Zenbait momentutan literaturzale guztiek sentitzen baitute literaturarekiko izuikara, bada, nik ez dut ontzat ematen horientzat —arima libre eta harro horientzat, zazpigarren egunean beti atseden hartu beharra izaten duten izpiritu makal horientzat— bi motatako emakumea besterik: edo oso gaztea, edo ergela; amodioa ala eltzea. Senideok, adierazi beharrik ba ote daukat horren zergatia?

BAUDELAIRE, Literaturgile gazteentzako kontseiluak

 

 

AMODIOA ALA ELTZEA

 

        Samuel Cramer da gure istorioko pertsonaia nagusia. Eta badu, bai, literaturarekiko izuikararik; edo, beharbada, zoramen hutsa da berea; eta zoramen horrek darama bere arima, libreak diruditen esparruetan barna, harrotasunez mukuru, nahiz harrotasun inozo samarra izan berea. Bai, inuzente samarra da Samuel, begininiak gora jirata lebilkeen idaxle erromantikoaren karikatura parodikoa, aldi berean utzia, buhamesa eta lotsagabea. Eta Baudelairek ez dio ezarri Samueli ez amorante gaxterik, ez ergelik. Cosmelly andereak hasieran buruarin samarra dirudi, baina gertakariak aurrera doazen heinean garbi agertzen da haren azpijoko zuhurra. Eta, alderantziz, La Fanfarlok, edonon maitaleak zeuzkan dantzarisa lizun horrek, bildotsa dirudi azkenaldera, Samuelekiko sortzen zaion amodioa, amodio inozo eta barregarri samarra, dela eta.

        Baudelaire-k 1847an eman zuen argitara La Fanfarlo, hogeita sei urte zeuzkalarik. Ordurako poeta madarikatuaren sona irabazia zeukan, garaiko beste idazle batzuek bezala; adibidez, Edgar Alan Poe-k bezala. Aipaturiko urte horretan Poeren lanak itzultzen eta argitaratzen hasia da Baudelaire. Edgar Alan Poe eta Baudelaire-ren artean harreman oso estua aurkitu izan da, nolabait bi leku desberdinetan kokaturiko sentiberatasun berbera bailiran. Ez zuen lagun txarra hartu Baudelairek. Forma mailako perfekzioaren bila, oso era gogorrean, gazterik abiatzen da, Poeren ondotik. Islatzen ari garen garai horretan oraindik hamar urte falta zaizkio Baudelaireri Les Fleurs du Mal argitara emateko.

        Baina La Fanfarlo obra ez da, itxuraz behintzat, perfekzio formalaren eredu. Asmo gaiztoz jotzen du Baudelairek Samuel Cramer-en irudia tratatzera; irudi horren tratamendua narrazioa bera baino gehiago axola zaio: zenbaitetan lehenengo pertsona ia inongo betekizunik gabe erabiltzen du, edo ikuspuntua aldatzen, justifikaziorik gabe. Obrak nahiko itxura arina ematen du lehen begirada batean; gazte denborako kaxkarinkeria horietako bat ote den pentsatzen jartzen da bat; alegia, badirudi erromantizismoaren kontrako amorruak eragindako istorio nabarmen samarra sortu ote duen Baudelaire gazteak, gehiegi pentsatu gabe. Halere, azaletik baldar samarra dirudien prosa horren barnean nabaria da literatura modernoan hainbeste hedaturiko hausketarako joera gogorra. Heroe erromantikoa hankaz gora jartzea ez da helburu bakarra; horren zorakeria nabarmenkeriaraino eramanez, estetika erromantikoaren moldeak ere hautsi egin nahi dira nolabait. Baudelairek nobela erromantikoa lardaskatu egin nahi izan duela esan genezake, haren bizkar barre egin nahi izan duela. Beraz, Baudelairek egin duen lanaren sakontasuna eta perfekzioa aztertzerakoan azalean dirudien baldarkeria hori baino sakonagora jo beharko genuke.

