HITZAURREA

 

        Nik egin behar omen diot hitzaurrea, horretan lehiatzen baita don Miguel de Unamuno, Augusto Perez nire lagun onaren istorio benetan tristea eta heriotza misteriotsua kontatzen dituen bere liburu honi, eta idatzi egin behar, Unamuno jaunaren nahiak manuak baitira niretzat, hitz horren adierarik berezkoenean. Nire lagun Perez gizajoaren eszeptizismo hamletiarreraino heldu ez banaiz ere, erabat sinetsita nago behintzat, nik ez daukadala psikologoek hautamen librea deitzen duten horrelakorik, nahiz eta, nire kontsolagarri, don Miguelek ere halakorik ez izan nire ustez.

        Arraroa irudituko zaio beharbada gure irakurleren bati nik, letra espainiarren errepublikan batere ezaguna ez naizen honek egitea hain zuzen ere eremu horretan dagoeneko sobera ezaguna den don Miguelen liburu baten hitzaurrea, ohitura bestelakoa baita, hau da, hitzaurreetan idazle ezagunenek hain ezagun ez direnen aurkezpena egitea. Bat etorri gara, ordea, don Miguel eta biok eta ohitura kaltegarri hori aldatzea erabaki dugu, hau da, gauzak atzekoz aurrera jarri eta ezezagunak egin dezala ezagunaren aurkezpena. Azken finean, liburuak testuarengatik erosten baitira hitzaurrearengatik baino areago, eta normala baita, beraz, nire moduko gazte hasberri batek bere burua ezagutarazi nahi izanez gero, letretan trebatua den bati aurkezpen-hitzaurrea egiteko eskatu beharrean, haren obretariko batean bere hitzaurrea paratzen uzteko eskatzea. Horra, bidenabar, gazteen eta zaharren arteko betiereko auzi horren arazoetako bat konpondua.

        Ez dira gutxi, gainera, don Miguel eta biok lotzen gaituzten lokarriak. Jaun horrek liburu honetan, nobela nahiz nibola izan —eta nibola delako hori nik asmatua da, hain zuzen ere—, nik Augusto Perez gizajoarekin izandako hainbat hitz eta solasaldi jasotzen dituela eta Victor nire semetxoaren jaiotza berantiarra kontatzen duela alde batera utzirik, ba omen dut, antza, urrutiko ahaidetasunen bat don Miguelekin, haren asabetariko baten deitura bera omen dut-eta, erudizioaren arloan hain ezaguna den nire lagun Antolin S. Paparrigopulos-en genealogi ikerketa oso landuen arabera.

        Ezin aldez aurretik jakin zer-nolako harrera egingo dioten nibola honi don Miguelen ohiko irakurleek, ez don Miguel bera nola hartuko duten ere. Arretaz ari natzaio jarraitzen azken bolada honetan don Miguelek jendearen inozotasunaren kontra hasitako borrokari, eta txunditurik nago inozotasun hori zein sakona eta xaloa den ikusita. Don Miguelek «Mundo Gráfico» eta antzeko beste aldizkari batzuetan egin dituen artikuluak direla eta, zenbait gutun eta probintzietako egunkari-errekorte jaso ditu, zeinetan agerian gelditzen baitira gure herrian oraindik bizirik dirauten xalotasun inozo eta pellokeri altxorrak. Batean Cervantes jaunari halako buru argitasunik falta ez zitzaiolako esaldia (don Miguelena) aipatzen dute, eta sutan jartzen dira nonbait tamaina horretako begirunerik eza dela eta; beste batean bihotza hausten zaie hosto erortzeari buruz egin dituen gogoeta malenkoniatsu horiek direla eta; beste batean gogoberotu egiten dira inork hil gabe ere gizonak hil egiten direla ikusteak sortutako minak botarazi zion «gerrari gerra!» oihuarekin; beste batean hitzez hitz pasatzen dituzte hark argitaratutako egia ez-paradoxikoen zerrenda hartakoak, kafetegi, lagunarte eta taldetxo guztietatik jasoak, non erabiliaren erabiliaz usteldurik eta arrunkeri kiratsa zeriela baitzebiltzan, eta horrexegatik ikusi baitituzte beraienak bailiren, eta sumindu egin den onkoterik ere izan da, don Miguel logomako honek batzuetan Kultura K larriz idazten duelako eta, gauza entretenigarriak asmatzeko halako trebezia azaldu ondoren, ateraldi eta hitz jokorik asmatzeko gauza ez dela aitortzen duelako, jakina baita halako jende lañoarentzat horietara mugatzen direla buru argitasuna eta entretenimendua: ateraldi eta hitz jokoetara.

