BEHERA BEHARRA

 

Laurgain

 

        Arratsaldea gainbehera doa. Egunez iritxi ahal izateko etxera, beharrezkoa da honez gero jaisten hastea. Beti, penez ematen zaio hasera tontor batetik jaisteari. Mingarri zaie begiei paisaia eder bati agur esan beharra. Goibel samarrik hasten naiz jaisten. Goi aldeak lehia sutsuz atzematen ditugu, eta ezinbesteko jaiskeraren haserak —arimaren barru-barrutik menditontorrak erauzten digun zerbaitek eraginiksentipen mingarri bat sortarazten digu. Nire oinak, urrats luzeka dabiltzalarik, haize babeseko bazterretan joandako udazkenetik bildurik dagoen horbel gogor eta karraskagilean barruratzen dira. Uharretegiek horbel kirrikagileen hibaiak dirudite.

        Hegatz erdira iritxi baino lehen etxe mordo bat aurkitzen dut Aiara igotzen den autobide bakartiaren gainean. Lehendabiziko aldiz heldu naiz toki honetara. Etxeak gainduz, ezkiladorre lerden baten jabe den eliza bat, Iberotarrek trazatutako dorre lirainen imitapen apala delarik. Elizaren azpian, baserrien artean, ezki buruadartsuz luzera zuzenean landatutako zuhaizpide handi bat, zenbait zuhaitz lerroko bide zabala osatuz eta handiki jauregi bati itzala emanaz. Ehun urte edo gehiago dira noski, esku emankor batek landatu zituela ezkiok. Zenbat modu diren on egiteko, edertasuna ereiteko! Gizonak ezarri zituelarik sabiak, denborak eta Izadiak osatu zuten gainerakoa. Gauza gutxi da ederragorik arbola batzuk sailetan baino, eguzki sartzearekin laztandurik.

        Bere argi itzalibeharraren gozotasun legunean dena inguratuz, eguzkiak, laranja handi bat zirudielarik itsaso gainean zintzilik, aurki ezkutatu beharrez, kanpandorrea, baserriak eta ezkiak argitzen ditu zeharka. Inor ez da ageri inguruan. Inor ez da hurbildu. Dozena pare bat oilo zuri bakarrik lehiatzen da biltzen ollar baten inguruan. Honek, ernai egoteko karrasia botatzen du sekulako harropuzkeriaz. Baina Inor ez, ez eta haur bat ere, halako leku zoragarriaren izena jakin ahal izateko.

        Beharrekoa zaigu jaisten jarraitzea. Nire bideari bir-ekitera noakionean berriro sentitzen dut, handiturik, tontorretik jaisterakoan sentitu nuen pena berbera. Ederki asko bizitzen da, noski, hauetako baserri batean, itsaso zabalari begira, ezkiladorre lirain honen, jauregi zorrotz honen, ezki abar ostotsu hauen kerizpean...!

        Gaztelaniazko textuaren aldimuga: 1939-1941 Gurea: 1992-ko Jaundone Joseperen egunean hasi eta 1993-ko Jaundone Joaneren egunean amaitu.

        Eskerrak zuri, Jesus Jauna.

 

 

© Jose Artetxe

© itzulpenarena: Jon Etxaide

 

 

"Jose Artetxe - Bidez bide" orrialde nagusia


www.erein.com
www.susa-literatura.eus