        Sakoneko puntu horietako bat grinen eta sentipenen tratamendua litzateke; Baudelaireren tesia hauxe da: erromantizismoko heroearen grinak eta sentipen bortitz haiek ez ote dira globo puztuak besterik? Hutsalak, alegia? Baudelairek behintzat benetakoak eta sakonak ez balira bezala tratatzen ditu. Samuel Cramer-en sentipenak erabat aldakorrak eta funtsik gabekoak dira; Cosmelly anderea itxura egiten aritzen da, bere sentimenduen irudi ekibokoak edo badaezpadakoak eskainiz, hondoan bere senarra berreskuratzea baitu helburu (maitasunagatik ala komenentziagatik?, galde genezake; bigarrena, erantzun beharko genuke); La Fanfarloren jokabideak ere jolasetik asko dauka; Cosmelly jaunak, bere aldetik, burges madarikatu baten jokabidea erakusten du. Ez dago sentipen eta grina mailako egiatasunik, pertsonaia guztiak faltsuak dira; kurioski, emagaldu kaskarinak, La Fanfarlok, erakusten du jokabiderik egiazkoena (puntu bateraino, noski). «Gure grinak egiaz benetazkoak ote dira?», galdetzen du Baudelairek azkenaurreko orrialdean; baina galdera hori erretorikoa da, noski, ezetza zuzen-zuzenean suposatzen duen galdera, obraren kontestuan.

        Edgar Alan Poeren eragin zuzenaren ondotik, E.T.A. Hoffmann batek edo Téophile Gautier batek irekia zuten tradizio ironikoa ez da ahaztu behar. Bigarren sakoneko gaia ironia izango litzateke, beraz. La Fanfarlo ironia klabean idatzia dago lehen esalditik azkeneraino; obra bere funtsean ironia hutsa da. Ironia hori nolabait exorzismo edo kontrabenenotzat jo dezakegu Baudelairerengan; Samuel Cramer-en —Manuela Monteverderen— nabarmenkeria hasiera-hasieratik jartzen da agerian eta horren bizkar barre pozoitsua egiten. Poeta erromantikoaren eredua, honen lehertu beharreko grina, sentipenak eta izaera, bizirik zeuden Baudelaireren garaian eta Baudelaire berarengan ere bai; tradizio horretatik edan zuen dudarik gabe; bera ere kutsaturik zegoen. Samuel Cramerri eginiko arbuioa bere buruari egindakotzat jo dezakegu; Samuelekiko, hots, bere buruarekiko, ironia garratza erakusten digu, izpiritu mindua. Baina, poetika berri bat osatzeko behar-beharrezko lana du hori Baudelairek; istorio honen azpian poetika baten arbuioa eta lurrematea legoke; erremediorik gabe egin beharreko lantzat dauka hori nonbait, gero, hamar une geroago, Les Fleurs du Mal obran erakusten duen poetikak bizia eta gorputza hartuko baldin badu.

        Poetika erromantikoaren hausketa horretan gune hauek bereiz ditzakegu:

        1— Heroe erromantikoaren arbuioa. Samuel Cramer heroe mota horren karikatura barregarria da, antiheroea nolabait, le dieu de l'impuissance deitzen dio Baudelairek. Samuelek heroe erromantikoa izan nahi luke, alde batetik, baina ez dauka ez indarrik, ez barne zuzentasunik, ez sinesmenik, ez argitasunik horretarako. Erromantikoen bideak segitu nahi lituzketen poeta gazteen irudia da (Baudelaire gaztearena berarena ere bai, noski); garai horiek joan dira, ordea, eta bide horretatik antzukeria eta dekadentzia besterik ez dator; Samuel poeta dekadentea da, ezbairik gabe. Alde honetatik, Baudelairek poeta gazteengan eta bere buruarengan pozoi eta paranoia erromantikoaren kontrako antidotoa sortu nahi izan duela esan genezake, similia similibus curantur alegia. Azken batean, La Fanfarlo obra poesiari buruzko gogoeta korapilotsua besterik ez baita, poetika bat, edo hobe esanda, antipoetika bat.

        2— Maitasun erromantikoaren arbuioa. «Penagarriena da —esan zuen— amodio orok beti amaiera okerra izan ohi duela». Erromantizismoaren platonismoak porrot egiten du obran. Madame Cosmelly-rekin zereginik ez dauka Samuelek bide horretatik (aldi berean, hau ere itxura hutsa egiten ari da, benetan sentitzeke); azpian, madame Cosmelly beste interes batzuen atzetik doa. Samuelengan, berriz, esan genezake barne zirrarak baino gehiago lotsagabekeriak eragiten duela, abentura nahiak eta kuriositateak edo sudurluzekeriak. Maitasunaren esparruan, garaile amodio haragikoia irteten da, Samuel eta La Fanfarloren artekoa, izpiritu mailako lotura oso arina delarik (eta hori bi zentzutan gainera: indarrik gabea eta buru-arinkeriaz betea); oso esanguratsua da maitasun hori dantzarisa kaskarin batekin lotua izatea. Esparru berean, eta bigarren mailan, Cosmelly senar-emazteen arteko maitasun konbentzionala eta interesatua legoke.

