X
Barrua hustu beharra zuenez, kasinorantz jo zuen Augustok, Victor lagun xaharra ikustera, Eugeniarenean izan eta hurrengo egunean, eta Eugenia atezaindegian bere senargaiaren gehiegizko patxadari eztenka ari zitzaion ordu berean.
Bestelako Augusto bat zela sentitzen zuen, bisitaldiak berak eta bisitaldi hartan emakume adoretsua adorea baitzerien haren begiei agertu izanak barrualdea irauli izan baliote bezala, barrualde horretan orduraino ezkutuan izandako iturri bat azalaraziz. Sendoago egiten zituen pausoak, askeago hartzen zuen arnasa.
«Badut helburu bat, badut xede bat bizi honetan zioen berekiko: neskato honi konkistatzea edota hark ni konkistatzea. Gauza bera baita. Maitasun kontuetan berdin dio garaile ala garaitua izatea. Baina ez..., ez! hemen garaitua izateak ni bestearengatik uztea esan nahi du. Bestearengatik, bai, hemen bai baitago beste bat, ez dut zalantzarik. Beste bat? Beste zer, ordea? Ni bat al naiz, bada? Ni jarraitzaile bat naiz, galdetzaile bat, baina bestea..., bestea honezkero ez jarraitzaile ez galdetzaile delakoan nago; ez duela ez jarraitu ez galdatzen, lortua baitu jadanik. Eugenia goxoaren maitasuna besterik ez, halere. Besterik ez...?»
Freskotasuna, osasuna eta alegrantzia zerizkion emakume-gorputz bat pasa zitzaion albotik, bakarrizketa etenarazi eta haren atzetik erakarri zuena. Gorputz hari segika hasi zen, mekanikoki, aldi berean bakarrizketari emana:
«Bai ederra dela! Hau bezala hura, bata zein bestea. Eta nire lehiakidea, berak jarraitu eta galdatu beharrean, bera izango da jarraitu eta galdatua agian, agian ez dio Eugeniari merezi duen bezala erantzuten... Baina bai alaia neskato hori! Eta nolako graziarekin agur egin dion handik doan harako hari! Nondik atera ote ditu begi horiek? Besteak bezalakoak dira ia, Eugeniarenak bezalakoak! Gozoa izan behar du bere besoen artean biziaz eta heriotzaz ahaztea! Beraietan kulunkatzen uztea haragizko olatuetan bezala! Beste hura...! Bestea ez da, ordea, Eugeniaren senargaia, ez da hark maite duena; bestea neu naiz. Bai, neu naiz bestea; beste bat naiz ni!»
Beste bat zelako ondoriora iritsi zenean, etxe batean sartu zen aurretik zihoan neskatoa. Augusto geldi geratu zen etxeari begira. Eta orduantxe konturatu zen segika etorri zitzaiola. Pentsatzen gelditu eta, kasinora joateko irten zela akordatzean, harako bidea hartu zuen. Eta berdin jarraitu zuen:
«Zenbat emakume eder dagoen munduan, alajainkoa! Gehientsuenak. Eskerrak, Jauna, eskerrak: gratias agimus tibi propter magnam gloriam tuam! Zure loria emakumearen edertasuna da, Jauna! Hori da adatsa, ene Jainkoa, hori da adatsa!
Eta egia zen, adats bikaina zuen neskame hark, une hartan, saskia eskuan, bere aldamenetik igarotzen zenak. Buelta eman eta haren atzetik abiatu zen. Bazirudien urrezko adats haiek argiaren habia zirela eta adatsek ile-motots haietatik askatu eta aire fresko eta argian sakabanatu nahi zutela. Eta adats azpian aurpegi bat, dena irribarre.
«Beste bat naiz, bestea naiz jarraitu zuen Augustok saskidunari segika; baina ez al dago beste neskarik? Bai, badago besterik bestearentzat! Baina nirea bezalakorik, bera bezalakorik, bakarra bezalakorik, bat ere ez! Bat ere ez! Hauek guztiak ez dira haren, bataren, bakarraren, nire Eugenia goxoaren imitazio besterik! Nirea? Bai; neure egiten dut pentsamenduz, desioz. Gizon hura, bestea, alegia, materialki izango da haren jabe; baina begi haien argi espiritual misteriotsua neurea da, neurea, neurea! Eta ez al dute urrezko adats hauek ere halako argi espiritual misteriotsu bat islatzen? Eugenia bakarra da ala bi dira, nirea bata eta haren senargaiarena bestea? Hala bada, bi baldin badira, har beza hark berea, nik neurea hartuko dut eta. Tristeziak jotzen nauenean, gauez batez ere; zergatik jakin gabe negargura izaten naizenean, bai gozoa nire aurpegia, nire ahoa, nire begiak, urrezko adats horiekin estali eta haien artetik usain gozoz sartutako hatsa hartzea! Baina..».
