XXIV

 

        Paparrigopulosekin izandako elkarrizketa amaitu eta handik atera zenean, hala zioen berekiko Augustok: «Bietako bati uko egin edota hirugarren bat bilatu beharrean nago, beraz. Nahiz eta azterlan psikologiko horretarako Liduvina bera ere primeran letorkidakeen hirugarren erkagai gisa, erkagai ideal huts gisa. Hiru dauzkat, beraz: Eugenia, nire irudimenari mintzo baitzaio, nire buruari; Rosario, nire bihotzari, eta Liduvina, nire sukaldaria, nire urdailari mintzo zaiona. Eta burua, bihotza eta urdaila dira, beste batzuek adimena, sentimendua eta borondatea deitzen dieten arimaren hiru ahalmenak. Buruarekin pentsatzen dugu, bihotzarekin sentitu eta urdailarekin maitatu. Argi dago hori! Eta orain..».

        «Orain —jarraitu zuen pentsatzen—, ideia argi bat, argi-argia! Itxura egingo dut berriro ere Eugenia lortu nahi dudala, berriro eskatuko diot ea senargaitzat onartzen nauen, baina, jakina, froga huts gisa, esperimentu psikologiko gisa, eta ziur naizenez errefusatuko nauela..., horixe baietz! Errefusatu egin behar nau. Gertatutakoa gertatu ondoren, gure azken solasaldian esan zizkidanak esanik, honezkero ez nazake onar. Hitzeko emakumea da, nik uste. Baina..., hitzik ha al dute, bada, emakumeek?; emakumea, Emakumea, horrela, letra larriz, bakarra, milioika emakume-gorputz gutxi gorabehera ederretan —gehiago gora, behera baino— banatzen dena, behartua al dago Emakumea hitzari eusten? Hitzari euste hori, ez ote da gizonezkoen kontua? Baina ez, ez! Eugeniak ez nazake onar: ez nau maite. Ez nau maite eta onartua du honezkero nire oparia. Eta nire oparia onartu eta dastatzen ari bada, zertarako ni maitatu?»

        Baina... esandakoan atzera egiten badu —pentsatu zuen gero—, baietz esan eta senargaitzat onartzen banau? Zernahitarako prest egon beharra baitago. Eta, diodana, onartzen banau? Ederra egingo dit! Nik botatako sare berberaz harrapatuko nau! Horra arrantzalea sarez harrapatua! Baina ez, ez! Ezinezkoa da! Eta hala bada? A! Etsi egin behar orduan, derrigorrez. Etsi? Bai, etsi. Jakin beharra dago zorionaren aurrean etsitzen. Eta zorionaren aurrean etsitzea da apika zientziarik zailena. Esaten ez digu bada Pindarok, Tantalori bere zoriona liseritu ezinak sortu zizkiola zoritxarrak oro? Liseritu egin behar da zoriona! Eta Eugeniak baiezkoa ematen badit, onartzen banau, orduan... psikologia garaile! Gora psikologia! Baina ez, ez, ez! Ez nau onartuko; ez nazake onar, bereari eustearren besterik ez bada ere. Eugenia bezalako emakume batek ez du amore ematen; Emakumea, Gizonarekin buruz buru nor setatsuago eta nor saiatuago jartzen denean, zernahi egiteko kapaz da... Ez nau onartuko, ez!

        — Zain duzu Rosarito.

        Sentimenduz betetako hiru hitz horiekin eten zuen Liduvinak nagusiaren gogoeta haria.

        — Esan, Liduvina, leialak al zarete, zure ustez, emakumeak behin esandakoarekin? Ba al dakizue emandako hitzari eusten?

        — Noiz eta nola den.

        — Bai, zure senarraren leloa. Zuzen erantzun ordea, eta ez emakumeek egin ohi duzuen modura, gehienetan galdetutakoari erantzun beharrean galdetzea espero zenuten horri erantzuten baitiozue.

        — Zer galdetu nahi izan didazu, bada?

        — Ea zuek, emakumeek, emandako hitzari eusten dio zuen.

        — Zer hitz ematen den.

        — Zer hitz ematen den?

        — Argi dago bada. Hitz batzuk eustekotan ematen dira eta beste batzuk, ez eustekotan. Eta, hartara, jakineko gauza denez, ez da inor engainatzen...

        — Tira, tira, esan Rosariori sartzeko.

        Eta Rosario sartu zenean, galdetu zion Augustok:

        — Aizan, Rosario, zer uste dun hik, eutsi egin behar zion emakume batek emandako hitzari ala ez?

