12

 

        KOSTA AHALA KOSTA: GIZON BATEN BORROKA, GOI-INDARREN ETA EMATXARREN KONTRA... Knarf Nollid-ek idatzia.

 

        New York hirian jaio nintzen duela hogeita hamar urte, guraso behartsu baino zintzoengandik, eta gogoratzen naizenetik lan egin izan dut egunen batean norbait izateko. Baina gogoratzen naizenetik beti ibili izan da norbait niri trabak jarri nahian. Denda batentzako mandatuak egiten aritu nintzenean, adibidez. Arraioa, nik ez nion orduan inori txanpon zikin bat ere lapurtuko: zortzi bat urte nituen eta motel samarra nintzen. Atso zikin batek ziria sartu zidan eskari batean, eta dendako jabeak sosak niretzat gorde nituela esan zuen. Edozeinek ikus zezakeen sorgin galanta zela atsoa, ontzi zikinak eta arropak etxe osoan zehar sakabanatuta, zerri baten antzera bizi zen. Geroago ziri berbera sartu zien inguruko mandatari batzuei, eta denek igerri zioten zertan zebilen, eta jakin zuten nik ez nuela dirurik harrapatu. Bitartean, halere, dendako jabeak bidali egin ninduen eta nire zaharrari esan zion lapurra nintzela, eta zaharrak jipoi ederra eman zidan.

        Ez nintzen beraz onik irten.

        Hura zen ulertu ezin nuen zerbait. Zergatik sinesten zioten gurasoek kanpotar bati, semeari sinetsi ordez. Baina jabetzen naiz gertakizun honek ez duela inolako garrantzirik, nire kontakizunarekin jarraituko dut, beraz. Nire asmo bakarra zen frogatzea, hasiera bertatik saiatu zela jendea niri trabak jartzen.

        Behin eta berriz gertatu zitzaizkidan antzekoak, eta ez zaitut bata bestearen atzetik kontatuz nekarazi nahi. Zail samarra baita gertatu zitzaizkidan komediak sinestea, eta gezurti hutsa naizela pentsatuko duzu, seguruenez.

        Institutuko bigarren urtera iritsi nintzen azkenean, jendea ni etengabe izorratzen saiatu eta gero, lasai bizitzen utzi gabe. Eta ni handi samarra nintzen erantzun gabe gelditzeko. Ingeleseko irakasle bat genuen, neska gazte samarra; ez zen ni baino askoz zaharragoa. Beti ibiltzen zen niri begiratuak ematen eta eskua nire sorbalda gainean jartzen, gauzak nola egin behar nituen esaten zidan bakoitzean. Eta nik zera pentsatu nuen, tira, badakizu. Behin batean eskola ondoren gelditzeko esan zidan: eguneko azken eskola zen eta bakar-bakarrik geunden. Nigana hurbiltzen da igurtzi bat emateko, eta nik atzera ukitu bat ematen diot. Hala nahi zuela iruditu zitzaidan, eta horregatik egin nuen. Baina, irakurle maitea, hura azpijoko hutsa zen.

        Ikasgai baliotsua izan zen hura, bai, eta etorkizunean onerako izan zitzaidana. Puta txiki hark inoiz ahaztuko ez zitzaidan zerbait erakutsi zidan, zera: emakumeak zenbat eta politago izan eta goxoago jokatu zurekin, hainbat eta gutxiago fidatu haietaz. Buruhausteak baino ez dizkizute eman nahi eta. Baliteke hasieran ez konturatzea, baina, konturatuko zara, bai horixe.

        Baina sekulako lanak izan nituen eskarmentua hartu baino lehen. Hotzikarak izaten ditut gogoratzen naizen bakoitzean.

        Garrasi egiten du eta belarrondoko bat ematen dit, eta gizonezko irakasle batzuk lasterka etortzen dira. Zer gertatu den esplikatzen saiatzen naiz, zer etorri zaidan burura, baina horrek gauzak gaiztotzen ditu. Zuzendariari deitu diote eta denak batera hasi dira ni astintzen. Haien errua da, bai, nik aurrera ez egitea. Erruduna ni naizela diote ordea. Gezur mordoa esaten dute; ez dudala kolpe zorrik jotzen, bost axola zaidala eskola, ez dudala batere laguntzen eta beste umeen kontra ibiltzen naizela. Eta edozeinek usteko luke etsairik gorrotagarriena naizela; eta guztia printzesa hura nirekin jolasean hasi zelako, eta nik amua irentsi nuelako.

