32
Harrizko eskailera batetik igo ginen, meharra zen oso, maila altukoa, horma artean eta sabaiarekin, eta umez gainezka zegoen terraza batera atera ginen. Ilea motz-motza zuten guztiek, burua koxkorrez betea eta begiak baino ez zitzaizkien ikusten. Oihuka eta lasterka zebiltzan eta gu ikustean, lehenengo batzuk gero besteak, isiltzen joan ziren eta behin ere jenderik ikusi izan ez balute bezala begiratzen ziguten. Andereño gazte bat gugana hurbildu zitzaigun eta bulego batera eraman gintuen eta joatean terraza alderik alde eta haurren artetik pasa behar izan genuen. Andereñoak zer zela eta joan ginen galdetu gur eta Julietak agiri bat erakutsi zion, nola ez genuen zer janik eta haurra han utzi nahi nuela, han behintzat, zer edo zer jango zuelako. Andereñoak haurrari begiratu eta ea gelditu nahi al zuen esan zion; eta haurrak, ezta hitzik ere; orduan andereñoak begiratu zidan eta nik ere begiratu eta esan nion bidaia propio egin genuela haurra udalekura eramateko eta behin han zegoenez han gelditu beharra zeukala; eta andereñoak, begira-begira baina xamurkiro esan zigun, haur hauek guztiak iritsi berriak dituzue eta litekeena da zure haurrari toki hau ez gustatzea, ez baitu ematen hau bezalako toki baterako jaioa. Mutikoari berriro begiratu zion eta sumatu nuen, ondo sumatu ere, nire haurra ikusten zuela zen bezalakoxea: lore bat. Jaio ondoren lehenengo hilabeteetan hainbeste sufriarazi eta gezurra ematen zuen nola hain ume ederra egina zegoen, bekoki gainean ile kizkur sorta bat, ur beltzaren pare distiratsu, eta artista-betileekin. Eta larruazala sedazkoa zuten biek. Antonik zein Ritak. Ez ziren, inondik ere, gerra aurreko haur haiek, noski, baina politak ziren oraindik. Eta uzten nuela esan nuen, eta abiatzera nindoan Julietarekin ate aldera eta, orduan, haurra suge zirikatuaren gisan oldartzen zait eta negar batean oihuka ez uzteko eta ez uzteko eskatzen dit, etxean egon nahi duela, udalekuak ez dituela gustuko, ez uzteko eta ez uzteko. Eta bihotza egurrezko bihurtu behar izan nuen nik, umea bazter batera eraman nuen eta gauzak bere onetik ez ateratzeko esan, ezer ez zuela lortuko, gelditu beharra zeukala eta gelditu egingo zela. Ondo egongo zela han eta laster adiskide berriak egingo zituela eta jolastu ere egingo zuela beste mutilekin; berak erantzun zidan ikusiak zituela ordurako, gaizto itxurakoak guztiak, eta jo egingo zutela, eta ezetz, ez zuela han gelditu nahi. Andereñoak izerdi tantoak zituen kopetan, eta Ritak, Julietaren eskutik helduta, Antoni maite zuela esan zuen. Orduan mutikoaren alturaraino makurtuz garbi esan nion, ezin zela, zer janik ez genuela, etxean hirurok hilko ginela. Ez zuela denbora asko egingo, justu gauzak hobera jotzen hasi arte, eta aurki hobera egingo zutela... Eta mutila, kopetilun, muturra estutu eta eskuak luze eroriak zituela, konbentzitua uzten genuelakoan jada abiatzera gindoazela, berearekin jarraitu zuen. Etorri zitzaidan oldar betean eta gonatik tiraka ez utzi hemen, ez utzi, hil egingo naiz eta, guztiek jo egingo naute, eta nik ezetz, ez zela hilko eta ez zutela joko eta ziztu bizian alde egin genuen, nik neskatila herrestan neramala eta Julieta aurrean zihoan haur kaskamotzen hodei hartan barrena, eta eskailera jaitsi baino lehen jira egin nuen begiratzeko eta han zegoen, zut, terrazaren bestaldean, andereñoaren eskuari helduta, negar egin gabe eta zahar aurpegiarekin.
Julietak esan zidan berak ezingo zuela hura egin, eta txoferrak, Julietaren laguna zenak, ea zer moduz joan zen dena galdetu zigun eta nik esplikatu nion gertatutakoa eta Bartzelonara itzuli ginen elkarri hitzik esan gabe, guztiok zerbait itsusia egin izan bagenu bezala. Bide erdian euria hasi zuen, eta kristala garbitzekoa alde batetik bestera zebilen, eman eta eman, eta malkoz egindako ibaia bezala labaintzen zen ura kristaletik behera.
Andre Enriqueta igandero joaten zen mutila ikustera eta itzulitakoan beti ongi... ongi... esaten zidan. Nik ez nuen joateko betarik. Ritak orain gehixeago zuen jateko, baina antzematen zitzaion Antoniren falta sentitzen zuela eta ez zuen hitz egiten. Etxera iritsi eta alde egindakoan utzitako leku hartantxe aurkitzen nuen. Egun ilunetan balkoian, alarma jotzen zutenetan ate ondoan, ezpainak dardarka baina ezer esan gabe. Hura zaplaztekoa! Hamar zaplazteko adinakoa. Harik eta miliziano bat ate joka etorri eta Cintet eta Quimet gizonak bezala hil zirela esan zidan arte. Eta Quimet zenagandik gelditzen zen guztia ekarri zidan: ordularia.
Eta arnasa hartzeko terrazara igo nintzen. Kalera ematen zuen aldean egon nintzen, balkoiaren kontra, geldi. Haizea zebilen. Arropa esekitzeko burdin hariak, hain luzaz erabili gabe herdoilduak, kulunkan ari ziren, eta ganbarako atea danbaka... Ixtera joan nintzen. Eta barruan, atzealdean, tripaz gora, uso bat zegoen, pinttoa. Lepoko lumak herioaren izerdiak bustita zeuzkan, begiñoak makartsuak. Hezur eta luma-huts. Hankak ukitu nizkion, ozta-ozta behatza pasa nion gainetik, barruraka bilduak zeuzkan, atzaparrak goraka kako eginez. Hotz jada. Bertan utzi nuen, hura bere etxea izan haitzen. Eta atea itxi nuen. Eta etxera jaitsi nintzen.
© Mercè Rodoreda © itzulpenarena: Maite Gonazalez Esnal