XXI
Arrazoi duzu, bai esaten zion Antoniok Augustori arratsalde hartan kasinoan, txoko batean bakarka ari zirela, arrazoi duzu; bada misterio mingarri bat, oso mingarria, nire bizian. Zer edo zer igarri duzu zuk. Gutxitan izan zara nire etxe apalean; nabarituko zenuen, alabaina, halako...
Bai, halako gauza arraro bat, ez dakit, halako tristura bat airean, bereganatzen ninduena...
Nire seme-alabak, nire seme-alaba gaixoak, han izanik ere, seme-alabarik gabeko etxea, senar-emazterik gabekoa apika, irudituko zitzaizun...
Ez dakit... ez dakit...
Urrundik etorri ginen, oso urrundik, iheska; baina gauza batzuk aldean daramatzagu beti, inguratu egiten gaituzte eta ingurumari misteriotsu baten gisan biltzen. Nire emazte gaixoa...
Bai, aurpegian igartzen zaio zure andreari bizitza osoa eman duela...
Sofritzen, bai, esan ezazu lasai. Begira, lagun don Augusto, ez dakit ongi zergatik, ezkutuko sinpatia batengatik edo, baina zuk erakutsi izan diguzu txerarik handiena, errukirik handiena beharbada, eta nik, oraingoan ere gainetik zama bat kenduko dudalakoan, nire zorigaitzak jakinaraziko dizkizut gure artean. Emakume hori, nire seme-alaben ama, ez da nire andrea.
Pentsatzen nuen, bai; baina zure seme-alaben ama baldin bada, zure andrea bailitzan zurekin bizi baldin bada, zure andrea da.
Ez, nik badut beste andre bat... legezkoa, esan ohi denez. Ezkonduta nago, baina ez zuk ezagutzen duzunarekin. Eta hau, nire seme-alaben ama, ezkondua da bera ere, baina ez nirekin.
A! Bikoitza...
Ez; laukoitza, ikusiko duzu. Zoraturik, maitasunez guztiz zoraturik ezkondu nintzen, emakume isil eta hitz gutxiko batekin, hitz gutxikoa eta beti esaten zuena baino askoz ere gehiago esaten zuela ematen zuena; haren begi urdintsu eztiek, benetan eztiek, lo antzean egoten ziren arren, noizean behin, arratsalderen batean, esnatzen zirenean, su-txinpartak ateratzen zituzten orduan. Eta halakoxea zen goitik behera. Haren bihotza, arima osoa, gorputz osoa, lo zeudela baitzirudien normalean, kolpez esnatzen ziren bat-batean; baita berehala atzera lokartu ere, behin bizitasun tximista hura ez nolanahiko bizitasunekoa!iraganik, eta gero ezertxo ere gertatu izan ez balitz bezala, gertatutako guztia ahantzi izan balu bezala. Bazirudien behin eta berriro hasten genuela bizitza, behin eta berriro ari nintzela hura konkistatzen. Halako atake epileptiko batean onartu ninduen senargaitzat, eta beste atake epileptiko horietako batean eman zidan baietza ere, nik uste, aldarearen aurrean. Sekula ez nuen lortu maite ninduen ala ez esatea. Galdetzen nion bakoitzean, bai ezkondu aurretik bai ezkondu eta gero ere, erantzun bera beti: «Horrelakorik ez da galdetzen; lelokeria bat da». Beste batzuetan esaten zuen maitatu aditza ez omen dela honezkero teatroan eta liburuetan baino erabiltzen, eta nik inoiz «maite zaitut» idatzi izan banio, besterik gabe bidalia izango ninduela haizea hartzera. Bi urte pasa egin genituen modu arraro hartan elkarrekin ezkonduta, egunero ekiten niolarik esfinge hura konkistatzeari. Ez genuen izan haurrik. Gau batez ez zen etxean azaldu, ero baten moduan jarri nintzen, alde guztiak miatu nituen bere bila, eta biharamunean jakin nuen, gutun labur bezain idor baten bitartez, urrutira joana zela, oso urrutira, beste gizon batekin...
Eta ez al zenuen aurrez inongo susmorik izan, ez al zenuen usnatu...