Gelditu egin zela ohartu zen bat-batean. Saskiduna neska lagun batekin hizketan egitera gelditu zen. Une batez duda-mudatan ibili eta esan zuen: «Ba!, hainbeste emakume eder dago Eugenia ezagutu nuenetik...» Eta han abiatu zen, atzera kasinoko bidea harturik.
«Beste gizon hori nahiago duela-eta setatzen bada Eugenia, kapaz naiz erabaki heroiko bat hartzeko, handia, ikaratzeko modukoa. Nolanahi ere, maite banau eta ez banau, hipotekaren kontuak ezin du horrela gelditu!»
Zeruko baretasunetik sortua zirudien bozkariozko irrintzi batek atera zuen bere bakarrizketatik. Irrika ari ziren bi neskato bere aldamenean, eta haien irriek bi txorik sasi tartean egindako txorrotxioak ziruditen. Eder-gosezko begirada bota zion une batez neskatila bikoteari, eta gorputz geminatu bakarra iruditu zitzaizkion. Besoz beso zihoazen. Eta amorratzen zegoen haiek geldiarazi, bakoitza beso batetik oratu eta hala abiatzeko, bien artean, zerura begira, biziaren haizeak nora eramango.
«Baina zenbat emakume eder Eugenia ezagutu nuenetik! zioen berekiko irrika zihoan bikoteari segika. Paradisua da hau! horiek dira begiak!, hori da adatsa!, hori da irria! Ile-horia bata, beltzarana bestea; zein da, ordea, ile-horia? Zein beltzarana? Biak nahasten zaizkit!»
To, esna hoa ala lo?
Kaixo, Victor.
Kasinoan espero hindudan, baina ez hintzen heltzen eta...
Hara nindoaan.
Hara? Eta hortik? Erotu haiz?
Bai, arrazoi duk; baina aizak, egia esango diat. Aipatu nian Eugenia, nik uste.
Pianista? Bai.
Hara bada: zeharo maitemindurik naukak, zera bezala...
Bai, maitemindu bat bezala. Segi.
Txoraturik, motel, txoraturik. Atzo bere etxean ikusi nian, bere osaba-izebak ikusteko aitzakiatan joana nintzen eta; ikusi eta...
Eta begiratu egin zian, ezta? Eta Jainkoagan sinetsi huen?
Ez, begiratu soilik ez, baina bildu egin nindian bere begiradan; eta Jainkoagan sinetsi baino, jainko nintzela sinetsi nian.
Gogor eragin dik, motel...
Eta hori neskatoa haserre egonda gainera! Ez zakiat, alabaina, zer gertatzen zaidan harrezkero: ederrak iruditzen zaizkidak ikusten ditudan emakume gehienak, eta etxetik atera naizenetik, orain dela ordu erdi baino ez segur aski, hirurekin maitemindu nauk dagoeneko, ez, hago, laurekin; batekin, lehendabizi, dena begi baitzen; beste batekin gero, adats zoragarria baitzuen, eta arestian bikote batekin, ile-horia bata, beltzarana bestea, aingeruak bailiren egiten baitzuten irri. Eta laurei aritu natzaiek segika. Zer duk hau?
Horrek esan nahik dik, Augusto maitea, hire maitasun iturria lotan zegoela hire arimaren sakonean, nora isuririk ez zuela; Eugeniak, pianistak, heldu eta astindu eta irabiatu egin zian begiekin hire maitasuna lotan zegoeneko putzua: esnatu duk, bertatik atera eta, hain handia denez, alde guztietara hedatzen duk. Hi bezalakoak, emakume batekin benetan maiteminduz gero, gainerako emakume guztiekin maitemintzen dituk aldi berean.