        Eta eskerrak irakurlego laño horrek ez dion, dirudienez, antzik eman don Miguelek egindako beste deabrukeria horietako bati, ze maizko egiten baitu listopasauarena, hala nola, artikulu bat idatzi ondoren, bertatik itsumustuan aukeratutako hitz batzuk azpimarratzea, zein hitz aukeratzen zuen ez jakitearren orrialdeei buelta emanda. Hori egin zuela aitortu zidanean, zergatik egin zuen galdetu nion eta hark erantzun: «Neronek ba al dakit bada... umore onagatik edo! Txilipurdi bat egitearren! A, eta gainera, gogaitu egiten nautelako eta sutan jartzen azpimarrek eta letra etzanezko hitzek! Irakurleari irain egitea da hori, baldar deitzea, zera esatea: errepara ongi, gizona, errepara ongi, honek badu-eta halako esanahaia! Eta horrexegatik gomendatzen nion nik jaun bati artikuluak goitik behera letra etzanez idaztea, irakurlea artikulua esanahiz beteta zegoela ohart zedin, lehen hitzetik hasi eta azkeneraino. Izkribuen pantomima besterik ez da hori; haietan azentuaren eta entonazioaren bitartez adierazten ez dena keinuaren bitartez ordezkatu nahi izatea. Errepara iezaiezu, lagun Victor, eskuin muturreko aldizkariei, integrismoa deitzen dugun horretakoei, eta ikusiko duzu nola erabiltzen dituzten neurririk gabe letra etzanak, letra larri txikiak, letra larriak, harridurak eta tipografiazko baliabide oro. Pantomima, pantomima, pantomima! Halakoxea baita haien espresabideen sinpletasuna, edota beren irakurleen sinpletasun inozoaren kontzientzia, hobeki esatearren. Eta akabua eman behar zaio inozotasun horri».

        Beste batzuetan, entzun izan diot don Migueli esaten hor barna umorismoa deitzen dioten hori, benetakoa ordea, Espainian ez dela ia batere errotu, eta nekez errotuko dela, gainera, denbora askoan. Hemen bere burua umoristatzat dutenak, dio, satirikoak dira batzuetan eta ironikoak beste batzuetan, edo barre-eragile hutsak zenbaitetan. Taboadari umorista deitzea, esate baterako, hitz hori neurriz kanpo erabiltzea da. Eta ez dago umorismo gutxiagoko gauzarik Quevedoren satira garratz bezain argi eta gardena baino, zeinetan berehala antzematen baitzaio predikuari. Cervantes izan dugu umorista bakarra, eta berpiztuko balitz, a ze barreak egingo lituzkeen —esaten zidan don Miguelek— nik berari buru-argitasunik falta ez zitzaiola esateagatik mindu zirenen bizkar, eta a ze barreak egingo lituzkeen, batez ere, haren adar jotze zorrotzenetakoren bat serio hartu dutenen kontura! Zalduntzari buruzko liburuei egiten zien burlaren —oso seriotan egindako burlaren— barruan sartzen baitzen, dudarik gabe, haien estilo berbera erabiltzea, eta harako no bien el rubicundo Febo, etc. hura, zenbait Cervantes-zale inozok estilo eredutzat jartzen dutena, literatur barrokismoaren karikatura xelebre bat besterik ez da. Eta zer esanik ez kapitulu hasiera bateko la del alba sería hura esamolde jatortzat hartzeaz, aurreko kapitulua hora hitzaz bukatzen da-eta.

