5

 

        Ordainerraz enpresak hirurogeita hamabost almazen zituen herrialde osoan zehar banatuta. Nik lana egiten nuenaz hitz egingo dut, eta baten berri izan ondoren, denak ezagutuko dituzu.

        Kale bazter batean zegoen eta zazpi bat metroko etxaurrea zuen, zapata garbitoki eta fruta denda baten artean jarrita. Bi erakusleiho txiki zituen, eta ehun bat salgai haietako bakoitzean. Gizonezkoentzako trajeak, emakumezkoentzako soinekoak, lanerako jantziak, bainujantziak, eskuturreko ordulariak, orraze sortak, purtzilkeriak... ezin orain denak izendatu. Zergatik zegoen han, batek daki, ez baitzitzaigun sekula santan bezero bakar bat ere sartzen. Salmenta gehiena atez ate egiten genuen nik eta beste bost lagunek.

        Hilean hamabost bat mila saltzen genuen eta kobratzeak ehuneko hirurogeita hamabostera iristen ziren. Eta, bai, gutxi dela dirudi, baina etekinak handiak ziren. Irabazien aldea ehuneko hirurehunera iristen zela kontuan hartuz gero, ez zegoen den-dena kobratzeko premiarik. Berrogeita hamar mila irabazten zuten almazen gehienak baino hobeto ibiltzen ginen gu hamabost milarekin.

        Goiz hartan berandu samar iritsi nintzen, gainerako saltzaile-kobratzaileak aldeginak ziren. Tipo potzolo bat zegoen almazenean —begiratzera soilik sartzen diren horietako bat— gizonezkoentzako jakak lardaskatzen. Staples atzealdeko bulegoan zegoen, hormatik hormarako mostradore batek almazenetik bereizitako lekuan.

        Ordainerraz enpresak ez zituen ohizko bulegariak izaten, Staples bezalako kreditu-arduradunak baizik. Kobratze-txartelak eta eskudirua utzi nituen mostradorean, eta bata bestearen atzetik aztertu zituen.

        Tipo txikia zen, berrogeita hamar bat urte, ilezuria, tripaundia, ume itxurako ahoa zuena. Atez ate saltzen ibili zen garaian Mainontzi izena jarri zioten. Zoritxarreko gizajo baten atarira joaten zen edo lantokian agertzen zitzaion, eta ez zion erregutzeari eta garrasi egiteari uzten, harik eta aldameneko herritik entzuten zioten arte. Ez zen indarkerietan hasteko moduko tipoa, horregatik trikimailu hura erabiltzen zuen. Eta gizajoek amore eman behar izaten zuten berarengandik libratzeko.

        Txistu eginez hitz egiten zuen, baina sisipasarik egin gabe. Noiz egingo zuen zain egoten nintzen, halere. Txartelak egiaztatu ondoren, atseginez irribarre egin zidan. Betaurrekoak kendu zituen, pixkana garbitu zituen eta berriz ere jantzi zituen.

        — Frank —esan zuen—. Oso nahigabetuta nago zurekin. Zeharo nahigabetuta.

        — Bai? —esan nion—. Zer dugu oraingoan?

        — Hain traketsa zara, Frank. Hutsaren hurrengoa. Nire garaian askoz hobeto egiten genuen. Zergatik ez duzu irabazi eta galera kontutik harrapatu? Argiagoa izan bazina, ez zintudan urte askotan harrapatuko.

        Goibel eragin zion buruari, negar egiteko zorian zegoela ematen zuen.

        Barre egiten ahalegindu nintzen.

        — Harrapatu? Zer arraio ari zara esaten, Staples?

        — Frank, faborez! —esku bat altxa zuen—. Ez dezagun zaila dena korapilatu. Atzo Pete Hendricksonen nagusiak deitu zidan; nagusi ohiak, egia esan. Itxuraz ez zegoen oso pozik lan egiteko dugun moduarekin, eta jakinarazi behar zidala iruditu zitzaion.

        — Eta zer? —esan nion.

        — Frank...

        — Ederki —esan nion—. Hogeita hemezortzi dolar hartu ditut maileguz. Astea bukatzen denerako bueltatuko dizkizut.

        — Ederki. Eta gainerakoa zer?

        — Gainerakoa? —esan nion—. Ziria sartu nahi didazu, ala?

        Banekien ordea alferrik zela. Hasperen egin zuen eta buruari eragin zion, saminez begiratzen zidan bitartean.

        — Zure kontratuei begiratu bat eman bezain pronto, dozena bat iruzur aurkitu ditut. Zergatik ez duzu behingoz aitortzen? Esaidazu zein den kopuru osoa. Hala eta guztiz ere, laster jakingo dut.

        — Ezin nuen besterik egin —esan nion—. Euriak du errua. Ateri dago orain. Aste batzuk uzten badizkidazu...

        — Zenbat, Frank?

        — Idatzita daukat den-dena —koadernoa atera nuen eta erakutsi egin nion—. Zerorrek ikus dezakezu itzultzeko asmoa nuela. Ze arraio, ez banu atzera bueltatzeko asmorik, ez nukeen ezertxo ere idatziko, ezta?

        — Hala da, bai —ezpainak estutu zituen—. Bai, uste dut bueltatuko zenukeela. Nik behintzat bueltatuko nukeen. Hau bezalako kasu larri batean, horixe da jarrerarik egokiena.

        — Zaude pixka batean —esan nion—. Nik...

        — Hirurehun eta berrogeitabost dolar, ezta? Zergatik ez dizkidazu ordaintzen, zintzo-zintzo, eta behin-betiko ahaztuko dugu kontua.

        — Txeke bat egingo dizut —esan nion—. Jainkoaren izenean, Staples, dirurik izan banu, edo erregutzeko edo mailegatzeko aukerarik izan banu, ez nukeen batere hartuko.

        — Mmm. Seguruenez. Eta zure kotxea zer?

        — Zeinen kotxeaz ari zara? Hitz egin ezazu finantza etxearekin.

        — Altzaririk?

        — Batere ez. Altzariak zituen etxea alokatu nuen. Entzun ondo, Staples, ez dut dirurik, ezta lortzeko modurik ere. Zera baino ezin dut egin...

        — Ulertzen dut —esan men. — Ez da ba txantxetako gauza. Penagarria. Enpresa ez da batere mendekatzailea kontu hauetan, baina... Ezagutzen duzu estatuko legeak dioena, ezta? Berrogeita hamar dolarretik gorako edozer, lapurreta astuna da.

        — Aditu —esan nion—. Mesederik egingo al dizu? Mesederik egingo al dizu ni espetxean sartzeak? Utziko bazenit...

        — Mesede handia egingo lidake beharbada —esan zidan—. Espetxe zigor luze bati aurpegi eman behar dion gizonak askotan izaten du eskumenean aurretik kontuan hartu ez duen irtenbidea. Hala gertatu zaigu behin baino gehiagotan.

        — Baina nik ezin dut! Ezingo dut! —esan nion—. Ez dago lagunduko didanik. Ez dut senitartekorik ikusi azken urteotan eta, gainera, sosik ere ez dute. Ez dut lagun minik edota...

        — Eta emaztea zer?

        — Esan dizut ba —esan nion—. Modu bakarra dut sosak lortzeko. Eman iezadazu sei aste. Eman iezadazu hilabete. Hiru aste, gizona! Asteko zazpi egunetan lan egingo dut, hamasei ordu egunero... Arren eskatzen dizut, Staples! Aste batzuk eta...

        — Ezin dut horrelakorik egin, Frank! —buruari eragin zion indarrez—. Nahi nuke, baina zinez esaten dizut ezin dudala... Ajente!

        — Jainkoarren... Ajente?

        Jakak begiratzen zebilela iruditu zitzaidan bezeroa zen. Pixkana hurbildu zitzaidan atzetik, ahoan txotx bat dantzan zuela, eta ukondotik heldu zidan.

        — Ederki, adixkide —esan zidan—. Mugi hadi.

        Staplesek irribarre egin zion. Eta gero niri.

        — Min ematen dit agur esateak, Frank. Ez al da hobe au revoir?

 

 

 

© Jim Thompson

© itzulpenarena: Idoia Gillenea

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus