22

 

        Oro zen uso-urruma. Uso garbiketan lehertu beharrean egiten nuen lan. Ene gorputz usoari zerion uso kiratsa. Usoak terrazan, usoak etxean; ametsetan ere bai. Usoen neska. Iturri bat egingo dugu, zioen Cintetek, Colometa batekin goian eta uso bat edukiko duena eskuan. Nagusien etxera lanera nindoala usoen urruma kaletik segika zetorkidan eta burmuinean neraman kokatuta liztor baten antzera. Etxekoandreak aldian behin hitz egiten zidan baina nik, ene burutazioetan nengoelarik, ohartu ez eta erantzun ere ez nion egiten, eta berak esaten zidan, ez didazu entzuten ala?

        Ezin nion esan usoei baizik ez niela aditzen, eskuetan urontzietako sufrearen kerua nuela, jatontzietara parrastan erortzen ziren txirten kerua, kanpora alerik eror ez zedin behatzez lagunduaz ibiltzeagatik, zulo guztietatik berdin atera zedin bultzaka. Ezin nion esan arrautzen bat habiatik erdi txitatua erori ezkero, kiratsak atzera eragiten zidala, sudurra bi behatzez itxita ere. Ezin nion esan usakumeak bakarrik aditzen nituela garrasika bazka eske, beren lumorratz horixka gorputz amorratuko haragi morean iltzatuekin. Ezin nion esan ez nuela aditzen uso urruma besterik, etxean bertan nituelako, eta usategia zen gelaren atea zabalik utzi ezkero sakabanatu egingo zirela eta ihesi joango kaleko balkoitik jolas ero batean. Eta guztia beren etxera lanera joan behar izan nuelako, zeren hain nekatua nengoen non, hala behar zenean, ezetz esateko ere adorerik ez neukan. Ezin nion esan ez neukala inorengana kexuka joaterik, nire zoritxarra zela zoritxar bat, enetzako bakarrik, eta, inoiz etxean kexuka hasten banintzen, Quimetek hanketako mina zeukala erantzuten zidala. Ezin zion esan nire haurrak gaizki zaindutako loreak bezala zirela eta etxea, ordura arte zerua izandakoa, nahas-mahasean neukala, eta gauean, umeak lotara eraman eta elastikoa altxa eta barre eragiteko zilborrean tirrin-tirrin egiten nienean, uso urruma aditzen nuela eta sudurra usakume sukarrez gainezka neukala. Iruditzen zitzaidan neuk oso-osorik, adats, larruazal eta jantzi, uso kiratsa nuela. Inork ikusten ez ninduenean besoak usaindu eta orraztean ere ilea usaindu egiten nuen, eta nekez ulertzen nuen zergatik usain hura, uso eta usakumeena alegia, sudurrari itsatsia neraman. Andre Enriquetak esku hartu zuen eta odolgabe bat nintzela esan zidan, berak hura bezalako gauzekin aspaldian bukatuko zuela, bere etxean inoiz ere ez lukeela horrelakorik egiteko baimenik emango. Quimeten ama, aldian behin bakarrik ikusten nuena —azkar ari baitzen zahartzen eta gurera etortzeko bidaia luzeegia gertatzen baitzitzaion, eta bestalde nik ez neukan astirik berarengana joateko— bada, egun batean, usoak ikusi nahi zituela eta, etxean azaldu zitzaigun. Quimet eta haurrak bisitatzera joaten zitzaizkionean, ez maizegi baina, egin zuen kexu, usoez baino ez ziotela hitz egiten eta aurki aberats egingo zirela, eta kontatu ziola mutikoak nola usoak bere atzetik joaten zitzaizkion eta mutilak eta Ritak beren anaia txikiak balira bezala hitz egiten omen zietela. Gela txikitik zetozen urrumak aditu zituenean ikaratu egin zen. Hura bakarrik bere semeari bururatu zekiokeela esan zuen. Eta ez zuela uste etxean hain sartuak geneuzkanik. Eta eraman nuen terrazara eta terrazako ganbaratik begirarazi nion, eta ia konortea galdu zuen.

        — Baliteke Quimetek negozioa egitea...

        Urontzien barruko sufrea ikusi zuenean esan zidan emateko bakarrik oiloei, usoei gibela belaxkatu egiten ziela. Eta hitz egin bitartean usoak terrazaren jaun eta jabe ziren. Joan, etorri, hegan egin, berriz lurreratu, barandatik paseatu, baranda mokokadaz jan. Giza-itxura zuten. Brastakoan ekiten zioten hegaldatzeari, itzalezko zein argizko hegada itxuran, eta gure buruen gainetik zebiltzan hegan eta hegoen itzalek aurpegia zikintzen ziguten. Quimeten amak, uxatzeko edo, besoak errota gisa astinduaz jardun zuen, baina alferrik. Arrak emeei errondan ari zitzaizkien, mokoa aurrera, mokoa gora, mokoa behera, isatsa zabal, lurra eskobatuz hegoen muturrekin. Habietan sartu-irtenean zebiltzan eta txirtak jaten zituzten eta ur-sufreztatua ere edaten zuten eta gibela halere lasai. Quimeten amak, behin bere senera etorri zenean, arrautza-habiak ikusi nahi izan zituen. Usoak, sukarturik, begira geneuzkan kristal iduriko begiez; moko guztiak errenkadan, ilunak, marrazkitxo haragitsuarekin eta bi zulotxo sudur gisa. Papar-handiek errege itxura zuten, moja usoak aldiz lumazko pilota batena, indioilo-isatsekoak zertxobait aztoratu eta kanpora irten ziren habiak laga ondoren.

        — Arrautzak ikusiko al ditugu?, —proposatu nion.

        — Ez —erantzun zidan Quimeten amak—, badaezpadaere, zapuztu ez ditzaten. Usoa hegazti zeharo jeloskorra da eta ez du jende arrotzik nahi izaten.

 

 

 

© Mercè Rodoreda

© itzulpenarena: Maite Gonazalez Esnal

 


www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.eus