17
Polizia! Jainkoarren, polizia atzetik zeukan eta zuzenean ekarri zuen nigana!
Oinak irrist egin zidan enbragetik, eta kotxeak aurrerantz salto egin zuen. Indarrez zapaldu nuen azeleradorea. Bi etxadi pasa aurretik, ehun eta hamar kilometrora nindoan, goizeko trafikoan barrena, eta Jainkoarren, ez dakit nola ez ninduten atxilotu edo nola ez nuen norbait harrapatu. Orduan, pentsatzen hasi nintzen berriz ere, eta frenoa zapaldu nuen. Baina ez nintzen gelditu.
Baita zera ere, polizia ez zebilen bere atzetik! Ondo baino hobeto nekien ez zebiltzala! Baina gure almazena zegoen auzune hartatik aldendu nahi nuen neska. Staplesek elkarrekin ikusiko bagintu, polizia atzetik izatea bezain gauza txarra izango litzateke.
Zer demontre gertatzen da? esan nion, azkenean, kotxea kanpoalderantz zuzenduz. Badakit poliziak ez dizula jarraitzen. Badakit, ulertzen?
Joan den arratsaldean gertatutakoa esan nion, bera ikusteko amorratzen egon nintzela, baina ni ez nintzela sentitzen nuenari bide ematen zion tipoa. Garrantzizkoena bera zaintzea zela, dena ondo zebilela seguru izatea. Nire laneko orduak hartu nituen beraz, eta buruhauste mordoa izan ondoren, egin nuen.
Ba-baina ez dute egunez egiten, Dolly. Ga-gauez bakarrik. Astearte iluntzean eta bart arratsean. Zuri deitzeko edo zure etxera jo-joateko beldur nintzen, eta banekien egunez ez zinela etxean egongo, ho-horregatik...
Hura lasaitua. Kristoren iskanbila izango genukeen zalapartaka agertu izan baiitz gure etxean.
Uztazu esan nion, berarekin haserre samar. Ez dut xehetasunik entzun nahi. Polizia atzetik joan zaizula esan duzu. Nola dakizu polizia zela?
Ha-hara, nik... duda-mudatan zegoen. Ez dadakit, baina pentsatu nuen...
Esaidazu zer gertatu zen. Hasi astearte iluntzetik.
Zera, irten... irten egin nintzen buelta bat egitera, Dolly. Etxe hura... Ikaratu egiten nau orain. Ezin izan dut lasai lo egin gau har-harta...
Uzteko, arraioa. Esaidazu bakarrik zer gertatu zen.
Kotxe bat. Hurrengo kantoian zegoen a-aparkatuta. Zeuden lekutik, edozein zela ere, etxea zelatatzen zuten. Eta kantoira iritsi baino lehen, argiak piztu zituzten nigan. Aurrera jarraitu nuen eta martxan jarri ziren... zera, kokotxea martxan jarri zutela esan nahi dut. Kalean bira egin eta niri jarraitzen hasi zen. Bospasei etxadi pasa nituen eta jarraitu egin zidan, etxera joateko kantoian buelta hartu nuen arte.
Eta? esan nion.
Eta... begira gelditu zitzaidan, esandakoarekin jarrera guztiz aldatuko nuela espero izan balu bezala. Atzo iluntzean berriz ere joan nintzen buelta bat egitera, eta kotxe berbera zegoen han. Kalearen beste Kdean zegoen eta ez zituzten argiak pieu, e-eta bizkor samar hasi nintzen ibiltzen, horregatik ez nuen entzun martxan jarri zutenean. Baina etxadi bat pasa nuenean...
Bai, noski esan nion. Noski. Eta kantoiraino jarraitu al zizuten berriz ere?
Bai. Tira, ez, ez zen horrela gertatu. Kotxe piloa ari zen aldamenetik pasatzen eta...
Ulertzen dut esan nion. Eta amorratzen nengoen neska astintzeko. Ikaraz jarri ninduen; almazen inguruan agertzea ere, Staplesek ikus zezakeen lekuan. Seguru al zaude kotxe berbera zela? Zein motatako kotxea zen, ba al dakizu?
E-ez dakit. Oso gutxi dakit kotxeei buruz. Hau bezalakoa zela u-uste dut.
Bai, e? esan nion. Ba al dakizu zenbat kotxe dauden hauxe bezalakoak errepideetan? Nik esango dizut ba. Zortzi bat milioi!
Orduan, ez al duzu u-uste...?
Burua astindu nuen. Ez nuen ezertxo ere esan nahi. Nola nengoen ikusi zuen, itxuraz, eta bera ere isildu egin zen.
Tuntuna. Tuntun hutsa zen neska. Puta izateaz gainera, tuntun hutsa, neska.
Unibertsitateko mutil asko zegoen hiriko alderdi hartan. Haietako bat edo beste edozein saiatuko zen berarekin ligatzen. Kristoren itxura ona duen neska ikusten du bakar-bakarrik gauez, jarraitu egiten dio, neskak baietz esango diolakoan. Eta mutilak egingo al dinagu, polit hori? baino ez dio esan behar, eta seguruenez neska bere kotxera igoko da. Baina mutila ez dago jakinaren gainean, beraz...
Tira, dena den, hura zen gertatu zena. Antzeko zerbait. Kristoren astindua eman zion horrek, noski, ikaratuta baitzegoen eta erruduntzat jotzen zuen bere burua, eta etxe horretan egon beharra ere, gertatutako guztiaren ondoren! Baina ez zuen horrela jokatu behar. Oso jokabide ergela izan zen hura.
Inguruetatik gidatzen jarraitu nuen, lasaitu nahian. Neskaz errukitzen hasi nintzen, pentsatuz ezin niola burua galtzeagatik ezer aurpegiratu. Haren kinkan zegoen edozein joan zitekeen burutik. Baita ni ere. Eta ni denetara ohituta dagoen tipoa naiz.
Hizketan hasi nintzen berriz ere, hitz goxoak esanez noizean behin. Zer gertatu zen azaldu nion... ez zegoela zertan ikaratu. Hasieran ezin zuen sinetsi. Hain asaldatuta zegoen, non ezin baitzuen nik bere begian aurrean jartzen nion egia ikusi. Frogatu egiten banion ere. Baina hizketan jarraitu nuen, eta azkenean konturatu zen.
Hiri kanpoaldean geunden ordurako. Autobidetik irten nintzen, eta aparkatu egin nuen. Niganantz hurbildu zen pixka bat, lotsati samar irribarre eginez. Besoekin inguratu nuen. Jantzita zeraman berokia zarpaila zen, eta haren azpian etxeko mantala baino ez zeraman. Bere gorputza, berotasuna eta leuntasuna nabari nitzakeen.
Eta? nire ahoa jarri nuen bere belarrian eta xuxurlatu nion. Egingo al dinagu, polit hori?
Z-zer? O esan zuen eta gorritu egin zen. Hemen al diozu... e-egun argitan?
Zer arraio? esan nion. Badakizu zertaz ari naizen. Jakin behar zenuke behintzat.
Ez zuen ezertxo ere esan, baina zerbait gertatu zitzaien bere begiei. Lausotu egin ziren, lausotu, zakur gizajo batenak bezainbeste. Nire eskuak kendu nituen egon ziren lekutik, eta sorbaldetatik besarkatu nuen, gogor.
Barka iezadazu esan nion. Oso zakar hitz egiten dizut, eta ez dut pentsatu zer ari nintzen esaten.
Ber-berdin-berdin dio, Dolly.
Ahaz ezazu, aditu? Ez bainuen ezertxo ere esan nahi; hitz egiteko modua baino ez da izan. Arraioa, banekien zutaz jakin beharrekoa... hasieratik jakin nuen jakin beharreko guztia, ezta? Eta ez zitzaidan batere axola izan, ezta?
Nik ez nu-nuen egin nahi, Dolly. Zurekin, bai. Dena desberdina zen zurekin eta nik den-dena eman nahi nizun zuri...
Jakina. Zer uste duzu, ez dakidala? irribarre egin nion, eta besarkada handi bat eman ere, eta puska batean Joyce ahaztu zitzaidan erabat. Zu zara politena, munduko neskarik ederrena, eta bizitza zoragarria izango dugu elkarrekin. Beste bi edo hiru astez ibiliko gara herrian, seguru izateko, eta gero alde egingo dugu. Eta ez dugu iraganik izango, polita, etorkizuna bakarrik, eta...
Nire aldamenean kuzkurtu zen. Puska baten ondoren, hitzik gabe gelditu nintzen, horregatik besarkatu eta laztandu baino ez nuen egin. Horrela jarraitu nuen, zera, hamabost edo hogei minutuz. Orduan, kotxe mordoska hasi zen aldamenetik pasatzen, eta alde egin behar izan genuen.