        — Nik dakidala, ez dizut hitzik eman...

        — Kontua ez dun hori, baizik eta emakume batek emandako hitzari eutsi behar ote dion ala ez...

        — A, bai; beste horrengatik diozu..., emakume horrengatik!...

        — Dena delakoarengatik. Hik zer uste dun?

        — Nik ez dakit batere gauza horiei buruz...

        — Ez zion axolarik!

        — Tira bada, horretan lehiatzen zarenez, esango dizut hitzik batere ez ematea dela onena.

        — Eta batek emana badu?

        — Ez ematea zuen.

        «Bistan da —esan zuen berekiko Augustok— neskato hau ez dudala hortik aterako. Baina hemen dagoenez gero, psikologia erabiliko dut, esperimentu bat egingo dut».

        — Hator hona, eser hadi hemen! —eta belaun gaina erakutsi zion.

        Lasai eta batere larritu gabe obeditu zion neskatoak, aldez aurretik hala erabakita bailegoen. Augusto, aldiz, nahasturik eta bere esperimentu psikologikoa nondik hasi ez zekiela gelditu zen. Zer esan ez zekienez, bada... egin egiten zuen. Bere bular hatsantuaren kontra estutzen zuen Rosario, aurpegi osoa musukatzen zion, eta anartean berekiko: «Nago ez ote dudan ikerketa psikologikorako behar den lasaitasuna galduko». Halako batean, ordea, gelditu, lasaiturik antza, Rosario beregandik zertxobait aldendu, eta hitzetik hortzera esan zion:

        — Baina ez al dakin beste emakume bat maite dudala?

        Isilik gelditu zen Rosario, besagainak jaso eta hari adi-adi begira.

        — Ez al dakin, bada?

        — Augustok berriro.

        — Eta niri zer hori orain...?

        — Axolako ez zain bada?

        — Orain ez! Orain ni maite nauzu, nik uste.

        — Hala uste dinat nik ere, baina...

        Ezusteko bat gertatu zen orduan, Augustoren aurreikuspenetan ez zegoena, Emakumeari buruzko esperientzia psikologikoetarako bere programan sartzen ez zena: bat-batean besoak lepo jiran jarri eta musuka hasi zitzaion Rosario Augustori. Hauxe pentsatzeko denbora izan zuen ozta-ozta gizajoak: «Neu naiz orain esperimentatua; gizonaren psikologiari buruzko azterlanean ari da neskato hau». Eta zertan ari zen konturatzeke, bere esku dardaratiez neskatoari zirrika ari zitzaiola ohartu zen harriturik.

        Bat-batean altxa zen Augusto, Rosario airean hartu eta sofa gainera bota zuen. Neskatoak, aurpegia gorriturik, ez zuen indarrik egiten. Eta Augusto, hura bi eskuekin besoetatik heldurik, begietara so gelditu zitzaion.

        — Ez itzan itxi, Rosario, ez itzan itxi, Jainkoarren! Ireki itzan. Horrela, horrela, gero eta zabalago. Utz iezadan nire burua hire begietan ikusten, hain txiki...

        Eta bere burua begi haietan, ispilu bizi bailiren, ikusi zuenean, hasierako asaldura baretuz zihoakiola sumatu zuen.

        — Utz iezadan nire burua hire begietan ispilu baten aurrean bezala ikusten, hain txiki... Hori izango baita nire burua ezagutzera iristeko modu bakarra, alegia, nire burua emakume begietan.

        Eta ispiluak harriturik begiratzen zion. Rosariok pentsatzen zuen: «Gizon hau ez zait besteak bezalakoa iruditzen; burutik egina behar du».

        Bat-batean, neskatoarengandik aldendu egin zen Augusto; bere buruari begiratu zion, gero eskuekin ukitu eta esan zuen ozenki:

        — Eta orain, Rosarito, barka iezadan.

        — Barkatzeko? Zer bada?

        Beldurra adierazten zuen Rosarito gaixoaren ahotsak beste edozein sentimendu baino areago. Ihes egiteko gogoa zuen, bere baitan pentsatzen baitzuen: «Gizon bat zentzugabekeriak esaten edo egiten hasten denean, ezin jakin noraino helduko den. Ni hiltzeko ere kapaz litzateke gizon hau halako zoraldi batean!» Eta malko batzuk atera zitzaizkion.

        — Ikusten? —esan zion Augustok—, ikusten? Barkatu, bai, barkatu, Rosarito; zertan ari nintzen ere ez nekinan.

        Eta neskak berekiko: «Zertan ari ez den, horixe da ez dakiena».