Guztiz bestela izango zelakoan nengoan bada... Baina, hago pixka bat, begira beltzaran horri! Gaueko argia duk! Belztasuna omen duk argia gehien xurgatzen duena, bai horixe! Ez al duk ikusten halako argi ezkutua sumatzen dela bere adats azpian, bere begien arbeltxaren azpian? Segi egin behar zioagu...
Nahi baduk...
Horixe bada, guztiz bestela izango zelakoan nengoan; gizasemea benetan maitemintzen denean, lehen emakume guztiengana barreiatua zuen maitasuna emakume bakar batengana biltzen zuela, eta gainerako guztiak hutsal eta baliogabeak iruditu behar zitzaizkiola... Baina begizak!, begizak nola jotzen dion eguzkiak adats beltz horretan!
Ez; hago; saiatuko nauk azaltzen. Hi, jakin gabe, noski, emakumearekin hengoen maitemindurik, abstraktuarekin, ez honekin edo harekin; Eugenia ikusi huen eta abstraktua konkretu eta emakumea emakume bat bilakatu zuan, eta maitemindu egin hintzen harekin, eta orain harengandik, hura utzi gabe, ia emakume guztiengana hoa, eta multzoarekin, generoarekin maitemintzen haiz. Beraz, abstraktutik konkretura pasa haiz, eta konkretutik generikora, emakumearengandik emakume batengana, eta emakume batengandik emakumeengana.
Hori duk metafisika, hori!
Eta zer duk maitasuna, metafisika besterik?
To!
Hiregan batez ere. Hire maitemindura erabat zerebrala baita, edota, esan ohi den bezala, burukoa.
Hik uste duk hori... oihukatu zuen Augustok mindu airez eta umore txarrez, bere maitemindura burukoa baino ez zelako hura barruraino sartu baitzitzaion, eta min eman.
Eta asko estutzen banauk, hi heu ere ideia huts baino ez haizela esango diat, fikziozko izakia...
Ez al nauk, besteak bezala, benetan maitemintzeko gai ikusten?
Benetan hago maitemindurik, bai horixe, buruz besterik ez, ordea. Maitemindurik hagoela uste duk...
Eta zer duk maitemindurik egotea hala hagoela uste izatea besterik?
Ai, ai, ai, motel, hori hik uste baino korapilatsuagoa duk!...
Esaidak, zertan antzematen zaiok bati maitemindurik dagoela eta ez soilik hala uste duela?
Aizak, hobe hori utzi eta beste zerbaiten gainean mintzatzea.
Augusto atzera etxera itzuli zenean Orfeo besoetan hartu eta esan zion: «Ea, Orfeo nirea, zertan bereizten dituk maitemindurik egotea eta hala hagoela uste izatea? Eugeniarekin maitemindurik nagok ala ez? Hura ikusten dudanean ez al zaidak bihotza bularrean taupadaka hasten eta odola sutan jartzen? Ez ote nauk beste gizasemeak bezalakoa? Haiek adina banaizela erakutsi behar zieat, Orfeo!»
Eta afalorduan, Liduvinarekin aurrez aurre jarri eta galdetu zion:
Esaidazu, Liduvina, zertan antzematen zaio gizonari benetan maitemindurik dagoela?
Baina, horiek dira gauzak otutzen zaizkizunak, jauna!...
Tira, esaidazu, zertan antzematen zaio?
Bada, antzeman... txorakeria asko egin eta esaten dituenean, orduan antzematen zaio. Gizon bat benetan maitemintzen denean, emakume batekin txoratzen denean, nolabait esatearren, utzi egiten dio gizon izateari.
Eta zer da orduan?
Da..., da..., da..., gauza bat, aberetxo bat... Emakumeak nahi duena egin dezake berarekin.
Orduan, emakume bat gizon batekin benetan maitemintzen denean, txoratzen denean, zuk diozun bezala, nahi bezala baliatzen al du gizonak hura ere?
Ez da erabat berdin.
Nola, nola?
Zail da oso hori azaltzen, jauna. Baina, maiteminduta al zaude benetan?
Horixe jakin nahian nabil. Baina txorakeriarik, handirik behintzat, ez dut bat ere esan edo egin oraindik..., nik uste...
Liduvina isildu egin zen, eta Augustok berekiko: «Benetan maitemindurik ote nago?»
© Miguel Unamuno © itzulpenarena: Mikel Garmendia