        Gure irakurlea, kultura apaleko irakurle oro bezala, susmakorra da berez, halakoxea baita gure herria ere. Hemen inork ere ez du nahi izaten inork adarra jotzerik, ez tontoarena egiterik, ez eta inork ziria sartzerik ere, eta hala, batek hitz egiten digun orduko, berehala jakin nahi izaten dugu zeri atxiki, eta bromatan ala benetan ari den jakin. Ez dut uste beste inongo herritan hain gogaikarri gertatzen denik burlak eta benetako gauzak elkarrekin nahastea, eta kontua benetan esan den ala ez ongi ez bereizteari dagokionez, ba al da gure artean halakorik jasan dezakeenik? Askoz gehiago kostako da edozein espainiar susmakor arrunt kontura dadin, gauza bat aldi berean benetan eta txantxetan esana dela, zinez eta burlaz, eta hari berari jarraikiz.

        Arduratuta dabil don Miguel arlote tragikoarekin, eta behin baino gehiagotan esan dit ez lukeela hil nahi arlotada tragiko bat edota tragedia arlote bat idatzi gabe, baina ez alderdi arlotea edo barregarria eta tragikoa nahasirik edo bata bestearen ondoan jarririk, baizik eta bat eginik eta batean bildurik. Eta hori erromantizismorik nabarmenena zela esan nionean, erantzun zidan: «Ez dizut ukatuko, baina gauzei gaitzizenak jarrita ez da ezer konpontzen. Klasikoen irakaskuntzan hogei urtetik gora eman ditudan arren, ez zait buruan sartzen klasizismoa erromantizismoaren kontra jartzea. Helenismoaren ezaugarri omen da bereiztea, finkatzea, mugatzea; nirea, berriz, mugagabetzea, nahastea».

        Eta horren funtsean kontzepzio bat besterik ez dago, edota kontzepzioa bainoago, bizitzaren sentimendu bat, ezkorra deitzen ausartzen ez naizena, bai baitakit don Miguelek hitz hori ez duela gogoko. Bere ideia finko, monomaniako hori, hau da, bere arima hilezkorra ez bada, ez eta gainerako gizon eta gauza guztiena ere, Erdi Aroko katoliko inozoek uste zuten gisa berberean hilezkor gainera, orduan, hala ez bada, deusek ere ez duela balio, eta ez dagoela ahaleginik merezi duenik. Eta hortik dator Leopardiren' gogaitzearen doktrina, bere azken muturrerainoko engainua ahitu ondorengoa, ch'io eterno mi credei, alegia, bere burua betiereko uste izatea. Eta horra zergatik diren don Miguelen hiru autore begikoenetarikoak Senancour, Quental eta Leopardi.

        Baina umorismo nahaspilazale latz eta garratz hori, gure jendeen susmakortasuna mintzeaz gain, solasaren hasieratik jakin nahi izaten baitute zeri atxiki, enbarazugarri gertatzen da askorentzat. Barre egin nahi dute, bai, baina liseriketa hobeto egiteko eta penak ahazteko, eta ez desegokiro irentsi eta agian kalte ere egin liezaiekeena botatzeko, eta are gutxiago penak liseritzeko. Eta behin eta berriro esaten du don Miguelek jendeari barre eragin behar zaiola, bai, baina ez diafragmaren uzkurduren bidez digestioa errazteko, irentsitakoa botarazteko baizik, askoz ere argiago ikusten omen baita bizitzaren eta unibertsoaren zentzua baraurik, sabela gozoki eta jakiz beteta baino. Eta ez du onartzen delako ironia garraztasunik gabea ez eta umorismo zuhurra ere, zeren, hark dioenez, garraztasunen bat ez dagoen lekuan ez omen dago ironiarik, eta zuhurtzia ez omen dator bat umorismoarekin, edo malumorismoarekin, berari deitzea gustatzen zaionez.

        Horrek guztiak bultzatzen du lan benetan desatsegin eta esker txarrekoa egitera, herriaren inozotasunaren masajea besterik ez omen dena, ea gure herriaren buru argitasuna pixkanaka-pixkanaka bizkortzen eta zorrozten doan. Bere onetik ateratzen baitu gure herria, hegoaldekoa batez ere, argia dela entzuteak. «Ongi pasatzera zezenketetara joan, eta ikuskizun ezin sinpleago hori eder eta aberats ikusten duen herriak, bistan da zer-nolako pentsamoldea daukan», dio. Eta gaineratzen du ez dagoela pentsamolde sinple eta arruntagorik zezenzale batena baino. Zoaz umore on edo ez hain oneko paradoxak kontatzera Vicente Pastorren ezpatakada ikusi eta txoratzen dagoenari! Gorroto dio zezenketen berri-emaileen jai giroko generoari, hitz jokoen eta asmamen merkearen zabor guztiaren apezak baitira horiek.

        Kontuan izanik, aurrekoaz gain, oso atsegin zaizkiola kontzeptu metafisikoen jokoak, ulergarria da nola aldentzen den hainbat jende, atsekabez aldendu ere, haren irakurgaietatik, horrelako gauzek buruko mina sortzen dietelako batzuk, eta beste batzuk, berriz, harako sancta sancte tractanda sunt esaldia gogoan, alegia, gauza santuez santutasunez aritu behar delakoa, kontzeptu horiek burla edo jolaserako kontuak ez direla uste dutelako. Hark ez omen daki, ordea, zer dela eta ahalegindu behar duten halako gauza batzuk serioski har daitezen, gauza santuenei ere, hau da, beren lagun hurkoen sinesmen eta itxaropen kontsolagarrienei ere, burla egin zietenen seme espiritual direnek. Jainkoari berari burla egin dionik ere izan bada, zergatik ez diogu, bada, burla egingo Arrazoiari, Zientziari eta baita Egiari ere? Eta gure bizi itxaropen preziatu eta barrukoena kendu badigute, zergatik ez dugu, bada, oro nahasiko denbora eta betierekotasuna hil eta mendeku hartzeko?

        Ez litzateke harritzekoa, era berean, baten batek esango balu liburu honetan badela pasarte labainik, edo, nahiago bada, pornografikorik; aldez aurretik esana dit, ordea, don Miguelek neronek nibola honetan horri buruzko zerbait ere aipatzeko. Eta prest dago halako leporaketari aurre egiteko, zeren, hark dioenez, hemen topa daitezkeen gordinkeriak ez baitira haragi bekatariaren gosea pizteko asmoz eginak, eta ez baitute beste helbururik, bestelako burutazioetarako irudimenezko abiapuntu izatea baizik.

        Aski ongi dakite hura ezagutzen dutenek nazka diola edozein pornografi moduri. Eta ez soilik ohiko arrazoi moralengatik, adimen galgarririk handiena lizunkeria dela uste duelako baizik. Pornografi idazleak, edo besterik gabe erotika idazleak, motzenak iruditzen zaizkio, tontoenak, azken finean. Entzuna diot grina txarren ohiko hirukotetik —emakumeak, jokoa eta ardoa—, adimenarentzat kaltegarriagoak direla bi lehenak hirugarrena baino. Eta argi gera bedi don Miguelek ura besterik ez duela edaten. «Mozkorti bati hitz egin dakioke —esaten zidan behineta zer edo zer esan ere egiten du, baina nork jasan dezake jokozale edo andrezale baten solasa? Haren azpian zezenzale baten solasa besterik ez dago, ergelkeriaren azken mutur eta gailurra».

        Ez nau harritzen, bestalde, erotikoaren eta metafisikoaren arteko batasun horrek, zeren, oker ez banago, gure herriak, beren literaturek erakusten digutenez, gudukari eta erlijiosoak baitziren hasieran, gero erotiko eta metafisiko bilakatzeko. Zorroztasun kontzeptistak gurtzen ziren garaian hasi ziren emakumea gurtzen. Gure herrien sorrera espiritualean, Erdi Aroan alegia, barbaroen gizartea erlijioa goratuz bizi zen eta baita mistikotasuna eta gudua ere —ezpatak gurutzea dauka giderrean—, emakumeak, aldiz, oso leku txikia eta bigarren mailakoa zuen haien irudimenean, eta filosofia hutseko ideiak lo antzean zeutzan, teologian bilduta, komentuetako klaustroetan. Parez pare garatzen dira erotika eta metafisika. Erlijioa gudukaria da; metafisika, ordea, erotikoa edo lizuna.

        Erlijiozaletasunak egiten du gizona guduzale edo borrokalari, edota, bestela, borrokazaletasunak egiten du erlijiozale, eta, bestalde, sen metafisikoak, axola ez zaiguna jakin nahiak, jatorrizko bekatuak azken batean, egiten du gizona sentsual, edo, bestela, sentsualitateak pizten dio, Evari bezala, sen metafisikoa, ongiaren eta gaizkiaren zientzia ezagutzeko grina. Eta hor dugu mistika ere, erlijioaren metafisika baita, borrokazaletasunaren sentsualitatetik sortua.

        Ondotxo zekien hori Teodota andre kortesano atenastar hark, Jenofontek bere «Oroitzapenak» liburuan esaten digunez halako elkarrizketa bat izan baitzuen Sokratesekin, eta bertan proposatu, liluraturik haren ikertzeko edo, hobeki esatearren, egia erditzen laguntzeko moduarekin, bere zelestino bilakatu eta lagunak harrapatzen laguntzeko. (Synthrates, ehizakide, dio testuak, don Miguelek dioenez, grekera irakaslea baita eta hari zor baitiot berri interesgarri bezain argitzaile hori). Eta Teodota andre kortesanoaren eta Sokrates filosofo erditze-laguntzailearen arteko elkarrizketa ezin interesgarriago hartan argi eta garbi ikusten da bi ofizio horien artean dagoen ahaidetasun estua, eta nola filosofia, neurri handi batean, amodio bitartekotza den, eta nola amodio bitartekotza ere filosofia den.

        Eta hori guztiori nik diodan bezala ez bada, inork ez dit ukatuko zorrotza behintzat badela, eta horrekin aski.

        Ondo dakit, bestalde, ez dela bat etorriko nik erlijioa eta guduzaletasuna batetik eta filosofia eta erotika bestetik jarriz egiten dudan bereizketa honekin don Fuljentzio Entrambosmares del Aquilon nire maisu maitea, zeinaren berri «Amor y Pedagogía» nobela edo nibolan eman baitigu zehatz-mehatz don Miguelek. Egingo nuke «Ars Magna Combinatoria»ren egile ospetsuak honela bereiziko lituzkeela: erlijio guduzalea eta erlijio erotikoa, metafisika guduzalea eta metafisika erotikoa, erotismo erlijiosoa eta erotismo metafisikoa, guduzaletasun metafisikoa eta metafisika erlijiosoa, eta, beste alde batetik, erlijio metafisikoa eta metafisika erlijiosoa, erotismo guduzalea eta guduzaletasun erotikoa, eta gaineratu horri erlijio erlijiosoa, metafisika metafisikoa, erotismo erotikoa eta guduzaletasun guduzalea. Hamasei binako konbinazio ateratzen zaizkigu guztira. Eta zer esanik ez gisa horretako hirunakoekin hasiz gero, hala nota erlijio metafisiko-erotikoa edota metafisika guduzale-erlijiosoa! Nik ez izaki, ordea, don Fuljentzioren konbinazio zorroztasun nekaezinik, ez eta don Miguelen indar nahasle eta mugagabetzailerik ere.

        Gauza asko datozkit burura istorio honen ezusteko bukaerari eta don Miguelek nire lagun Augusto gizajoaren heriotzaz ematen duen bertsioari buruz, bertsio okerra delakoan bainago; ez naiz, alabaina, orain eta hemen, hitzaurre honetan, hitzaurrea egin diodanarekin eztabaidan hasiko. Argi utzi nahi dut, halere, nire kontzientzia lasaitzearren, bete-betean uste dudala Augusto Perez-ek bete egin zuela harekin izan nuen azken elkarrizketan jakinarazi zidan suizidatzeko asmoa, benetan egin zuela bere buruaz beste, eta ez ideal edo nahimen mailan soilik. Froga sendoak ditut, nik uste, nire iritziari eusteko; hainbeste eta halakoak, non iritzi soil izateari utzi eta jakintza bilakatu baita.

        Eta, horrenbestez, amaitu dut.

VICTOR GOTI

 

 

 

© Victor Goti

© itzulpenarena: Mikel Garmendia

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus