48
Eta ezkontza eguna heldu zen. Gauean euria atergabe egin zuen, eta elizarako orduan egin ahalean ari zuen. Rita zuriz jantzi zen, nik zuriz joatea nahi izan nuelako; zeren behar den bezalako ezkontza batek neska zuriz jantzita behar baitu. Ezkontza ospatu genuen, eta aldi berean Antonirekin ezkondu nintzeneko urteurrena. Andre Enriquetak, agudo zahartzen zihoan eta, otarrainen irudia eman zion Ritari opari, txikia hintzenean beti begira egoten hintzelako... Rita doterik gabeko neska izan ez zedin, Antonik diru mordoxka jarri zuen. Vicençek eskertzen bazion ere berdin zitzaiola esan zuen, dotea izan ala ez berdin ezkonduko zela, eta Ritak bota zuen doteak Vicençengandik bereiztean balioko ziola. Ritaren ezkontzan den-denetik egon zen. Bazkaria Vicençen tabernan egin genuen, dantzalekuan, handitua zegoena jada behialako xaboi-denda erantsiz, eta hormetan luma-lore eta paperezko arrosa zuriko txirikordak zeuden, arrosa freskoak agortuta zeudelako. Eta zintak argiei lotuta eta dilindan zeuden muturrean paperezko arrosa bana zutela eta baita farol gorri batzuk ere, egunez piztu zituztenak. Jatetxeko mutilek alkandora hain almidonatua zuten non ezin ziren mugitu ere egin. Vicençen gurasoak Cadaquesetik etorri ziren, goitik behera beltzez jantzita eta oinetakoak ondo garbituak, eta nire seme-alabei eta Vicençi eta baita Antoniri ere sartu zitzaien txanpain koloreko sedazko soineko bat eraman behar nuela. Eta perla landuzko koilare luzea jarri behar nuela. Vicençek, zurbil-zurbil, mila aldiz errepikatu ondoren egun hura behin ere ez zela iritsiko, akatu eta berriro bizitzera behartu izan balute bezalako itxura zuen. Rita umore txarrez zegoen, elizatik ateratzerakoan gona eta belua busti egin zitzaizkiolako. Tonik ez zuen elizara etortzerik izan, eta bazkaritara soldaduz jantzita etorri zen eta dantza ere soldaduz jantzita egin zuen. Eta haizegailuak piztu behar izan genituen, eta gezurretako haize hura medio paperezko arrosak dardaraz jarri ziren. Eta Ritak Antonirekin dantza egin zuen eta Antoni piku usteldua bezain melaxka zegoen. Eta ezagutzen ez ninduten Vicençen gurasoek esaten zidaten ni ezagutzeak asko pozten zituela, eta nik erantzun nien ni ere pozik nengoela beraiek ezagutzeaz, eta esan zuten Vicençek gutunetan beti aipatzen zituela Rita eta andre Natalia. Ritak, hirugarren dantza saiorako, traba egiten ziola-eta kendu egin zuen belua, eta guztiekin banan-banan dantzatu zuen, eta dantzan zebilela barrez ari zen, eta burua atzeraka botata gonari eusten zion eta begiak dirdirka zeuzkan eta izerdi-anpuluak antzematen zitzaizkion sudurraren eta goiko ezpainaren artean. Eta Rita eta Antoni elkarrekin dantzatzera zihoazela andre Enriqueta, ospakizuna zela-eta harri morezko belarritakoak jarrita, inguratu zait eta esaten dit, Ez dago hemen Quimet bere alaba ikusteko..., eta apenas ezagutzen nuen jendea inguruka neukan, eta galdetzen zidaten, zer moduz zaude andre Natalia... Eta soldaduarekin dantza egin nuenean semearekin alegia, nire esku ahurra, eskumuturretik behatz-puntarainoko larruazal marratu hori, semearenaren kontra jarrita, sentitu nuen berriz hautsiko balitz bezala borobil ttikiak elkarren gainka zeuzkan oheko kolumna, eta eskua askatu eta bere lepoan jarriz estutu egin nuen eta berak esan zidan, zer ari zara?, eta nik erantzun nion, itoko haut. Eta dantza bukatzean perlazko koilarea semearen soldadu-txamarrako botoi batekin kateatu eta perla guztiak parrastan lurrera joan ziren, eta denok perlak biltzen hasi eta jaso ahala esaten zidaten, tori, tori, tori andre Natalia, eta nik poltsan gordetzen nituen, tori, tori... Balsa Antonirekin dantzatu nuen eta jendea inguruan izan genuen begira zeren Antonik, jira-biraka hasi baino lehen, Vicençen bidez jakinarazi baitzuen gure ezkontzaren urteurrena ospatzen genuela. Rita musu bat ematera hurreratu zitzaidan. Vicençek balsa iragartzen zuen bitartean, ahopeka aitortu zidan lehen egunetik bertatik txoro moduan maitemindu zela, baina ez ziola adierazi nahi eta, jakin ere, inoiz ez zuela jakingo maitemindua zegoenik. Eta hau esanaz kilima egiten zidan ezpainekin eta bere hatsaren epelak pixka batean iraun zidan masailan. Festa giroa apaltzen zihoan eta elkarrengandik bereizteko unea iritsi zen. Tonik alde egin zuen, ezkonberriak joan ziren, eta Ritak abiatu aurretik loreak partitu zituen. Barrunbe hartan bero itogarria egiten zuen arren, kanpoan arratsalde freskoa eta gorrixka zen eta bazeukan amaitzen ari den urte sasoiko ez-dakit-zer. Euririk ez zuen ari baina euri usaina zerion kaleari. Antoni eta biok etxera itzuli eta patioko atexkatik sartu ginen. Bionbo atzean soinekoa erantzi nuen eta Antonik esan zuen koilareari hautsiko ez zen hari bat ipini beharko niola eta berak ere arropak aldatu zituen eta dendara joan zen lan egitera. Neroni sofa fundadunean eseri nintzen, kontsolaren aurrean. Kontsolako kanpaien barruan loretxo haiek zeuden lo, Jainkoak bakarrik daki noizdanik. Kontsolaren erdian barakurkuilua zegoen, eta bere baitako lanturua adituko banio bezala zen... buuum... buuum... eta otu zitzaidan beharbada inork entzuten ez zuenean, barruan ez zuela murmuriorik izango, eta hura behin ere jakingo ez genuen gauza bat zela: alegia barakurkuiluaren baitan olaturik ote zegoen zuloaren sarreran belarririk jarri ezean. Perlak poltsatik atera, kutxa ttiki batean ipini eta ale batekin gelditu nintzen; ondoren barakurkuiluaren barrura bota nuen itsasoari konpainia egin ziezaion. Antoniri ea afaldu nahi zuen galdetzera joan nintzaion eta kafesnea eta gailetak eta esker mila erantzun zidan. Eta hau esateko, nola nik pasabidetik galdetu nion, jangelaraino hurbildu zen eta, afaltzeko zer nahi zuen esanda, dendarantz itzuli zen ostera zirien artetik, eta ni berriz fundadun sofara itzuli nintzen eta hantxe gelditu nintzen, ilunpetan, kaleko farolak piztu eta mamu itxurako argi hits bat barreneratu zen arte, baldosa gorriak zikindu zituena. Hartu nuen barakurkuilua eta kontu handiz mugitu nuen, orain alde batera orain bestera, perla barruan zebilela sentitu ahal izateko. Arrosa kolorekoa zen, gune zuriekin, punta zorrotzak eta atzealdeko puntta leundua, nakarezkoa barrutik. Betidanik egona zen lekura bihurtu nuen eta burura etorri zitzaidan barakurkuilua eliza bat zatekeela eta barruko perla On Joan erretorea eta buum... buum... hura kantu bat zela, kantu bakarra zekiten aingeruen eresia alegia. Eta berriz sofara hurreratu nintzen, eta han egon nintzen eserita harik eta Antoni etorri zen arte, eta ea ilunpetan zer egiten nuen galdegin zidan eta ezer ez erantzun nik. Ea Ritaz pentsatzen ari nintzen galdetu zidan, eta nik baietz arrapostu, baina ni ez nintzen Ritaz pentsatzen ari. Ondoan eseri zitzaidan eta ea goiz oheratuko al ginen, txalekoa eramaten ohiturik ez zegoenez leher eginda zegoela. Ni ere ahitua nengoela erantzun nion, eta altxatu ginen eta, kafesnea preparatzera nindoala, esan zidan, jarri katilu erdia bakarrik...
© Mercè Rodoreda © itzulpenarena: Maite Gonazalez Esnal