        — Eta, hoa, hoa hemendik!

        — Bota egiten nauzu?

        — Ez, nire burua defendatzen ari naun. Ez haut botatzen, ez! Alafede! Nahi badun neuk alde egingo dinat eta gelditu hadi hi hemen, botatzen ez haudala ikusteko.

        «Bistan da ez dagoela burutik sano», pentsatu zuen neskatoak, eta pena eman zion.

        — Hoa, hoa, eta ez nazan ahaztu, e? —kokotsetik heldu eta ferekatxoak egin zizkion—. Ez nazan ahaztu, ez ahaztu Augusto gizajoa.

        Besarkatu eta musu luze eta estua eman zion ahoan. Ateratzerakoan, beldur misteriotsuz beteriko begirada egin zion neskatoak. Eta hura irten bezain laster, pentsatu zuen Augustok berekiko: «Mesprezatu egiten nau, dudarik ez, mesprezatu egiten nau; barregarri jokatu dut, harregarri, barregarri... Zer daki, ordea, gajo horrek gauza hauen gainean? Zer daki psikologiaz?»

        Une hartan Augusto gizajoak Rosarioren espiritua irakurtzerik izan balu are etsituago geldituko zatekeen. Oso bestelako pentsamendua baitzeraman neskato inozoak: «Ez dit ez berehala horrelako trantzerik pasaraziko beste haren mesedetan..».

        Berriro asaldatzen hasia zen Augusto. Konturatzen baitzen nola galdutako denbora berriro etortzen ez den, ez eta, harekin batera, alferrik galdutako okasioak ere. Bere buruarekin amorratzen jarri zen. Zer egiten zuen konturatzeke, eta denbora pasatzearren, Liduvinari deitu zion, eta bere aurrean ikusi zuenean hain lasai, hain pottola, maleziaz irribarre zegiola, halako eta hain ez ohiko sentimenduak hartu zuen, ezen «Zoaz, zoaz, zoaz!» esan eta kalera irten baitzen. Beldur izan baitzen une batez ez ote zion bere buruaren jabe izateari utziko eta Liduvinari eraso.

        Kalera irtetearekin lasaitu egin zen. Basoa bezalakoa da jendetza; nor bere lekuan jartzen du, bere tokira eramaten du.

        «Burutik sano ote nago? —pentsatzen zuen Augustok—. Ez ote da izango ni kalean barna, pertsona normalak bezala —eta zer da pertsona normala?—, behar bezala noalakoan, agian keinuka, tximinokeriaka eta plantak egiten noala, eta nire ustez begiratzen ez didan edota besterik gabe begiratzen didan jende hori benetan niri adi-adi begira dagoela, edota nire bizkar barre egin edo errukitu egiten dela?... Eta burutazio han bera ere ez ote erokeria? Benetan burutik eginda ote nago? Eta azken finean, hala banago ere, zer? Gizon bihoztuna, sentibera, ona, erotu egiten da, bestela kaiku hutsa da. Eroa ez dagoena tontoa da edo lotsagabea. Baina horrek ez du esan nahi, noski, lotsagabeak eta tontoak erotzen ez direnik».

        «Rosaritorekin egin dudana —jarraitu zuen pentsatzen— barregarrikeria izan da, barregarrikeria hutsa. Zer pentsatu ote du nitaz? Eta niri zer, horrelako neskato batek nitaz zer pentsatzen duen?... Gaixo txikia! Zeinen inozoki uzten zidan, ordea, ferekatzen! Izaki fisiologikoa da, fisiologikoa arras, fisiologikoa baino ez, batere psikologiarik gabea. Alferrik hartuko dut, bada, esperimentu psikologikoetarako akuri edo igeltxotzat. Fisiologikoetarako gehienez ere... Baina psikologia, eta emakumearena batez ere, ez al da fisiologia hutsa, edo, nahiago bada, psikologia fisiologikoa? Emakumeak ba al du arimarik? Eta niri, esperimentu fisiologikoetan hasteko, prestakutza teknikoa falta zait. Sekulan laborategi batean izan gabea naiz, eta gainera, ez dut tresneriarik. Eta psikofisiologiarako tresneria behar. Burutik eginda ote nago, beraz?»

        Kalean barna bere nekeei batere jaramonik egiten ez zion jendetza lanpetuaren artean egindako gogoeta hauen bitartez barrua hustu zuenean, lasai sentitu zen eta etxera itzuli zen.

 

 

 

© Miguel Unamuno

© itzulpenarena: Mikel Garmendia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus