49

 

        Tonik esnatu ninduen etxeratu zenean, nahiz eta, gau sartuan erretiratzen zenetan, patioa hanka puntetan zeharkatzen zuen beti. Ezarian, behatza gantxillozko lore batetik pasatuz hasi nintzen, noizean behin hostoren bat erauzten. Altzari batek, ez dakit kontsola edo sofa edo komoda ote zen, krak egin zuen...; ilunpean Ritaren soineko zuriaren behealdea ikusten nuen, sedazko oinetako gibili harribitxidunen gainean jiraka. Eta gaua aurrera zihoan. Tapakiko arrosek bihotza zuten erdian eta, bihotz haietako bat gastatu eta botoi ñimiño bat askatu zen barrutik, borobil erdi bat... andre Natalia. Jaiki egin nintzen. Gu ez esnatzeko balkoiko krisketa eman gabe utzia zuen Tonik... ixtera abiatu nintzen. Ia bertan nengoela, berriz logelara jo nuen, itsumustuan bionbo atzealdean sartu eta jantzi ere itsumustuan egin nintzen. Artean goizaldea zen. Argia piztu gabe sukaldera joan nintzen, ohi bezala hormak haztamuka, oinutsik. Mutilaren gelaren aurrean geldialdi bat egin eta arnasa sakon eta lasaia hartzen sumatu nuen. Ura edatera sartu nintzen sukaldean, bizioz. Ireki nuen kaxoia, egur zuri eta hule laukiduneko mahaikoa, eta barrutik patatak zuritzeko labana atera nuen, punta zorrotzekoa. Labanaren ahoak zerrek ohi dituzten bezalako koxkak zituen... andre Natalia. Labana asmatu zuenak bikain egin zuen lan, makina bat saio beharko zituen lanpara baten argitan mahaian eserita afalondoan, lehengo labanak desberdinak baitziren, zorroztailea noiz pasako zain egon behar izaten zen, baina oraingo zorroztaileek, bekainak erre beharrean zerra ere bazen labana asmatu zuenaren kulpaz, beste ofizio bat izango zuten agian. Litekeena zen zorroztaile gizarajoak beste zereginen batzuetan egotea orain, eta auskalo ez ote ziren irabazian atera eta motorra eta guzti zeukaten eta hor zebiltzan errepidean tximistak airean, emaztea ikara-ikara eginda atzean zeramatela. Errepidean atzera eta aurrera. Ezen horrelakoxea baitzen dena: errepide eta kale eta trantsito eta sitsak egur barruan bezala, bertan gelditzeko etxea. Paretak eta paretak. Quimetek esana zidan behin, sitsa zoritxarra bera dela eta nik erantzun nion ez nuela ulertzen arnasa hartzeko nola moldatzen ziren, beti zuloak egin eta egin ari baldin baziren, eta zenbat eta gehiago zulatu orduan eta arnas gutxiago hartu ahal izango zutela, eta berak erantzun zidan ohituak zeudela era hartan bizitzen, muturra beti egur aldera eta langile finak zirela berez. Eta otu zitzaidan, zorroztaileek edukiko zutela oraindik ofiziotik bizitzea, laban guztiak ez baitira sukaldean edo udalekuetan edo ospitalean ibiltzekoak; Administrazioa, jakina, beti dirua nondik aurreratuko dabil: bazegoen oraindik, ordea, zorroztarriz gozatua izateko aho oneko labanarik. Eta pentsaketara emana nengoen bitartean etorri ziren usainak eta kiratsak. Guztiak. Elkarren segika, txandatan, orain joan orain etorriaz: terraza usodunaren usaina eta terraza usorik gabearen usaina eta ezkondutakoan ondo asko ezagutu nuen lixiba usaina. Eta odol usaina, berez heriotza usainaren aitzindari zena. Eta orduko Diamantearen Enparantzako itxafero eta su-festen sufre usaina, eta paperezko loreen papar usaina, eta izpitan erortzen zen eta lurrean gauza ttiki-ttikizko meta bat osatzen zuen luma-lorearen usain lehorra, eta adar ihartuen berdea zen. Eta itsasoaren usain sarkorra. Eta eskuak begietatik pasa nituen. Eta neure buruari galdetzen nion kiratsari zergatik esaten zaion kirats eta usainari usain, eta zergatik ez zegoen esaterik kiratsa usainari eta usaina kiratsari, eta iritsi zitzaidan Antoni esna zegoeneko usaina eta Antoni lo zegoenekoa ere. Eta Quimeti esan nion agian pipiak, lana kanpotik barrura egin beharrean, alderantziz barrutik kanpora arituko zirela eta zulotxo borobiletik burua kanpora atereaz, eta pentsamendua unean uneko bihurrikerietan jarrita. Eta haurrak txikiak zireneko usaina, esne eta txistuarena, esne onarena zein minduarena. Eta andre Enriquetak esan zidan bizialdi asko genituela, batzuk besteekin bilbatuak, nahiz eta batzuetan, heriotza edo ezkontza batek, ez beti baina, bereizi egiten zituen, eta egiazko bizitzak, lehengo bizi txikien loturetatik aske, bazeukala bizitzea, bizi txiki eta gaiztoek bakean eta bere kasa laga izan balute bezala. Eta esaten zuen baita ere, bizitza bilbatuak beraien artean korapilatu egiten dira, eta martirizatzen gaituzte eta guk ez dakigu ezer bihotzaren lanaz, hesteen desasoseguz ez dakigun bezalaxe... Eta maindireen usaina nire gorputzaz eta Antonirenaz betea, izara abailduaren usain hura, etzanda dagoenaren usaina xurgatuz doana, buruki-gaineko adatsaren usaina, oinek ohe-behealdean uzten duten zikin usaina, arropa usatuaren usaina gauean aulki batean utzia... Eta arto usaina eta patatena eta aguafuerte botilarena... Labanak egurrezko kirtena zuen, hiru iltze burua ondo zanpaturikok zeharkatua, ahoa aska ez zekion. Oinetakoak eskuan neramatzan eta patiora iritsi orduko balkoia doi bultzatu nuen, ez barrutik ez kanpotik ez zetorkidan indar ezkutu batek eraginda, eta lurrera ez erortzeko zutabe baten kontra jarria, oinetakoak jantzi nituen... Lehen gurdia bazetorrela iruditu zitzaidan, urruti, erdi galdua ahituz zihoan ez dakit nongo gauaren erditik. Mertxikondoari hosto banaka batzuk mugitu zitzaizkion farol-argiz blai eta hegazti-hego batzuk aireratu ziren ihesi. Adaxka bat dardarka hasi zen. Zerua urdin iluna zegoen eta sabai urdin haren kontra nabarmentzen ziren kalearen beste aldeko bi terrazak, galeriak parez pare zituztenak. Egiten ari nintzen huraxe bera aurretik ere egina neukala iruditzen zitzaidan, ez non ez noiz jakiterik ez banuen ere, guztia oroimenik gabeko denboran landatu eta sustraitua bezala... Eta eskuak aurpegira eraman eta neure aurpegia zen, neure larru-azalarekin, eta neure sudurrarekin, eta neure masaileko kurbarekin, eta neu nintzen arren gauzak oro lauso baina ez hilda ikusten nituen: gainetik hodeien hautsa erori izan balitzaie bezala... Ezker alderantz jo nuen, Kale Nagusirantz, merkatura baino zerbait lehenago eta panpinen denda baino beheraxeago. Eta Kale Nagusira iristean jarraitu nuen espaloitik harlauzaz harlauza, harik eta koska zeukan harri luzera iritsi arte eta bertan gelditu nintzen makila bat bezain tente, bihotzetik bururaino goraka gauza pilo bat sentitzen bainituen. Tranbe bat pasa zen, kotxeratik lehen ateratakoa seguruenik, tranbe bat betikoak bezalakoa, guztiak lakoa, kolorge eta zaharkitua. Agian tranbe hark ikusia ninduen lasterkan Quimet atzetik zetorkidanean, arratoi eroen pare Diamantearen Enparantzatik atera gineneko hartan. Eta korapilo bat egin zitzaidan eztarrian, zintzurrean garbantzu bat sartuta bezala. Konortea joaten ari zitzaidan eta itxi begiak eta tranbeak harrotutako haizeak aurrera egiten lagundu zidan, bizitzatik ihesi banindoa bezala. Eta pauso bat ematen asmatu orduko ikusi nuen tranbea bere kasa aldentzen zela, gurpilen eta burdinbideen artean txispa gorri-urdinak ixuriz. Hutsaren gainetik joango banintz bezalaxe zen, begiek ez zuten ikusten, segundo oro amilduko nintzela burutik ezin kendurik, eta labanari tinko eutsiz beste aldera pasa nintzen, argi urdinak ikusi gabe... Beste aldea jota, begi eta arimarekin atzera begiratu nuen eta ezin zitekeela egia izan iruditu zitzaidan. Beste aldean nengoen. Eta bizitza zaharrean barrena abiatu nintzen, harik eta etxaurreko paretara heldu nintzen arte... galeria azpira. Atea itxita zegoen. Gora begiratu eta Quimet zegoen han, zelai baten erdian, itsas bazterrean, ni Antoniren esperoan nengoeneko garaian, loretxo urdin bat luzatzen eta barre egiten zidan gero. Igo egin nahi nuen, neure etxera, neure terrazara, balantzetaraino joan eta pasaeran ukitu... Urte asko zirela sartu nintzen ate hartatik Quimetekin ezkonduta, eta Antonirekin ezkontzeko atera haurrak atzetik eramanez. Kalea itsusia zen eta etxea itsusia, eta zorua ona gurdi eta zaldientzat bakarrik. Farola urruti gelditzen zen eta atea alde ilunean. Quimetek ateko sarrailaren ondoan behin egin zuen zuloa bilatzen hasi eta berehala aurkitu nuen: kortxoz betea juxtu sarrailaren gainaldean. Eta labanaren puntarekin kortxo izpiak ateratzeari ekin nion. Eta kortxoa papurka jausten zen. Kortxo guztia hustu eta konturatu nintzen ez neukala barrura sartzerik. Behatzekin ezin nion sokari heldu, kanpora atera, tira egin eta atea ireki. Burdina fin bat behar nuen kako bat egiteko. Eta zartako pare bat jotzera nindoala bururatu zitzaidan zarata gehiegi aterako nuela, eta paretan jo eta min handia hartu nuen. Bizkar emanda jarri eta sosegu pixka bat hartu nuen, eta barrenak beste zerbait egiteko agintzen zidan. Eta berriz jiratu eta labanaren puntarekin atean inprenta-letran Colometa idatzi nuen, sakonki marratua, eta antsia gabe ibiltzeari ekin nion eta neronen urratsek ez baina paretek eramaten ninduten, eta Diamantearen Enparantzan sartu nintzen: etxe zaharrez egindako kutxa huts bat, zerua tapaki zuena. Eta tapaki haren erdian itzal txiki batzuk antzeman nituen hegan, eta etxe guztiak zabuka hasi ziren, uretan sartu eta norbaitek urari geldiro eragingo balio bezala, eta etxean paretak gorantz luzatu ziren eta alde batekoak eta bestekoak hurreratuz joan ziren, eta estalkiaren zuloa gero eta estuago zen eta inbutu antza hartuz zihoan. Eta norbait sentitu nire eskuan eta Mateuren eskua zen eta bizkarrean uso bat sedazko korbataduna zitzaion pausatu eta nik ez nuen inoiz halakorik ikusi, baina luma nabarrak zituen eta ekaitz haize bat antzeman nuen inbutuaren barruan, la itxirik jada, zirimolaka ari zena eta, besoak aurpegiaren aurrean jarriak ez dakit zer arriskutik libratzeko, garrasi infernuzko bat bota nuen. Garrasi bat nire baitan urtetan eraman bide nuena, eta garrasi harekin, hain zabala non eztarritik nekez pasa zitzaidan, ezerez puska mendre bat atera zitzaidan, ttuzko kakalardo bat bezalakoa, eta hainbeste denboran nire baitan bizi izandako ezerez puska hura nire gaztetasuna zen, garrasi hura medio ihesi orain, zer ote zen... abandonua? Ukitu ninduten besoan eta jiratu egin nintzen lasai eta gizon adindu batek galdetzen zidan ea gaixo al nengoen, eta balkoi bat irekitzen zela aditu nuen. Ondo al zaude? Eta atso bat hurbildu zen eta atsoa eta agurea han gelditu ziren nire aurrean zutik, eta balkoian itzal zuri bat antzematen nuen. Pasa zait, esan nuen. Eta jende gehiago hurreratzen zen: astiro zetozen, egunsentia bera bezala, eta nik pasea zela, bukatua zela, nerbioak zirela, ezer ez, ez zegoela arriskurik... Eta abiatu nintzen egindako bidetik atzeraka. Agurea eta atsoa, ikusteko jiratu bainintzen, hantxe zeuden zutik, begiekin segitzen zidaten eta argi jaio berri hitsean gezurrezkoak ziruditen... Eskerrik asko. Eskerrik asko. Antoni hainbeste urtez eskerrak emanka eta ni oraindik eskerrak eman gabe. Eskerrik asko... Kale Nagusiko espaloi koxkadunaren gainetik ondo begiratu nuen gora eta behera ea tranberik zetorren eta beste aldera pasa nintzen presaka eta, oraindik alde onean nengoela, jiratu egin nintzen ea hainbeste erotu ninduen ezerez-pusketa segika ote zetorkidan. Bakarrik nindoan. Etxeek zein gauzek koloreak jarrita zeuzkaten jada. Merkatura jotzen zuen kaletik gurdi eta kamioiak gora eta behera pasatzen ziren, eta mataderoko gizonak, mantalak odolez zikinduta eta zekor erdi bat lepotik behera hartuta, merkatura sartzen ari ziren. Lore-saltzaileak sortak paratzen ari ziren urez betetako burdinazko ontzietan, erramilleteak osatuz. Krisantemoei usain garratza zerien. Erlauntza bizirik zegoen. Eta nire kalerantz jo nuen, goizaldean gurdiak pasa zuen hartara. Pasaeran sarrera zabalei begira gelditzen nintzen, non saltzaile batek, garai batean, mertxikak eta udarak eta haranak saltzen baitzituen, aspaldi antigoaleko balantza batzuekin, urre koloreko eta burdinazko pisuekin. Saltzaileak behatza goiko euskarritik pasatuz heltzen zituen balantzekin. Eta lurrean lastoa zegoen, eta txirbil maluta txikiak eta paper fin ximurtu eta zikinduak. Ez azken txorien txilioak zeru goian; urdin dardartian zehar dardarka ihesi doazenak. Hesi ondoan geldialdia egin nuen. Galeriak han goian zeuden, batzuk besteen gainean, kanposantu arrotzeko zuloak iduri, soka batetik tira eginez jaisten ziren pertsianak zituena, berdeak denak, bilduak zein askatuak. Soketan arropa esekia eta kolorezko mantxak han-hemenka, geranio loratuak bere ontzian zirena. Eguzki errainu batek, bere akiduran mixerablea, mertxikondoaren hostoak doi ukitzen zituen istantean iritsi nintzen patiora. Zain neukan Antoni, sudurra balkoiko kristalaren kontra jarria. Eta nik, nahita, astiro ematen nituen pausoak, orain bat, orain bestea, barrurantz nindoan... oinek ninderamaten eta asko ibilitako oinak ziren eta hiltzen nintzenean agian Ritak katekorratz batez lotuko zizkidan, ondo elkarren ondoan iraun zezaten. Eta Antonik balkoia ireki eta ahots dardartiz galdetu zidan, zer duzu?, eta aldi luze bat zeramala larritua zeren bat-batean ezbeharren batek deituta bezala esnatu eta, ni ez nengoela ez ondoan ez inon. Eta nik esan nion, hankak hoztu egingo zaizkizu... eta nola artean eguna zabaltzeko zegoela esnatua nintzen eta berriz lo hartu ezin nuenez haize freskoa hartu beharra izan nuela, halako zer bat baineukan itotzen ninduena... Ezer esan gabe ohera itzuli zen. Oraindik badugu lo pixka bat egitea nik esan, eta atzetik ikusten nuen, lepagaineko tximak luze antzean, belarriak zuri eta triste, beti zuriak hotz egiten zuenean. Labana kontsolaren gainean utzi eta arropak eranzten hasi nintzen. Pertsianak itxi nituen eta gelditzen zen zirrikitu izpitik eguzkiaren argia sartzen zen, eta oherantz zuzendu nintzen eta bertan eseri eta oinetakoak kendu nituen. Azpiko burdinak kirrinkatu egin ziren zertxobait, zaharrak baitziren, aspalditik geunden bi muelle aldatzekotan. Larru luze-luze batetik tira egingo banu bezala kendu nituen galtzerdiak, oheko kaltzetinak jantzi eta orduan ohartu nintzen hotz nengoela. Garbiketen poderioz jada kolorge zegoen kamisoia jantzi nuen. Banan-banan botoiak leporaino lotu nituen, zuzen jarri, eta eskumuturreko botoiak ere lotu nituen. Kontu handiz, kamisoiak hanketaraino tapatzeko, ohean sartu eta kuzkurtu egin nintzen. Eta esan nuen, eguraldi polita dugu. Ohea txolarre-sabela bezain epel zegoen, baina Antoni dardarka ari zen halere. Aditzen nizkion hortzak klaska, goikoak behekoen kontra edo alderantziz. Bizkar emanda zegoen eta nire besoa bere besoaren azpitik pasa eta bular aldea helduz besarkatu egin nuen. Hotzak zegoen oraindik. Nire zangoak bildu bereekin eta oinak bere oinekin eta eskua jaitsi nuen beherago eta gerriko botoia askatu nion arrasa ondo har zezan. Nire masaila bere bizkarraren kontra jarri, hezur borobilen kontra, eta barruan zeukan guztia bizitzen adituko banu bezalaxe zen, bere parte bat ere bazena: lehenik bihotza eta birikak eta giltzurrunak, guztia odol eta zukuz bustia. Eta hasi nintzaion eskua poliki-poliki sabeletik pasatzen, ene elbarritu kuttuna baitzen, eta burua bere bizkarraren kontra neukala bururatu zitzaidan ez nuela nahi bera hiltzerik eta pentsatzen nuen guztia esan nahi nion, esaten dudana baino gehiago pentsatzen bainuen, eta esaterik ere ez dauden gauzak, eta ez nuen ezer esan eta oinak berotzen zihoazen eta era hartan hartu genuen lo baina, hartu aurretik, eskua sabeletik pasatzen niola, zilborrarekin egin nuen topo eta behatza sartu nion estaltzeko, ez zedila handik hustu gero... Denok, jaiotzean, udarak bezalakoak gara... ez zedila galtzerdi baten moduan irrista. Ez zezala inongo sorgin gaiztok zilborretik hurrupa eta ni ene Antoni gabe utzi... Eta horrela hartu genuen lo, pixkana-pixkana, bi aingeru iduri, zortziak arte berak eta hamabiak ondo jo arte nik... Eta lo astunetik esnatu nintzenean, ahoa lehor eta garratza neukala, neroni osoa gaueroko gauetik irtena, goiz hura zinez eguerdia baitzen, eta jaiki eta beti bezala janzten hasi nintzen, zertan ari nintzen ia ohartu gabe, arima oraindik loaren mintzaren barruan gordeta. Zutitu ondoren, buruari eusteko eskuak buruaren alde banatara eraman nituen eta banekien, ondo jakin ere, zerbait desberdina egin nuela baina nekez nintzen pentsatzeko gai, eta egindakoa, ez nekien egia ote zen, ezta esna edo lo sakonean nengoela egin ote nuen ere, harik eta aurpegia garbitu eta urak esnatu ninduen arte... eta masailetan gorria eta begietan argia pausatu zitzaizkidan... Ez zuen merezi gosaltzea, berandu zen eta. Ur tragoxka bat bakarrik, ahotik sua kentzeko... Ura hotza zegoen eta gogoratu zitzaidan aurreko egunean, goizean, ezkontzaren orduan, euria gogotik ari zuela, eta pentsatu nuen agian arratsaldean beti bezala parkera joatean kausituko nuela bidezidorretan ur putzuren bat... eta putzu bakoitzaren barruan, denik txikiena izanda ere, zeru zati bat zegokeela... hegazti batek noizbehinka urratuko zuena... egarriak zegoen hegazti bat eta zertan zegoen jakin ere gabe uretako zerua mokokatuz urratzen zuena... edo hegazti zalapartariak, tximisten moduan adaxketatik jaitsi, putzuan sartu, lumak harrotuz bertan busti eta nahasten zuten zerua lohiarekin eta mokoekin eta hegoekin. Pozik...

 

Geneva, 1960, otsail-iraila

 

 

 

© Mercè Rodoreda

© itzulpenarena: Maite Gonazalez Esnal

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus