30

 

        Egun batean, goizean goiz, lanera nindoala, kotxe batetik norbait deika ari zitzaidala aditu nuen. Jiratu nintzen, kotxea gelditu eta, salto batez milizianoz jantzita Julieta atera zen, argala oso, zurbil, begiak sukarretan bezala eta nekatu itxurarekin. Zer moduz nengoen galdetu zidan eta nik ondo nengoela, Quimet Aragoiko frontean neukala erantzun nion; eta zer kontatu franko zeukala esan zidan, ea betiko etxean bizi nintzen eta igandean, nik nahi izan ezkero, arratsaldea nirekin pasako zuela. Esan zidan baita ere, kotxera itzuli baino lehen, okina akabatu dinate Rabassadan, erreboluzioaren lehenengo egunean, familian bertan istilu handiak zizkinan nonbait, babesten zuen iloba bat zela eta alferra zelako babestu nahi ez zuen beste bat zela, eta antza denez iloba horrek gaizto eta traidorea zela esanez hilarazi din. Eta esan zidan maitemindurik zegoela, frontean zegoen mutil batekin. Eta kotxerantz abiatu zen bera eta ni lanerantz abiatu nintzen.

        Eta heldu zen igandea. Hirurak ezkero nengoen zain. Andre Enriquetak umeak hartu eta bere etxera eraman zituen, muxika konfitura pote batzuk erregalatu zizkiotela ezagun batzuek eta merienda emango ziela. Nik esan nion nola gelditu beharra neukan, Julieta etortzekoa zelako, errefuxiatuentzako udalekuen arduraduna zela eta Espainia guztitik ari zirela etortzen...

        Eta, esan bezala, Enriqueta andreak haurrak eraman eta Julieta etorri eta iritsi eta segituan esan zidan beldurrak akabatzen zegoela senargaia hilko ote zioten, eta hiltzen bazioten bere burua itsasora botako zuela oso maitemindurik zegoelako, eta gau batean elkarrekin egin zutela lo, baina ezer gertatu gabe; eta horrexegatik zegoela hain maitemindua, hain mutil ona zelako, eta iruditzen zitzaiola gutxik dakiten moduan maite zuela mutil hark. Gaua elkarrekin pasa zuten mutilak guardia egiten zuen etxe dotore batean, errekisatutakoa, ez dakit zein partidutakoa zela esan zuen. Iritsi zenerako ilunduta zegoela kontatu zidan, urria zen, eta kanpoko langa indarka bultzatzean —ondo indarrez bultza ondoren, ezen eurite erori berriek langa atzean hondarra pilatu baitzuten—, lorategi bat aurkitu zuela, aihen, ezpel, nekosta eta zuhaitz erraldoiez betea, eta orbela haizeak alde batetik bestera herrestan zerabilela eta halako batean, zapla!, hosto batek aurpegian jo zuela, hildako berpiztu bat bailitzan. Eta etxeak lorategiak zituela inguru osoan eta, zela adaxken itzalen joan etorria, zela etxea bere pertsiana itxiekin edo zirela haizea eta hostoen pasiera eta beren hegaldatzea, bihotza kikildurik zihoala. Eta nola mutila langako sarreran bere zain egotekoa zela, baina, deskuido batean ez bazegoen, barrura sar zedila agudo, auzokoek ikusi gabe. Eta mutilari berandu egin zitzaiola eta bera hantxe zut, oro ilun jartzen zihoan bitartean eta nekostak dardarka zabuka ari zirela etengabean, pilatutako hildakoen itzala bailiren, nekosta beltzak, hilerriko zuhaitzak. Mutila iritsi zitzaionean are gehiago izutu omen zen, aurpegia ikusten ez ziolako, bera ote zen ezin jakinik egon omen zen. Eta etxera azkar sartu zirela eta linterna batez lagunduta dena goitik behera miatu zutela eta abandonatu-usaina zeriola eta beren pauso-hotsek oihartzuna egiten zutela alboko geletan, norbait ibiliko bailitzan, eta berari otu zitzaiola etxeko jabeen arimak ziratekeela, ordurako denak akabatuak eta bat bera ere mostra gisa gelditu gabe, eta horrek izu-laborria eragin ziola. Etxeak gela handiak zeuzkala, eta oihalak eta balkoi zabalak, eta sabai garaiak oso, eta gela bat ispiluzko hormekin non, biak, aurretik, atzetik edo albotik ikusten baitziren eta beraien itzalek dantza egiten zutela eta linternako argiaren bristadak inguruan zituztela eta leihoan zuhaitz baten adarra joka ari zela, noiz krask, krask, noiz ukitu arin bat emanez, segun haizearen nahia zen jotzekoa ala doi ukitzekoa. Armairu bat aurkitu zutela gau-soinekoz eta larruzko berokiz beterik eta ezin izan zuela soineko haietako bat jantzi gabe egon, beltz bat aukeratu zuela, hodei baten gisan farfaila hegan ateratzen zitzaiona eta arrosa horixkak paparrean eta gonan zituena apaingarri, eta bizkarra bistan gelditzen zitzaiola eta mutilak txintik esatera ausartu gabe begiratzen ziola eta orduan besaulkiz eta kojinez betetako galeria batera joan zirela eta han etzan eta elkar besarkatu egin zutela eta hostoak erauntsi eta adarrak mugitzen zituen haizea entzuten egon zirela eta era hartan eman zutela gaua: erdi lo erdi esna, biak bakarrik munduan eta gerra eta arriskua ondo-ondoan zituztela, eta ilargia ageri zen eta oro zuriz marrazten zuen pertsianaren tartetxoen artetik. Ororen gaua, lehena eta azkena zirudiela, eta eguna argitu baino lehen alde egin zutela eta lorategia adar eta haizeko borroka zela, eta dilindan zeuden aihenek bizirik ematen zutela eta soinekoa beretzat hartu zuela, zeren pentsatu zuen jabeak hilda bazeuden hura ez zela lapurtzea eta kutxa batean gordeta zeukala orain eta tristuraldiak jotzen zuenean egiten zuela soinekoa jantzi eta begiak itxi, eta berriro beste inongo haizerekin antzik ez zuen lorategi hartako haizea zetorkiola gogora. Eta bere gizongaia argal eta segaila zela gehitu zuen, begi beltzekoa, antrazitako ikatzaren pare distiranteak. Eta ezpainak isilik hitz egiteko eta sosegua emateko zituela eginak. Eta berak ahotsa ezpainetatik nola pasatzen zitzaion entzute hutsarekin, mundua beste era batera ikusten zuela. Ai hiltzen badidate! Ai hiltzen badidate!... Esan nion niri ere gustatuko litzaidakeela amodio gau hura bezalako bat pasatzea, baino nahikoa lana nuela bulegoak garbitzen eta hautsa kentzen eta umeen kontu egiten, bizitzaren gauza polit guztiak, hala nola haizea eta aihen biziak eta nekosta aire-zulatzaileak eta lorategi bateko hostoak alde batetik bestera herrestan, ez zirela niretzat eginak. Niretzat dena amaitua zegoela eta tristezia eta burukominak besterik ez nituela espero. Animatu ninduen, ez larritzeko, mundua hobera joango zela eta zoriona denontzako izango zela, zoriontsuak izateko etorri ginela mundura eta ez sufrikarioz sufrikario ibiltzeko. Eta berak, erreboluzioa ez etortzera, bera zen pobre eta langile xehea izanik, amodio gau bat zer den inoiz ere ez zukeela ezagutzeko aukera izango. Datorrena datorrela, gau hura bizi guztian izango dut gogoan! Izua eta guzti, hostoak eta aihenak eta ilargia marratan eta nire mutila...

        Andre Enriquetari kontatu nionean haserretu egin zen eta erreboluzioan zebiltzan neska haiek, guztiak, lotsagabe hutsak zirela: halakorik entzun beharra ere! Etxe batean gau bat pasatzea, deskuidoan jabeak akabatuak izan ziren lekuan bertan; mutil batekin gainera, eta señoraren jantziak mutila txoratzeko janzten ibiltzea ere, eta lapurtua eraman gero. Gauza haiek txantxetan ere ez zirela egin behar. Gero esan zuen haurrek mermelada asko jan zutela eta hau esaten zidan bitartean aulki batera igota zeuden biak, gizaki buruko otarrainen irudiaren aurrean, kez gainezka zegoen putzu hartatik ateratzen zirenak. Asko kostata mugitu nituen handik. Eta kaletik gindoazela hirurak, txorrotada bat samin bero goratu zitzaidan barru-barrutik eta eztarrian kokatu. Eta lorategi eta aihenekin edo ilargiaren marretan pentsatu ordez, burua Udaletxera joan zitzaidan, eta gabon.

 

 

 

© Mercè Rodoreda

© itzulpenarena: Maite Gonazalez Esnal

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus