35
Ez nuen sosik aguafuertea erosteko. Beheko dendariak begiratu ere ez zidan egiten; ez dut uste gaiztoa zenik, baizik eta beldurrak eraginda, hainbeste miliziano gure etxera etortzen ikusi ondoren... Eta ideia argitsu batek jota txirten dendaria gogoratu zitzaidan. Joango nintzaion botila batekin, aguafuertea eskatu eta ordaintzeko orduan poltsa ireki eta esango nion dirua etxean ahaztuta nuela, eta hurrengo egunean ordainduko niola. Abiatu nintzen, ez poltsarik ez botilarik hartu gabe. Adorea falta baitzitzaidan. Kalera atera nintzen, egia esan ez dakit zertarako. Ateratze hutsagatik. Tranbeak bazebiltzan baina kristalik gabe, sareak zeramatzaten eulitxoen kontra. Jendea zarpail jantzita zebilen.
Artean oro ahitua zegoen, gaixotasun itzelaren ondorioz. Eta kaleetan barrena abiatu nintzen, horrela, ni ikusten ez ninduen jendeari begira eta nire umeak aguafuertez barrutik erre eta akabatu nahi nituenik susmatzen ez zutela pentsatuz. Jarraitzen nintzaionik ohartu gabe ere, emakume lodi baten atzetik abiatu nintzen, mantelina buruan zeraman eta eskuan bi kandela egunkari-paperez bilduak. Egun lainotsu eta goibela zen. Eguzkia ateratzen zenean andrearen mantelinak bristadak ixurtzen zituen eta berokiaren bizkarraldeak distirak, eta euli kolorea zuen, On Joan erretorearen sotanak bezala. Kontrako norabidetik zetorren gizon batek andreari diosala egin eta gelditu egin ziren biak, eta bitartean, nik denda bat begiratu itxuran gauza bera egin nuen, eta ikusten nion andreari zakur masaileko aurpegia kristalean islaturik, eta nola negarrari ematen zion eta, bat-batean, besoa apur bat altxatuz kandelak erakutsi zizkion gizonari, gero, elkarri eskua eman eta nork bere bidetik jo zuen eta ni andreari jarraitu nintzaion berriz ere, lagundu egiten baitzidan begiratzeak hala berari nola haizeak ibilian puzten zizkion mantelinaren bi muturrei. Tarte luze bat egon ginen eguzkirik gabe, gero eta ilunago zegoen eta azkenean xirimiria hasi zuen. Furia hasi baino lehen, espaloi bat zegoen hezeak bustia eta bestea lehorra. Euriak agudo berdindu zituen biak. Kandelekiko andreak bazeraman aterkia eta ireki egin zuen, hura ere azkar jarri zen distirante eta handik laster euri tantoak muturretatik behera irristatzen ziren. Tanto bat, beti bera bailitzan, bizkarraren erdira labaintzen zen, eta gero, astiro-astiro, beheraino erortzen. Nik aldiz, euria xurgatu egiten nuen. Ilea blai neukan eta andre hura aurrera zihoan, aurrera kakalardo baten antzera, tinko bere deliberoan, eta ni bere atzetik, harik eta eliza baten parera heldu zen arte; orduan euritakoa, gizonezkoena zena, itxi eta besotik jarri zuen dilindan. Une hartantxe ikusi nuen mutil hanka-bakar bat niganantz zetorrena, parean gelditzen zait eta, zer moduz, galdetu eta ni, ezaguna zitzaidan arren ezin konturatu nor zen, eta zer moduz zure senarra galdetua zidan, eta berak denda bat zuela, bere kontura jarritako negozioa, eta gerra beste bandoan egina zegoela eta besteekin borrokatu izanak orain bizitza erraztu egiten ziola; eta ni, ezaguna zitzaidan arren, ezin nintzen jabetu nor zen, eta eskua eman zidan eta alde egin zuen nire gizonaren heriotza asko sentitzen zuela esan ondoren; eta berrogeita hamar pausora ere ez zegoela, norbaitek barruan xuxurlatu balit bezala, Quimeten aprendiza zela jabetu nintzen, hain laguntzaile eskasa atera zitzaion hura.
Eta euritako eta kandelak zeramatzan andrea eliz atarian zegoen, dirua bilatzen poltsan, magalean haurtxo erdi biluzi bat zeukan emakume zarpail bati eskupekoa emateko, eta euritakoa zela eta kandelak zirela, andreak nahikoa lan zuen poltsa irekitzen, ezen aterkiaren burdina bat patrikarekin kateatu baitzitzaion eta brisak aurpegiaren erdiraino bidalitako mantelinak galarazi egiten zion ikustea. Eskupekoa eman ondoren, alboko atexkatik elizan sartu eta neroni ere barrura sartu nintzen, itsu-itsuan. Eliza jendez gainezka zegoen eta apaiza ordurako bazebilen aldarearen alde batetik bestera, bi akolito zerbitzari zituela, biak eliz atorra almidoiztatuz jantzita, arra bete zabaleko farfailak ertzean. Apaizaren meza-jantzia iluna zen, sedazko erramuekin, inguru osoan urre koloreko farfaila eta erdian harribitxi gardeneko gurutze bat zuena, eta gurutzearen besoen artetik, erdigunetik alegia, argi gorriko distirak ateratzen ziren, argia izan nahi baina odola ziruditenak. Poliki, aldare nagusirantz hurbildu nintzen. Ezkontza egunaz geroztik elizara sartu gabe nengoen. Leiho garai eta meharretatik, beira hautsietatik zehar zeru goibelaren zatiak ageri zirela, mantxa koloretsuak zetozen, eta aldare nagusia bera, San Antonio liliz gainezka, zurtoin eta hostoak urre finezkoak, urrezko oihu bat zen, zutabeek bildua eta sabaiko orratzetaraino jasoa zerura igotzeko. Gizonezko aterkia zeraman andreak kandelak piztu zituen, eta bai piztu bitartean bai eusten zien denbora guztian, eskua dardarka ari zitzaion. Behin kandelak ipini zituenean aitaren egin eta ni bezalaxe zutik gelditu zen. Jendea belaunikatzen zen eta niri, belauniko zegoen jendetza hari begira, ahaztu egin zitzaidan ni belaunikatzea eta andrea ere zutik zegoen, beharbada ezin zuelako makurtu, eta intsentsua iritsi zen eta intsentsua hedatu ahala aldare gainean borobiltxoak antzeman nituen. Borobiltxo tontor bat aldarearen bazter batean, San Antonio lili sorta baten azpian. Eta borobiltxo piloa handituz zihoan, batzuk besteen ondo-ondoan ernetzen ziren, xaboi anpuluen gisan, estu-estu bata bestearen kontra, elkarren gainka ondo metaturik, eta borobiltxo tontor hura gora, goraino igotzen zen, eta apaizak antzeman bide zuen hura ezen une batean, eskuak burura eramanda, besoak zabaldu baitzituen Jainkoaren Ama esanaz bezala, eta ni jiratu egin nintzen atzean neukan jendetzari begiratzeko, eta guztiak lurrari begira zeuden, beraz ezin zituzten borobiltxoak ikusi, hain elkarren ondoan non aldaretik behera baitzetozen eta aurki otoitz egiten ari ziren akolitoen oinen parera helduko ziren. Eta hasieran mahats ale zuri kolorekoak ziren borobiltxoak, apurka-apurka, arrosa kolorea zihoazen hartzen eta gero gorritzen. Gero eta argiago. Begiak itxi egin nituen atseden har zezaten, ilunpetan ikusten nuena egia ote zen ziurtatzeko, eta ostera irekitzean borobilak are argitsuago nituen aurrean. Tontorraren alde oso bat gorria zen jada. Borobil haiek arrain-arrabak bezalakoak ziren, arrainen barruak gordetzen dituen zorroaren antzekoa, haurrak jaiotzen direneko etxe txikiaren antzekoa, eta borobiltxo haiek eliza zuten jaioleku, eliza bera arrain handi baten sabela bailitzan. Eta elizkizunak luzeegi jo ezkero, eliz osoa, jendea, eta aldareak eta aulkiak ere borobiltxoz estaliko ziren. Eta ahots urrun batzuk hasi ziren aditzen, saminaren putzu handitik etorriak bezala, lepo moztu batzuengandik ateratako mintzo ahulak, nekez ahoskatzen zuten ezpainetatik atereak, eta eliza osoa hilda gelditu zen: apaiza seko aldarean, bere sedazko jantziaz eta odol eta harribitxiko gurutzearekin, jendea leiho mehar eta garaietako beira koloredunen itzalek joa. Deus ez bizirik: barreiatuz zihoazen borobiltxoak ezik, jada odolezko bihurtuak eta intsentsu usaina uxatzen zuen odol usaina ixuriz. Odol usaina soilik, heriotza usaina ere badena, eta inork ez zuen ikusten nik ikusten nuena, lurrera begira zeudelako. Eta urrutitik zetozen ahots ulertezinei gaina hartuz, aingeru kantu bat altxatu zen, baina aingeru amorratuen kantua zen hura, jendeari errieta egiten ziona eta gerran hildako soldadu guztien arimen aurrean zeudela kontatzen zuen kantua, eta esaten zuen erreparatzeko Jainkoak aldaretik ixurtzen zuen gaitzean; Jainkoak gaizkia agerian jartzen zuela otoitz egin zezaten gaizkia amaituko bazen. Eta ikusi nuen kandelarekiko andrea ni bezala zutik zegoela, makurtu ezin zelako, eta begiak aurpegitik irten beharrean zeuzkan eta elkarri begiradak gurutzatu eta puska batean biok elkarri begira leloturik egon ginen, berak ere, antza, soldadu hilak ikusten zituen, berak ere bai, antza, hala esaten baitzidaten bere begiek, norbait plaza baten erdian balazoka hil dioten batenak baitziren; eta andrearen begi haiengatik izuturik itsumustuka eta belauniko zegoen jendearen kontra estrapozo eginaz, irten nintzen, eta kanpoan euri fina ari zuen, sartzean bezalaxe. Denak bere hartan zirauen.
Eta gora, ni gora, Colometa segi gora, hoa hegan, Colometa... Aurpegi horrekin, lutoaren beltzaren gaineko mantxa zuri bat bezala... hoa gora Colometa, munduaren samin osoa hire atzetik daukan eta, laga ezan munduaren samina, Colometa. Korri, azkar. Korri azkarrago, ez hazaten gero odolezko borobiltxoek geldiaraz, ez hazatela harrapa, joan hadi hegan eskaileretan gora terrazarantz, hire usategirantz... segi hegan, Colometa. Hegan egizan, hoa hegan begio borobilekin eta moko zuloduna sudur gisan goian... eta nire etxera nindoan lasterka eta mundu guztia zegoen hilda. Hilda bai lehen hildakoak bai bizirik gelditutakoak, hilda bezala bizi baitziren. Eta eskaileretan gora joan nintzen taupadek kopetaren bi aldeak ia zulatzen zizkidatela; eta zabaldu nuen atea, giltza sartzeko sarraila non zegoen ez nuen aurkitzen, atea itxi eta bizkar emanda gelditu nintzen, ito beharrean arnasestuka, eta ikusi nuen Mateu eskua niri luzatzen eta beste erremediorik ez dago esaten zidala...
© Mercè Rodoreda © itzulpenarena: Maite Gonazalez Esnal