Ezta batere! Nire andrea maiz ateratzen zen bakarrik etxetik, amarenera, lagunengana, eta bere hoztasun arraro harexek babesten zuen nire edozein susmotatik. Sekula ez nion deus ere igarri esfinge hari! Gizon ezkondu batekin egin zuen alde, zeinak neurearekin joateko bere andrea eta neskatxo bat abandonatzeaz gain, berarekin eraman baitzituen andrearen diru guztiak ere, lehendik ere bere nahierara maneiatu zituenak eta zenbateko polita egiten zutenak. Esan nahi dut, emaztea abandonatu ez ezik, hari lapurreta egin eta xentimorik gabe utzi zuela. Eta jaso nuen gutun labur-idor hartan nire andrearen bahitzailearen andrea zein egoeratan gelditzen zen aipatzen zen. Bahitzaile edo bahitu... batek daki! Egun batzuk eman nituen ez lorik egin, ez jan, ez atsedenik hartu gabe; nire hiriko auzo baztertuenetan barna paseiatu besterik ez nuen egiten. Eta dauden biziorik txar eta makurrenetan erortzeko zorian egon nintzen. Eta mina arintzen eta pentsamendu bilakatzen hasi zitzaidanean, beste gaixo hura etorri zitzaidan gogora, babesik gabe gelditzen zen emakume hura, maitasunik eta dirurik gabe utzia. Barruak agintzen zidan ezen, zorigaitza nire emaztearen kariaz heldu zitzaionez, diru-laguntza eskaini behar niola, Jainkoak dirudun egin baininduen.
Antzematen diot gainerakoari, don Antonio.
Berdin dio. Ikustera joan nintzaion. Pentsa nolakoa izan zen gure lehen elkarrizketa hura. Nork bere zorigaitza deitoratu genuen, zorigaitz berak jota baikeunden biok ere. Nire baitan nioen: «Eta nire andrea hartzeko utzi du beste hau gizon horrek», eta zera sentitzen nuen, zertako ez dizut, bada, aitortuko egia?, halako barne sentsazio bat, esplikaezinekoa, nik beste gizon hark baino hobeto aukeratzen jakin eta hark hori onartzen zuelako edo. Eta berak ere, haren andreak, gisa bereko gogoeta egiten omen zuen, nahiz alderantzizkoa izan, gerora aitortu zidanez. Diru-laguntza eskaini nion, nire dirutik behar adina har zezala, eta errefusatu egin zidan hasieran. «Lan egingo dut bizitzeko eta nire alaba mantentzeko», esan zidan. Behin eta berriro eskaini nion, ordea, hainbeste bider, non onartu egin baitzidan azkenean. Nire etxekoandre izatea eskaini nion, nirekin bizitzera etortzea, gure aberritik oso urrun, noski, eta behin eta berriro pentsatu ondoren, onartu egin zuen hori ere.
Eta, jakina, behin elkarrekin bizitzera joanda...
Ez, denbora behar izan zuen, denbora bat. Elkarbizitza, halako mendeku sentimendu bat, despetxuzko sentimendu bat, auskalo zeren kariaz izan zen... Harekin ez baina haren alabarekin txoratu nintzen, nire andrearen maitalearen alaba gaixoarekin; aita-maitasuna hartu nion, aita-maitasun bortitza, egun ere badiodana, ikaragarri maite baitut, ikaragarri bai, neure seme-alabak berak adina, gehiago ez bada. Besoetan hartzen nuen, nire bularraren kontra estutu, musuz bete, eta negar egiten nuen, haren gainean negar. Neskato gaixoak esaten zidan: «Zergatik egiten duzu negar, aitatxo?», hala deitzeko eta halakotzat hartzeko bainion agindua. Eta haren ama gaixoak ere negar egiten zuen ni negarrari emana ikustean, eta hala nahasten genituen batzuetan gure malkoak nire andrearen maitalearen, zoriona ebatsi zidanaren alabaren burutxo horiaren gainean.
Egun batez jakin nuen jarraitu zuen nire andreak seme bat izan zuela bere maitalearengandik, eta egun hartan sutan jarri zitzaizkidan erraiak, inoiz ez bezala sofritu nuen, eta erotu eta nire buruaz beste egingo nuela uste izan nuen. Jelosia, jelosia gordin ezinagoa, ordurarte ez nuen hainbestekorik sentitu. Nire arimako zauria, ordurako orbaindua zirudiena, ireki egin zen eta odola zerion..., sua zerion! Bi urtetik gora bizia nintzen nire andrearekin, neure andrearekin, eta deus ere ez!, eta orain lapur hark...! Idurikatu nuen nire emaztea guztiz esnatu zela eta suhar betean bizi zela. Besteak, nirekin bizi zenak, zer edo zer igarri eta esan zidan: «Zer duk?» Gure artean hika egitea genuen erabakia, neskatoarengatik. «Utz nazan!» erantzun nion. Azkenean, dena aitortu nion, ordea, eta dardarka hasi zen. Eta nire jelosia hura ere kutsatu viola esango nuke...
Eta, jakina, horren ondoren...
Ez, beranduxeago heldu zen, eta beste bide batetik gainera. Behin, neskatoa eta hirurak elkarrekin geundela, nire magalean jarririk, kontu kontari, musuka eta tontakeria batzuk esaka ari nintzaiola, ama hurbildu eta laztanak egiten hasi zitzaion bera ere. Eta hark, gaixo txikia!, eskutxo bat nire sorbalda gainean eta bestea amarenaren gainean jarri, eta esan zigun: «Aitatxo... amatxo... zergatik ez didazue ekartzen anaiatxo bat nirekin jostatzeko, beste neskato batzuen antzera, orain bezala bakarrik egon ez nadin...?» Ubel-horitu egin ginen, begietara begiratu genion elkarri arimak biluzik uzten dituzten horietako begiradaz, eta arimak biluzik ikusi eta gero, ez lotsatzearren, neskatoa musukatzen hasi ginen, eta musu haietakoren bat edo bestek aldatu egin zuen bere xedea. Gau hartan sortu genuen, jelosiazko malko eta sumindura artean, zoriona lapurtu zidanaren alabaren lehendabiziko anaiatxoa.
Bai istorio bitxia!
Eta gure arteko amodioa, nolabait deitzearren, amodio idor eta mutua izan zen, suz eta amorruz egina, hitz samurrik gabekoa. Nire andrea, nire seme-alaben ama, alegia, bera baita eta ez beste inor nire andrea, ohartuko zinenez, emakume graziatua da, ederra agian, baina, elkarrekin bizi izanda ere, sekula ez zuen nigan desira irrikarik sortu. Eta esan dizudana egitera iritsi ginelarik ere, ez zitzaidan iruditzen oso maitemindurik nengoenik, harik eta behin guztiz kontrako uste osoa izatera iritsi nintzen arte. Kontua da behin, haur egin berritan, gure laugarren umea jaio zenean, hain ondoezik jarri zitzaidala, hain ondoezik, hilko zitzaidala uste izan bainuen. Ia erabat odolustu zen, argizaria bezain zuri gelditu zen, itxi egiten zitzaizkion betazalak... Galdu egingo nuelakoan nengoen. Erotu bezala egin nintzen, argizaria bezain zuri ni ere; izozten ari zitzaidan odola. Eta etxeko bazter batera joan nintzen, inork ikusiko ez ninduen lekura, bertan belaunikatu eta emakume santu hura hiltzen utzi baino lehenago ni hiltzeko eskatu nion Jainkoari. Negar egin nuen eta baita bularrean atximur eta harramazka egin ere odola atera arte. Orduan jabetu nintzen zein tinko zegoen lotuta nire bihotza nire seme-alaben amaren bihotzarekin. Zertxobait onera egin, konortera bihurtu eta arriskutik kanpo gelditu zenean, ahoa hurbildu nion belarrira, ohean etzanik berriro sortzen ari zitzaion biziari irribarre zegion bitartean, eta artean sekulan esan ez nion eta gisa berean atzera sekulan esan ez diodana esan nion. Eta berak irribarre, irribarre egiten zuen sabaiari begira. Nire ahoa harenari itsatsi eta besarkatu egin nuen, bere beso biluziak lepo jiran jartzen zizkidala; eta negar egin nuen, nire begietako malkoak haren begietara isuriz. Eta esan zidan: «Eskerrik asko, Antonio, eskerrik asko niregatik, gure seme-alabengatik, gure seme-alaba guztiengatik..., guztiengatik..., guztiengatik..., harengatik, Ritarengatik...» Gure alaba zaharrena da Rita, lapurraren alaba...; ez, ez, gure alaba da, nire alaba. Lapurrarena beste bat da, garai batean nire andrea omen zen harena. Ulertzen al duzu orain kontua osorik nola den?
Baita askoz gehiago ere, don Antonio.
Askoz gehiago?
Gehiago, bai! Bi andre dauzkazu, beraz, don Antonio!
Ez, ez, ez dut bat besterik, bakarra, nire seme-alaben ama. Bestea ez da nire andrea, eta bere alabaren aitarena den ala ez ez dakit.
Eta tristezia hori...
Legea beti da tristea, don Augusto. Eta tristeagoa amodio bat beste amodio baten hilobiaren gainean sortu eta hazia baldin bada, landare usteldu batetik, ongarria bailitzan, elikatzen den landarea bezala. Gaiztakeriek, bai, besteren gaiztakeriek juntarazi gaituzte, gaiztakeria ote gure elkarrenganatzea? Haiek hautsi egin zuten hautsi behar ez dena, eta guk zergatik ez genituen, bada, atze-aurreak lotuko?
Eta ez al duzue haien berri...?
Ez dugu nahi izan. Gainera gure Rita emakume koskortua dugu honezkero; usterik gutxieneko egunean ezkonduko zaigu... Nire deiturarekin, noski, nire deiturarekin, eta hor konpon gero legea. Nire alaba da eta ez lapurrarena; neronek hezi dut.
© Miguel Unamuno © itzulpenarena: Mikel Garmendia