Dolly. Nik ez zaitut... ez zaitut molestatu nahi, baina...
Zuk ezin nauzu molestatu esan nion. Esaiozu Dolly zaharrari zer duzun, eta konpon badezake, ahaleginduko da.
Ikus al zaitzaket gaur iluntzean? Pixka batean. Hain i-ikaratuta egoten naiz etxe hartan! Pixka batean egoterik banu, oheratu ba-baino lehen...
Oraindik begirada ilun eta mindua zuen begietan. Ez zen min handia, baina ez zen batere kostako handitzea. Ez nuen berriz ere bertan behera utziko nuela pentsatzea nahi.
Gustatuko litzaidake, bai esan nion baina ez zaigu komeni, ulertzen? Norbaitek ikusiko banindu zure etxe inguruan bueltaka...
Utz iezadazu orduan zurera joaten! Fa-faborez, Dolly. Minutu batzuk bakarrik, eta ez dizut berriz ere eskatuko dena... dena bukatzen den arte.
Zera...
Zer?
Ez zenuen ba... benetan esan al duzu poliziarena? Seguru al zaude ez dabiltzala nire atzetik? Seguru al zaude ez didatela jarraitzen? Ez al dizu beldurrik ematen...
Seguru nengoela esan nion; ez niokeela horrelako kontu batean ziririk sartuko.
Entzun iezadazu, maitea. Hauxe da koxka. Nire nagusia, Staples delako hura, fidantzarako dirua eman zenion hura, tira ba, askotan agertzen da etxean iluntze aldera. Han ikusiko bazintu, gertatutakoaren berri emango luke. Susmotsu samar zegoen dirua zela eta, dena den. Nik ez bainuen batere dirurik, ulertzen, eta zuk ere ez duzu dirurik izateko itxurarik. Guk ez dugu zertan elkar ezagutu. Berak jakingo balu...
Baietz egiten zidan buruarekin, ezinegonez ia. Staplesena ulertu zidan. Baina oraindik ez nintzen estuasunetik atera.
Beranduago joan naiteke, Dolly. Nahi duzunean... gauerdian. Ez da hain berandu arte geldituko.
Zera, bai, noski esan nion. Baina... e...
O esan zuen, astiro.
Aizu, zaude pixka batean esan nion. Azaltzeko ahaleginak egiten ari naiz, maitea. Hara, zail samarra da hitzak aurkitzea, baina... e... e...
Ulertu dizut esan zidan.
Ez nuen neska horrela sentitzea nahi. Ezeroso sentiarazten ninduen, eta arriskutsua zen. Mementu hartan behintzat, jokoa puntu horretan zegoela, neska hain ikaratuta egonik zentzuzko gauzarik egiteko.
Zergatik ez dugu hau egiten? esan nion. Zer iruditzen bederatziak aldera agertzen bazara, eta kanpoan elkartzen banaiz zurekin? Esango dut, etxean norbait baldin badago, esango dut zigarro bila noala, eta txatar-biltegia jotzen dagoen etxadian elkartuko gara. Denda jotzen dagoen kantoian.
Hara... Seguru bazaude hala nahi duzula.
Nahi nuke. Baina zuhur jokatu nahi dut, besterik ez. Arraioa, bihotza, ez dago zurekin egotea baino gehiago nahi dudan gauzarik.
Sinestarazi egin nion. Bera sosik gabe ibiltzeak kezkatzen ninduela esan nion, eta salgaien maleta hartu nahian hasi nintzen. Eta, orduan, bertan seko gelditu nintzen, eta kartera atera nuen. Neska nola zegoen ikusita, nitaz gehiegi fidatzen ez zela, bazitekeen diruaren zati bat eskatzea.
Bost dolar eman nizkion nire dirutik. Pixka bat gehiago hitz egin genuen; gero, autobus geltokiraino eraman nuen eta hantxe utzi nuen.
Egun hartan ere ez nuen lanerako batere gogorik, baina ordu batzuk egin nituen, denbora-pasa. Hogei bat dolar kobratu nituen, zorroko beste berrogeirekin osatu nituen. Gainerako orduetan, alferkerian ibili nintzen; eta seietan kontuak egitera joan nintzen.
Staplesek zintzo jokatu zuen. Ez ninduela zirikatu esan nahi dut, alegia. Hamar minututan irten nintzen almazenetik, eta etxerako bidea hartu nuen.
Harritxintxar bagoiak burdinbide itxitik kendu zituzten, eta hiru ikatz bagoi zapal zeuden han gau hartan. Haietako bagoi baten erdia kale bertan zegoen, eta estuestu ibili nintzen kotxearekin pasatzeko. Azkenean lortu nuen; kotxea aparkatu nuen eta etxera sartu nintzen.
Joyceri dei egin nion. Bere ahotsak logelatik erantzun zidan, motel samar. Begiratu bat eman nion jangelari.
Afaria prest zegoen. Mahaian zegoen, baina lagun batentzat bakarrik jarrita. Niretzat.
Maleta lurrean utzi nuen, berokia eta kapelua kendu nituen. Duda-mudatan egon nintzen, eta ondoren logelara joan nintzen. Atean gelditu nintzen ez zirudien barrurago sar nintekeenik eta berari begira gelditu nintzen.
Ohean zegoen, tapakiekin ondo-ondo estalita, baina halere ikusi ahal izan nuen kamisoia jantzita zuela. Hormari begira zegoen, niri bizkarra emanez, eta ez zuen bira egin.
Aizan ahotsa zolitu nuen. Gaixo al hago, maitea?
Ez zidan pixka batean erantzun. Ondoren, esan zidan, ahots motelarekin:
Ez negok oso ondo. Segi afaltzera, hoztu egingo zaik eta, Dolly.
Zer kristo esan nion. Zer dun ba? Zer gertatzen zain?
Segi afaltzera esan zidan, zorrotz samar. Gero hitz egingo diagu.
Ederki ba esan nion. Hobe izango dinat.
Arrazoiren batengatik ez nuen jateko gogorik, baina afaldu nuen. Astiro afaldu nuen, presarik gabe, eta hiru kafe katilu edan nituen ondoren. Eta kafe gehiago ezin edan izan nuenean, erretzen hasi nintzen, zigarroak piztuz bata bestearen atzetik.
Deitu egin zidan.
Erantzun egin nion:
Bai, berehala nihoan, maitea.
Zigarroa bukatu nuen. Altxa egin nintzen eta pasabidean barrena joan nintzen logelarantz. Eta iritsi nintzen. Sartu ezinik egon nintzen. Esan nion:
Bere... berehala negon hirekin, bihotza eta komunera joan eta atea itxi nuen.
Begiratu bat eman nion inguruari, eta inoiz ez nuela leku hura ikusi iruditu zitzaidan. Ez, ez zen ezertxo ere aldatu, han ez zuten aldaketarik egin, baina niri zerbait gertatu zitzaidan. Guztiak arrotz zirudien, itxuragabetua. Galduta nenbilen mundu arrotz batean, eta han ez zegoen eusteko moduko gauza ezagunik.
Ezer ez. Inor ez. Hitz egiteko, gauzak azaltzeko moduko Inor.
Bainu-ontziaren ertzean eseri nintzen eta zigarro bat piztu nuen. Konketan zapaldu nuen itzaltzeko, batere pentsatu gabe; orduan altxa egin nintzen eta zigarro-muturra txikitu nuen, eta zulotik behera garbitu nituen hondakinak. Konketa ondo garbitu nuen zikinik edo arrastorik gelditu ez zen arte.
Komun-ontzian eseri nintzen, eta beste zigarro bat piztu nuen.
Han gelditu nintzen, komunean. Mundu arrotza zen, baina askoz arrotzagoa zen kanpoan zegoena. Hemen eser nintekeen eta nire buruari esplikatu, eta arraioa, argi eta garbi zegoen. Baina ezin nion berari esplikatu.
Deitu egin zidan.
Berehala joango nintzela garrasi egin nion... eta nengoen lekuan gelditu nintzen.
Berriz ere deitu zidan; berriz ere garrasi egin nion. Atera etorri zitzaidan azkenean eta jo egin zuen. Eta nik garrasi egin nion, Jainkoarren, presa al dun, ala? Maratila biratu zuen eta sartu egin zen.
Negarrez egona zen; negarretan itoa, esango nuke, antzeman egiten zitzaion eta. Aurpegia malkoz bustia zuen. Baina begiak garbi zituen, eta ahotsa tinko.
Jakin nahi diat, Dolly. Jakiteko asmoa diat, ez iezadak gezurrik esan beraz. Nondik atera duk dirua?
© Jim Thompson © itzulpenarena: Idoia Gillenea