta Fanfarlo ideia berekoak ziren sukaldaritza eta eliteko gizakientzat behar zen elikadura sistemari dagokionez. Okela nahiz arrain zapore gabeak itsaslamia haren afarietatik kanpo zeuden. Txanpainak gutxitan egiten zion desohore haren mahaiari. Bordeaux famatu eta usaintsuenek bide ematen zioten Auvergne-ko, Anjou-ko eta Midi-ko ardo-batailoi handien ilarari, edo atzerriko ardoei, alemaniarrei, greziarrei, espainiarrei... Samuelen esanean, egiazko basokada ardo batek mahats beltz sorta baten antza eduki behar zuen, hor edateko bezainbat jateko ere aurki baitzitekeen. La Fanfarlori okela odoletan gustatzen zitzaion, eta ardoa, berriz, zorabiatzen dakien horietakoa. Bestalde, ez zen inoiz mozkortzen. Biek maite zuten biziki trufa. Trufa, Cyble-k sabel barnean metalik preziatuena baino denbora luzeagoan daraman landare harrigarri hori, agronomoen zientziari Paracelso-ri urreak eginikoaren antzo desafio egin dion materia bitxi hori; trufa, antzinako munduaren eta modernoaren arteko muga, Chio kopa baten aurretik, zifra baten atzean jarritako zero askok bezainbat eragin duena.
Saltsei, estofatu eta ahokerari dagokionez, gai sakona baita hau eta zientzia mailako txosten baten antzeko kapitulu bat merezi bailuke, esan diezazueket bi-biak ados zetozela horretan ere, batipat sukaldaritzaren laguntzan izadiaren botikak oro ekarri beharrari buruz: piperrak, piperrauts ingelesa, azafrana, koloniatako sustantziak, hauts exotikoak, guztia egiten zitzaien eder, baita almizklea nahiz intsentsua bera ere. Kleopatrak, oraindik bizirik egotekotan, idixerrak edo orkatzarenak Arabia-ko usaingozoekin osatu nahi izango zituzkeen. Egiatan, penagarria da gaur egungo Cordon bleu direlakoak ez beharturik egotea, lege berezi eta lizunkoi baten bidez, erabili ohi dituzten elikagaien ezaugarri kimikoak ezagutzera, eta penagarria da halaber, amodiozko gai batean esaterako, gorputz osoa zeharkatuko luketen sukaldegaiak, ia su hartzeko modukoak, aurkitzen ez jakitea, hala nola, azido prusikoa edo lurrun bihurtzeko gai den eterra.
Gauza bitxia, ongi bizitzeari buruzko iritzietan zeukaten adostasun horrek, gustu mailako parekotasun horrek, biziki elkartu zituen bi pertsonaiak. Bizitza sentsual mailako adostasun sakon honek, Samuelen hitz eta begirada bakoitzean nabari zitekeenak, asko hunkitu zuen La Fanfarlo. Hizketa hura, zifra bat bezain basatia, edo lore sorta bat bezain usaintsu eta hauskorra, berriketa arraro hura emakume hark bakarrik ezagutzen baitzion haren sekretua La Fanfarlo zoragarriaren edertasunak irabazteraino iritsi zen. Bestalde, logela aztertzerakoan ongi ikusi zuen Samuelek, atsegin bizi sakonez, nola bien gustuak eta sentipenak bat zetozen altzari eta dekorazioari zegokionean ere. Cramer-ek sakonki gorrotatzen zituen, eta ene ustez arrazoi osoa zeukan, apartamentu gaietan eta etxebizitzatara erakarritako arkitekturan, marra zuzen luzeak. Gazteluetako egongela handi horiek izutu egiten naute eta erruki diet gaztelu gizonei, hilerri diruditen logela handi horietan hartu behar baitute amodio, ohe izena ematen zaien hil-mahai handi horietan, besaulki izena hartu ohi duten monumentu handi horietan. Ponpeiako logelak ez dira eskua baino handiagoak, Malabarko itsasertzean aurkitu izan diren hondakin indiarrek sistema bera erakusten digute. Herri jakintsu eta lizunkoi handi hauek ederki ezagutzen zuten gai hau. Sentipen intimoak ez dira eroso biltzen leku oso estuetan ez bada.
La Fanfarloren logela, beraz, oso txikia zen, oso baxua, ukitzeko arriskutsuak ziren gauza bigunez, usaindunez betea; giroak, miasma arraroz beterik, han bertan heriotza bilatzeko gogoa ematen zuen, berogailu gozo baten ondoan bezala. Lanparen argitasuna enkajeekin jolasean zebilen, eta baita ere kolore gogor baina zalantzakorrez osaturiko oihalekin. Hemen eta han, horman zintzilik zeuden zenbait pinturari ere boluptate espainiarrez beteriko pinturari egiten zion argi: haragi oso zuriak hondo oso beltzen gainean. Logela zoragarri haren sakonetik paraje gaizto eta otoizleku aldi berean ikusi zuen Samuelek beregana etortzen bere bihotzeko jainkosa, biluztasunezko edertasun zoragarri eta sekretuaren pean.
Zein gizonek ez luke begi aurrean ikusi nahi amesturikoa, bizi beharreko egunen erdiak eman behar izanda ere? Eta bere ametsetako izaki hari bere irudimenak adoraturiko mamua aurre-aurrean estalkirik gabe argitara ekarriz arrunkeriaren begietatik babestearren ezarritako estalki guztiak banaka-banaka eror eraziz joatea? Baina, hona non hasten den Samuel oihuka, kapritxo arraro baten menpe, haur gaizki heziaren modera:
Colombine nahi dut nik! Emaidazu berriz ene Colombine hura! Emaidazu erotu ninduen arratsaldean agertu zitzaidan bezala, bere janzkera liluragarriarekin eta bere gerruntze saltariarekin!
La Fanfarlok, hasieran zurturik, berak aukeraturiko gizon haren harrokeria hartara makurtzea nahi izan zuen eta Flore-ri hots egin zion; honek goizeko hirurak zirela adierazi zien, antzokian dena itxirik egongo zela, atezaina lo, giroa petral-ekaitzaren orroak aurrera segitzen zuen-; baina obeditu beharrean aurkitu zen, eta neskamea irten egin zen. Orduan, Cramer-ek beste burutazio batez, txintxarria jo eta, ahots altuan, honela esan zion:
Ei, ez ahaztu ezpainetako karmina!
Arrats batez La Fanfarlori bere lagunek Samuelekiko harremanen hasieraren berri galdetu ziotelarik, dantzarisak berak kontatu zien gertakizun bitxi hori; eta ez nintzen batere harritu; horretan ongi ezagut nezakeen Orfraies-en egilea. Beti egingo zaizkio kuttun bai gorria, bai zilarzuria, mota orotako urreizunak eta similora. Zerua eta zuhaitzak berriro margotzeari ekingo lioke gustura, eta Jainkoak izadiaren eraketa bere esku utziko balu, izadi hori alferrikaltzea ere lot lezake.
Samuelengan irudimen bihurritu bat bizi zen, eta agian honengatik, beregan amodioa, zentzuen arazoa baino gehiago arrazoimenarena zen. Batez ere edertasunarekiko gose eta mirespena zen. Harentzat erreprodukzioa amodioaren akats bat besterik ez zen, eta haurgintza, berriz, armiarmaren gaixotasuna. Honela idatzirik zeukan hor nonbait: «Aingeruak hermafroditak eta antzuak dira». Giza gorputza materia mailako armoniatzat miresten zuen, mugimendua itsatsitako arkitektura edertzat. Eta erabateko materialismo hau ez zegoen idealismo garbienetik hain urrun. Baina, nola, haren iritzian, edertasunean amodioaren iturri izanik bi elementu dauden: irudia eta erakarpena, eta guzti hark irudia besterik ez baitzuen erakusten berarentzat erakargarriena, gau hartan behintzat, gorria zen.
La Fanfarlorengan, beraz, irudia eta erakarpena biltzen ziren haren ustez. Eta ohe ertzean eseririk, maitatua izan den emakumearen lasaitasun arrakastatsu eta ezaxolatiarekin, eskuak Samuelengan eztiki jarrita, begiratzen zuenean, edertasun haren begietan infinitoa zekusala iruditzen zitzaion, bereak ortzemuga zabaletan galduta zeuzkan bitartean. Bestalde, gizaki hain bereziei gertatu ohi zaien antzera, Samuel askotan bakarrik egon ohi zen bere paradisuan, inongo laguni leku eman gabe; eta, halako batez, arrastaka, ia indarka, bereganatuz gero, emakume hura beti atzetik joango zitzaion. Gainera, Samuel errege zen zeru hartan, amodioa triste eta gaixotua izaren hasi zitzaion, urdinaren malenkoniaz, errege bakarti bati gerta lekiokeen antzera.
Hala ere, emakume hura ez zitzaion inoiz aspergarri bilakatu. Ez zen inoiz saiatu frogatzen, amodiozko txokotik aldeginez, sentitzen den poztasun norberekoi hori, goizeko hozkirrian espaloitik poliki-poliki paseatuz, zigarroa ahoan, eskuak poltsikotan, gure nobelagile handiak non baitioen bezala.
Bihotzaren faltan, Samuelek adimen zintzoa zeukan eta, esker txarraren ordez, beregan poztasunak atsegin gozoa sortu zuen, ameskizun sentsuala, jende arruntak amodioaz ulertzen duen baino baliotsuagoa agian. Gainera, La Fanfarlok aukera aprobetxatu zuen eta bere ferekarik trebeenak eskaini zizkion, gizon hark pena merezi zuela ohartuz; honen mintzairara mistikoa eta lizunkeriaz zein gordinkeriaz josia aldi berean ohituz joan zen. Gutxienez, berria izatearen erakarpena zeukan emakume harentzat.
* * *
Dantzarisaren amodio berriak eman zuen zeresanik franko. Askotan funtzioa bertan behera utzi behar izan zuten; entsaioetara ere joan gabe geratzen zen maiz. Asko ziren Samuelen bekaitz.
Arratsalde batez, kasualitatez edo Cosmelly jaunaren asperragatik edo honen emaztearen trikimailuz osaturiko sare katramilatsuagatik, kontua da gizon hori suaren inguruan geratua zela; ezer esatekorik ez, eta isiltzekorik, ordea, badagoenetan, senar-emazteengan sortu ohi diren isilune luze horietako baten ondoren, munduko terik onena teontzi umil eta zartatuan agian izebaren gaztelutik ekarritako hartan oraindik atera ondoren, hamar urte lehenago modan zegoen pieza baten zatiak pianoan kantatu ondoren, emakumeak, loa galarazten zion izaki hura beldurtu nahi ezik eta berarentzat atsegin izan nahirik, ahots ezti batez adierazi zion, bada, garai batean min handia izan zuela beragatik, negar ugari egina zuela, bere buruagatik baino gehiago, eta, bere erabateko etsipen obedikor eta debotuan, gizon hark bere emazteagandik eskatzen ez zuen maitasuna kanpoan gutxienez aurki zezan desio bizia eduki zuela; gehiago sufritu zuela hura erraturik ikusteagatik, bere burua babesgabe aurkitzeagatik baino; eta guzti horretan emakumeak berak erru handia izan zuela, senarra arriskuaz jakinaren gainean ez jartzeagatik, emazte eztiaren betebeharrak ahaztuak baitzituen; bestalde, zauri odoltsu hura ixteko prest zegoela, bien burugabekeria hura berak bakarrik ordainduz, eta abar; hitz batez, bihozberatasunak eman ohi duen zuhurtasunez botatako adierazpenek iradoki dezaketen ezein gauza esan zion. Emakumea negarrez ari zen, eta benetan gainera. Malkoek eta erresuminak edertarazitako haren aurpegia suaren errainuek argitzen zuten.
Cosmelly jauna, hitz bat ere esan gabe, irten egin zen. Beren erruetan harrapatuak izan ohi diren gizonek ez diote barkamenari beren barneko arraren eskaintzarik egin nahi izaten. Handik La Fanfarloren etxera joanda, han desorden aztarnak aurkituko zituen dudarik gabe, zigarro muturrak eta egunkarietako artikuluak.
* * *
Goiz batez, Samuel La Fanfarloren ahots berritsuaz esnatua izan zen, eta poliki-poliki jaso zuen burua, erabiltzen zuen burkotxotik nekatuta, eta gutun bat eman zion irakur zezan: «Eskerrak, Monsieur, eskerrak mila bider; nire zoriona eta onarpena mundu hobean kontutan hartuko dizkizute. Horrela dena ongi dago. Nire senarra zure eskutik neureganatu eta gaur arratsean bertan daramat gure C*** lurretara, zuri zor dizkizudan osasuna eta bizia han aurkituko baititut. Har ezazu, Monsieur, betiko adiskidetasunaren promesa. Gizon zintzoegitzat jo izan zaitut beti beste edozein ordainen parean adiskidetasuna nahiago ez izateko».
Samuel, enkajetan murgildurik, ikus daitekeen sorbaldarik eder eta freskoenaren kontra jarrita, pozik sentitu zen nolabait, eta pena pixka bat ere hartu zuen, bere oroimeneko azpijokoaren elementu guztiak, berak irtenbidera eramandakoak, bildu zituenean; baina bere buruari hauxe esan zion lasai-lasai: «Gure grinak erabat benetakoak ote dira? Nork jakin ziurtasunez bakoitzak nahi duena, eta nork ezagutu zehazki norbere bihotzaren barometroa?».
Zertan ari zara marmarrean? Zer da hori? Ikusi egin nahi dut esan zuen La Fanfarlok.
A! Ezer ez, bota zuen Samuelek emakume zintzo baten gutuna, zuk maiteko ninduzula agindu nion emakume batena.
Ordainduko didazu hau! erantzun zion ahapeka.
La Fanfarlok Samuel maite izango zuen ziur aski, baina arima gutxik ezagutzen duen maitasunez, barruan gorroto pittin bat gordez. Samuel, berriz, pekatua egin zuen arrazoi berberagatik izan zen zigortua. Askotan disimulatu zuen bere grina; azkenean onartu egin behar izan zuen, baina amodio hura ez zen izan inoiz lasaia, patxadakoa, mardula, neska zintzoek sor erazten duten horietakoa; amodio hura ikaragarria izan zen, atsekabetsua eta lotsagarria, gortezaleen amodio gaizkitua. Samuelek jeloskortasunaren tortura guztiak ezagutu zituen, eta, bestalde, berezkoa den gaixotasun sendaezinaz konturatzeak ekarri ohi digun tristura eta beherakada ere bai, hots, konkubinatoa deituriko ezkontza oker horren izugarrikeria guztiak.
Dantzarisa, berriz, egunetik egunera gizenagotzen ari da; edertasun lodia bilakatu da, garbia, gizena, gorritua, ministerioko amorante baten antzekoa. Egun hauetako batean bere Bazkoa ospatuko du elizara ogi bedeinkatua eramanez. Garai honetan beharbada, Samuel, penaz hilda, clou sous la lame egongo da, bere garai onenetan esan ohi zuen bezala, eta La Fanfarlok, bere kanonesa itxurarekin, beharbada oinordeko aberatsen bat bereganatuko du.
Bitartean, haurrak egiten ikasten ari da: bikiak erditu ditu zorionez. Samuelek ere lau zientzia-liburu erditu ditu: bata, lau ebanjelariei buruzkoa, bestea, koloreen sinbolismoaren gainean, iragarki sistema berri bati buruzko memoria bat, eta beste laugarren bat ere bai, titulua gogoan ez badaukat ere. Laugarren hau hizjarioz, indarrez eta bitxikeriaz mukuru egotea da ikaragarriena; honako epigrafe hau jartzeko aurpegia izan du Samuelek: Auri sacra fames. La Fanfarlok bere maitalea Institut-eko kide izatea nahi du, eta ministeritzari ziztaka ari da gurutzea eman diezaioten.
Orfraieseko kantari gaixoa! Manuela Monteverde gaixoa! Horren behera erortzea ere! Orain gutxi jakin dut egunkari sozialista bat sortu duela eta politikan aritu nahi duela. Adimen gaiztoa! M. Nisard ohoretsuak dioen bezala.
© Charles Baudelaire
© itzulpenarena: Juan Kruz Igerabide