        3— Maitalearen irudiaren apurketa. Maitale erromantikoa, zurbila, ia airezkoa, fina, idealizatua, badirudi Cosmelly anderearengan gauzatzera doala hasiera batean. Baina, bide hori utzi, emakume konbentzional bihurtu, eta erabat kontrako bidea hartzen da La Fanfarloren eskutik: honen koloreak biziak dira, erabiltzen dituen arropa eta bitxiak, nabarmenak, aparatositatez beteak; zingara baten antza leukake: azalaren kolore beroa, gorputz mardula; haragiaren lurrun lizuna gehiago somatzen zaio, izpirituaren lurrun zurbila baino. Azkenean, gainera, irudi mardul bera ere itsusituz joango zaio: «Dantzarisa, berriz, egunetik egunera gizenagotzen ari da; edertasun lodia bilakatu da, garbia, gizena, gorritua».

        4— Faltsukeria da nagusi. «Izaeraz noble eta eder izan ezin eta horregatik geure burua itxuraldatu dugu». Faltsua da Samuel Cramer eta eskrupulorik gabea. Faltsuki jokatzen du honekin Cosmelly andereak: «Hitz batez, emakumeak koketeria erabili zuen bere onerako». Faltsua da Cosmelly jauna, obran eginkizun gehiegirik ez badauka ere. Nor da, beraz, benetazkoa? La Fanfarlo, noski, hots, garbikeria eta ideal erromantikoetatik urrunduen legokeen pertsonaia. Eta honek ematen dio, kurioski, obrari titulua. Baudelaire, osatu nahi duen poetikaren oinarria erakusten ari zaigu. Sinboloak lotura berriak bilatu behar ditu, benetazkoak, estereotipo erromantikotik aldenduak.

        Narratzeko erari gagozkiolarik, linealitate tradizionala hausten saiatzen da Baudelaire. Bai gertakizunak, bai pertsonaiak, ez dira zuzen-zuzenean garatzen. Teknika horiek nolabait kaos pixka bat sortuko dute testuan. Baudelairek testu horren egitura, linealitate horretatik kanpo, beste elementu batzuetan oinarritzen du; adibidez, joko bikoitzean: alde batetik, Samuel gaiztoa, lizunkoia, asmo okerrez betea, daukagu; bestetik, ordea, arkume baten gisakoa dirudi: Cosmelly anderearekin harremanetan jartzean, hasierako asmo lizunak, senar-emazteen batasuna lortzeko ahalegin bihurtzen dira; La Fanfarlorekin, hasieran kazetetatik eginiko erasoa menpekotasun umila bihurtuko da. Madame Cosmelly eta La Fanfarloren arteko bikoiztasuna ere hortxe dago: batak hasten du obra, besteak amaitzen. Horrelako elementuekin sortzen du obraren egitura Baudelairek.

        Narratzaileari gagozkiolarik, nahikoa urrun agertzen da kontatzeko eran. Baina, aldi berean, Samuel Cramer-engandik oso hurbil dago; oso ongi ezagutzen duela dirudi, eta beste guztiak pertsonaia honen ondotik ikusiak dira. Horregatik ere esan daiteke Samuel nolabait Baudelairek nahi ez duen bere buruaren alter-egoa dela; harenganako gorrotoa erakusten du, baina, aldi berean, erruki pixka bat ere nabaritzen zaio: gizajo hori ez du onartzen, baina anaia desbideratua bezainbat maite duela esan genezake. Horregatik egiten zaigu Samuel, aldi berean, arbuiagarri eta pixka bat maitagarri ere.

        Forma aldetik, trinkotasuna nabaria da kontatzeko eta esaldiak osatzeko eran. Gauzak zuzenki botatzen ditu Baudelairek, askotan prosaren bilakaera gogor-samartuz. Poetaren trinkotasuna, sinboloen pisua dago oinarrian, Baudelairek kontakizuna baino gehiago ikuspegia erakutsi nahi baitigu, poetikari buruzko ikuspegia, alegia.

 

Juan Kruz Igerabide

 

 

© Juan Kruz Igerabide

 

 

"Charles Baudelaire - La Fanfarlo" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.eus