6
Harritzekoa irudituko zaizu, baina hura zen espetxean nengoen lehen aldia. Hitza jartzen dut Jainkoaren izenean, eta ez nabil zuri adarra jo nahian. Bazter guztietan ibilia naiz, estatu guztietan egona naiz, noiz edo noiz; eta egin ditudan tratu batzuk putetxe bat baino ilunagoak ziren. Baina ez naiz sekula itzalean egon. Nire inguruan zebiltzan tipoak bai. Kaleko aurreko espaloian lan egiten zuten tipoak hain justu. Baina ni, sekula ez. Ez omen dut legea hausten duen baten antzik. Baliteke hizkeraz eta jokabidez hala ematea, baina itxuraz ez. Eta ez naiz hala sentitzen, ulertu nahi badidazu.
Goizeko hamarrak aldera ziren fitxatu eta giltzapetu nindutenerako. Begiratu bat eman nion ziegari, kaiolari, eta ni ez naiz batere lotsakorra, ez jauna, baina izkina batera joan nintzen eta nire kasa eseri nintzen. Ezin nuen inola ere onartu. Ezin nuen sinetsi han nengoenik, beste tipo haien guztien kinka gaiztoan, ni baino okerragoak zirenak, seguruenez. Ni, Dolly Dillon zaharra, zuloan lapurreta astuna egiteagatik? Erokeria hutsa zen. Ametsetan nengoela iruditzen zitzaidan.
Oker banenbilen ere, egun osoa eman nuen Staples biguinduko zela pentsatzen. Jakin bazekien barruan egonik ez nuela ezertxo ere aterako, eta karguak erretiratu ondoren, zorra kitatzeko lan egiten utziko zidan. Ezin nuen burutik kendu, ezin nuen esperantzarik galdu, eta egingo niokeen proposamena itxuratu nuen. Etxeko errenta ordainduta nuen, eta finantza etxeko ordainketa ere egunean egina nuen. Horrelaxe esango nioke ba: Ederki, Staples, hauxe egingo dut. Eman iezazkidazu jatetxerako txartelak eta paga ezazu gasolina eta abarrekoak, eta gainerako guztia...
Enpresak dirua zor zidala gogoratu nuen. Bi-bi egun t'erdiko soldata, gaur goizekoa egun erditzat jotzen bazuten behintzat. Ze kristo, hogeita bost dolar adina zen. Eta nik zor nuena, zera, biribilduz, hirurehun bat dolar ziren. Ez zen hainbesterainokoa, ez horixe! Amen batean bilduko nuke, Joycek alde egin zuen eta.
Banekien Staplesek aterako ninduela. Seguru nengoen.
Baina zuk badakizu ez zuela horrelakorik egin.
Hurrengo eguna etorri zen moduan joan zen. Eta beste ikuspuntu batzuk hausnartzen hasi nintzen, irteteko beste bide batzuk. Staplesen kontua bezain alferrikakoak ziren, baina halere bata bestearen atzetik aztertu nituen. Beharbada enpresa berriren bat etorriko zen herrira, eta nire gaitasunaren berri izango zuten; salgai jakinen bat saldu nahian ibiliko ziren, ni non nengoen jakin eta... Edo beharbada nik lan egindako enpresa batek aparteko irabaziak ordaindu nahiko zizkidan eta txekea bidean zegoen honezkero. Edo agian urrutiko senitartekoren bat hil zitzaidan eta asegurua kobratuko nuen. Edo agian Doris agertuko zen sosekin. Edo Ellen. Edo... edo norbait. Norbaitek agertu behar zuen, arraioa! Zerbait gertatu behar zuen.
Ez zen inor agertu, ez zen ezer gertatu. Eta gogorra zen onartzea, adixkide, baina azkenean konprenitu nuen ez zela besterik gertatuko. Nireak egin zuen. Alferrik zen ametsetan ibiltzea.
Mona etorri zitzaidan gogora, bera zela saltsa haren guztiaren arrazoi bakarra. Ez banu Pete Hendricksonen dirua erabili zilarreria ordaintzeko, Staplesek ez nindukeen sekula harrapatuko. Txakurrarenak esan nizkion nire buruari, eta Monaz ere gaizki esaka aritu nintzen. Gogo handirik gabe egin nuen ordea. Gauza berbera egingo bainukeen berriro gertatuz gero, eta ez nengoen berarekin hain haserre. Nola haserre zaitezke hain neska goxo eta errukarriarekin?
Nire bakarrean eseri nintzen leotzaren izkina batean, Monaz gogoratzen nintzelarik, gustora. Nigana etorri zen egun hartaz. Besoekin inguratu ninduen eta burua jarri zidan bularrean. Biluzik zegoen eta dardarka. Gero eta estuago besarkatzen ninduen, ni bere zati nintzela iruditu zitzaidan arte.
Ez zen mundu honetakoa neska hura. Ez zen beti nire inguruan ibiltzen ziren puta nazkanteak bezalakoa. Edozein lekutara joan zintezke horrelako neska batekin. Edozer egingo zenuke beragatik, badakizulako edozer egingo lukeela berak zuregatik, eta lasai asko joan zintezke berarekin herrira.
Zer pentsatu ote zuen bueltatu ez nintzela ikusi zuenean. Zer gertatu ote zitzaion. Begiak itxi nituen, eta gertatzen ari zena ikus nezakeen ia: gizonezkoak inguratzen ziren atarira eta atsoak eskaintza egiten zien, eta Mona... Mona hantxe zegoen, logelan...
Begiak ireki nituen berehala. Nire burua behartu nuen beste zerbaitera, eta etxe hura etorri zitzaidan gogora.
Susmoz hasi nintzen etxean sartu nintzen mementu bertan; ez zegoen behar zuen moduan. Artean ezin izan nuen asmatu non zegoen hutsa, eta geroago ez nuen beta handiegirik izan.
Baina azkenean konturatu nintzen. Ez zegoen argazki bakar bat ere leku hartan; jendearen argazkirik, alegia.
Seguruenez hura bezalako hamar mila etxetan izana nintzen, zaharrez betetako etxeetan. Eta denek izaten dute argazki mordoa hormetan. Bizardunak, lepokoa erdi zabaldurik. Soineko dotorez jantzitako emakumeak, larruzko eskuturrekin. Mutikoak, trajez jantzita, eta neskak blusa eta gona apainekin. Aitona Jones, osaba Bill eta izeba Hattie. Susie lehengusuaren umeak... Etxe zahar guztiak dira halakoxeak. Denetan daude argazkiak. Baina honetan bakar bat ere ez zegoen.
Behin eta berriz egin nuen gogoeta berbera, eta azkenean pentsatu nuen, Eta zer? Zer demontre axola zaik hiri? Haserretu egin nintzen nire buruarekin, horrelako huskeriez pentsatzeagatik estualdi hartan. Ahaztu egin nuen beraz, eta nire buruaz kezkatzen hasi nintzen ostera, eta egunak igaro ziren berriz ere gogora ekarri nuen arte. Eta ordurako...
Ez dakit. Zerorrek ikusi beharko duzu. Edonola ere, beranduegi izango zatekeen beharbada.
Beharbada gauza berbera gertatuko zatekeen, hala eta guztiz ere... Espetxean asteazken goizean sartu ninduten. Ostiral arratsaldean nintzen epailearen aurrean agertzekoa. Kartzelaria ordu biak aldera agertu zen egun hartan, eta dutxetara eraman ninduen. Garbitu egin nintzen eta bizarra egin nuen niri begira zegoen bitartean, eta ondoren jantziak eman zizkidan.
Jantzi egin nintzen. Pasabide luze batetik eraman ninduen, aterik ate, harrerara iritsi ginen arte. Nire izena esan zion mahai atzean zegoen poliziari. Hark kaxoi bat ireki zuen, kartazal mordo baten artean bilatu eta bat bota zuen mahai gainera.
Ireki ezak esan zidan. Ezer falta baduk, esan ezak orain.
Ireki egin nuen. Nire kartera hantxe zegoen, kotxeko giltzak eta poliziaren aparkalekuko txartela.
Konforme? esan zidan. Jar ezak hire zirriborroa paperean.
Agirian izenpetu nuen. Gauzak egiteko modu aldrebesa iruditu zitzaidan hura; tipo batek horrelako gauzak egin behar izatea ere epailearen aurrera agertu baino lehen! Baina, esan bezala, ni ez nintzen inoiz espetxean izan, eta zertan zebiltzan jakingo zutela pentsatu nuen.
Gauzak gorde nituen poltsikoan. Kaleko atea zabalik zegoen, eta pentsatu nuen nire artean, ai ene, zer ez ote nuke emango kanpoan egoteagatik.
Kartzelaria mahaiaren atzealdera joan zen. Ur depositoaren ondoan gelditu zen, ahoa urez eragiten eta latoizko txistu-ontzi batera txu egiten. Nitaz ahaztu zela ematen zuen. Hantxe gelditu nintzen zain.
Azkenean, mahaiko poliziak begiratu egin zidan.
Gustatzen al zaik lekua, adixkide?
Beharko esan nion.
Hanka! esan zidan. Zer arraio behar duk? Ez al dituk hire gauzak jaso?
Bai, jauna esan nion. Estimatzen dizut, jauna! eta leku madarikatu hartatik alde egin nuen ziztu bizian. Ez nuen itzalik ere egin bertan.
Hutsegite bat zela seguru nengoen. Beste norbaitekin nahasi ninduten, bai. Ez nuen beste azalpenik aurkitzen.
Kotxea atera nuen aparkalekutik. Muturrak hausten irten nintzen, eta laupabost etxadi urrutiratu arte ez nintzen nire senera etorri. Mantsoago gidatzeko moduan egon nintzen orduan.
Alferrik nenbilen halere. Nora demontre joango nintzen finantza etxe bateko kotxe batekin eta bizpahiru dolarrekin? Bazitekeen poliziak burruntzalia sartu izatea, eta bazitekeen Staplesek ni barkatzea erabaki izatea. Bata ala bestea, merezi zuen Staplesi ikustalditxo bat egitea. Zintzo jokatzen ari bazen, primeran. Eta bestela ere, primeran. Behinik behin dinbi-danba astinduko nuen espetxera itzuli baino lehen.
Almazenaren inguruan aparkatu nuen. Erakusleiho batera hurbildu nintzen isilka, eta ikusi bat eman nuen atean barrena.
Pasabidearen erdibidean zegoen, salgaiak zenbatzen, itxuraz. Bizkarrez zegoen.
Atea ireki nuen indarrez, eta sartu egin nintzen. Staplesek jauzi egin eta bira egin zuen.
Niganantz etorri zen, arin, bostekoa luzatuta.
Ene adiskide maitea! Oso pozik nago berehala askatu zaituztelako. Ahalik eta lasterren askatzeko eskatu diet. Premiazkoa zela ikusarazi diet, Frank.
Ederki ba esan nion. Ez naiz kexu, aditu? Baina nire iritziz, hiru egun luzetxo izan da.
Baina, Frank eskuak luzatu zituen. Ez dira hiru egun izan. Ordubete eskas pasa da eta, zure emazteak zorra ordaindu duenetik.
© Jim Thompson © itzulpenarena: Idoia Gillenea