        Kontakizun luze hau laburtzeko esango dut bidali egin nindutela, eta nire erruagatik izan ez bazen ere, nire heziketa ume koxkorra nintzenean bukatu zen. Baina doazela ifernura, ze arraio! Hain zikin jokatzen duen jendeak, ez du aipamen txikienarik ere merezi.

        Jabetuko zinen honezkero buru-belarri lan egin duen tipoa naizela, arlo askotan esperientzia dudala. Baina sinestezina badirudi ere, ez dizkidate inoiz aintzat hartu egindako ahalegin guztiak. Etxetik alde egin nuenetik sartu dizkidaten ziriak ez litzaizkioke inori bururatuko. Ikusi beharra dago sinesteko!

        Bazegoen behin lehen aldiz lan egin nuen atez ateko saltzaile taldeko arduradun bat. Azeri maltzurra zen tipoa, hizjario galanta zuena. Jardun eta jardun ibili zen Kaliforniara joango ginela, eta kotxe berriekin eta astean hirurogeita hamabost dolar irabazita bueltatuko ginela. Eta ni, mukizu inuxente bat baino ez nintzen, mundua batere ezagutzen ez zuena, eta goxoki bat bailitzan irentsi nuen. Taldean izena eman nuen, gutako zortzi igo ginen hamar urteko Dodge hartan, eta Kaliforniara bidean egin genuen lehen geldialdia Newark, New Jerseyn izan zen, eta...

        Lan egin al duzu inoiz atez ate Newarken? Ez ezazu egin ba. New Yorketik datozen talde guztiak hantxe gelditzen dira eta. Atez ateko saltzaileak izaten dira gehienak, eta Jersey osotik sakabanatzen dira. Ez da batere kontu erraza izaten, aspertu arte ibiliak baitira aurrekoak ate guztiak jorratzen, baina ez dago zereginik!

        Mutiletako bi kaleratu zituzten Newarken, eta beste bat estatutik irten baino lehen. Ondoren, gainerako guztiok mendebalerantz jarraitu genuen, taldeko arduraduna eta gutako lau. Leher eginda bukatu arte lan egin nuen. Atez ate ibili nintzen eta saldu nuen. Baina alferrik izan zen. Gauza berbera gertatzen zait beti: buru-belarri lan egiten dut eta zintzo ibiltzen naiz, baina trukean ez dut ezertxo ere jasotzen. Taldeko arduradunak, hizjario hark, nik bisita egindako etxeetara egiten zituen deiak, eta hirutik bitan ez ziotela eskaria baieztatu esaten zidan. Begietara begiratzen zidan eta andreak iritzia aldatu zuela esaten zidan, edo senarrak ez ziola erosketa egiteko baimenik eman. Eta orduan bere izenean egiten zituen eskariak eta komisioa kobratzen zuen.

        Illinoisa iritsi ginenean janari txarren bat jan eta ia nireak egin zuen. Itoka ibiltzen nintzen lanean, eta taberna-zuloetan jan behar izaten nuen. Tabernakoek esaten zizkidaten astakeria guztiak jasan behar nituen, mukizu bat nintzelako eta eskupekorik eman ezin nielako. Orduan bizkortzen hasi nintzen. Dei batzuk egiten hasi nintzen, eta ondoren hizjarioarengana joan nintzen. Ez nion modu txarrean hitz egin. Galdetu besterik ez nion egin ea aurrerantzean zatiren bat emango zidan. Eta horrek ederki erakusten du zein gutxi nekien bizitzaz. Putasemeak ur pitxar batekin astindu ninduen, eta ostikoka txikitu ninduen. Ondoren taldetik bidali ninduen. Eta nik kontra egin nahi nion edo gertatutakoa eztabaidatu behintzat, baina ezin izan nuen. Hain atsegina izan eta gero, egundoko astindua eta ostikadak hartzea ere... hara, mementu hartan ezin izan nuen ezertxo ere egin. Nire gelan ezkutatu eta pentsatu, besterik ez.

        Laster asko beste talde batean izena eman nuen, eta hilabete baten buruan ni nintzen arduraduna. Ni, mukizu bat, talde bateko arduradun; horretarako behar zena banuela konturatuko zinen, beraz. Baina bazegoen tipo pare bat, kexuka beti, baieztatzen ez ziren eskarietan ziria sartu nahi niela esaten ibiltzen zirenak. Azkenean nire gelan elkartu nituen, eta egundoko liskarra izan genuen. Eta orduan atea eman nien. Baina ez ziren gustora gelditu. Ez zen nahikoa izan nik beste gizon pare bat bilatu behar izatea. Bulego nagusira idatzi zuten, eta konturatu baino lehen taldetik bidali ninduten eta ezin izan dut berriro enpresa horrentzat lan egin.

        Behin eta berriz gertatu zitzaidan, lan egiten saiatzen nintzen leku madarikatu guztietan. Aseguruen salmentan lan egin nuen, eta lortutako bezeroak zuzendariak lapurtu zizkidan. Urrea erosi nuen, eta findegiak ziria sartu zidan; saltzaile handiek ere gauza berbera egiten zuten. Hemezortzi kilateko urrea hamalaukoa zela esaten zidaten, eta hamalaukoa hamarrekoa zela. Egingo nuke hamar mila dolar harrapatu zizkidatela bai, goi-indarren kontra borrokan alferrik ari nintzela eta beste saltsaren batean nengoela konturatu baino lehen.

        Lan egiten nuen gauza guztiekin gertatzen zitzaidan, aluminiozko ontziteria, eltzeak eta zartaginak, aseguruak, aldizkariak: beti komedia berbera. Nolanahi ere, oztopo berberak izaten nituen beti; errukiorra izangó naiz eta ez dizut xehetasun itsusi guztien berri emango. Sarri pentsatu nuen, etengabe pentsatzen nuen, emakumeren bat izango banu aldamenean, borroka neketsu hura ez zela hain neketsua izango. Baina horretan ere ez nuen beste gauzetan baino suerte hobea izan. Putak, besterik ez nuen ezagutzen. Hiru puta zikin, bata bestearen atzetik... edo agian laupabost izango ziren, baina horrek ez dio axolarik. Guztiak pertsona berbera zirela ematen zuen.

        Azkenean, mendebal erdialdeko herri txiki honetan hasi nintzen lanean. Atez ateko katalogo saltzailea. Atsegina eta etekingarria izan zitekeen, baina nire nagusia inoiz lan egin nuen putakume gaiztoena zen. Staples zuen izena tipoak. Ez zen gustora geratzen ni zirikatu arte, eta gauean etxera joaten nitzenean, pott egina goi-indarren kontra borrokan egin ondoren, gauza berbera gertatzen zen. Garai hartan nirekin ezkonduta zegoen printzesa ez zen mundu honetakoa, bene-benetan. Puta guztien erregina, eta gainera, marizikina.

        Zertxobait aurreratzeko esango dut gau batez ni zirikatzen hasten dela, gordinkerietan eta gaizki esaka. Nik beti egiten dudan bezala, arrazoiak ematen Saiatzen naiz eta berari erakusten oker dagoela. Esaten diot gizon bat lanetik etxera etortzen denean ez dela hitz egiteko oso une egokia, eta beharbada askoz aldarte hobean egongo ginatekeela biok mokadu bat jan ondoren. Arren, eskatzen diot jatekoa prestatzeko, eta nik pozik lagunduko diodala. Erantzun gisa gordinkeria gehiago esaten dizkit. Eta, pixkana baina beldurrik gabe, bera laztandu eta lasaitzeko ahaleginak egiten ditudanean, irristatu egiten da eta bainu-ontzian erortzen da.

        Ateratzen lagundu ondoren barkamena eskatu nion, nik ezertxo ere egin ez banuen ere. «Barka iezadan, arren, Joyce —esan nion—. Lasai hadi eta nik prestatuko dinat biontzako afari goxoa». Hala hitz egin nion, baina badakizu alferrik dela puta batekin atsegin izaten saiatzea. Kaskezurra hautsi zidan ia, lurra garbitzeko eskubila batekin. Orduan, etxetik alde egin nuenean nire burua lasaitzeko, jantzi guztiak hondatu zizkidan eta hanka egin zuen. Nigandik ezin zuela besterik atera ikusiko zuen, eta bazela beste inuxente bat sareratzeko garaia.

        Bitartean, atzera egin eta gertatutakoa behar bezalako antolamenduan kontatzeko, munduko neskarik goxoena eta ederrena ezagutu nuen. Mona zuen izena, eta izeba zuen sorgin.zahar gaizto batekin bizi zen. Atsoak preso zuen, hitz gutxitan esateko, burn belarri lanean eta zerrikeria asko egitera behartuta. Neskak handik askatzeko eskatu zidan, nire andrea izango zela, eta zoriontsu biziko ginela biok betiko. Eta bere erreguek hunkituta, egingo nuela esan nion. Atsoak gordeta zuen diruaz ezertxo ere jakin baino lehen esan nion egingo nuela, eta —ondo pentsatuz gero— dirua eskubidez Monarena zen, puta zahar hark urteetan sufriarazi ziolako. Eta norbaitek merezi bazituen ehun mila haiek, neska hark merezi zituen, bai.

        Tira, gau aldera etxe hartara hurbildu nintzen, eta, arraioa, nik ez nuen atso hari ezertxo ere egiteko asmorik. Baina zirikatu egin ninduen, gordinkeriak esaten eta ni izorratzen gelditu gabe. Ez nuen, beraz, beste irtenbiderik izan.

        Orduantxe, minutu batzuk beranduago izango zen agian, Pete Hendrickson izeneko tipo bat agertu zen. Nazia edo agian komunista izan zitekeela pentsatu nuen... gerra bitartean ihesi etorri zen horietako bat. Dena den, zerri galanta zen; arlote hutsa zela aitortu zidan. Eta hark ere ni izorratzeko asmoa zuela konturatu nintzen. Gauza bakarra egin nezakeen harekin, beraz.

        Akabatu egin nuen; nik eskularruak neramatzan, baina ondo igurtzi nuen pistola eta atsoaren eskuan jarri nuen. Eta bukatu orduko, Mona diruarekin agertzen da.

        Eta nazia edo komunista edo dena delakoa ikusten du, eta bere onetik ateratzen da. Gaizkile bat banintz bezala jokatzen du. Beregatik egin ez banu bezala.

        Lasaitu egin zen zein minduta nengoen ikusi zuenean, nire aurpegia ikusi zuenean. Ustekabe handia izan zela esan zidan, gizona han ikusita, hala espero ez zuenean, ez zitzaiola izebaz gainera beste inori halakorik gertatzea nahi. Eta sentitzen zuela eta abar, eta nik eskatzen nion edozer egingo zuela.

        Ni oso tipo ulerkorra naiz, eta gustatu egin zitzaidan neskaren jarrera. Egia bazen behintzat. Eta primeran moldatu ginen berriz ere.

        Egin behar zuena esan nion, poliziari esan behar ziona. Aise egingo zuela esan nion, eta aste pare bat pasa eta gero, elkarrekin egongo ginela. Orduan, muxu eman nion eta alde egin nuen, dirua nirekin eramanez.

        Dirua, larru beltzezko poltsa batean zegoen, kartera antzeko bat zirudien edo sendagile baten zorroa. Dirua ondo estutua zegoen barruan eta astuna zen, hogei edo hogeita hamar bat kilo pisatuko zituen. Eta etxerako bide osoan, non arraio gordeko nuen pentsa eta pentsa ibili nintzen. Ez nintzen etxean gordetzera ausartzen. Auzune kaskar batean bizi ginen, eta ez litzateke harritzekoa izango putasemeren bat indarrez sartzea eta diruarekin hanka egitea. Soinean eramango nuela erabaki nuen azkenean. Nire maletaren barru-barruan ezkutatuko nuen —salgai batzuk aterako nituen beharrezko izanez gero— eta batera eta bestera eramango nuen egun osoan.

        Etxera iritsi nintzen, eta barrura eraman nuen. Salgaien maleta mahai gainean jarri nuen, estalkia ireki nuen eta zorroa barruan sartzen ahalegindu nintzen. Behin eta berriz saiatu nintzen, modu batean eta bestean. Atsegina atzeratzen ari nintzen, zera, diru hura ikusteko gogoa areagotu nahian edo. Eta seguruenez beldurrak nengoelako. Ni bezalako suerte txarreko tipo bati, ia edozer gerta bailekioke. Zorro txiki hura adreiluz edo aldizkariz beteta egon liteke. Edo ireki orduko burua lehertuko zidan lehergailu batez...

        Ireki egin nuen. Krisketa zapaldu orduko zabal-zabal ireki zen, eta nire burua barrura begiratzera behartu nuen. Eta intziri egin nuen, amaren bila doan moxalaren modura, irrintzika.

        Hantxe zegoen, bai horixe. Paperezko zerrendatan bildutako bilete piloak. Bostekoak, hamarrekoak, eta hogeikoak. Eskuak sartu nituen, eta berriro atera nituen. Eta dirua zen guztia... ez zegoen fardel faltsurik, zaborrik: ez nuen zenbatu beharrik. Ze arraio, buruz zenbatu nezake ia... ehun mila.

        Ehun mila!

        Eta Mona. Izeba maltzurrarengandik askatu nuen eta legez jokatu nuen bortxatu zuen tipo harekin, eta eskubide osoz berreskuratu nuen neskarena zen dirua. Eta laster lurralde zikin hartako hautsak kenduko genituen zapatetatik, hainbeste neke bizitako lekutik joango ginen, eta eguraldi eguzkitsuko lekuren batera joango ginen, Mexikora, adibidez. Eta, bai, zoriontsu izango ginen elkarrekin. Ni eta ume eder hura, azukre-koxkor hura, eta ehun mila dolarrak.

        Edo ia ehun mila dolarrak. Seguruenez ehundaka batzuk erabili beharko nituen nire bezeroen kontuetan, Staples pozik egon zedin.

        Eskuak sartu nituen berriz ere, dirua behatzen artean estutuz eta zapalduz, askatzeak min ematen zidalarik. Zaharra zen, jakina, baina garbia eta samurra oraindik. Eta bai, arraioa —zer uste, inuxente hutsa naizela?— egiazkoa zen. Nik ez dut izugarrizko tipo bizkorra naizen itxura egiten, baina inork ezin dit gauza batekin ziririk sartu, irakurle maitea. Paper berdearekin. Inork ezin dit diru faltsurik eman. Hasieran, gutxi batzuetan, harrapatzen zaituzte, mukizu inuxente eta fidakorra zarenean, eta zure poltsikotik jartzen duzu biribiltzeko behar dena. Eta horrela, egiazko sosei urrutitik antzematen ikasten duzu.

        Sei bilete hartu nituen, hogeita hamar dolar, bosteko pilo batetik eta nire karteran gorde nituen. Lan egun ona izango nuen honela almazenean, eta Staples eskertxarrekoak, eguna ni zirikatzen ematen zuenak, iasai utziko ninduen.

        Hartutako piloa zorroan erortzen utzi nuen eta krisketa ixten hasi nintzen. Eta pozez zoratzen nengoen, irakurle maitea. Borroka neketsua irabazia nuen, putaseme guztien aurkako borroka, baita hainbeste sufriarazi zidan aitaren aurkakoa ere. Aurrera eta gora egin nuen, goi-indarren kontra, ezpainak odoltsu baina estu. Eta aurrerantzean ni, Mona eta sosak baino ez geunden, ametsezko bizitzaz gozatzen eguraldi eguzkitsuan —Mexikon, Kanadan edo beste nonbait—, gainerako guztiak ifernura joan zitezela.

        Baina gutxitan kexatzen banaiz ere, zalantzarik gabe lerro artean irakurri duzu eta badakizu, suerte txarra duen gizajoa naizela. Beraz, ametsak egia bihurtzen diren erresumako atarian nengoela, inguruko mundu osoa nire atzean amildu zen. Diru mordoa nuen eta Mona —laster izango nuen behintzat— eta orduan gora begiratu nuen, eta

        (JARRAITZEKO)

 

        ... Kamisoia jantzita zuen. Oso polita zegoen, aspaldian ikusi ez nuen bezala; eta nigandik metro gutxira. Logelara iristeko pasa behar zen pasabide txikiaren sarreran, zutik.

        Irribarre egiten zidan, baina erne zegoen. Irribarre gaitzesgarria zen hura.

        Joyce.

        Emaztea.

 

 

 

© Jim Thompson

© itzulpenarena: Idoia Gillenea

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus